Edukira zuzenean joan

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

hezkuntza-edukia

Prismatikoak

Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen Frank Gehry arkitektoarekin elkarlanean hasi ziren 1986an. Gehryk Chiat/Day publizitate-agentziaren bulegoen eraikina egin behar zuen, Venice-n, Kalifornian. Proiektua hirurek artea eta arkitektura uztartzeko zuten nahiaren emaitza izan zen. Gehryk banandutako bi osagai diseinatu zituen eraikinean, desberdinak, eta biak batzeko zerbait behar zuen. Zutik zeuden prismatikoen maketa bat hartu zuen Gehryk; maketa hori Oldenburgek diseinatu zuen, azkenean egin ez zen proiektu baterako. Jay Chiat-ek, agentziako buruak, proposamena onartu zuen eta hark eta Gehryk Oldenburg eta Van Bruggen gonbidatu zituzten proiektuan esku hartzera.

Prismatikoen kurbari jarraiki bi gela diseinatu zituzten; oso garaiak ziren eta itxura ezohikoa zuten. Bilera-gela batera zeramaten gelok. Izan ere, hausnarketarako leku izateko sortu zituzten. Erretxinaz estalitako oihalezko bi bonbilla erraldoi eskegi zituzten sabaitik, argi leuna emateko; “ideia argitsu” baten erreferentzia ziren. Prismatikoak (Binoculars) proiektua 1986ko maiatzean hasi eta 1989ko abuztutik 1991ko abuztura bitartean eraiki zen; 1991ko irailaren 23an inauguratu zen. Gaur egun Google enpresaren Los Angelesko egoitza da eta teknologia eta salmenten ardura duten taldeak daude bertan. Prismatikoak bonbillarekin maketak, Oldenburgen bildumako hasierako zirriborro bat eta Frank O. Gehry & Associates estudioaren plano bat daude ikusgai gune honetan.