Edukira zuzenean joan

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak

Paris elkargune

Info gehiago

Atalak

Surrealismoaren bilakaerak

Surrealismoa Parisen jaio zen 1920ko hamarkadan Guillaume Apollinaire, André Breton, Louis Aragon, Philippe Soupault eta Paul Eluard poeten idazkietatik abiatuta. Arte- eta literatura-mugimendu hura gerra osteko garaian sortu zen, ordenaren eta arrazoiaren baloreekin akabatzeko nahiak eta mundua berriz liluratzeko beharrak bultzatuta. Taldeko teorialaria zen heinean, Bretonek estetika berritzaile baten oinarriak ezarri zituen, zeinak iturri berrietatik edaten baitzuen, nola ziren Freuden teoriak eta psikoanalisia, mitoak eta sinboloak, inkontzientea, ametsak eta beren adierazpenak, miresgarria den guztiarekiko grina, eta zoria eta igarpena.

Korronte hori artegintzaren eremu guztietara hedatu zen, eta teknika- eta arte-kontzepzio berritzaileak ekarri zituen berekin. Man Ray, Breton eta Max Ernst bezalako artistek errealitatearen eta haren antzaldaketen arteko joko emankorrak gauzatu zituzten. Obra surrealistek bidea ematen zuten nahasketak eta gainjartzeak egiteko, Victor Brauner eta Francis Picabia artisten lanek agerian uzten duten gisan. Esoterismoaren eta sinbolismoaren arteko gai berriak ere agertu ziren eta, horien bidez, zenbait artista androginiari eta genero-aldagarritasunari buruzko nozioekin esperimentatzen aritu ziren, esaterako Claude Cahun, Prinner eta Brauner bera.

Irrazionala eta iraultzailea zen oro sustatzen zuen surrealismoak, gogoaren askatzea. Mugimendu horri loturiko ideiak zenbait hamarkadaz garatu ziren, eta nazioarteko truke-sareen bitartez zabalduak, barneratuak eta berrasmatuak izan ziren. Wifredo Lam, Vera Pagava eta Leonor Fini bezalako artistek, adibidez, totemismoaren alderdi ezberdinak, Antzinaro gaurkotua eta kutsu arkaikodun sinbolismoa landu zituzten, hurrenez hurren. Beste batzuek, nola ziren Breton, Ernst, André Masson eta Roberto Matta, Europa atzean utzi eta New Yorkera joan ziren bizitzera. Bertan, surrealismoak AEBn izan zuen eraginaren lekuko izan ziren Peggy Guggenheimen Art of This Century galerian. Bigarren Mundu Gerra amaituta, Parisen presentzia handia izaten jarraitu zuen surrealismoak, eta korronte hartako kideak belaunaldi berriekin nahastu ziren hirian. 1961ean ateak ireki zituenetik, Parisko Musée d’Art Modernek mugimendu historiko horren bilakaera islatu du bere bildumetan.

BESTE ATALAK

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak, Atala, 2022

Info gehiago

Fauvismoa eta kubismoa: eskandalagarriki modernoak

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak, Atala, 2022

Info gehiago

Paris elkargune

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak, Atala, 2022

Info gehiago

Surrealismoaren bilakaerak

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak, Atala, 2022

Info gehiago