katalogoa
ASTO GAINEKO MARGOLARIA
Giulia Andreani
- Izenburua:
- ASTO GAINEKO MARGOLARIA
- Egilea:
- Giulia Andreani
- Argitalpena:
- Italia: 2025
- Neurriak:
- 20,5 x 26,5 cm
- Orrialdeak:
- 192
- ISBN:
- 978-84-128721-1-8
- Lege gordailua:
- BI-746-2025
- Erakusketa:
- Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Lerroa | Perspektiba | Frantzia | Portugal | Emozioa
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Geometrikoa
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Vieira da Silva, Maria Helena
Guk, margolariok, ergelak ematen dugu hitz egiten dugunean1.
Ez dakit zer den bizitza pinturatik kanpo […] Bizitza osoan, neskatoa nintzenetik, gogoeta asko egin dut pinturari buruz; pintura izan da nire pentsamenduen ardatz. Ez dakit besterik egiten2.
Artea sortzeak zeregin askatzailea eman dezakeen arren, estudio baten barruan margotzea itxialdi-modu bat ere bada. Maria Helena Vieira da Silva eta bere garaiko beste margolari bat, Valentine Prax frantziarra, alderatzeko modukoak dira. Femmes d’intérieur3: biek izan zuten “haurrik gabeko bizitza bat, pinturari osoki emana”4, biak ezkondu ziren artista banarekin, eta beren lankide gizonen begirada gutxi-asko onbera jaso zuten. Bere “emazte xelebreaz” ari zela, zera zuen akorduan Arpad Szenesek: “Marrazki txikiak egiten zituen paper-zati handietan”. (Hori ez da lan egiteko modua, neska!). Vieira da Silvaren lanen “txikitasuna” justifikatu nahian zera esan zuen: “Beharbada lotsagatik zen, baina, gerora, handi askoak egin zituen”5. Szenesek Vieira da Silvaren erretratu bat egin zuen 1940an: Portrait de Marie-Helene (Maria Helenaren erretratua), non neskatotan Lisboan zeukan estudioan ageri baita Vieira da Silva6. Zurbil ageri da, betzulo ilunekin, makurtuta7, mihise bat duela aurrean, asto gainean: labirintoa dirudien xake-taula bateko karratu txikiak betetzen ari da buru-belarri. “Margolan bat beste margolan baten barruan”, erretratuaren protagonista bere estudioan agertzen baita8. Badirudi Szenesek margolariaren besoen jarrera azpimarratu nahi zuela: Vieira da Silvak eskumuturrari tinko eusten dio; ez dadila zirkinik mugitu, hotza, nekea edo zalantza gorabehera. Ez da harritzekoa Vieira da Silvari buruzko literatura kritikoan “Penelope ehuntzen”9 aipatzea: ehuntzea, horra hor art appliqué guztien artean femeninoena, Vieira da Silvaren belaunaldiko emakume artistei eransten zitzaien travail de dame delakoaren arrasto10. Nolanahi ere, Vieira da Silvak bere estudioan itzaletan lan egiten bazuen ere, ez zen inoiz geratu bere senar artistaren itzalean, Prax ez bezala.
MARGOLARI-SIRENA
Lanaren aurrean paratzen den ikusleak ziurtasunak eskaintzeko gai den izaki baten aurrean dagoela sentitu beharko luke11.
Nahiz eta Vieira da Silva margolari abstraktutzat hartzen den, figurak ez zituen inoiz guztiz baztertu. Hara eta hona ibili zen beti figurazioaren eta abstrakzioaren artean; bazirudien txandaka ziharduela kanpokoaren eta barrukoaren artean, giltzapetik askapenera. Bere “margolari-bizitza” bidaia baten tankerakoa da; bidaia bat hiriko, portuko eta itsasoko paisaietan barrena: horietan sirenak sortzen dira maiz, femmes d’exterieur delakoen mukurua; hain dira menderakaitzak, hilgarriak izan baitaitezke gizonentzat. Kimera horiek Vieira da Silvaren obrako zenbait fase markatzen dituzte.
La Sirène (Sirena) izeneko 1936ko lan goiztiar batean, zeina opari eman baitzion bere adiskide Kathleen Granville bildumagileari, sirena bakarti bat ageri da (bularrak nabaritzen zaizkio, baina, gainontzean, figura isolatua androgino samarra da), uretan flotatzen, lira bat eskuan duela12. Les quatre sirènes (Lau sirenak, 1940) lanean, berriz, lau silueta ikusten dira, olatu abstraktuen artean galduta; uhinak, izan ere, lerroz osatuta daude, eta diagonalean zeharkatzen dute marrazkiaren azalera; hala, laugarren sirenak itzal mehatxagarri bat dirudi. Brasilgo erbestealdi deserosoan margotu zuen 1942ko beste lan batean, Les Sirènes (Sirenak), bi geruzako azalera batean dabiltza sirenak: batean, itsasoa iradoki baino ez da egiten, pintzelkada urdinen bitartez; bestean, sirenak olatu artean azaleratzen dira, gizonezko naufragoak besoetan kulunkatzen edo harrapatzen.
Azkenik, 1957ko lan gailena, Les Sirènes (Sirenak), olio-pinturaz margotu zuen mihise handia da. Ziurrenik, Bigarren Mundu Gerraren ostean margotutako sail bati dagokio, beste hauekin batera: Gris Corot (Corot grisa, 1950), Composition 55 (55 konposizioa, 1955), Nuit blanche (Gau zuria, 1960), eta L’Équité (Ekitatea, 1966); lanotan kolore neutroz margotutako erliebedun zatiak eta hainbat geruzaz osaturiko harmonia tonalak uztartu zituen, lehenagoko lanetako bortizkeria kromatikoa alde batera utzita. Baina, paisaia/abstrakzio gehienek kolore eremu antolatuen tankera hartzen duten arren, Les Sirènes margolanean, aldiz, zuri-ukituak geruzaz geruza gainjartzen dira13, ke-hodeiak bailiran, eta azpian dauden zati, forma eta figura zenbait ezkutatu eta ezabatzen dituzte. Itsasoak eta zeruak bat egiten dute itsas-lainoa balego bezala, edo hondamen-hodei erraldoi bat lehertu balitz bezala. Izenburuak, bestalde, sirenen presentzia gailen edo mehatxagarria dakar gogora: margolanaren hautematea lausotzen dute, pertsonaia mitologikoek marinelak desbideratzen zituzten moduan.
MARGOLARI-ARGONAUTA
Nire margolanetan halako ziurgabetasun bat ikusten da, labirinto izugarri bat. Horixe da nire paradisua, labirinto horixe, eta beharbada ziurtasun apurtxo bat topa liteke haren erdi-erdian. Beharbada horrexen bila ari naiz14.
Margolaritzaren lengoaia aldi berean da baieztapena eta zalantza. Batetik ausardia eztandak, bestetik zalantzak baliatuta —emakumea izanik, artearen historia ez baitzen berarentzako lekua—, Vieira da Silvak bere burua erakutsi zuen, bere burua askatu zuen artearen bidez. Bide berriak urratuz, bere bizitza pinturari eman zion. Vieira da Silvak “abizenez sinatzen zuen, lehenik margolaria eta ondoren emakumea izan nahi baitzuen”15. Saiatu behintzat saiatu behar zuen. Emakume margolariek zama bikoitza jasan behar dute: batetik, Mendebaldeko artearen historiatik jasotako dogma eta teknika guztiak; bestetik, generoari lotutako misoginia eta oztopo sozial laidogarriak. Emakume izanik margotzeko kemena behar da beti, ez baitago inoiz aski emakume artista goren16.
Eskala handiko Les Sirènes lanean, zeru-itsasoek bat egiten dute. Artea bidaia bat da (edo naufragio bat), ur ezezagunetan zehar. Vieira da Silva, horrenbestez, Penelope zen, kokapen etxekoi batean lanean —bere estudioan—; baita sirena deserrotu bat ere, amatasunaren arauari muzin egin ziona; eta argonauta bat17. Pintura, izan ere, ontzi erdi-solido bat da, eta espazioa arakatzeko erabil daiteke (espazio finitu edo azkengabea: estudio txiki batetik hasita mundu osoraino doana). The Argonauts liburuan, Maggie Nelsonek, introspekzioa, pasadizo pertsonalak eta esplorazio teorikoak baliatuz, bestearekin duen harreman intimoa (maitasuna) eta idazketarekin duen harremana (artea) aztertzen ditu18. Hari komun batek lotzen ditu Nelson eta Vieira da Silva: ziurgabetasunak. Baieztapenaren beldur. Hizkuntza “totalizatzailetik”, hau da, espezifikotasuna gutxiesten duen hizkuntzatik, aldentzeko ahaleginean beti; hori beste paranoia mota dela ohartuta. Barthesek zaldiko-maldiko horren irtenbidea aurkitu zuen, hain zuzen, bere buruari gogora ekarriz “lengoaiak baieztatzen duela, ez hark”. Absurdoa da, diosku Barthesek, hizkuntzaren baieztapen-izaeratik ihes egiten saiatzea “esaldi bakoitzari ziurgabetasun-esamolde txikiren bat gehitu nahi izatea absurdua da, izan ere hizkuntzatik datorren ezerk ezin du hizkuntza bera dardararazi”19.
Vieira da Silvak tinko eutsi zion bere eskumutur hauskorrari —eskuinari, zehazki—, bizitza osoan zehar margotzeko, ahalik eta dardara gutxien eginez, eta bere burua baieztatuz. Margolari argonauta gisa egin zuen bidaian, emeki baina erabakitasunez, dardara batean jarri zituen artearen historia patriarkalaren muga gogortuak. “Eta, zalantzarik gabe, ikusi nahi nituzke hainbat hizlari apur bat dardaratiago, apur bat ezjakinago”20.
Dardara zaitezte! Dardaratu!
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
- Anne Philipe, L’Éclat de la lumière: Entretiens avec Maria Helena Vieira da Silva et Arpad Szenes. Gallimard, Paris, 1978, 14. or.
- Diane Daval Beran, “Vieira da Silva: A Life of Painting”, hemen: Guillaume Theuliere (ed.), Vieira da Silva: L’oeil du labyrinthe, erak. kat. Fine éditions d’art, Paris, 2022, 233. or.
- “Femme d’intérieur” [Etxekoandrea], hemen: Sylvain Lacombre (ed.), Valentine Prax (1897–1981), erak. kat. Paris Musées, Paris, 1996, 230. or.
- Marina Bairrao Ruivo, “Lisbon-Paris: Maria Helena Vieira da Silva’s City”, hemen: Theuliere (ed.), Vieira da Silva, 230. or.
- Philipe, L’Éclat de la lumière, 12. or.
- Szeneren erretratuaren angeluak apur bat beherantz egiten du, haren gizon-begiradak agindu bezala.
- Xal beltz batean bilduta dago artista. Margotzeak hoztu egiten du bat, baita barnealde burges batean egonda ere. “Izoztuta, margolariak nola”, frantsesek dioten moduan (“Gelé comme un peintre”).
- Antza, 80 × 100 cm formatua gogoko zuen: “Asko gustatzen zait espazioa margotzea, eta denok neurtzeko moduko dimentsioak dituzten mihiseetan adierazten dut beste inon baino hobeto”. Philipe, L’Éclat de la lumière, 13. or.
- “[Urbi et Orbi lanean] Peneloperen ehuntze-jardun etengabea gorpuzten da, bai eta nola urruntzen den, apurka-apurka, errealitatetik”. Nais Lefrançois, “The Eye, the Mind, the Collection: Vieira da Silva, the Granviles, and Dijon”, hemen: Theuliere (ed.), Vieira da Silva, 227. or.
- Garai hartako emakume margolarien lanari halako izendapenak jartzen zitzaizkion maiz. Valentine Praxek honela kontatzen zuen arte-kritikari bat bisitan joan zitzaionekoa: “Bazirudien urrun eta erdeinuz kokatzen zela ‘emakumearen’ aurrean. Neure margolan bat ikusi zuen gure etxeko gela txiki batean zintzilik: loreontzi bat eta tximeleta batzuk agertzen ziren, eta esan zuen: ‘andreen kontuak’, eta kito”. Valentine Prax, Avec Zadkine: Souvenir de notre vie. Bibliotheque des arts, Paris, 1995, 89. or.
- Nicolas Misery eta Frédérique Goerig-Hergott, “Maria Helena Vieira da Silva, Rythmes-Temps-Echappées”, hemen: Theuliere (ed.), Vieira da Silva, 20. or.
- Marrazkiaren sinadura: “bicho” (“animalia” edo “zomorro”, portugesez); Szenesek Vieirari jarritako ezizen txeratsua. Bichos (Zomorroak), bestalde, eskultura manipulagarrien sail bat da, Lygia Clark artista brasildarrak sortua. Izendapenaren aldaera femeninoa, bicha, irain homofoboa da.
- Leukosia, “izaki zuria”, Greziako mitologiako sirenetako bat da.
- Maria Helena Vieira da Silva (1980), “Perspective”, hemen: Theuliere (ed.), Vieira da Silva, 250. or.
- Marc Lenot, “Femmes artistes: Le Paradoxe portugais”, Le Blog Lunettes Rouges, uztailak 14, 2021, https://lunettesrouges1.wordpress. com/2021/07/14/femmes-artistes-le-paradoxeportugais/ (azken kontsulta: urtarrilak 16, 2025).
- Linda Nochlin, “Why Have There Been No Great Woman Artists”, ARTnews (1971ko urtarrila); hemen erreproduzitua: Thames and Hudson, Londres, 2021.
- Frantsesezko hiztegi etimologikoaren arabera, argonauta da “existitzen den horretatik harago arakatzen duena, deskubritzen duena”, eta, are gehiago, zera zehazten du: “Madarikatua bedi argonauta alferra, jada deskubritua izan den edertasunaz askiesten dena!”. Camille Mauclair, De Watteau à Whistler. E. Esquelle, Paris, 1905, III–IV. or. https://www.cnrtl.fr/definition/ argonaute (azken kontsulta: urtarrilak 16, 2025).
- Maggie Nelson, The Argonauts. Graywolf Press, Minneapolis, 2015.
- Ibid., 98. or.
- Ibid.