Edukira zuzenean joan

Lurraren arteak

[1. aretoa]

Info gehiago

[3. aretoa]

Info gehiago

Iruzkinak

[2. aretoa]

Erakusketa honen berezitasunetako bat da artelan biziak aurkezten direla, elementu botaniko eta begetalekin eginak. Museoaren espazioan izan dute garapen- eta hazkunde-prozesua, eta aldatu egin dira ohiko protokoloak.

Areto honetan, zenbait konposizio botaniko ageri dira, hala nola Hans Haackeren eskultura historiko bizietako bat. Belarra hazten 1969koa da, eta lur-muino bat aurkezten du, gainazalean belarra ereinda. Lan horrekin, artistak prozesu biziekiko interesa adierazten zuen eskulturaren parte gisa, eta lotura bat ezartzen zuen eskultura-lanaren eta sistema bizien dinamikaren artean. Hans Haackek eskultura bizi ikonikoen bidez adierazten du etengabe aldatzen ari den organismo bizitzat duela artea: prozesua lehenesten du formaren gainetik, eta fenomeno estetiko gisa ikusten du hazkundea. Haackek 1969an pilatu zuen lehenbizikoz metro kubiko bat lur erakusketa-espazio batean, eta zalantzak izan zituen lur hartan ereindako haziak erneko eta haziko ote ziren. Kasu honetan, egokitu egin dira aretoko argia eta hezetasuna obrak hazi ahal izateko.  

201 aretoan eta pasabidean kokaturiko Haackeren beste lanen kasuan,—45º-ko inklinazioan hazten ari den indaba-baratze txiki bat, Hazkunde gidatua (Directed Growth, 1970–72) izenekoa, eta Belar-kuboa (Grass Cube, 1967) izeneko obra, kirol-estadioetan erabiltzen denaren tankerako belar-zati karratu bat—, Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren gortina-hormak zeharkatzen dituen argi naturalari esker haziko dira,.

Asad Raza artistaren 2025eko Erro-sekuentzia (zuhaiztia) instalazioa landare zuhaizkaraz osatutako baso txiki bat da, loreontzi gurpildunetan ipinia. Haietan, obraren zaintzaileek objektu pertsonal batzuk utzi dituzte. Lan horrekin, Razak topagune bat proposatzen du, naturak eta publikoak elkar zaintzearen ideia sustatzeko. Gailu horrek landareen eta gizakien arteko bizikidetza bilatzen du Museoan, baita bizitza- eta adierazpen-prozesu bateratuak sortzea ere. Erakusketaren zenbait unetan, musikaren, filosofiaren edo literaturaren arloko profesionalek aktibatu egingo dute instalazioa; izan ere, hitzaldiak emango edo piezak interpretatuko dituzte obraren testuinguruan bertan. Erakusketa amaitzean, gutxienez datozen 40 urteetan garapen optimoa bermatuko den tokiren batean birlandatuko dituzte zuhaitz horiek guztiak, Euskadin bertan, artistarekin adostutako akordioari jarraikiz.

Artelan bizi eta berriztagarri honek hautsi egiten ditu museo-espazioan ezarritako dinamikak. Beste horrenbeste egiten dute Wardian Cases edo Warden kutxek ere. Isa Melsheimer artistak 2012az geroztik egiten ditu horrelako kutxak: inspirazio gisa, Nathaniel Bagshaw Ward britainiarrak XIX. mendean asmatutako egitura hermetikoa baliatzen du. Kutxa horiek landare exotikoak garraiatzeko erabiltzen zituzten, kolonietatik Europako lorategi botanikoetara eramateko. Hasiera batean, exotikotzat jotzen ziren gaur egun Europako dietan ohikoak diren landare jangarri asko. Gure eguneroko elikaduran duten presentzia zuzenean lotuta dago Warden kutxa asmatu izanarekin. Melsheimerrek ekosistema “konkistatuaren” ideia birsortzen du, eta, bere obra sortzeko, munduko hainbat lekutako hazi autoktonoak biltzen ditu. Kutxa hermetikook itxi ondoren, haien barrualdea eraldatu egiten da denboraren poderioz. Espezie batzuk gai dira ingurune horretan epe luzeagoan irauteko, eta, hala, gailendu egiten zaizkie beste batzuei. Horrenbestez, garoak eta belarra ugaritzen dira kasu askotan: homogeneo bihurtzen da kutxaren barneko itxura eta exotismoa, berriz, galdu egiten da. Prozesuaren amaieran, konpostatu egiten da kutxa bakoitzaren barrualdea.

 

BESTE ATALAK

[1. aretoa]

Lurraren arteak, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[2. aretoa]

Lurraren arteak, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[3. aretoa]

Lurraren arteak, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[4. aretoa]

Lurraren arteak, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[5. aretoa]

Lurraren arteak, Iruzkina, 2025

Info gehiago