hezkuntza-edukia
Labana-ontzia I eta Labanaren ibilbidea
- Izenburua:
- Labana-ontzia I eta Labanaren ibilbidea
- Erakusketa:
- Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada
- Gaiak:
- Arkitektura | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Tamaina | Jantzi-diseinua | Herri-kultura | Antzerkia | Coosje van Bruggen | Frank Gehry
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Eskultura | Performance
- Aipatutako artistak:
- Oldenburg, Claes
Claes Oldenburg-ek, Coosje van Bruggen-ek eta Frank Gehry-k Labanaren ibilbidea (Il Corso del Coltello, 1985) lurreko eta uretako performancea egin zuten Venezian, Italian, 1985eko irailean. Proiektuak hiru egun iraun zuen eta artea, arkitektura eta antzerkia uztartu zituen. Oldenburgek eta van Bruggenek sortutako objektu erraldoiak erabili zituzten, hala nola, arraundun eta motordun Suitzako labana bat, Arsenal-en aurrean flotatzen ipini zutena (artistek eta Gehryk Milango Politecnico unibertsitatean 1984an egindako mintegi baten irudi nagusia), eta pieza hauek: Kafe espres kikara itxurako zutabea (Espresso Cup Column) puzgarria, Zati arkitektoniko bigunak (Soft Architectural Fragments), Zutabe zatitu biguna (Sliced Soft Column) eta Etxe-pilota (House Ball); azken horrek ia lau metroko diametroa zuen, eta goma-aparrez egindako hainbat altzari lotu zizkioten.
Performancean ehunka parte-hartzaile izan ziren: turistak eta bertako pertsona ezezagunak, artisten lagunak eta senideak eta abar. Agertokiak Oldenburgek eta Gehryk diseinatu zituzten, Van Bruggenek pertsonaiak sortu zituen eta haientzako mozorroak Oldenburgek egin. Pertsonaia nagusiak izan ziren “Georgia Sandbag” (Coosje van Bruggen), “Dr. Coltello” (Claes Oldenburg), “Frankie P. Toronto” (Frank Gehry) eta “Basta Carambola” (Germano Celant). Gune honetan ikusgai daude Labana-ontzia I lanaren maketa bat, performancearen “menu”a, eta menuaren eta Gehryk eramandako mozorroaren jatorrizko marrazki bana.
Jatorrizko Labana-ontzia I lana Solomon R. Guggenheim Museum-en bildumakoa da, binilo gorriz estalita dago, eta mundu osoan zehar erakutsi da, tartean, Guggenheim Bilbao Museoan, irekiera erakusketan. Izan ere, lana 1997an Bilbon nola jarri zen jasotzen duten diapositibak daude.