Lurraren arteak
[4. aretoa]
Iruzkinak
[5. aretoa]
- Izenburua:
- [5. aretoa]
- Erakusketa:
- Lurraren arteak
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Bizitza | Ingurunea eta natura | Ekologia | Nekazaritza ekologikoa | Jasangarritasuna | Landareak | Euskal Herria | Komunitatea
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Chin, Mel | Oppenheim, Dennis
Lurreko arteak diziplina anitzeko kartografia bat eskaintzen du, askotariko forma artistikoak lantzen dituena, hala nola arte bisualak, arkitektura, artisautza tradizionala eta berria... Baina tresna-, aukera- eta etorkizun-inbentario bat ere erakusten digu, gure planetak bizi duen krisi ekosozialaren eta klima-aldaketaren aurrean. Areto honetan, zenbait lankidetza-proiektu biltzen dira: haien egileek orpoz orpo lan egin dute industria-jarduerak mehatxaturiko antzinako bizimodu jasangarriak gauzatzen dituzten komunitateekin. Aldi berean, aretoan baditugu beste zenbait ikuspegi ere, giza prozesu industrialak ustiapen soilaz bestelako helburuetara nola bideratu jakiteko.
Paulo Tavares arkitektoa, artista eta komunitate amazoniarren defendatzailea da, eta komunitate indigenetako pertsonekin eta beren lurralde-eskubideak defendatzeko materialekin eginak dira aurkezten dituen lanak. Gizarte indigenak betidanik erlazionatu izan dira lurrarekin, manipulatu eta eraldatu egin dute, eta modu aktiboan eragin dute Amazoniako biodibertsitatean belaunaldiz belaunaldi. Hori horrela, Paulo Tavares brasildarraren ikerketak gonbidatzen gaitu begirada berrituarekin behatzera eta ulertzera Amazoniako oihaneko lurra. Terra preta edo lur beltz gisa ezagutzen den hori ez da lur “birjina”; aitzitik, gizakien, faunaren eta floraren arteko harremanak milaka urtez diseinatutako espazio bat da. Tavaresen Trans Amazonia lanaren barruan, Botanika arkitektoniko bat bideoak William Balée etnobotanikariaren artxibo bisualean egindako ikerketa erakusten du, zeinak Amazoniako ka'apor herriarekin batera lan egin baitzuen laurogeiko hamarkadan. Hala, ondare arkitektoniko gisa irudikatzen du herri indigenek lurrean egindako lanaren emaitza. Tavaresek defendatzen duenez, ondare ekologikotzat ez ezik, ondare arkitektonikotzat ere hartu behar dira, batetik, oihaneko espezieen arteko lankidetza-sareak, bertako komunitateen bitartekaritzari esker lortuak, eta, bestetik, lurzorua, zeinaren emankortasuna kontu handiz mantendu baitute komunitate horiek milaka urtez.
Aldiz, Mel Chinen lan aitzindariak Land Art edo lurraren artearen estrategiak eta berroneratze ekologikoa uztartzen ditu laurogeiko hamarkadaren amaieratik. Biziberritze-eremua lanean, artistak metal astunak xurgatzeko gai ziren landareak baliatu zituen —“hipermetatzaile” izenekoak—, eta sendatze-prozesu bati ekin zion espezie horiek baliatuz. Prozesu horrek aktibo jarraitzen du gaur egun ere. Obra ahalegin kolektibo bat da, eta leku baten ekologia zizelkatu nahi zuen sortu zuenean. Proiektuari buruz, hauxe adierazi zuen artistak:
Eremu horretako biomasa-laginen azterketa zientifikoak berretsi zuen “erremediatze berdeak”, in situ eginda eta teknologia gutxirekin, alternatiba egokia izan daitezkeela egungo berroneratze-metodoen aurrean, garestiak eta desegokiak baitira. Metalak xurgatzearen ondorioz lurzorua baldintza txarretan egon arren, agerian geratu zen Thlaspi izeneko landare-barietate batek kadmio-kontzentrazio esanguratsua metatu zuen hostoetan eta zurtoinetan. Landare hark zuen, hain justu, hipermetaketa-gaitasun handiena.
Mel Chinen proiektu honen dokumentazioarekin batera, ikusgai daude artistak beste erremediatze eta ekosistemekiko interakzio ekimen batzuetan erabili zituen objektuak eta materialak. Areto honetako beste proiektu batzuek, berriz, erreferentzia zuzena egiten diete nekazaritzari eta haren ustiapen-prozedurei eta -praktikei. Hala, bi interakzio-eredu ilustratzen dira espazioaren kontrako aldeetan: batetik, Dennis Oppenheimek monolaborantzako lursailak eraldatzeko landuriko eragiketa handiak; eta, bestetik, Claire Pentecost artista eta aktibistak konpostatzearen alde eginiko defentsa, metodologia zirkular gisa. Inland - Campo Adentro kolektiboaren praktikan ere, toki garrantzitsua hartzen du konpostatzeak, baita gizakien zein beste espezie batzuen arteko interakzioak ere nekazaritza-munduan.
Areto honetan, gainera, ikusgai daude Euskadiko eta Kantauri itsasoko ertzeko eremu batzuetako zenbait nekazaritza-tresna, Inlanden Landa-ateneoaren parte gisa.