katalogoa
Aurkezpena
Fabrice Hergott
- Izenburua:
- Aurkezpena
- Izenburu originala:
- Del Fauvismo al Surrealismo: obras maestras del Musée d'Art Moderne de Paris
- Egilea:
- Fabrice Hergott
- Argitalpena:
- Bilbao: La Fábrica eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- Neurriak:
- 24,5 x 25 zm
- Orrialdeak:
- 158
- ISBN:
- 978-84-17769-98-7
- Lege gordailua:
- M-1876-2022
- Erakusketa:
- Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artearen historia | Artistak | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Musée d'art moderne de la Ville de Paris | Paris
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia
Atsegingarria da guretzat, eta harro egoteko modukoa, Parisko Musée d’Art Moderneko (MAM) maisulanak Guggenheim Bilbao Museoan aurkezteko abagune eder hau izatea. Lehen aldia da MAMen bildumako obren gisa honetako hautaketa bat Bilbon ikusgai jartzen dena, eta lehen aldia da, baita ere, espainiar estatuan gure bildumari eskainitako erakusketa bat inauguratzen duguna.
Hortaz, plazer handia da guretzat obra-aukeraketa hau aurkeztea, agerian uzten baitu XX. mendeko lehenengo hamarkadetan zehar Parisen sortutako abangoardia artistikoak garatu ahala eratuz joan zen bildumaren historia.
Parisko MAM museoa 1937an eraiki zuten Frantziako hiriburua biltzen ari zen arte moderno eta garaikideko funts gero eta handiagoak barne hartzeko. Urte hartatik aurrera, Parisko udala pixkanaka joan zen eskuratzen bertako eszena artistikoa osatzen zuten artista gailenen obra adierazgarriak. Proiektu horrek babes handia jaso zuen mezenas ugarik egindako dohaintza eskuzabalei esker; haien artean nabarmentzekoa da Maurice Girardin doktoreak egindakoa, haren 1953ko legatua gure maisulan modernoen bildumaren muina bilakatu baitzen. MAMek, bere irizpide zientifiko eta kulturalaren bitartez, leial jarraitzen dio gaur egun ere premisa horri, bai obrak eskuratzerakoan, bai erakusketak antolatzerakoan; horri esker, posible izan du mugimendu historiko nagusien obra adierazgarriz osatutako corpusa biltzea eta museoan modu iraunkorrean ikusgai jartzea. Gainera, bildumak agerian uzten du bai MAMek berak, baita bere lehenengo ongileek ere, zer-nolako garrantzia eman dieten hasiera-hasieratik emakume artistei.
Horrenbestez, udal ekimenari eta artearen munduko pertsona gailenen eta erakundeen eskuzabaltasunari esker idatzi ahal izan da Parisko Musée d’Art Moderneren historia. Dohaintza horiek ez lirateke posible izango museoko arte- arduradunek eta zuzendariek konfiantzazko loturak ezarri izan ez balituzte aldez aurretik. Horri gehitu egin behar zaizkio museoak lortu duen ospea eta pazientzia handiz egiten duen lana, sarritan epe luzera begira egin ere.
Museoak gaur egun dituen hamahiru bat mila obrek artista haietako bakoitzak beren obrarik gailenenak sortu aurretik egin zuten bidea ematen dute aditzera. Nolabait esateko, arte modernoa zuhaitz antzeko bat da, hiriaren erdi-erdian landatu zena, eta bere adarrak hazi egin dira, hazten ari dira eta hazten jarraituko dute norabide guztietan. Adarrek, orain, museoko aretoetatik harantz zabaltzen jarraitu nahi dute ahalik eta pertsona gehienengana iristeko.
Nire esker ona adierazi nahi diet Parisko Musée d’Art Moderne eta Paris Musées erakundeetako lantalde guztiei, baita Guggenheim Bilbao Museoko beren homologoei ere, Juan Ignacio Vidarte Zuzendari Nagusia buru dutela, hainbesteko gogoz eta grinaz lan egin izanagatik erakusketa hau prestatzen eta katalogoa sortzen.