Lurraren arteak
[2. aretoa]
[4. aretoa]
Iruzkinak
[3. aretoa]
- Izenburua:
- [3. aretoa]
- Erakusketa:
- Lurraren arteak
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Lan-prozesua | Materialak | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Ekologia | Jasangarritasuna | Landareak | Euskal Herria
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Molinos Gordo, Asunción | Zamora, Héctor
Areto honetan, lurrarekin eta haren konfigurazio ezberdinekin lan egiteko modu ugari biltzen dira: buztina eta harea, baina baita nahasketa-esperimentalak ere, material naturalak ez ezik, industria-aztarnak markatutako paisaietatik hartutakoak ere baliatzen dituztenak —Guggenheim Bilbao Museotik gertukoak, kasurako—.
Héctor Zamora artista mexikarraren lana da horren adibide nabarmen bat: buztin egosizko adreiluak erabiliz, presentzia eskultoriko handiko egiturak sortzen ditu. Bizitzaren arrautza lanean, Zamorak forma zirraragarri eta organiko bilakatzen du material industrial hori, eta naturaren funtsezko egiturak gogorarazten ditu, hala nola erlauntzetako abarasken eredu hexagonala.
Espazio honetan ikusgai dago, orobat, Asunción Molinos Gordoren Mila-esne pieza. Obra hori artistak Ondo Bizi Arte egonaldi artistikoan eginiko ikerketa-prozesu baten emaitza da, zeina Mutur Beltz kolektiboak antolatu baitzuen Karrantza bailaran (Bizkaia). Mutur Beltz lurraldean finkatuta dagoen proiektu bat da, eta arte garaikidea, agroekologia eta sorkuntza kolektiboa artikulatzen ditu, desagertzeko arriskuan dauden euskal artilea, artzaintza eta lanbide jasangarriak biziberritzearen inguruan. Egonaldi hartan, Asunción Molinos Gordok arraza-kontzeptua ikertu zuen ardiei aplikatuta. Ondorioztatu zuenez, mestizajeak sortzen ditu aberastasun genetikoa eta erresilientzia animaliengan, eta ez odolaren purutasunak. Ikerketaren emaitza gisa, artistak feltro handi bat ekoitzi zuen, Espainiako ardi-arraza guztietako artilearekin eginda. Lanaren jatorrizko izenburuak —Mil leches— gaztelaniazko irain oso hedatu bati egiten dio erreferentzia: jatorri bat baino gehiago duten eta, horregatik, “odol-zikin” jotzen diren pertsonak laidotzeko baliatzen da. Artilea aukeratu izanari esker, Molinos Gordok giza bizikidetzari buruz hausnartu zuen, identitate-purutasuna diskurtso politiko erreakzionarioen euskarri bihurtu den garaiotan. Piezak formatu etzana du, eta, hala, paisaia-pinturari egiten dio erreferentzia. Eta iradokitzen du, berebat, ardiek nola garbitzen duten lurra larrean ari direnean, nola garraiatzen dituzten haziak eta polena artilearen bidez. Hala, biodibertsitate-eragile gisa jarduten dute ardiek, baita bizileku dituzten paisaien “diseinatzaile” gisa ere.