hezkuntza-edukia
Artea eta haren aztarna
- Izenburua:
- Artea eta haren aztarna
- Erakusketa:
- Lurraren arteak
- Gaiak:
- Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Museoak | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Ekologia | Jasangarritasuna | Euskal Herria | Bilbo | Zientzia eta Teknologia | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
Lurraren arteak erakusketa osatzen duten obra gehienen berezko ezaugarriei esker, ekoizpenlanak hemen egiteari eman ahal izan dio lehentasuna Museoak, artelanen nazioarteko maileguak eta garraioak alde batera utzita. Erakusgai jarritako lan asko iragankorrak edo zirkularrak dira, hau da, erakusketaren ondoren konpostatu egingo dira edo bertoko ekosistemara itzuliko dira. Obra historikoetako asko (haietako batzuk duela zenbait hamarkada sortuak dira, eta nazioarteko bildumetatik datoz) tokian bertan ekoiztu behar izaten dira ikusgai jartzen diren bakoitzean. Kanpotik ekarri behar izan diren obren kasuan ohi baino modu jasangarriagoan garraiatu dira oraingoan, izan errepidez edo, kasu bakan batzuetan, itsasontziz, baina, nazioarteko erakusketetan ez bezala, pieza bat bera ere ez da propio ekarri behar izan hegazkin bidezko garraio garesti bidez.
Bestalde, erakusketaren museografia eta altzariak material jasangarri eta berritzaileak erabiliz eraiki dira, eta haietako batzuk gisa honetako eskalan lehen aldiz aurkezten diren prototipoak dira. Adibidez, idulkiak eta plataformak arroz-azalez nahiz zelulosa birziklatuz fabrikatutako taulekin egin dira, eta zenbait areto bereizten dituzten gortinak Basque BioDesign Center-ekin elkarlanean hemen sortutako material batez eginda daude; arto-almidoiz, glizerinaz eta gelatinaz osatutako biopolimero batez, alegia. Sail honetan, material horietako batzuen adibideak daude.
Obren garraio jasangarria zein museografian erabilitako materialen zirkulartasuna urrats esanguratsuak dira Guggenheim Bilbao Museoak bere jarduerak planetan duen eragina pixkanaka murrizteko egiten dituen ekimenen barruan.