Edukira zuzenean joan

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia

Sarrera

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia

Jean-Michel Basquiat (1960–1988) 1980ko hamarkadako artista iraultzaileenetako bat izan zen. Brooklynen, New Yorken, jaio eta hazi zen, eta txikitatik nabarmena izan zen adimen-gaitasun eta arterako trebetasun handia zuela. Lehen lanetan kotxeak, lurrean klarionaz egindako jokoen arrastoak eta grafitien erreferentziak agertzen ziren, eta ezaugarri zuten gizartea zirikatzeko asmoa. Mihise gainean margotzeaz gain, aurkitutako objektu eta materialen gainean pintatzen zuen; hiria haren artearen gai eta objektu bihurtzen zen. Basquiaten izena handitzen joan zen Ipar Amerikan eta Europan erakusketak egiten zituen heinean, eta, denbora gutxian, artista emankor eta kultura-arloko pertsonaia ezagun bihurtu zen. Andy Warhol-en lagun min egin zen eta biek, lankidetzan, hainbat pintura egin zituzten 1984 eta 1985 artean. Inor etxera edo estudiora bisitatzera joaten zitzaionean, inguruko ideiak baliatzen zituen inspiraziotzat: gonbidatuekin hitz egin, musika entzun zein telebista ikusi bitartean margotzen zuen.

Egun batean Henry Geldzahler arte-kritikariak galdetu zion zein zen haren lanaren gaia, eta artistak zera erantzun zion: “Erregetasuna, heroismoa eta kalea”. Eragin handia izan zuen haren artegintzan 1980ko hamarkadan New Yorken gizon beltza izanagatik bizitakoak. Sarritan koroadun zein aureoladun irudiak marrazten zituen, gizon beltz ezezagun zein famatuak —Charlie Parker eta Sugar Ray Robinson, besteak beste—, are bere burua, nabarmentzeko. Artistak esan zuen: “Nire pinturen protagonista gehienak beltzak dira. Ohartu nintzen ez zegoela margolan askorik zeinetan pertsona beltzak agertzen ziren”. Lan horietan “bizipen beltza” irudikatu zuen, Afrikako diasporako edozein pertsonak bere buruaren isla ikusteko.

Basquiatek arte garaikidean beste bide batzuk ireki zituen: haren ikuspegi berritzaileak oraindik ere kitzikatzen ditu artistak eta galdera adierazgarriak sorrarazten ditu. Pintura bakarrean, Basquiatek ideia ugari jaso zitzakeen ikurren, irudien eta testuen bidez, elkarlotuak egon ala ez gora-behera. Ingurua mihisera eramaten zuen, narrazio zehatzik gabe, eta horrela aurrea hartu zion interneten garaiari eta bisitaria bultzatu zuen inguruko munduan hausnar zezan.

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia Basquiaten lan berritzailearen alderdi batzuk aztertzen ditu 100 pintura, marrazki eta 100 argazki baino gehiagoren bitartez.

Erakusketa hau Art Gallery of Ontario-k antolatu du, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.