Edukira zuzenean joan

Cy Twombly

hezkuntza-edukia

Bi errealitateren artean: AEB vs. Europa (ca. 1953–1959)

Izenburua:
Bi errealitateren artean: AEB vs. Europa (ca. 1953–1959)
Erakusketa:
Cy Twombly
Gaiak:
Artea eta literatura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Zuria | Sinbologia | Palinpsestoak | Itsasoa | Uda | New York | Maroko | Tiznit | Italia | Erroma | Robert Rauschenberg | Rainer Maria Rilke | Stéphane Mallarmé | Trakestasuna | Inskripzioak | Kriptografia | Zenbakiak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Twombly, Cy

PALINPSESTOA hitz greko bat da, “berriro ezabatua” esan nahi duena. Behin baino gehiagotan erabili izan den eta ezabatu diren aurreko idazkien arrastoak agerian uzten dituen euskarriari dagokion terminoa da. Antzina, VII. mendearen inguruan, pergamino gutxi zegoen aldietan, sarritan erabili ohi zuten teknika hau. Egun, hainbat tinturen bidez, zenbait testuren azpian dauden antzinako idazkiak berreskura daitezke. Jadanik 1955 inguruan, Twombly haren lanetan grafiak eta hitzak gehitzen hasia zen.

MAROKO Cy Twomblyren obra batzuetan agertzen da erreferentzia moduan. 1952an ezagutu zituen bertako hiriak, Rauschenberg-ekin egin zuen bidaian. Tiznit, Uarzazat eta Volubilis, esaterako, Marokoko hegoaldean bisitatu zituzten hiru hiriren izenak dira. Hasan I.a sultanak 1881ean fundatu zuen Tiznit, eta Atlaseko mendialdearen eta Draa haranaren inguruan dago Uarzazat. Volubilis hirian kartagotar kulturaren aztarrenak daude eta 1997an Unescok Gizadiaren Ondare deklaratu zuen. 1953an New Yorkera itzuli ondoren egin zituen pintura batzuei leku horien izenak jarri zizkien Twomblyk.

IDAZKETA AUTOMATIKOA erabili zuen Twomblik teknika gisa, baina, ondo hausnartu zuen horretaz nola balia zitekeen, 1930eko hamarkada amaieran eta 1940ko hamarkadan Europatik New Yorkera joandako artista surrealistek ez bezala. 1954an kriptografo-lanean aritu zen Twombly amerikar armadarentzat eta premiaz eta modu errepikakor batean marraztu ohi zuen gauez eta argirik gabe. Beraz, horrek idazketa automatiko surrealista gogora ekartzen badigu ere, gero eta sarriago erabiltzen zituen hitzak, kiribil kaligrafikoak eta zenbakiak esanahi jakin bat dutelako aukeratzen zituen.

ERROMA, hiri betierekoa, artistaren eta bere familiaren bizileku berria izan zen, bertatik AEBra eta Europa osora sarritan bidaiatu arren. 1957an abuztuan, Erromako udaldiko beroak aldarazi egin zuen artistaren lanen ezaugarriak: kolorez eta sentsualitatez bete ziren; adibide bikaina da Ferragosto saila, Italiako giro intentsuan sortu zituen bost mihise. Erroman, etxez eta estudioz aldatzearen eta bertatik egindako bidaien eraginez, idilio antzeko bat sortu zen artistaren eta hiriaren artean, oraindik ere badirauena.

PROCIDA, SPERLONGA, BASSANO IN TEVERINA ETA BOMARZO BASOA Italiako lekuak dira, artistak atseden hartzeko aukeratutakoak, baina aldi berean bere produkzioa bizkortu zutenak. Tirreno itsasoko argiak eragin izugarria izan zuen artistaren obran, eman izan dituen elkarrizketa urrietan aipatu izan duenez, eta bere pinturei darien argian eta kolorean sumatzen da hori.

STÉPHANE MALLARMÉ (Paris, 1842–Paris, 1898) XIX. mendeko poeta frantsesak, sinbolismo frantsesaren ordezkariak, izan zuen bizimodua eta idatzi zituen olerkiak aztertu zituen Cy Twomblyk. Haren gau-bilera literarioak oso sonatuak izan ziren XIX. mendearen amaieran Parisen eta, izan ere, Twomblyri jakin-mina piztu zioten hainbat irudi gailen bertaratzen ziren bilera haietara, Rainer Maria Rilke poeta alemaniarra, adibidez. Cy Twomblyk bere koadro eta eskulturetan erabiltzen duen zuri koloreak ere kutsu sinboliko nabarmena du, adierazpen eta pentsamendu askatasunari lotua baitago.