Edukira zuzenean joan

Ernesto Neto. Naraman gorputza

katalogoa

Elkarrizketa Ernesto Neto-rekin

Petra Joos

Izenburua:
Elkarrizketa Ernesto Neto-rekin
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bartzelona: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Ediciones Polígrafa, 2014
Neurriak:
28 x 21,5 cm.
Orrialdeak:
132
ISBN:
978-84-343-1328-6
Lege gordailua:
B. 2242-2014
Erakusketa:
Ernesto Neto. Naraman gorputza
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Artea eta paisaia | Artea eta emozioa | Espazioa | Natura | Sentimenduak | Gogoeta
Aipatutako artistak:
Neto, Ernesto

Petra Joos: Museoko arkitekturaz hitz egin dezagun. Azken egunotako bisitan zehar, eraikineko barne zein kanpo espazioak esploratu dituzu. Gaur bertan eraikinaren estalkira igo gara, forma arkitektonikoek biltzen zaituzten, benetan ukitzen zaituzten lekura. Atzo esan zenuen ez zarela oso artista ortodoxoa, beti urrun zaudela “grabitate zentroetatik”. Ez al duzu uste arkitektura hori ere, nolabait, “deszentratutzat” jo genezakeela? Izan ere arkitektura hori guztia mugimendua da, eta egiaz ez dago zentrorik, erdigunerik.

Ernesto Neto: Ez nago oso seguru arkitekturak berez zentrorik, erdigunerik ez ote duen; kontua da Atrioa ez dela erdigune konbentzionala. Lore baten nukleoarekin aldera genezake, korolarekin, petaloak inguruan proiektatzen zaizkiola. Baina nire irudimenean, nire marrazkian, Museoko bigarren solairuko planoa hartzen dudanean gogoan, egiaz ikusten dudana erlea da, intsektu hegalari bat: Atrioa burua izango litzateke, galeria klasikoek gorputza osatuko lukete, 208 eta 209 galeriek bi hegal emango lizkiokete eta, azkenik, buru gainean dauden areto horiek antena suerte bat izango genituzke. Nire iritziz analogia interesgarria da, zeren eta intsektu batzuk oso era bitxian mugitzen baitira airean. Zientzialariek aurkitu dute animalia horiek oso ikusmen bizkorra dutela, eta gure mugimenduak kamera geldoan bezala ikusten dituztela, denbora poliki igaroko balitzaie bezala, guretzat baino nabarmen polikiago inolaz ere; hau da, intsektu bat eskuz harrapatu nahi dugunean hark mugimendu izugarri motel bat ikusten du, osatzeko denbora luzea behar duen bat, gure ikuspegitik segundo-zatiki bat besterik ez dirauen arren. Beraz, hegoak astintzen dituenean mugimendu iheskor bat iruditzen zaigu, baina seguruenik haren pertzepzioan moteldu egiten da, eta berak askoz hobeto ikusten du, noski.

Laburbilduz, Museoko arkitektura intsektu-egitura moduko bat izan liteke. Sekula ez dut horrelakorik pentsatu gaur arte, planoak berrikusi eta lantzen hasi naizen arte, aldi berean denborari eta intsektuei buruz irakurri nuen informazio artikulu bat gogoratzen nuela. Ikuspegi interesgarria da; arkitekturako mugimendua oso bizkorra dela iruditzen zaigu, baina agian intsektu baten ikuspegitik ez da hainbesterainokoa izango.

Beraz, gure ikusmena haienaren antzekoa izango balitz, askoz gaitasun handiagoa izango genuke arkitekturako mugimendua asimilatzeko, gureganatzeko.

Atrioaren aurretiko bista zoragarria da, zeren eta ematen baitu plano desberdin asko daudela, batzuk besteen gainean jarrita, harreman sinbiotiko batez funtzionatzen dutela. Oso gauza tropikala da, nolabait esatearren, arkitektura tropikal moduko bat. Herrialde tropikalak intsektuz josiak daude, horra beste kointzidentzia bat.

Benetan, 208 galeriako igeltsuzko paretak neurri batean kentzea gustatuko litzaidake. Uste dut horren areto handi eta zabalak, estilo organikokoak, bikainak direla, baina oso harrigarria izan liteke, era berean, murruen atzean dagoen egitura bistaratzea. Beharbada asmamena piztuko luke pareten parte bat kentzeak, egitura hori agerian lagaz alegia ikusleak azter dezan, izugarri interesatzen zaizkit-eta egiturak eta gardentasuna. Eta eraikin honetan beira ugari den arren, museo-espazioak opako iruditzen zaizkit oraindik ere, titanioa alde batean eta harri-horma bestean.

 

PJ: Arkitektura natura bihurtzen da. Amsterdamgo zoologikoak Natura artis magistra goitizena du, hots, “Natura artearen maisua da”. Atentzioa ematen du, zeharo, zoora joan eta sarreran esakune hori irakurtzeak.

EN: Bada, ez dakit beste ezer gehitzerik dudan, natura garela esateaz aparte. Denok baikara. Funtsezko ideia bat da, zeren eta natura bereizi egin ohi baitugu geuregandik; kanpoan kokatzen dugu, hirugarren pertsonan, baina natura ez dagokio hirugarren pertsona bati, lehenari baizik, gure geure barnean dago. Mundu osoa natura delako konbentzimendua ere badut. Uste dut zubi hori natura dela, autoak, gizakiak sortutako gauza guztiak, naturaren parte direla. Eta matematikak, fisikak eta kimikak hartan dute sorburua. Erabiltzen ditugun ia-ia material guztiak lurretik datoz, gure lur sakratutik datoz, Ama Lur maitetik; horregatik, erabat sinesten dut naturaren nonahikotasunean, eta natura gure maisua dela uste dut. Naturarengandik ikasten dugu, zalantzarik batere ez horren inguruan. Bertan dago eta bertan laburbiltzen da guztia. Seguru nago egunen batean harmonia beteko giroan biziko garela mundu naturalarekin, gai izango garela zuhaitzen DNArekin lan egiteko, eta aurrerantzean ez dugula horiek moztu beharrik izango etxeak egiteko, zeren eta gure esku-hartzearekin etxeak bere kasa egiteko moduan haziko baitira. Agian hain egongo gara teknologia aldetik aurreratuta ezen basoetara itzultzea eta, berriro ere, naturarekin bat eginik bizi izatea erabakiko baitugu. Edonola ere, jakintza ere lurrari dario.

Hain dut biziki sentitzen! Zuhaitz bat ikusten dudanean sustraiak lurpean dituela, sustrai horiek lurreko jakinduria guztia xurgatuko balute bezala sentitzen dut. Eta noski, sustraiek lurreko mantenugaiak jasotzen dituztela adaburuak, bere aldetik, zerutik, kosmosetik, zeinahi lekutatik datorren argia harrapatzen du. Konbinazio bat dago argi horren eta uraren artean. Landare edo zuhaitz bat zeharo gauza harrigarria da. Zuhaitzaren atal bat lurrazalaren azpian ezkutatzen da, erabateko iluntasunean, bestea, berriz, zerura begira dago, eta argia jasotzen duela fotosintesia egiten du. Adaburuaren eta sustraiaren artean, biak lotzen dituen enborra dago; beraz, elementu apartekoa dugu aurrean, elementu sinplea eta konplexua aldi berean.

 

PJ: Erakusketaren titulua, Naraman gorputza, zure obretako baten aipamena baino gehiago da…

EN: Denok dugu gorputz bat, eta gorputz horrek gida-lana egiten digu. Benetan, ez dut gogoaren eta gorputzaren arteko bereizketan sinesten. Iritzia dut gogoa gorputz barnean kokatzen dela, eta gorputzak gobernatzen gaituela. Gorputz-izate  bakoitzean bizitza bat ari zaigu taupaka, memoria ere bertan dago, eta fantasia, paranoia, psikea eta beste guztia; “o corpo que me leva” [“naraman gorputza”, portugesez] diodanean, segurutzat jotzen dut bi interpretazio posible daudela: lo hartu aurretik, pentsamendu kontzienteei ihes egiten diegun une horretan, sentitzen dugu gure gorputzak arrastan garamatzala eta, lo gaudenean, sentitzen dugu gorputzak Morfeoren herrialdera, ametsen lurraldera garoatzala, egunean zehar izan ditugun gorabehera guztietatik indarberritzearren.

Alabaina, corpo que me leva hori gorputz kolektiboa ere izan daiteke, batek manifestazio batean parte hartu eta zehatz ez dakienean ez non dagoen ez norantz doan. Uste dut bakar-bakarrik nora goazen ez dakigunean, gauzek norantz garamatzaten ez dakigunean izan gaitezkeela benetan libre, baina, hala eta guztiz ere, ildo nagusiari segitzen diogu eta garamatzan gorputzarekiko konfiantza dugu. Duela urtebete inguru, erakusketa hau aurkezteko gonbidapena egin zenidan. Hona otsailean etorri nintzen, eta antolatzea erabaki genuen. Oraindik ez dakigu zehatz non ari garen mugitzen, baina une honetan duela sei hilabete baino askoz hobeto ezagutzen dugu jada proiektua. Eta erakusketa inauguratzen denean, ez dakigu zer bide hartuko duen, garamatzan gorputz horren antzekoa izango da… Horrenbestez, gorputz kolektibo baten, espiritu baten ideia da “naraman gorputza” hitzen azpian den ideia, bizitza lengoaiaren bitartez azaltzeko ahalegin bat.  

Orain gutxi lagun bat hil zitzaidan. Haren gorputz geldoa ikusi nuen, kutxa batean sartua, hilobiratzen ari zirela. Bazirudien bizitzak ihes egin ziola, gorpua tokian bertan lagata, objektu immateriala balitz bezala; baina, egiaz, organismoak funtzionatzeari utzi ziolako abandonatu zuen bizitzak. Orduan barrena hartu zidan sentimendua zera izan zen, bizitza hura amaitua zela eta, hala eta guztiz, bizitza gorpuzdun bat sorrarazten ari zen espiritualtasunak zirauela.

 

PJ: Esperientzia gure gorputzean oinarritzen dela uste al duzu?

EN: Bai, uste dut esperientziak gorputzaren ekintzari erantzuten diola: gorputzak garamatzanean, guk esperimentatu egiten dugu hori.

 

PJ: Eta esperientzia bera ere gorputza al da?

EN: Bai gai interesgarria! Ez dakit esperientzia berez gorputza den; nik zera esango nuke, esperientzia zenbait gorputzez osatua dela. Adibidez, arrozez beteriko zakua den eskultura bat hartzen badugu eta arrozari lurrera erortzen uzten badiogu, esperientzia izango da, zalantzarik gabe. Gure gorputz fisikoa dugu, eskulturaren gorputza, lurraren gorputza eta grabitatearena ere badugu; arroza isurtzen dugu eta, hori egitean, zerbait gertatzen da. Beharbada guk osoro sentituko dugu esperientzia, baina esperientzia hori sorrarazi duena gure gorputza da. Abstrakzio baten aurrean gaude; ez dut uste, ordea, gure gorputzetik kanpo abstrakzio hori existitzen denik. Ez nator batere bat Platonen kontzeptuarekin, hark baitzioen ideiak arinak eta zoragarriak direla, eta gorputza, aldiz, astuna eta lotsakorra. Ez, nik diot itzela dela pertsonok gorputza edukitzea, eta bene-benetan uste dut gorputza dudala nire ideien eroale. Esperientzia bat bizi dugunean, konbentzituta nago norberak pertsonalki bereganatzen eta helarazten duela hori. Esperientzia hori elkarrekin baldin badugu, agian egunen batean gogoratuko duzu bizipen zehatz hori partekatu genuela, eta elkarrizketa hau izango duzu gogoan; eta nik neuk ere gogoratuko dut, agian, egunen batean; baina zalantza gabea zera dugu, zuk gauza batzuk gogoratuko dituzula eta nire oroimenak, berriz, beste batzuk aukeratuko dituela. Dena dela, esperientzia horretatik guk biok gogoratzen duguna gure gorputzetatik aterako da. Barnean ditugun zirkuituek egingo dituzte posible oroitzapenak. Gogoratzea prozesu espirituala da; ez du, baina, esan nahi espiritualtasuna gauza arrotza denik gure gorputzentzat. Nire gorputza beste izaki batzuen gorputzarekin komunika daiteke, edo naturaren gorputzarekin egoera mistiko batean; horregatik, gorputz guztiak elkarri konektatuak daudela uste dut.

 

PJ: Erakusketan bada gorputz- eta natura-kontzeptuarekin lotua dagoela dirudien galeria bat, 206 galeria zehazki.

EN: Esan dudan bezala, natura gara. Natura gutako bakoitzaren barnean dago. Gure gorputza paisaia bat da. Nik paisaiatzat ulertzen dut nire gorputza. Hiru bilioi zelulaz forratuak gaude, horiek guztiek gure DNA dute, eta horiez gain beste mila bilioi zelula ditugu DNA arrotzarekin, bakterioak gehienak, eta horiekin bizi beste aukerarik ez dugu. Beraz, gure organismoan oso sinbiosi aktiboa gertatzen da. Giza gorputza neurri itzeleko paisaia da. Eta bizia bor-bor ari da bertan; beraz, esan dezakegu ez gaudela bakarrik. Eta horrek zenbait gauza eragiten ditu. Esate baterako, nire lanak horrelako asoziazioak islatu nahi ditu aspaldidanik, nire lanean ahalegina egiten dut gorputzaren eta paisaiaren arteko jarraitutasuna erakusteko, hori geure buruaz eta geure inguruaz hitz egitearen pareko baita. Baina paisaia horren barnean mantentzen gara beti, eta paisaia, bere aldetik, gure erraietan bizi da.

 

PJ: Zuk oso esperientzia luzea duzu publikoa zure obrekiko harremanetan jartzeko unean. Era guztietako erreakzioak ikusiko zenituen, nik uste: plazera eta alaitasuna dira nagusi, baina mingarria ere izan daiteke.

EN: Horrela da, bai, horixe delako gaur egun bizi garen gizartean esperimentatzen duguna. Ondo dakizun moduan, nire obretako asko izugarri hauskorrak dira. Nire lanak, beste ezeren aurretik, elkarrekiko harremanak jorratzen ditu; pieza bakoitzak hurrengoa ukitzen du. Obra ukitzea posible izateko ideia hori obran bertan gauzatzen da objektiboki. Nire sorkariek ez dute identitate zehazturik; horietan dena dago elkarrekiko erlazioan. Ezer ez da isolatua geratzen. Zati guztiak, alderdi guztiak beste batzuekin lot daitezke edozein unetan, aldi baterako konbinazioak dira.

Eta lanetako baten osagaiak askatzen direnean, beste zerbait bilakatzen dira. Gaur egun gure gizartean ikusten duguna da jendeak oso erreakzio desberdinak izaten dituela gauzen aurrean, eta hori bikaina da. Gizakiok erreakzio askotarikoak izan beharko genituzke estimulu berrien aurrean, nik uste, baina pertsona batzuek ez dakite ondo nola aurre egin askatasunari. Azken batean, artea ukiezina da, ikusia izateko pentsatu den eta ukitu ezin dugun zerbait, babestu beharra dago eta. Egia da, halaber, artelanak ukitzea eragozteko politika hori haiei balioa emateko modu bat dela. Gauza bat zenbat eta ukiezinagoa izan, hainbat eta garestiagoa, ezkutukoagoa, are ulertezinagoa ere. Halako lilura bat eragiten du gizartean eta, zalantzarik gabe, autorearen egoa puzten du. Nik kontrako premisaz egiten dut lan. Egoaren deflazioaz egiten dut lan, egoa disolbatu nahi dut. Eta, noski, finantza-alderdian behintzat hori ez da gaur egungo mundua mugitzen ari den norabidea. Baina, gure munduak hartu duen norabidea ote egokiena akaso? Zalantza handiak ditut.

 

PJ: Pertsona askok eta askok uste dute gizarteak aldatu egin behar duela. Izan ere, egiaz, naturara itzultzeko zure ideia hain orokortu horrek, janari organiko horrek guztiak, elikagai ekologikoek, zerikusirik ez dute batere osasunarekin, beste gauza batzuekin baizik. Ez dut uste mediku batek inoiz esango digunik janari organikoa erosteko. Hori norberak bat-batean egiteko sentitzen duen bultzada da, behar bat balitz bezala, egarriak edatera zaramatzanean bezala.

EN: [Barrez] Bai, egarriak gaude. Esan duzuna interesgarria da, zeren eta, nire iritziz, gure garaiaren ahotsa baita. Mundu guztiak du aldatu behar dugulako kontzientzia; guk, den-denok, aldatu behar dugulakoa. Alabaina, inork ez daki, zehatz, zer aldaketa behar diren. Intuizio partekatua da, batzuek eta besteek argia egiten dute, gutxi gorabehera, horrek hartu beharko lukeen norabidearen gainean, inork jakin ez, ordea, nork botako duen lehen harria, ulertzen didazu. Nork hartuko du ekimena? Nondik hasiko gara? Nola gertatuko da? Jendea beldurtu egiten da ideia berri bati segitzeko unean, mende eta erdi baino gutxiagoko denboran gertatu den hondamendi pila itzelagatik. Dena dela, berriro diot, denok dakigu aldatu beharra dugula. Seguru nago aldaketak iritsiko direla, are gehiago esango dut: uste dut gazteen eskutik iritsiko direla. Hurrengo belaunaldiak izango dira jauzi handi orok behar duen indarra metatuko dutenak. Eta besteok, nik uste, behar bezain zentzudun jokatu beharko dugu, haiei entzun eta laguntza ematearren. Esperientzia dugulako, eta baita jakintza ere, baina bultzatzaileak ez gara gu izango. Berrogeita bederatzi urte bete ditut dagoeneko, ez dut beraz uste ni edo nire adineko jendea izango garenik aldaketaren buru. Hala eta guztiz, espazio bat sor dezakegu, atzetik datozenei lana erraztearren, eta horrexetan ari gara lanean oraintxe bertan, nik uste. Jakin badakit, ondo jakin ere, egin behar dudan zerbait dela, eta lanari ekin diot dagoeneko. Ez dut hitzez azaltzeko ahaleginik egiten. Eta oso-osorik ulertzeko ahaleginik ere ez dut egiten. Lortu nahi dudan bakarra aurrera segitzea da, eta horrelako obrak egiten jarraitzea, egunen batean agian norbait gai izango delako horiek interpretatzeko. Horixe nire konbentzimendua, eta horixe, halaber, honaino, Bilboraino, ekarri nauena: gauza eraginkorren bat egitea eta ideia horiei guztiei itxura ematea. Ekinean jarraitu, ez dut besterik nahi. Oraindik egiteko gauza asko eta asko dauzkat, noski, eta asko ari naiz ikasten. Azken urte, aste eta hilabeteetan asko ikasi dut, izugarri. Nahasgarri samarra ere gertatzen da, inoiz ez baitut zehatz jakitea lortzen non nagoen edo norantz noan, bide zuzena aukeratu dudan ala ez. Alabaina, ezin diogu aurrera egiteari utzi. Geure buruarengan sinetsi behar dugu, eta geure jarreraren gaineko gogoeta egiten saiatu. Sendaketa gure jarreran datza beste inolako faktoretan baino gehiago. Horixe entzun nion, behintzat, duela egun batzuk nire adiskide Txanabane-ri. Denok dakigun kontua izango da, noski, baina oso on egin zidan entzuteak. Batzuetan, pertsonok argudio berberak behin eta berriro esan edo entzun beharra izaten dugu. Zer deritzozu?

 

PJ: Erabat ados nago. Jarrera da guztia, baina gorputza naturarekin lotzea ezinbestekoa da askatasun mota hori lortzeko.

EN: Bai, gorputzak inoiz ez baitu gezurrik esaten.

 

PJ: Ez horixe!

EN: Berriro diot: gorputzak ez du gezurrik esaten. Portugesez, “gogo” “mente” esaten da; a mente “gogoa” da. Eta ‘gezurra esate’ aditzaren singularreko hirugarren pertsona berdin idazten da, mente, hau da, a mente mente-k esan nahi du “gogoak gezurra dio”. Gezurra esaten dugunean, autokontrol handia izan behar dugu gorputzak ez dezan sala egiten ari garen hori, hain zuzen ere eskolan emozioak menderatzen erakusten diguten bezalaxe, sentitzen duguna hirugarrenen aurrean ez erakusten eta gure gorputza, gure egia kontrolatzen, egia handi bat sortzearren gezur txikiak esaten erakusten diguten bezalaxe. A mente mente, gogoa da engainatzen gaituena…

 

PJ: Horrela da.

EN: Gogoak gezurra esaten du… Gogoa nahas dezaten uzten du, entitate konplexua da eta gatazka eta ego pila itzela du baitan. Gorputza beti aurrerantz ibiltzen da. Beharbada pertsona batek ez du beldurtu nahi izango egoera jakin baten aurrean, baina baliteke gogoa beldurtzea, hark nahi ez badu ere, eta, egunaren amaieran, beldur-ikaran egongo dena ez da gogoa izango, gorputza baizik.

 

PJ: Sarritan gorputza gogoa bera baino askoz inteligenteagoa izaten da, zeren eta zuzenean hartzen baitu arnasa bizitzatik abiatuta.

EN: Arnasa hartu, bai, arnasa hartu behar dugu. Arnasa hartu, besterik gabe, ahal badugu behintzat. Hain da garrantzitsua arnasa hartzea… Zuhaitzek arnasa hartzen dute, ez diote arnasa hartzeari uzten, eta guk geuk ere etengabe hartzen dugu arnasa! Arnasa hartzen dugunean, airea trukatzen dugu elkarrekin. Nik ez dut hutsean sinesten: toki guztietan dago zerbait. Airea nonahikoa da. Airez inguratuak bizi gara. Beti airea arnasten ari gara, gure gorputzean sartzen, eta gero bota egiten dugu atzera kanpora. Batzuetan gerta daiteke nire gorputzean sartzen den airea, kanporatzen dudanean, zurean sartzea, berriro ateratzea eta ondoren hirugarren baten gorputzean sartzea. Hau da, guk zein gure inguruko pertsona guztiek airea trukatzen dugu elkarrekin, etengabe. Horrenbestez, une honetan nire birikak betetzen dituen airea beste bilioi bat pertsonaren gorputzetik igaroko zen agian lehenago. Ez dakit lurrak bilioi bat biztanle izan dituen, baina ezin ukatuzkoa zera da, beti-beti aire hori partekatzen ari garela, oxigeno hori, eta horrelaxe izan dela milaka eta milaka urtetan zehar. Ez dakigu botilatzen eta gordetzen. Gogoetarako gai ona izango litzateke, alajaina! Izan ere, ezbeharren bat dugunean, airea falta zaigula sentitzen dugu, eta une horretantxe hartzen dugu arnasa hartu behar dugulako kontzientzia. Airea ez da inoiz agortzen, eta doakoa da gizaki guztiontzat. Orain hemen dagoen aireak agian denboraldi bat egingo zuen Rio de Janeiron, han epeldu eta, ondoren, ozeanoa zeharkatzeko, latitude hauetan hoztearren. Eta aire hori berori da planetan bizi diren beste izaki guztiekin trukatzen duguna. Airea mugitu egiten da; ukitzen, musukatzen, miazten gaitu. Izugarri atsegin dut miaztearen, igurztearen eta besarkatzearen ideia. Uste dut besarkadak behar ditugula. Elkarrekin bizi gara, ez bakardadean. Azken batean pertsonak behar ditugu, zuhaitzak ere behar ditugun arren. Bizia dohain bikaina da. Zailtasunak eragin ditzake batzuetan, baina normalean zoragarria da. Saia gaitezen bizirik irauten eta bizi garen lekuaren izate sakratua eta leku horretan egiten duguna gehixeago errespetatzen.

Bilbo, 2013ko irailak 20

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]