hezkuntza-edukia
Lagunartean
- Izenburua:
- Lagunartean
- Erakusketa:
- Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen
- Gaiak:
- Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Lankidetza artistikoa | AEB | Ingalaterra | Giza harremanak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Caro, Anthony | Motherwell, Robert | Noland, Kenneth | Pollock, Jackson | Rothko, Mark | Smith, David
Jackson Pollock
Frankenthalerrek miretsi egiten zuen Pollockek irudi misteriotsuak sortzeko zuen ahalmena. Haren metodoak aukera eman zion pintura tradizionalaren mugetatik askatzeko, eta sakonki eragin zion eskala, keinu eta gainalde piktorikoa lantzeko moduan. Pollock eta inprimatu gabeko mihisea zoruan zabaltzeko teknika eredu harturik, busti eta zikintzeko teknika propioa garatu zuen Frankenthalerrek, margotzeko astoa alde batera utzi eta estudioko zoruan zabaldutako mihise handietan margotuz. Pollockek erabiltzen zuen pintura oihalaren gainaldean gelditu ohi zen, baina Frankenthalerrek margoa diluitu egiten zuenez, koloreak ehunean barneratzen ziren, eta obrek lirismo eta leuntasun nabariagoa hartzen zuten.
Mark Rothko
Rothkok gaitasun berezia zuen mihise gainean dilindan jarritako kolore-planoen bidez dramatismo espaziala sortzeko, eta trebetasun horrek akuilatuta, antzeko sakontasun emozionala atxiki zion Frankenthalerrek bere obrari, ukitu espontaneoagoaz eta arinagoaz bazen ere. Lurmuturra (Provincetown) (1964) koadroan, adibidez, Frankenthalerrek bere zaletasun plastikoetara bideratu zuen Rothkoren eragina.
Robert Motherwell
Helen Frankenthaler eta Robert Motherwell 1958an ezkondu ziren, eta 13 urtez egon ziren elkarrekin. Eztei-bidaia espainiar eta frantziar estatuetan barrena egin zutenetik, senar-emazteek bata bestearekiko esplorazio artistikorako baliatu zituzten beti udaldiak eta atzerriko bidaiak. Motherwell inspirazio-iturri harturik, Frankenthalerrek collagearekin esperimentatu zuen, eta Motherwellek, berriz, Frankenthalerren busti eta zikintzeko teknikatik abiatuta, pinturari buruzko ikuspegi enpirikoagoa jorratu zuen. Elkarren arteko sorkuntza-trukeen erakusgarri dira haien lanak, hala nola Motherwellen Suite lirikoa (1965) saila edo Frankenthalerren collage ugariak. Beren arteko harremanari esker, Motherwellek espontaneotasun handiagoz jardun zuen, eta Frankenthalerrek konposizio-egituraren zentzua garatu zuen.
Kenneth Noland
1953an, Noland Frankenthalerren New Yorkeko estudiora joan zen, eta mihisea busti eta zikintzeko teknikarekin landutako Mendiak eta itsasoa (1952) ikusi zuen bertan; gertaera hark bultzatuta, Nolandek abstrakzioranzko bidea hartu zuen. Obra harekin liluratuta, Washington D.C.ra itzuli, eta espresionismo abstraktuak berezkoa zuen keinuaren dramatismoa sinplifikatzen hasi zen. Norabide-aldaketa haren harira, Itua sail iraultzailea sortu zuen, mihisea tindatzen duten kolorezko zirkulu zentrokideen margolanez osatua. Frankenthalerren ereduak aukera-sorta oparoa zabaldu zion Nolandi; horri esker, bere lengoaia plastiko propioa finkatuz joan zen, eta horixe izan zen kolore-eremuen pinturari egin zion ekarpena.
David Smith
Smith eskultorea eta Frankenthaler margolaria izan arren, biak zetozen bat artea ulertzeko moduan: “araurik gabea” behar zuen. Smithen aburuz, “espazioan marraztea” zen eskultura, eta horrek bultzatuta, bere koadroei bestelako begiz begiratzen hasi zen Frankenthaler. 1960an, Smithek Bolton Landingen zeukan estudioaren omenezko izenburua jarri zion Frankenthalerrek bere margolan bati; horrela, agerian utzi zituen espaziora hedatzeko zuen konpromisoa eta prozesuan oinarrituriko abstrakzio espontaneo eta ludikorako zuen joera.
Anthony Caro
1972ko udan, Frankenthalerrek bi asteko egonaldia egin zuen Carok Londresen zeukan estudioan, eta altzairuzko eskulturak egin zituen bertan. Sorkuntza-truke hura borobiltzeko, eskultorea Frankenthalerren New Yorkeko estudioan margotzen aritu zen 1982an.