Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

Parisetik Vitebskera, Berlinetik igarota

Info gehiago

Tradizioa eta iraultza

Info gehiago

Atalak

Paris, artisten erlauntza

Izenburua:
Paris, artisten erlauntza
Erakusketa:
Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919
Gaiak:
Hiri-eszenak | Landa-eszenak | Judaismoa | Errusia | Paris
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Artelan motak:
Pintura

Inpresionismoa eta Kubismoa arrotz egiten zaizkit.
Marc Chagall, Eygens (Nire bizitza)

1911n, Léon Baksten eskolan ikasi ondoren, eta judutarren eskubideen alde borrokatu zen mezenas eta abokatu judutar Maxim Vinaverren laguntza ekonomikoa jaso ostean, San Petersburgo atzean utzi eta Parisera abiatu zen Marc Chagall. Nahiz eta aurretik ikusia izan besteak beste Cézanne, Manet, Monet eta Matisseren arte modernoa Baksten eskutik, Parisen ezagutu zuen Chagallek lehenengo abangoardien artea ez ezik, Louvreko hormetan zintzilik zeuden maisu handien artea. Errusia atzean utzi aurretik Chagallek Vitebsken egin zuen egonaldi labur batean, bere senideak, hiria eta gurasoak eta baita bere andregai Bella Rosenfeld ere, irudikatzen zituen marrazki-sail bat sortu zuen. Era berean, pintura-multzo bat ere osatu zuen, shtelt edo herrixka judu tipikoetako bizimoduari buruzkoa; pintura horietan eguneroko eszena juduak irudikatu zituen, Errusiako herri-artearen kutsuarekin eta kolorearen erabilera askea eginez; Chagallek San Petersburgoko egonaldian landutako errekurtsoa izanik hori.

Parisera iritsi zenean, Chagall Montparnasseko estudio batean bizi izan zen zenbait hilabetez, baina, handik gutxira, La Ruche (Erlauntza) egoitzara joan zen bizitzera, inguru berean. Artistaren beraren hitzetan, “bazter guztietako artista bohemioak” biltzen ziren egoitza hartan. Diru kopuru txiki baten truke sortzaileei alokatzen zitzaizkien logela eta estudioen multzo handi honetan ezagutu zituen Blaise Cendrars eta Sonia eta Robert Delaunay, eta haiek, gero, Guillaume Apollinaire poeta aurkeztu zioten. Handik gutxira, Chagallen lanaren babesle bihurtu zen Apollinaire; “naturaz gaindikoa” zela esaten zuen. Garai hartan Chagall koloreekin, forma abstraktu eta geometrikoekin, mugimenduarekin eta bere ametsekin esperimentatzen ari zen. Inguratzen zuten “ismoen” eragina islatzen dutenean aldi berean, bere mundu pertsonala kontatzen du Chagallek, mundu horren osagaiekin artistak bat egiten dituen unibertso desberdinez osatua. Yiddisharekin gertatzen den bezala, Chagallen obra ere fusio-hizkuntza da, berezia, eta ezin da soilik kubista, soilik espresionista edo soilik surrealistatzat jo, estilo ugariren nahaspilatzat baizik; estilo horiek modu pertsonalean erabiltzen ditu artistak bere istorioa kontatzeko. Paris leihotik (1913) mihisea, La Rucheko bere estudioan margotua, garai hartako adibide argi bat da, eta bertan, hiriaz duen ikusmoldea eta han gertatzen dena nahasten du bere jaioterri Vitebskeko oroitzapen eta irudiekin.

BESTE ATALAK

Parisetik Vitebskera, Berlinetik igarota

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919, Atala, 2018

Info gehiago

Paris, artisten erlauntza

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919, Atala, 2018

Info gehiago

Tradizioa eta iraultza

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919, Atala, 2018

Info gehiago