Edukira zuzenean joan

Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen

hezkuntza-edukia

Kronologia

1928

Helen Frankenthaler New Yorken jaio zen abenduaren 12an. Martha eta Alfred Frankenthalerren hiru alabetan gazteena zen.

1946–49

Pintura ikasi zuen Paul Feeleyrekin, Vermonteko Bennington Collegen.

 

1950

Bikote-harremana hasi zuen Clement Greenberg arte-kritikariarekin, eta, haren bidez, New Yorkeko Eskolako beste artista batzuk ezagutu zituen; esate baterako, Elaine eta Willem de Kooning, Lee Krasner, Barnett Newman, Jackson Pollock eta David Smith.

1951

New Yorken antolatutako 9th Street Exhibition of Paintings and Sculpture erakusketan parte hartu zuen; erakusketako 72 artisten artean gazteena zen. Maiz bisitatu zituen David Smithen etxea eta estudioa Bolton Landingen (New York), eta Arrano-zaintzailearen erretratua (1948–49) eskultura erosi zion. Lehen erakusketa monografikoa egin zuen Tibor de Nagy Gallery galerian, New Yorken.

1952

Urrian, Mendiak eta itsasoa margotu zuen; obra hartan erabili zuen, lehen aldiz, gainalde piktorikoa busti eta zikintzeko teknika.

21 urteren ondoren, Frankenthalerrek New Yorkeko estudioa itxi, eta estudio berria ireki zuen Saddle Rock Roaden, Shippan Pointen; harrezkero, hura izan zuen margotzeko gune nagusia.

1956

New Yorkeko Museum of Modern Artek Frankenthalerren Troiako ateak (1955) mihisea eskuratu zuen.

1957

Abenduan, Frankenthalerren obrak erakusgai jarri zituzten Leo Castelli Galleryko talde-erakusketa batean; Robert Motherwell eta biak bikote gisa joan ziren inauguraziora.

1958

Motherwell eta Frankenthaler apirilaren 6an ezkondu ziren, eta Espainiar eta Frantziar estatuetan barrena igaro zuten eztei-bidaia. Donibane Lohizunen etxe bat alokatu, eta zeinek bere estudioa egokitu zuen bertan.

1959

Frankenthaler bere obra André Emmerich Gallery aretoan erakusten hasi zen. Motherwellekin, udarako etxe bat alokatu zuen Falmouthen (Massachusetts); hainbat artista joan zitzaizkien etxe hartara bisitan, hala nola David Smith eta Mark Rothko.

Anthony Caro lehen aldiz joan zen AEBra, eta Frankenthaler, Motherwell eta Smith ezagutu zituen bertan.

1960 Frankenthalerren lehen atzerabegirakoa, Frank O’Hara poeta komisario zela, New Yorkeko Jewish Museumen. Udan, Parisera joan zen Motherwellekin, eta Alassiora, gero; bertan beren estudioak egokitu zituzten.

1961

Frankenthaler eta Motherwell Provincetownen (Massachusetts) ibili ziren oporretan. Beren estudioak antolatu, eta han igaro zituzten 1960ko hamarkadako udaldiak.

Frankenthalerrek lehen grabatuak egin zituen Long Islandeko (New York) Universal Limited Art Editions (ULAE) tailerrean.

Pintura akrilikoarekin esperimentatzeari ekin zion.

1963

Anne Truitten bakarkako lehen erakusketa ikustera joan zen, André Emmerich Galleryra. Handik gutxira, hainbat hamarkada iraun zuen gutun-truke emankor bat hasi zuten bien artean.

1964

Frankenthalerrek Post-Painterly Abstraction talde-erakusketan parte hartu zuen Los Angeles County Museum of Arten; Greenberg izan zen erakusketa haren komisarioa.

1965

Maiatzean, Smith hil zen autoistripuz. Frankenthalerrek hau idatzi zuen: “Sekula ez dugu gaindituko hura galdu izanaren kolpea. Izugarri sumatzen dugu haren falta”.

1966

Frankenthaler, Ellsworth Kelly, Roy Lichtenstein eta Jules Olitski aukeratu zituzten Veneziako XXXIII. Bienaleko AEBren pabiloirako. Caro izan zen Britainia Handiaren pabiloian ordezkatutako bost artistetako bat.

1969

Frankenthalerren pinturen atzera begirako erakusketa bat inauguratu zuten New Yorkeko Whitney Museum of American Arten; handik Londresko Whitechapel Gallery, Hanoverreko Orangerie Herrenhausen eta Berlingo Kongresshall aretoetara eraman zuten. Frankenthaler New Yorkeko Metropolitan Museum of Arten antolatutako New York Painting and Sculpture: 1940–1970 erakusketako emakumezko artista bakarra izan zen.

1970

New Yorkeko Ekialdeko 83. kalera aldatu zuen estudioa.

1971

Frankenthaler eta Motherwell dibortziatu egin ziren udan. Frankenthalerrek Ekialdeko 94. kalean bizitzen jarraitu zuen.

1972

Frankenthalerren pinturari buruzko monografia bat argitaratu zen, Barbara Rosek idatzia. Frankenthalerrek hamar eskultura sortu zituen Caroren Londresko estudioan; horietako batzuetan, Carok Smithen Bolton Landingeko tailerretik eskuratutako materialak erabili zituen.

1973

Bere lehen xilografia sortu zuen, Ekialdera eta harago, ULAEn.

1974

Ocean Drive Westen eman zuen uda, Shippan Pointen (Stamford, Connecticut); Long Islandeko itsasartearen ikusmira aparta zuen handik, eta bertan jarri zuen estudioa.

1978

Etxe bat erosi zuen Shippan Pointen, eta estudioa jarri zuen bertan.

1984

Michael Corderren Number Three balleterako eszenografia eta jantziak diseinatu zituen; 1985eko udaberrian interpretatu zuen obra hura Royal Balletek Londresko Royal Opera Housen.

1985

Frankenthaler: Works on Paper 1949–1984 erakusketa inauguratu zuten New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen.

1988

Tyler Graphics Ltd. estudioarekin landutako Sarrerako atea proiektua amaitu zuen: Beaconeko (New York) Tallix Foundry lantegian galdatutako brontzezko markodun hiru panelez osatutako bionbo bat.

1989

Helen Frankenthaler: A Paintings Retrospective inauguratu zuten New Yorkeko Museum of Modern Arten; ondoren honako arteguneetan jarri zuten ikusgai: Los Angeles County Museum of Art, Detroit Institute of Arts eta Modern Art Museum of Fort Worth. John Elderfieldek idatzitako Frankenthaler monografia argitaratu zen.

1992

Bere lanak New Yorkeko Knoedler & Company etxearekin erakusten hasi zen.

Uztailean Stephen DuBrul ezagutu zuen; 1994an ezkondu egin ziren.

1993

Frankenthalerren grabatu-edizioen atzera begirako erakusketa bat inauguratu zuten National Gallery of Arten (Washington D.C.), eta handik AEBko beste toki batzuetara eta Japoniara eraman zuten.

1998

‘Mendiak eta itsasoa’ ondoren: Frankenthaler 1956–1959 erakusketa inauguratu zuten New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen; ondoren, Guggenheim Bilbao Museoan eta Deutsche Guggenheim Berlin museoan egon zen ikusgai. Ekialdeko 94. kalea utzi eta Darienera (Connecticut) joan ziren bizitzera Frankenthaler eta DuBrul; estudioa ere bertan kokatu zuen artista.

2001

Frankenthalerrek AEBko Arteen Domina Nazionala jaso zuen.

2004–10

Frankenthalerren sorkuntza mugatuz joan zen osasun arazoak zirela eta.

Haren obrari buruzko hainbat erakusketa egin ziren AEBn eta atzerrian.

2011

Abenduaren 27an, Frankenthaler hil egin zen, Darienen, 83 urte zituela.