Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

Gauguin

Info gehiago

[Bilbo eta bere ingurua]

Info gehiago

Atalak

Picasso

Paco Durrio (1868–1940) Bilboko Erribera kaleko saskigile batzuen semea zen. 1884an, Parisera joan zen, eta bisitan baino ez zen itzuli sorterrira. Haren Parisko lantegia Bilboko kontsulatu moduko bat izan zen ondotik joan ziren artista-belaunaldi berrientzat. Durriok izan zen Pablo Picasso gazteari Paul Gauguinen grina sortzailea kutsatu ziona (azken horrek testamentu-betearazle izendatu zuen Durrio 1895ean). 1901ean, Parisera iritsi berritan, Durrioren laguntza eta babesa jaso zuen Picassok, jenio berritzat baitzeukan; uste berekoak ziren, baita ere, Francisco Iturrino eta Dario de Regoyos. Durrio Paul Gauguinen lagunik minenen artean zegoen, eta estudioa partekatu zuen harekin. 1895ean, Polinesiara azkenekoz joan zenean, Gauguinek Durrioren esku utzi zuen bere obra kudeatzeko ardura. Durriok hainbat aldiz eskaini zion obra hori Bilboko Arte Ederren Museoari. Echevarrietarrek Egun on, Gauguin jauna (Bonjour, Monsieur Gauguin) mihise gaineko olio-pintura erosi zioten (Pragako Museo Nazionalean, gaur egun), eta Meijer de Haan margolari holandarraren bi erretratu: zur gaineko olio bat (Museum of Modern Art, New York) eta izenburuan Nirvana hitza duen gouache bat (Wadsworth Atheneum Museum, Hartford). Bien adiskidetasunaren oroitzapenaren oihartzuna nabarmena da Gauguinek, Parisko geltokian elkar agurtu eta zazpi urtera, Markesa Uharteetan bizi zela, Durriori egin zion erretratuan ere: Gitarrajotzailea (Le Joueur de Guitare, ca. 1902). Lan horiekin, Gauguinek hiru bide berri urratzeko aukerari ireki zion atea: begirada hegoaldeko itsasoetara (hau da, beste kultura batzuetako objektuetara) zuzentzeari; pintura objektuen gainean aplikatzeari (hau da, eskultura ulertzeko moduari buruzko ikuspegi berri bati) eta arte xeheak (zeramika, kasurako) aintzakotzat hartzeari. Le Mercure de France aldizkariaren 1905eko udako ale berezian, Durrio izan zen Gauguinek XX. mendeko artearentzat zuen garrantziaz hitz egiten zuen artistetako bat.

BESTE ATALAK

Sarrera

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

Gauguin

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

Picasso

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

[Bilbo eta bere ingurua]

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

[Aitzindariak]

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

[Itsasoa eta mendia]

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

[Gerraren triptikoa]

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago

[Jai giroan]

Bilbo eta pintura, Atala, 2021

Info gehiago