Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

hezkuntza-edukia

Testuingurua

CHAGALLEN ERROAK: VITEBSK

Gaur egun Bielorrusiaren parte den arren, Chagallen jaioterri Vitebsk Errusian zegoen artista jaio zenean, 1887an. Ezarlekua deiturikoan zegoen herria, Errusia inperialaren mendebaldeko muga-eskualde ezegonkor batean; 1791 eta 1917 artean existitu zen, eta juduen kokaleku derrigortua izan zen, tsarren aginduz. Bertan bizi ziren judu berri eta laikoek sentimendu sendo bat partekatzen zuten, erlijio-talde gisa baino, shtetl (hiri) sare batetik sortutako nazio eta kultura bateko kide bezala. Eskualde horretan hiru hizkuntza judu desberdin mintzatzen ziren: yiddisha, egunerokoan eta hezkuntzan; hebreera, Bibliaren hizkuntza; eta aramera, sistema judizialean. Vitebskeko eszena eta hizkuntza sarri ageri dira Chagallen pinturetan. Artistak modu sinbolikoan irudikatu zuen jatorrizkoa zuen komunitate horren antzekoetako bizitza; diskriminazioa eta jazarpena jasandako taldeak ziren, haien erroetatik erauziak izan ostean ere, haien identitateari eusten saiatu zirenak. “Hegan” ageri diren Chagallen irudiek edo “judu herratuek” prekarietate egoera hari egiten diote erreferentzia.

PARIS, ARTEEN “ERLAUNTZA”

Chagall Parisera heldu zenean, 1911ko maiatzean, komunitate artistikoa jardueraz gainezka zegoen hiriburu frantsesean. Georges Braque, Henri Matisse eta Pablo Picasso bezalako artistek lengoaia artistiko erabat berria sortzen ziharduten, objektu eta figurak forma geometrikoetan deskonposatzen, eta kolorea modu adierazkor eta ez konbentzionalean erabiltzen. Mundu horretan murgiltzeko, Montparnasse auzo paristarrean bizitzea aukeratu zuen Chagallek, 1910ean alderdi hori tokia kentzen ari baitzitzaion Montmartre-ri abangoardiaren gune gisa. Iritsi eta gutxira, Chagall La Ruche (Erlauntza) eraikinera joan zen bizitzera; bertako alokairu merkeak eta erabilgarri zeuden estudio kopuru ugaria zela-eta, artista hasiberri asko biltzen ziren bertan, haien lana ospea hartzen ari zelarik. Erlauntza hartako bizilagun gehienak atzerritarrak ziren, eta identitate eta kultura propioak zituzten. Oro har, arragoa sinestezin baten sorkuntza bultzatu zuten, abangoardia kosmopolitismo eta multikulturalismoz jantzi zuena. Judu errusiar eta poloniarrentzako, Erlauntzaren barruan talde garrantzitsua osatzen zuten heinean, askatasun artistikoa ez ezik adierazpen askatasuna eskaintzen zuen Parisek, zentzu zabalago batean.

ALDAKETA GARAIAK: CHAGALL ETA ERRUSIAR IRAULTZA

Lehen Mundu Gerra (1914–18) lehertzeak ezusteko aldaketa ekarri zuen Chagallen bizitzan. Arrebaren ezkontza zela-eta itzuli zen Vitebskera 1914ko ekainean, eta ez zen Parisera itzuli zortzi urte igaro ziren arte. Lehenengo gerra-fasea gogorra izan zen biztanle juduentzat, fronte errusiar-alemaniar ezegonkorretik gertu zeuden eremuetan gertatu ziren kanporaketa masiboen ondorioz. Chagallek soldadu eta errefuxiatuen iritsiera irudikatu zuen gerrari eskaini zizkion koadro eta marrazkietan.

Otsaileko Iraultza eta horren ondoriozko Nikolas II. tsarraren abdikazioak esperantza piztu zuten komunitate juduaren baitan. 1918ko irailean, Arte komisario izendatu zuten Chagall Vitebsken barrutian, non artistak arte eskola bat ezartzeko ahalegina egin baitzuen: Herriaren Arte Eskola. Chagallek arte askeko akademia bat sortu nahi izan zuen, denontzako irekia egongo zena, langile, baserritar eta klase pobreenentzako bereziki; gainerako irakasleek, ordea, tartean Kazimir Malevitx abangoardiako artistak, ez zituzten partekatzen bere irakaskuntza-metodoak: norbere adierazpena eta ikasleen lanerako askatasuna bultzatzean oinarritzen zen Chagall. Akademiaren baitan irakaskuntza-printzipioen harira sortutako gatazkak tentsio-egoera ekarri, eta Chagallek Parisera itzultzeko zuen gogoa areagotu zuen. Azkenik, 1922an Vitebsk utzi zuen artistak; 1972 arte ez zen bertara itzuli.