Edukira zuzenean joan

Cy Twombly

hezkuntza-edukia

Europa (ca. 1959–2008)

EGIPTOk eta Niloko urek balio izan dute igarobidearen ideiak artista honen ibilbidean zenbaterainoko garrantzia duen islatzeko. Haurtzaroan, jostailuzko itsasontzi txikiak biltzen zituen; horrexegatik, 1962an Luxorren egin zuen egonaldi batean ikusi zituen ontziak edo txalupak inspirazio-iturri izan ziren artistarentzat, baita bere obra batzuei izena jartzeko garaian ere. Horrez gain, bizidunen mundutik hildakoen mundura dagoen igarobideak edo bidaiak ere —bai grekoek bai egiptoarrek guztiz sinesten zuten horretan— eragin handia izan du artista honen pentsamenduan.

GREZIAk eta bertako paisaiek izugarri erakarri zuten Twombly. Honela dio berak: “Greziakoa da gehien hunkitu nauen paisaia”. Mykonos eta Patmos uharteak eta tenplu grekoak etengabe bisitatu zituen 1960ko hamarkada erdialdean.

GAETA Italiako mendebaldeko kostaldeko portu pintoreskoa da, ondare historiko joria duena, Erromatar Inperiotik normandiarreraino. Cy Twomblyk bertan du bere estudioa 1986az geroztik gaur arte. Gaetan ez ezik, Twomblyk beste estudio bat du bere jaioterria LEXINGTONEN, Virginian, Amerikako hegoaldean.

HOMERO K.a. VIII. mendeko poeta grekoa zen eta narrazio epiko bikainak idatzi zituen, Odisea eta Iliada, adibidez. Azken hau 2005ean Twomblyk serie bat sortzeko inspirazio-iturri izan zen, artistak Bachus [Bako] izena eman zion eta Irakeko gerran amerikarrek izan zuten esku-hartzeari eman zion erantzuna izan zen.

RAFAEL (Urbino, 1483–Erroma, 1520) pintore italiarra artearen historiako maisu handiek Cy Twomblyri utzi dioten arrasto nabarmenaren erakusgarrietako bat da; huraz gain, aipatzekoak dira Nicolas Poussin (Normandia, 1594–1665) pintore frantsesa eta William Turner (Londres, 1775–1851) pintore ingelesa. Izan ere, haiei dien mirespen handia dela eta omenezko hainbat lan sortu zituen, esaterako, da School of Athens [Atenasko eskola] (1961) saila, erakusketan ikusgai jarria.

JOHN KEATS (Londres, 1795–Erroma, 1821) Erromantizismo ingelesaren funtsezko poeta izan zen. Nabarmentzekoak dira bere odak eta bere eskutitzak, garaiko moral victoriarra kontuan hartuta erabateko iskanbila piztu baitzuten. Tuberkulosiak erasanda, Ingalaterra atzean utzi eta Italiara joan zen bizitzera, han izan zen hil arte. Keatsen ustez ezin da dena ebatzi —negative capability teoria— eta, beraz, ziurgabetasun hori da, behin helburua lortu eta gero, ulermen espirituala ematen dizuna. Bere hilobia Erroman dago, eta bertan bizi izan zen etxea museo izateko gaitu zuten, Twomblyk sarritan bisitatu ohi zuen lekua. Keatsen olerkietako batzuk artistaren obra batzuen tituluetan eta hitzetan igar daitezke, esate baterako Leandro aipatzen den horretan.

RAINER MARIA RILKE (Praga, 1875–Val-Mont, Suitza, 1926) garai guztietako alemanerazko poeta handienetako bat da. Haurtzaro latzak Italiatik eta Errusiatik bidaiatzera eraman zuen. Dena den, Paris izan zen bere behin betiko bizilekua. Bertan, Lou Andreas-Salome-rekin zuen harremanari esker, Freuden psikoanalisia ezagutu zuen eta bete-betean sartu zen hiriko zirkulu artistikoan —Auguste Rodin-en laguntzaile izan zen—. Twomblyren autore begikoenetako da Rilke, eta horren erakusgarri dugu Orfeo bere pintura baten titulua ere izatea.

FERNANDO PESSOA (Lisboa, 1888–Lisboa, 1935) poeta portugesaren lanak ere inspirazio-iturri izan dira Twomblyrentzat. Hego Afrikan hazi zenez, oso ondo zekien ingelesez eta poeta honek hainbat izen edo goitizen pean idazten zuen; erabili zuen izenetako bat, Alberto Caeiro izan zen O guardador de rebanhos (Artzaina) liburua sinatu zuen horrekin, hain zuzen.