Lurraren arteak
[2. aretoa]
Iruzkinak
[1. aretoa]
- Izenburua:
- [1. aretoa]
- Erakusketa:
- Lurraren arteak
- Gaiak:
- Giza gorputza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Materialak | Tamaina | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Feminismoa | Ekologia | Ingurunea | Klima-aldaketa | Natura | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Lupas, Ana | Miralles, Fina | Webster, Meg
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoak antolatutako Lurraren arteak erakusketara. Esposizio honek berrirakurketa bat proposatzen du azken hamarkadetan ekosistema eta prozesu naturaletara bideraturik sortutako arteari buruz, eta agerian uzten ditu praktika artistikoek historia hurbilean izan dituzten aldaketak, gero eta gehiago nabarmentzen den ingurumen-krisi batean.
Areto hau da ibilbideko lehenbizikoa, eta artegintzan jatorri naturaleko materialak erabiltzen aitzindariak diren zenbait lan historiko daude ikusgai; horretaz gainera, ondorengo belaunaldietan eragina izan duten artistek naturan egindako ekintzak ere dokumentatzen dira.
Atal honetan ikus daitezke, esaterako, Meg Websterren Gotorleku biguna, Hare-ohea eta Ate luzeak piezak. Webster San Frantziskon jaio zen 1944an, eta, tradizio minimalistari lotuta, forma geometriko eta organikoko eskulturak asmatu ditu hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, material suntsikorrak baliatuz. Gotorleku biguna eta Ate luzeak, hurrenez hurren, belar onduz eta prentsatutako lurrez eginda daude, eta fisikoki esperimentatu ahal izateko eta materialarekin topaketa zuzenak ahalbidetzeko sortuak dira. Websterrek 1980ko hamarkadan sortu zituen obra hauek. Hori hala izanik ere, bestelako zentzu bat hartzen dute gaur egun, askoz premiazkoagoa baita nazioarteko larrialdi klimatikoa. Websterren formatu handiko eskulturek material naturalen eta giza gorputzaren arteko elkarrekikotasuna sustatzen dute: mundu organikoaren eta mundu eraikiaren arteko jarraitutasuna fisikoki sentitzera gonbidatzen dituzte ikusleak.
Areto honetan, ikusgai dago, orobat, 1950ean jaiotako Fina Miralles artista kataluniarraren lana. Haren obra kontzeptual eta feminista da, eta Land Art, Arte Povera eta halako nazioarteko joeren aitzindaritzat jo daiteke. Fina Mirallesek hirurogeita hamarreko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari, eta, harrezkero, esku-hartze ugari egin ditu naturan. Ingurune naturalarekin eta haren oinarrizko printzipioekin adiskidetzeko erritu gisa ikus daitezke haren keinuak, are gehiago ikusirik ohiko estrategia gisa baliatzen dituela testuingurutik ateratzea eta bakartzea.
Hala, espazio naturalean gauzatutako zenbait ekintza-sail aurkitu ditugu. Horien artean, Translazioak. Belarra itsasoan flotatzen, argazki bidez dokumentatua eta artistaren proiektu historikoak dokumentatzeko beste elementu batzuekin batera aurkeztua. Ekintza horretan, bereziki, soropilez jantziriko zotal edo lur-bloke karratu batzuk flotarazi zituen itsasoan Mirallesek. Ikusgai daude, era berean, garai hartan bertan eginiko Belar-itsasoa izeneko bigarren lan bati ateratako irudiak. Lan horrek proiektuak gordetzeko maleta baten formatu eramangarria dauka. Haren bidez, Marcel Duchamp artistaren 1935–41eko Kaxa maleta batean lan ospetsuari egin zion erreferentzia. Artista frantziarrak bere lanen antologia bat biltzeko eta banatzeko erabili zuen gailu hura.
Espazio honetan, halaber, ikusgai daude Harremanak. Gorputzaren eta elementu naturalen arteko harremana saileko hainbat irudi. Haietan, Mirallesek pixkanaka estaltzen du gorputza lurrarekin, harearekin edo harriekin, harik eta paisaian erabat integratuta geratzen den arte, iruditik desagertuta.
Areto honetan dago, halaber, Ana Lupasen (1940) Hilobi biribil baterako atarikoak proiektua. Lupasek praktika nagusiki kontzeptual eta performatiboa garatu du hirurogeiko hamarkadaz geroztik. Pieza hau egiteko, artistak buztinezko eskultura batzuk sortu zituen zurezko moldeekin, zeinak uztondoak erretzeko baliatu baitzituen. Bideoan ageri den dokumentazioan ikus daitekeenez, lanak lursail abandonatu bat aurkezten zuen, kea darion teilatu baten tankeran. Artistak gerora azaldu duenez, teilatu baten moduan erakutsi nahi zuen lurrazala, kontuan izanik han barnean dagoela bizi-energia.