Edukira zuzenean joan

Cy Twombly

hezkuntza-edukia

Ameriketako Estatu Batuak (ca. 1928–1952)

BOSTON MUSEUM SCHOOL Twombly-k hogei bat urte zituenean bere prestakuntza artistiko arautua hasi zuen zentroa izan zen. Lehenago, gazte-gaztea zela, Lexingtonen pintura eta arte-moderno eskolak jaso zituen, Pere Daura pintore katalana irakasle. Bertan izan zituen irakasleek Alemaniako Espresionismo Abstraktuaren eragina jaso zuten eta, besteak beste, Oskar Kokoschka eta Max Beckmann artistak ezagutu zituen han, hirian erakusketak izango zituzten artistak. Gainera, Arte Garaikideko Institutua sarritan bisitatu ohi zuen, erakunde hori Bostonen baitago.

ART STUDENTS LEAGUE 1875ean New Yorken sortutako hezkuntza-zentro bat izan zen. Gehienak emakumeak ziren artista-talde batek fundatu zuen zentroa, New Yorkeko Diseinu-Akademia Nazionaleko ikasle izandakoek, alegia. Hala, zentro berezia eratu zuten, artistentzat eta artistek zuzendutakoa, eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du; bertan ez da diplomarik ez titulurik ematen, eta ikasleak bertako zuzendaritza-kontseiluko kide dira. Horrek, artearen arloan prestatzeko alderdi teknikoak eta intelektualak garatzea funtsezkotzat zuten premisekin batera, XX. mendearen erdialdera Europatik iristen ziren sortzaile ugari erakarri zituzten: ondoren ikastegi horretan irakatsi edo bertan estudioa jarriko zuten. Cy Twombly 1950 eta 1951 urte bitartean izan zen Art Student League-ko ikasle.

ROBERT RAUSCHENBERG (Port Arthur, Texas, 1925–Captiva Island, Florida, 2008) Cy Twomblyren gaztaroko lagun handienetako bat izan zen. Biek eragin zioten elkarri. 1947an, farmazia-ikasketak hasi ondoren, arte-mundura aldatu zen Rauschenberg: Kansas City Art Institute-n matrikulatu zen eta Académie Julian-en ikasteko Parisa alde egin zuen. 1948an AEBra itzuli eta Black Mountain College-n matrikulatu zen. Cy Twombly, baina, 1951n ezagutu zuen, New Yorkeko Art Students League-n ikasten ari zela. 1952an Europatik eta Ipar Afrikatik elkarrekin bidaiatu zuten eta haien sortze-lanetarako inspirazio-iturri izan zen bidaia hura. Biek gehitu zizkieten euren lanei bidaiatan aurkitutako materialak eta objektuak.

BLACK MOUNTAIN COLLEGE 1933an Asheville inguruan, Ipar Carolinan sortu eta AEBko eskola aurreratuenetako bat izan zen. 23 urtez egon zen zabalik, 1957 arte, eta bizitza laburra izan bazuen ere, oso adierazgarria izan zen une hartatik aurrera artearen garapenean izan zuen eragina, bertatik sortu baitziren 1960ko hamarkadako arte-abangoardia amerikarra osatuko zuten artista ugari. Hango ikasketa-planak oso modu nabarmenean indartzen zituen arte bisualak eta eszenikoak, elkarlana eta lan fisikoa. Han lan egin zuten irakasle gailenetako batzuk eragin handiko sortzaileak ziren, horien artean, Walter Gropius, Buckminster Fuller, John Cage, Josef Albers, Franz Kline, Jack Tworkov eta Merce Cunningham; eta ikasle nabarmenen artean Kenneth Noland, Robert Rauschenberg eta Cy Twombly zeuden. Eskola hartan Ben Shahn artista, Robert Motherwell pintorea eta Hazel-Frieda Larsen argazkilaria izan ziren. Gainera, garai hartan Charles Olson poeta zuten Dekano, Twomblyri bi poesia eskaini zizkionak, hain zuzen. Black Mountain Collegeri buruz informazio gehiago nahi izanez gero, gune honetan dagoen plasman Fully Awake (Guztiz erne) dokumentala ikus dezakezu, Cathryn Davis-ek eta Neeley House-k zuzendua.

LASCAUXEKO HAITZULOETAN dauden labar-pinturek 25.000 urte dituzte eta 1979an UNESCOk Giza Ondare deklaratu zituzten. Nerabezaroan, 1942 eta 1946 artean, Twomblyk arte-eskolak jasotzen zituela, bere irakasle Louise Blair-i esker ezagutu zuen arte primitiboa Lascauxeko haitzuloetan (Frantzia) aurkitutako pinturen irudiak hark erakutsi zizkion eta. Antzinateko eta tribuen kulturen gaineko interesa Twomblyren ibilbide osoan nabari da.