Edukira zuzenean joan

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919

Paris, artisten erlauntza

Info gehiago

Atalak

Tradizioa eta iraultza

Ikusten nuen guztia pintatzen nuen. Leiho ondoan egiten nuen lan;
inoiz ez nintzen kalera ateratzen pintura-kaxarekin.
Marc Chagall, Eygens (Nire bizitza)

Lehen Mundu Gerran, judutar ugari lekualdatu zituzten, tsarren Errusiarekin kolaboratzen zutela esanez. Urte haietan kausa juduak eta sionismoak babesa aurkitu zuten nazioartean, baina baita aurkariak ere. Nazioartean konfrontazioa nagusi zen bitartean, Marc Chagallek bere nortasunarekin eta bere herriko folklore eta etnografiarekin erlazionatutako gaiei heldu zien berriz ere, bereizgarri duen ikuspegi laiko horretatik landuta. Garai hartako obra nabarmenen artean daude judua berdez, gorriz eta zuri-beltzez, hemen bilduak eta Chagallek “dokumentu” deiturikoetan sartzen direnak. Obra hauek lantzeko, artistak ez zituen bere oroitzapenak hartu abiapuntu gisa, Parisen bezala, baizik eta inguruko gaiak eta pertsonaiak erabili zituen: adibidez, eskale bat, erloju bat, ispilu bat eta egunkari-saltzaile bat, eta haiei esanahi handiko elementuak gehitu zizkien: esaterako, talita (xal judua) edo tefilina (zintadun kutxatxoak barruan idatziak biltzen dituztenak yiddishez, hebreeraz edo zirilikoz).

Areto honetan bi obra berdintsu behatu ahal izango ditugu gainera, Errabinoa izenez ezagunak biak. Bien arteko desberdintasun nabarmenena da bata burutu zuenetik bestea gauzatu arteko aldea, hamar urte baino gehiago, alegia. Gerrak behartuta Errusian eman zituen urteetan, hiltzat eman zuten Chagall haren ezagun batzuek, tartean Berlingo bere galeristak; ondorioz, artistak 1914an Der Sturmen gordailututako obra gehienak bildumagile pribatuei saldu zizkien. Chagall beti penatu izan zuen obra haiek galdu izanak, eta horrexegatik pintatu zituen berriro haietako batzuk edo ekin zion harrezkero gogokoen zituen piezen hainbat bertsio lantzeari, besteren artean, Judua zuri-beltzez; obra horren hiru bertsio daude orain.

1905eko Errusiako Iraultzaren ondorioz, hirietan kargu garrantzitsuak bete izan zituzten intelektual eta goi-mailako klaseetako juduak askatasun batzuk hasi ziren lortzen, ordura artea ukatu izan zitzaizkienak. Hala, Arteak Garatzeko Elkarte Judutarreko (JSEFA) kide egin zen Chagall, eta aktiboki parte hartu zuen bertan, erakusketak eginez ez ezik, garrantzi handiko eskariak ere onartuz (haien artean, eskola profesional baterako muralak); gainera, ilustrazioak egin zituen yiddishezko liburuetarako eta baita dekoratuak ere Moskuko Ganbera Antzoki Judutarrerako, Alexander Granowskiren eskariz. Bestalde, garrantzi handiko ekitaldiak bultzatu zituen (Diamanteen Jota erakusketa, esaterako), eta artisten sindikatuko kide egin zen. Beste judutar batzuentzat bezala, Chagallentzat ere iraultza zen judutarren berdintasun-faltaren irtenbidea. Hori dela eta, modu aktiboan hartu zuen parte Errusia berria eraikitzeko lehenengo etapetan, eta, 1918an, Vitebskeko Arteen komisario hautatu zuten. Horrela, haren esku geratu ziren lurraldeko museoak, arte-eskolak eta beste ekitaldi artistiko guztiak. Urte haietan, Bella emaztearekin eta Ida alabarekin bizi izan zen jaioterrian. Herriko arte-eskola sortu zuen, eta zenbait artista gonbidatu zituen bertan parte hartzera; besteak beste, Lissitzky eta Malevich.

Laster iritzi ziren arazoak, desadostasun artistiko eta kontzeptualak zirela-medio, eta 1920an, proiektuarekin loturarik ez zuela ikusita, Chagall Vitebsketik joan zen, eta amaiera eman zion bere bizitzako garai garrantzitsu bati.

BESTE ATALAK

Parisetik Vitebskera, Berlinetik igarota

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919, Atala, 2018

Info gehiago

Paris, artisten erlauntza

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919, Atala, 2018

Info gehiago

Tradizioa eta iraultza

Chagall. Urte erabakigarriak, 1911−1919, Atala, 2018

Info gehiago