Edukira zuzenean joan

Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia

katalogoa

KRONOLOGIA

Izenburua:
KRONOLOGIA
Argitalpena:
Italia: 2025
Neurriak:
20,5 x 26,5 cm
Orrialdeak:
192
ISBN:
978-84-128721-1-8
Lege gordailua:
BI-746-2025
Erakusketa:
Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
Gaiak:
Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Frantzia | Portugal | Árpád Szenes | Jeanne Bucher | Peggy Guggenheim | Solomon R. Guggenheim | Giza harremanak
Mugimendu artistikoak:
Abstrakzio Geometrikoa | Arte informala
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Vieira da Silva, Maria Helena

1908

Maria Helena Vieira da Silva ekainaren 13an jaio zen, Lisboan, Rua das Chagas kaleko 22. zenbakian (gaur egun 20. zenbakia da). Bere gurasoak Marcos Vieira da Silva (1875–1911) eta Céu da Silva Graça (1884–1984) ziren.

1908–10

Ingalaterrara, Frantziara eta Suitzara bidaian joan zen gurasoekin.

1911

Artistaren aita, lanbidez ekonomialaria, otsailaren 14an hil zen Leysinen (Suitzan), tuberkulosiak jota. Vieira da Silva txikia txundituta geratu zen Suitzako mendialdearekin: elur zuri-zuriak eragindako lilura hura zuen haurtzaroko lehen oroitzapenetako bat. Ama eta biak amaren aldeko aitona-amonen etxera joan ziren bizitzera: aitona, José Joaquim da Silva Graça (1858–1931), kazetaria zen, O Século egunkariaren zuzendari eta jabeetako bat; amona, berriz, Maria Matilde d’Assunçao Silva Graça (1860–1953) zen. Etxean kultur zaletasuna sustatzen zuten, artistak berak gogoratu zuenez: “Gurean denok ginen artezaleak: oroz gain liburu ederrak eta musika maite zituen jendea ginen”.

1913

Zenbait bolada pasa zituen Londresen eta Hastingsen (Erresuma Batua): British Museum deskubritu zuen, eta liluratuta geratu zen Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa obraren antzezpen bat ikusita. Antzezlanak eragin handia izan zuen artistak gerora irudiak sortzeko garatu zuen prozesuan.

1919–27

Etxean eskolatu zuten Vieira da Silva. Musikarekiko joera zuen, eta piano-eskolak hartu zituen; gainera, marrazketa ikasi zuen Emília dos Santos Bragarekin (1867–1949), eta gero pintura, Armando Lucenarekin (1886–1975), zeina irakaslea baitzen Lisboako Escola de Belas Artesen. Une batetik aurrera, arteari eman zitzaion osoki, baina musikarekiko zaletasunari eutsi zion: “Musikaren koloreak sartu nahiko nituzke nire pinturan”, esan zuen. Denbora asko igarotzen zuen familiaren liburutegian, eta, besteak beste, Constantin Brancusi (1876–1957), Henri Matisse (1869–1954) eta Rembrandt (1606–1669) artisten obra ezagutu zuen bertan.

1926

Arte ederretako ikasketen baitan, anatomia eskolak hartu zituen Escola de Belas Artesen. Vieira da Silvari zirrara handia eragin zion giza anatomiak: “Hezurrak marraztu nituen posizio guztietan, eta izugarri gozatu nuen”, zioen.

1928

Amaren laguntzaz, Parisera joan zen arte ikasketetan sakontzera. Han, Académie de la Grande Chaumiere eskolan izena eman zuen, eta eskultura-eskolak hartu zituen Émile-Antoine Bourdellerekin (1861–1929), zeinaren laguntzaile baitziren, garai hartan, Alberto Giacometti (1901–1966) eta Germaine Richier (1904–1959). Akademian ezagutu zuen Arpad Szenes margolari hungariarra. Vieira da Silva Hotel Médical ostatuan bizi zen amarekin, Rue du Faubourg Saint-Jacques kalean. Ostatutik begien bistan zeukan hiria, eta horrek eraginda margotu zituen lehen hiri-paisaiak. Aisialdian, hiria esploratzen zuen oinez, edo metroa hartuta bestela, eta museoetara zein arte-galerietara joaten zen. “Dena begiratzen nuen, eta ikusten nuen orotatik ikasten nuen, baina bazterrean geratzen nintzen beti. Inpresionismoak, kubismoak eta pintura abstraktuak aberastu egin ninduten. Baina ez nuen sekta baten parte izan nahi”, oroitzen zuen. Talde-erakusketa batean parte hartu zuen lehen aldiz, Société des Artistes Français elkarteak urtero Grand Palaisen antolatzen zuen Beaux-Arts erakusketan. Udan, Italian barrena bidaian ibili zen. Milanen, Paduan, Venezian, Bolonian, Florentzian, Pisan eta Genovan egon zen.

1929

Eskultura ikasi zuen Pariseko Académie Scandinave ikastegian Charles Despiaurekin (1874–1946), baina laster utzi zuen diziplina hura, eta osoki eman zitzaion pinturari. Beraz, margolaritza ikasten segitu zuen, Charles Dufresne (1876–1938), Henry de Waroquier (1881–1970) eta Othon Friesz (1879–1949) irakasleekin oraingoan. Arratsaldeetan, grabatua lantzen zuen Stanley William Hayterren (1901–1988) Atelier 17 lantegian: “Gauza barregarria da: grabatu-tresnekin aritzen naizenean, iruditzen zait landareak marrazten nabilela; grabatu-tresnak ematen dit irudipen hori”. Eskolak hartu zituen, halaber, Fernand Légerrekin (1881–1955), Académie Moderne delakoan.

1930

Otsailaren 22an Szenesekin ezkondu zen; ondorioz, Hungariako hiritar bilakatu zen, eta nazionalitate portugaldarra galdu zuen. Bikotea Villa des Caméliasera joan zen bizitzera, Pariseko XIV. barrutira. Toki hark bizitoki eta estudio gisa balio zien bi artistei. Vieira da Silvak Portugaleko talde-erakusketa batean parte hartu zuen estreinako aldiz: lehendabiziko Salon des Indépendants delakoan izan zen, Lisboako Arte Ederren Elkarteak antolatuta.

1931

Hayterren Atelier 17 espazioan Max Ernst (1891–1976) eta Joan Miró (1893–1983) ezagutu zituen. Maiatzean Marseillara joan zen, eta txundituta geratu zen Portu Zaharreko transbordadore-zubiarekin. Zenbait lan egin zituen zubiaren egitura linearrean oinarrituta, tartean Marseille blanc (Marseilla zuria, 1931).

1932

Vieira da Silvak bi galerista ezagutu zituen: Jeanne Bucher (1872–1946), izen bereko galeriaren jabea, eta Pierre Loeb (1897– 1964), Galerie Pierren jabea. “Niretzat, Jeanne Bucher elfo moduko bat izan zen, eta Pierre Loeb, aldiz, azti bat; biek ere ahalmen handiak zituzten. Elfo ongile, Azti zintzo eta fidatzeko moduko Aingeru guardakorik ez baduzu, jai daukazu: gutxienez Trinitate bat behar da jendeak margolari koitadu bat maita dezan!”. Vieira da Silvak ikasten segitu zuen: Roger Bissiererekin (1888–1964) aritu zen Académie Ransonen.

1933

Bucherrek Vieira da Silvaren bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen bere galerian, Parisko Rue du Cherche-Midi kalean. Zenbait margolan jarri zituen ikusgai, bai eta KÔ et KÔ haur-liburua ere, Pierre Guéguenek (1889–1985) idatzi eta Vieira da Silvak ilustratua.

1934

Vieira da Silvak bere lehen margolana saldu zuen; Massimo Campigli (1895–1971) artistak erosi zion.

1935

Vieira da Silvari Lisboan eskainitako lehen bakarkako erakusketa antolatu zuen António Pedro (1909–1966) idazle eta margolariak Galeria UPen. Parisetik urruti bolada lasai bat emateko gogoz, Vieira da Silva eta Szenes Portugalera joan ziren tarte batez.

1936

Urtarrilean, Vieira da Silvak eta Szenesek beren lan abstraktu berrienak ikusgai jarri zituzten Lisboako estudioan. Gertakariak arreta piztu zuen, eta bi artistek harremanak finkatu zituzten Lisboako arlo artistiko eta intelektualeko kideekin. Urriaren hasieran Parisera itzuli ziren.

1937

Urtarrilean, Vieira da Silvak beste erakusketa bat izan zuen Galerie Jeanne Bucherren. Vieira da Silva eta Szenesen adiskide Marie Cuttolik (1879–1973) bi margolan sortzeko eskatu zien Matisseren eta Georges Braqueren (1882–1963) lan banatan oinarrituta, gero tapiz gisa erreproduzitzeko. Esperientzia horren bitartez, Vieira da Silvak harremana egin zuen Matisserekin, eta artista gazte portugaldarrari hezigarri gertatu zitzaizkion hark kolorearen inguruan zituen ideiak; Braquek, berriz, besoak zabalik hartu zuen, eta adorea eman zion. Julian Trevelyan (1910– 1988) artista izan zen Vieira da Silvaren obra bat erosi zuen bigarren pertsona: La Chambre à carreaux (Gela laukiduna) erosi zuen. Laster asko, Hilla Rebayk (1890–1967) beste margolan bat erosi zion, Composition (Konposizioa, 1936ko urtarrila), Solomon R. Guggenheimen bildumarako.

1938

Vieira da Silva eta Szenes etxe eta estudio berri batera aldatu ziren: Boulevard Saint- Jacqueseko 51. zenbakian zegoen, Parisen. “Ez zen oso leku erosoa, baina bikaina zen”, esan zuen Vieira da Silvak.

1939

Alemaniarren inbasioaren beldur, eta Szenesek jatorri judua zuelako kezkatuta, bikotea Portugalera joan zen bizitzera. Estudioa eta bertan gordetako lan ugariak zaintzeko ardura Bucherri utzi zioten. Lisboara iritsita, enkargu bat jaso zuen Vieira da Silvak: 1940an bertan antolatu behar zuten Exposição do Mundo Português erakusketarako lan handi bat egitea. Portugaleko presidente António de Olivera Salazarrek (1889–1970), ordea, ez zuen ontzat jo margolana, eta ez zuten ikusgai jarri. Azaroan, Szenes katoliko bihurtu zen, eta horren ostean bikoteak botoak berritu zituen ezkontza erlijioso baten bidez, Lisboako Sao Sebastiao elizan.

1940–41

Portugaleko egoerak okerrera egitera, Vieira da Silvak eta Szenesek bizitokia aldatu zuten beste behin ere, eta 1940ko ekainean Rio de Janeirorantz itsasoratu ziren. Brasilen finkatzea nekeza suertatu zitzaion Vieira da Silvari: eguraldi beroak gogaitu egiten zuen, kezkatan zebilen Europan geratutako senideen egoera zela-eta, eta asko sufritzen zuen Bigarren Mundu Gerran gertatzen ari ziren sarraskiekin. Bikoteak harremana egin zuen Brasileko idazle eta poetekin, bereziki Murilo Mendes (1901– 1975) eta Cecília Meirelesekin (1901–1964). “Adiskide eta zaindari genituen”, esan zuen, txeraz, biei buruz.

1942

Vieira da Silvak Le Désastre (Hondamena, 1942, 18. artl., 76. or.) margotu zuen: gizateria tragediaren atzaparretan harrapatuta erakusten duen sail bateko lehendabiziko lana. Obra hori, beste berrogeita bi pintura eta hamalau marrazkirekin batera, Vieira da Silvari eskainitako bakarkako erakusketa batean jarri zuten ikusgai Rio de Janeiroko Museu Nacional de Belas Artesen.

1943

Peggy Guggenheimek 31 Women erakusketa antolatu zuen New Yorken zabaldu berri zuen Art of This Century museo-galerian, eta Vieira da Silvaren lana sartu zuen bertan. Universidade Federal Rural do Rio de Janeiroko Escola Nacional de Agronomiak ikastegiko jangela apaintzeko enkargua egin zion, eta Vieira da Silvak Kilomètre 47 (47. kilometroa, 1943) sortu zuen: zientziari eta naturari gorazarre egiten dion lana, bere jaioterriko (Lisboako) azulejoak gogorarazten dituzten zeramika-lauzaz osatua. Szenes eta biak Hotel Internacional-era joan ziren bizitzera; ostatu ezaguna zen hura artisten eta intelektualen artean. Bikotearen estudioa laster asko bilakatu zen beren inguru hurbileko musikari, poeta eta artista gazteen bilgune.

1944

Salmenta eskasak tarteko, Szenes irakaskuntzan sartu zen dirua irabazteko. Arrakasta handia izan zuen artista gazteen artean; besteak beste, ikasle izan zituen Lygia Clark (1920–1988) eta Almir Mavignier (1925–2018). Vieira da Silvak Rio de Janeiroko Galeria Askanazyn erakutsi zituen bere lanak.

1945

Parisera itzuli ostean, bere lan batzuk jarri zituzten ikusgai Salon des Réalités Nouvelles erakusketan.

1946

Minas Gerais estatuko gobernariak, Juscelino Kubitschekek (1902–1976), gonbidapena luzatu zien Vieira da Silvari eta Szenesi beren lanak erakuts zitzaten Belo Horizonteko udal jauregian. Willard Galleryn, berriz, Vieira da Silvari New Yorken eskainitako lehen bakarkako erakusketa antolatu zuen Bucherrek. Mark Tobery (1890–1976) margolariak Joueurs de cartes (Karta jokalariak, 1945–46) erosi zuen erakustaldi hartan. Bucher azaroan hil zen, eta galeriaren ardura haren iloba txikiak hartu zuen, Jean- François Jaegerrek (1923–2021).

1947

Vieira da Silva Parisera itzuli zen martxoan: “Adiskidetasun ahaztezinak sortu genituen Brasilen, eta, gerora, Portugalen luzapentzat hartu nituen”, gogoratu zuen. Szenes, berriz, maiatzean itzuli zen. Ekainean, Vieira da Silvak Brasileko garaiko lanak jarri zituen ikusgai Galerie Jeanne Bucherren. Loeb bisitan joan zitzaion estudiora, eta artistaren lanak interesa piztu zion. Urtearen amaieran, Lisboara joan zen bikotea.

1948

Frantziako estatuak La Partie d’échecs (Xake partida, 1943) erosi zuen.

1949

Pierre Descarguesek (1925–2012) Vieira da Silvaren obrari buruzko lehendabiziko monografia kaleratu zuen Les Presses Littéraires de France argitaletxearekin, Artistes de ce temps sailaren barruan. Vieira da Silvak bere lanak erakutsi zituen Pariseko Galerie Pierren.

1950

Vieira da Silvak bere lanak ikusgai jarri zituen Stockholmeko Galerie Blanchen. Udan, bikotea Portugalera joan zen. Vieira da Silvaren lana Portugaleko pabiloian egon zen erakusgai Veneziako XXV Esposizione Biennale Internazionale d’Arte biurtekoaren barruan.

1951

Et puis voilá libururako sortutako gouacheak jarri zituen ikusgai. Liburu hura Jean Bazaine (1904–2001) margolariak idatzi zuen, Marie- Catherine alabak bere panpinari kontatzen zizkion istorioak oinarritzat hartuta; izan ere, haurrak beti amaitzen zituen ipuinak “et puis, voilá” (“eta kitto”) esanaz. Galerie Pierren Vieira da Silvaren erakusketa bat antolatu zuten bigarren aldiz.

1952

Arthur Adamov (1908–1970) antzerkilariak La Parodie obrarako diseinua egin zezan eskatu zion Vieira da Silvari. Artista Londresera joan zen, talde-erakusketa bat antolatu baitzuten Redfern Galleryn: Vieira da Silvaren lanak erakutsi zituzten bertan, Wilhelmina Barns-Graham (1912–2004) eta Jacques Villon (1875–1963) margolarien pinturekin batera. Artistari zuzendutako gutun batean, zera esan zion lagun batek: “Redfernera itzuli naiz gaur, eta bi koadro gehiago saldu dituzte. Arrakasta hutsa da, bai horixe!”. Urrian, Pittsburgh International Exhibition of Contemporary Painting erakusketan parte hartu zuen Pitssburgheko Carnegie Institute erakundean.

1953

Sao Pauloko Bigarren Biurtekoan erosketaren saria eman zioten. Bikotea etxez aldatu zen, Rue de la Glaciere kaleko Hôtel des Terrassesera, hain zuzen, baina Boulevard Saint-Jacqueseko estudioari eutsi zioten. Ostatutik zekusan airetiko ikuspegia inspirazio-iturri gertatu zitzaion Vieira da Silvari, eta bere konposizioetan irudikatu zuen. René Char (1907–1988) poeta ezagutu zuen, eta adiskidetasun-harreman luzea izan zuten geroztik.

1954

Kunsthalle Basel museoak Vieira da Silvaren lanak jarri zituen ikusgai beste sortzaile batzuen obrarekin batera: Bissiere, Hans Rudolf Schiess (1904–1978) eta Raoul Ubac (1910–1985) artisten pinturak eta Richierren eskulturak. Vieira da Silvak Universität Baselerako tapizak diseinatzeko lehiaketa bat irabazi zuen. Szenesek eta biek laguntzaile gisa hartu zuten Guy Weelen (1919–1999), Sonia Delaunayren adiskidea eta laguntzaile ohia. Vieira da Silvak XXVII Biennale di Venezia biurtekoan parte hartu zuen, bere lanak Frantziako pabilioian aurkeztuta. Salazarren erregimenaren kontra zegoela erakuste aldera, uko egin zion bere obra Lisboan ikusgai jartzeko aukerari. Haren obrak aldiro-aldiro erakusten jarraitzen zuten Galerie Jeanne Bucherren.

 

1955

Richier eta biei erakusketa eskaini zieten Amsterdameko Stedelijk Museumen. Vieira da Silvak hirugarren saria eskuratu zuen Caracaseko Biurtekoan.

1956

Maiatzaren 15ean, Vieira da Silvak eta Szenesek frantses herritartasuna eskuratu zuten. Rue de l’Abbé Carton kaleko 34. zenbakira joan ziren bizitzera: etxe-estudio bat zen, Georges Johannet (1925) arkitektoak eurentzat eraikia. Vieira da Silvaren lanak ikusgai egon ziren Genevan, New Yorken, Lisboan eta Basilean.

1957

Vieira da Silvaren ama Lisboatik Parisera joan zen bizitzera, behin betiko.

1958

Hannoverreko Kestner Gesellschaft elkarteak Vieira da Silvaren lehendabiziko atzerabegirakoa antolatu zuen. Erakusketa beste bi lekutara ere eraman zuten: Wuppertalera eta Bremenera. Aipamen bat jaso zuen Guggenheim Museoaren Urteroko Sarian, eta laugarren saria eman zion Pittsburgheko Carnegie Institute erakundeak. 1958ko Exposition Universelle et Internationale de Bruxelles erakusketan parte hartu zuen.

1959

Vieira da Silvak hogeita bost grabatu egin zituen L’Inclémence lointaine libururako: Charren poema-bilduma bat zen, Pierre Beres (1913–2008) argitaratzaileak editatua eta 1961ean argitaratua. Kasseleko documenta erakusketaren bigarren edizioan parte hartu zuen.

1960

Jeanne Bucherren omenezko talde-erakusketa batean parte hartu zuen Galerie Jeanne Bucherren. Martxoan, Chevaliere de l’Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuten. Burubelarri lan egiteko espazio bat behar zutela eta, hiriko erritmo bizitik urrun, etxe bat erosi zuen bikoteak: La Maréchalerie, Loira eskualdeko Yevre-le-Châtel herrian. Ordutik aurrera, uda-sasoia han ematen zuten. “Landa aldera joan ginenean ez genuen maletarik eraman, mihiseak eta pintzelak baizik”, azpimarratu zuen Szenesek.

1961

Vieira da Silva New Yorkera joan zen, lehen aldiz, Knoedler Galleryn eskaini zioten erakusketaren harira. Erakusketa hura, gero, Phillips Collectionera joan zen (Washington, DC). New Yorkeko arkitekturak zirrara handia eragin zion artistari.

1962

Urtarrilean, Commandeure de l’Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuten. Mannheimeko Städtische Kunsthalle museoak bere lanak erakutsi zituen. Nazioarteko Sari Handia eman zioten Sao Pauloko Laugarren Biurtekoan.

1963

Bere tenpera-lanak erakusgai egon ziren Parisen (Galerie Jeanne Bucher), New Yorken (Knoedler Gallery) eta Washington DCn (Phillips Collection). Jerusalemeko Bezalel Museo Nazionalak Vieira da Silvaren grabatuak jarri zituen ikusgai.

1964

Otsailaren 7an, Vieira da Silvaren ama zendu zen Parisen, eta Yevre-le-Châteleko hilerrian lurperatu zuten. Vieira da Silvaren lanak ikusgai egon ziren honako gune hauetan: Galerie Alice Pauli (Geneva), Musée de Peinture et Sculpture (Grenoble) eta Galleria Civica d’Arte Moderna (Turin). Kasseleko documenta erakusketaren hirugarren edizioan parte hartu zuen.

1965

Vieira da Silvaren lanetan oinarritutako lehen tapiza sortu zuten Manufacture Nationale de Beauvais lantegian.

1966

New Yorkeko Knoedler Galleryn bakarkako erakusketa bat antolatu ziotela-eta, Estatu Batuetara joan zen bigarren aldiz. Vieira da Silvak eta Szenesek aukera izan zuten Arizonako basamortura eta Mexikora joateko; Vieira da Silvari beroa itogarria gertatu zitzaion. Enkargu bat egin zioten: zortzi beirate sortzea Reimseko Saint-Jacques elizarako. Bestalde, Lisboako Academia de Amadores de Músicak Vieira da Silvaren lanen erakusketa bat antolatu zuen, Portugaleko bildumetan zeuden piezak batuta.

1967

Vieira da Silvak eta Étienne Martin (1913– 1995) eskultoreak beren lanak erakutsi zituzten Château de Ratillyn (Treigny). Lausanako Biennale Internationale de la Tapisserie biurtekoaren hirugarren edizioan parte hartu zuen.

1968

Reimseko Saint-Jacques elizarako egindako lehen beirate-sorta jarri zuten. Vieira da Silvak Charles Marq (1923–2006) eta Brigitte Simon (d.g.) artisten laguntzaz gauzatu zituen beirateak, eta 1997an instalatu zuten enkargu hartako azken pieza.

1969

Pariseko Musée National d’Art Moderne museoak atzerabegirako bat antolatu zion: 87 lan erakutsi ziren, 1935etik 1969ra eginak denak ere.

1970

1969ko erakusketa haren bertsio txikiago bat hiru museotara eraman zuten 1970ean: Museum Boijmans Van Beuningen (Rotterdam), Kunstnernes Hus (Oslo) eta Kunsthalle Basel. Eta erakusketa haren bertsio handiago bat erakutsi zen Lisboan, Fundaçao Calouste Gulbenkian fundazioan. Garai bertsuan, Lisboako beste bi tokitan erakutsi ziren Vieira da Silvaren lanak: Gallery 111 eta Galeria Sao Mamede. Estatu Batuetako poesiari eta pintura modernoari egindako ekarpen bikainaren aintzatespen gisa, Vieira da Silvak birritan jaso zuen ohorezko Daughter of Mark Twain saria.

1971

Portugaleko Sociedade Nacional de Belas Artes elkarteko ohorezko kide izendatu zuten. Liburutegi baten irudian oinarrituta, Aubussoneko Pinton lantegiak tapiz bat egin zuen Bordeleko unibertsitateko Salle des Lettres aretoan jartzeko. Galerie Jeanne Bucherren, artistaren zenbait estanpa, litografia eta gouache jarri ziren ikusgai. Erakusketa harekin bat etorrita, Dora Vallierrek (1921–1997) Vieira da Silvari buruzko monografiko bat argitaratu zuen: La peinture de Vieira da Silva: Chemins d’approche.

1972

Artistaren akuaforteak erakusgai egon ziren Roueneko Musée des Beaux-Artsen, eta, ondoren, Cherbourgeko Musée Thomas Henryn. Bere lanaren atzerabegirako bat antolatu zuten Colmarreko Musée Unterlindenen. Éditions Hermann argitaletxeak Platonen Symposium liburuaren edizio bat argitaratu zuen, Vieira da Silvaren hemeretzi marrazkiz eta azal-irudi batez jantzia.

1973

Orleanseko Musée d’Art et d’Histoirek eta Maison de la Culturek erakusketa bana antolatu zuten, aldi berean, Vieira da Silvaren pintura eta estanpekin.

1974

Urtarrilaren 17an André Malraux (1901– 1976) idazle eta politikaria ezagutu zuen. Haren bost erretratu egin zituen, eta horietako bat aukeratu zuten Guy Suaresen (1932–1996) 1974ko Malraux, celui qui vient argitalpenerako. Jean-François Jaeger, Claude Bernard eta Alice Pauli buru zituen Genevako Galerie Artelek Vieira da Silvaren lanak jarri zituen ikusgai.

1975

Szenesen eta bien lanak erakusgai jarri zituzten Royaneko XII Festival International d’Art Contemporain jaialdian. Lagun mina zuen Sophia de Mello Breyner poetak eskatuta, bi afixa diseinatu zituen Portugaleko Krabelinen Iraultza oroitzeko; iraultza 1974ko apirilaren 25ean lehertu zen, eta Vieira da Silvak, Frantzian egonda ere, arretaz erreparatu zien gertakariei. Fundaçao Calouste Gulbenkianek argitaratu zituen kartelak, eta oraindik ere erabiltzen dira Portugaleko historia hurbileko gertaera nabarmen hori erakusteko.

1976

Char eta Vieira da Silva elkarlanean aritu ziren Sept portraits liburua prestatzen. Charrek honako aipamen hau erantsi zuen artistarekin izandako adiskidetasun luzearen omenez: “Chere voisine, multiple et une…” (Auzokide maitea, askotarikoa eta bakarra…). Vieira da Silvaren lanaren atzerabegirakoak aurkeztu ziren Luxenburgon eta Metzen. Vieira da Silvak eta Szenesek lan-multzo oparo bat eman zioten dohaintzan Pariseko Musée d’Art Moderne Centre Georges Pompidouri. Musée d’Art Moderne de la Ville de Paris museoari ere eman zizkioten bi obra: Szenesen Portrait de Marie-Hélène (Maria Helenaren erretratua, 1940) eta Vieira da Silvaren Portrait d’Arpad Szenes (Arpad Szenesen erretratua, 1936).

1977

Musée d’Art Moderne de la Ville eta Fundaçao Calouste Gulbenkian erakundeek, elkarlanean, Vieira da Silvaren lanaren atzerabegirako bat antolatu zuten 1929tik 1977ra bitarteko lanak bilduta. Irailaren 12an, Portugalek Parisen zuen enbaxadoreak Gra-Cruz da Ordem de Sant’Iago da Espada intsignia eman zion artistari.

1978

Aalborg hiriko Nordjyllands Kunstmuseumek Vieira da Silvaren atzerabegirako bat antolatu zuen, Danimarkan egindako lehendabizikoa. Léopold Sédar Senghor (1906–2001) Senegaleko presidente eta poetak ilustrazio bat egin zezala eskatu zion Élégies majeures laneko Ode à Pompidou olerkia ilustratzeko. José Álvaro Morais (1943–2004) zinegileak artistari buruzko dokumental bat egin zuen: Ma femme chamada Bicho. Anne Philipe (1917– 1990) idazleak, berriz, L’Éclat de la lumière liburua kaleratu zuen Vieira da Silvarekin eta Szenesekin izandako elkarrizketa-sorta batean oinarrituta. Vieira da Silvak talde-erakusketa batean parte hartu zuen Galerie Jeanne Bucherren, non orobat erakutsi baitziren Louise Nevelson (1899–1988) eta Magdalena Abakanowicz (1930–2017) artisten obrak ere.

1979

Apirilaren 11n, Chevaliere de l’Ordre National de la Légion d’Honneur izendatu zuten. Arrazismoaren Aurkako eta Herrien Arteko Adiskidetasunaren aldeko Mugimenduko Ohorezko Batzordeko kide ere egin zuten.

1980

Senghor presidenteak gonbidatuta, bere lanak erakusgai jarri zituen Dakarreko Centre Culturel Français kulturgunean.

1981

Vieira da Silvaren margolanak, estanpak eta tapizak erakutsi zituzten Clunyko Écuries de Saint-Hugues kulturgunean. Udan burubelarri aritu zen bost azulejo-panel eta tapiz bat prestatzen Palais de Santoserako, hau da, Frantziako Enbaxadak Portugalen duen egoitzarako. Parisko Bibliotheque Nationalek Vieira da Silvaren estanpen atzerabegirako bat antolatu zuen.

1982

Portoko Cooperativa Árvore artegunean Vieira da Silvaren hainbat estanpa jarri zituzten ikusgai Fundaçao Calouste Gulbenkian fundazioarekin elkarlanean. Tunisian ere egon ziren ikusgai bere lanak, Galerie de l’Information gunean.

1983

Vieira da Silvak ohorezko gonbidatu gisa parte hartu zuen Quercyko Rencontres d’Art topaketetan eta Gâtinaiseko XXVI Salon des Beaux Arts erakusketan. Museu de Belas Artes museoan bere lan grafikoaren erakusketa bat antolatu zuten. Lisboako Cidade Universitária metro-geltokirako dekorazio-panel bat egin zezan eskatu zioten. 1940ko lan bat hartu zuen proiektu hartarako oinarri gisa, Le Métro (Metroa), eta Manuel Cargaleiro (1927–2024) zeramikariaren laguntzaz gauzatu zuen.

1984

Lisboako Academia das Cienciaseko kide izendatu zuten.

1985

Urtarrilaren 16an, Pariseko estudioan hil zen Szenes. Vieira da Silvaren hitzak: “Orain galduta nago, gutxi-asko, norabiderik gabe (nahiz eta gauzak egin nahi ditudan, etorkizun bat izan nahi dudan), baina orainean baino ez naiz bizi, iraganik eta etorkizunik gabe. Bikotekiderik edo biderik gabe”.

1986

UNESCOk enkargu bat egin zion Vieira da Silvari: Bakearen Urtearen afixa diseina zezala. Florence Gould saria eman zion Académie des Beaux-Artsek, eta Arte Plastikoen alorreko Antena I-Lisboa Sari Nagusia jaso zuen orobat. Hiru grabatu egin zituen Senghorren liburu berrirako; grabatuok Galerie Jeanne Bucherren jarri zituzten ikusgai.

1987

Sao Pauloko Museu de Artek Vieira da Silvaren lana goretsi zuen haren atzerabegirako bat antolatuz. Aix-en-Provenceko Musée Granetek ere erakusketa bat eskaini zion, eta erakustaldi hori Angersera eta Choletera eraman zuten gero.

1988

Fundaçao Calouste Gulbenkian eta Galeries Nationales du Grand Palais erakundeek Vieira da Silvaren lana erakutsi zuten. Urriaren 14an, Cidade Universitária metro-geltokirako egindako panela jendaurrean aurkeztu zen. Vieira da Silvak hainbat aintzatespen jaso zituen: biziarteko ohorezko kide egin zuten Art Gallery of Ontarion, Londreseko Royal Academy of Artseko kide izendatu zuten, eta Portugaleko Gra-Cruz da Ordem da Liberdade eman zioten.

1989

Portoko Casa de Serralvesen, erakusketa bateratu bat antolatu zuten Vieira da Silvaren eta Szenesen lanekin, eta Porto hiriak, gainera, ohorezko domina eman zion Vieira da Silvari. Haren lana omendu zuten, halaber, XX Bienal Internacional de Sao Paulo biurtekoan: ohorezko gonbidatua izan zen. Gero eta ahulago zegoenez, estudioan denbora gutxiago ematen hasi zen.

1990

Maiatzaren 10ean Fundaçao Arpad Szenes – Vieira da Silva fundazioa sortu zuten Lisboan, bi artisten ondarea gordetzeko helburuz. Fundazioak museoa eta ikerketa-zentroa ditu.

1991

François Mitterrandek (1916–1996), Frantziako Errepublikako Presidenteak, Légion d’Honneur izendapena eman zion Vieira da Silvari. Madrileko Fundación Juan Marchek, berriz, artistaren lanari buruzko erakusketa bat aurkeztu zuen.

1992

Oinazeak jota eta minbiziaren aurkako tratamenduak ahulduta, Vieira da Silva martxoaren 6an hil zen, Parisen. Martxoaren 10ean lurperatu zuten Yevre-le-Châteleko hilerrian, amaren eta Szenesen aldamenean. Bai Frantziak bai Portugalek ohoratzen dute haren ondarea.