Edukira zuzenean joan

Serra/Seurat. Marrazkiak

katalogoa

Seurat

Lucía Agirre

Izenburua:
Seurat
Egilea:
Lucía Agirre
Argitalpena:
Madril / Bilbo: Turner Libros / Museo Guggenheim Bilbao, 2022
Neurriak:
25 x 22 cm.
Orrialdeak:
152
ISBN:
978-84-18895-60-9
Lege gordailua:
M-9121-2022
Erakusketa:
Serra/Seurat. Marrazkiak
Gaiak:
Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Argia | Bolumena | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Materialak | Papera | Marrazkigintza | Frantzia | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Neoinpresionismoa
Teknikak:
Conté arkatza | Dibisionismoa | Michallet papera
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Seurat, Georges

Seuraten marrazkiak gogoetagai hartuz gero, ezin gera gaitezke artista frantsesak bere marrazkietarako erabiltzen zuen euskarriaz zerbait esan gabe; izan ere, papera bezalako gai ustez xume batek berebiziko garrantzia hartzen du, obra bera nolabait gidatzen duen elementu bihurtzen delarik. Seuratek, bere marrazki gehienetan, Michallet papera erabili zuen: Frantzian eskuz egindako paper mota bat, irregulartasunak, testura lodia eta izurdura edo gailur ñimiñoak bereizgarri zituena; ezaugarri hautemanezinak dira horiek denak gure begientzat, baina ez Seuratek paperaren gainean irristarazten zuen Conté arkatzarentzat. Artistak materiala sentitzen duenean, materiala bera mintzarazteraino sentitu ere, harreman paregabea sortzen da bien artean, marrazteko trebezia tekniko hutsarekin lortzea ezinezkoa zen konexio bat. Marrazketaren maisu handi bat izateko, eta ez soilik marrazkilari on bat, harago jo beharra dago. Seuratek marrazkigintza beste maila batzuetara eramaten jakin zuen, eta, paper gaineko bere lanekin, marrazkigintzaren maisu handien Olinpoan sartzea lortu zuen. Artistak bizitzaz hornitzen zuen ia papera, Conté arkatzaren behar beste materia xurgatzen uzten zion, kasuan-kasuan, argiak, bolumenak eta kontrasteak sortzeko. Seuratek paperaz zuen ezagutza hori sorkuntzaren beste esparru batzuetan gertatzen denaren parekoa da; hala, maisu handiak besteengandik bereizten dituen zera horren adibide hutsak dira, esaterako, Balenciagaren gorputzetan jariakorrak ziruditen oihalak edo Brancusik musu baten pasioa edo primitibotasuna transmititzeko baliatzen zuen harriaren zakartasuna. Richard Serrak ikasle garaian deskubritu zuen hori, maisu izan zuen Josef Albersen eskutik, eta honela adierazi zuen: “Behin oinarrizko ikasgaia ulertuta, hau da, prozedura gidatzen zuena materiala zela ulertuta, bat konturatzen zen materialak bere forma ezartzen ziola formari”1.

Georges Seuratek bere ibilbide artistiko laburrean egin zituen ehunka marrazkiek erakusten dutenez, artista frantsesa eboluzionatuz joan zen materialen euren ezaugarriak baliatuta efektuak sortzeko zuen maisutasuna lortu arte. Hogeita bi marrazkiko sorta honetan, haren obraren bilakaera eta esperimentazioaren bidea ikus ditzakegu. Garbi dago artista frantsesak haren garaian gutxik bezala menderatu zuela marrazkiaren artea.

Edozer eraman zezaketen paperera haren eskuak eta Conté arkatzak. Prestakuntza-prozesuan, lehenik eta behin, modeloak kopiatzen eta maisu klasikoen lanak erreproduzitzen trebatu zen Seurat, garai hartako eta beste batzuetako arte ederretako ikasle guztiak bezalaxe; aurrerago, bere ingurune hurbilean jarri zuen arreta: lanpara bat, ate bat, paisaia bat edo eskailera batera igotako langile bat. Ematen du subjektua edo objektua gutxienekoa zela Seuratentzat; garrantzitsuena esperimentatzea zen, argi-ilunak paperean atxikitzea eta bai lerro finak bai haien muga nabarmenegiak askatzea, erabat hertsi gabeko bolumenak sortu ahal izateko. Seuraten marrazkia eta pintura bi mundu bereiz direla pentsa liteke, baina bere mihiseetan zatikatuta aplikatzen zuen koloreaz zeukan ezagutza sakona agerikoa zen aurretik ere haren zuri-beltzeko marrazkietan. Ez dugu ahaztu behar kolorea zera dela funtsean, argiaren efektu bat, bakoitzak modu batera hautematen duguna; hala, mailaketa eta konbinazio kromatikoak azken muturreraino ezagutzeak ahalbidetu egiten du, kolorerik ezean, beltzaren mailarik ilunena argitzea. Georges Seurat maisua zen iluntasuna argitzen, baina baita argitasuna argitzen ere, eta azken hori ez da inondik ere erraza, kontrastea txikiagoa denean zailagoa baita efektu hori lortzea. Bestalde, euskarriaren beraren pikorrak modu ia puntillistan baliatzen zituenez, batzuetan “negatiboan” egiten zuen lan, metodo horrek argazkigintzan duen baliokidean pentsatzen ariko balitz bezala. Izan ere, garai hartan, margolariek oso presente zeukaten argazkilaritza, nahiz eta, Seuraten kasuan, ez dakigun zenbateraino erabili izan zuen. Jakin-min handia sortzen digu Seurat inguratzen zuen guztiak, eta gustura jakingo genuke zerk eramaten ote zuen hain eboluzio azkarreko marrazki berritzaile eta aparta haiek sortzera.

Ibilbide kronologikoa eginez gero erakusketa honek biltzen dituen Seuraten marrazkietan zehar, ikusiko dugu artistak zer nolako bilakaera izan zuen Lehmannen eskolan aritu ostean eta gerora hura —eta, ondorioz, bide “tradizionala”— alde batera uzterakoan. Atzean geratu ziren, baita ere, soldadutzan egin zituen marrazkiak —koloretako arkatzekin margotuak, batzuk—, Bresteko koaderno ezagunetan bilduak; marrazki horiek agerian uzten dute artista behin betiko aldendu zela ordura arteko akademizismotik, eta bere lengoaiaren heldutasun-garaiaren hasiera erakusten dute. Bikotea eserita (Couple asiss, ca. 1881) eta gizon bat Alkandora hutsean (En bras de chemise, ca. 1881) irudikatzen dituzten marrazki txikiek —horiek ere, itxura denez, koaderno batetik hartuak— agerian uzten dute, lerro labur etenez inguratutako marradura diagonalen bidez, Seuratek tradizioaren ildoa eteteko egin zuen ahalegina. Bi zaldi uztarrian (Attelage à deux chevaux, 1882–83) lanean, mugimendu labur nahasiekin zirriborratu zuen forma nagusia osatzen duen multzoa —bi zaldi eta gurdi-gidaria—, eta itxura bereko baina margo-dentsitate txikiagoko trazuekin bete zuen orri osoa, lerroen norabide-aldaketak eta materia-kontzentrazioak baino ñabartzen ez duten continuum bat sortuz. Antzera gertatzen da Lanpara (La Lampe, 1882–83) izeneko obrarekin ere, baina aipatu efektua are nabarmenagoa da oraindik horretan, artistak Conté arkatzaren iluntasun sakonean desagerrarazten baititu emakumezko irudiaren lepoa eta kokotsa, lanparak aurpegia nabarmendu eta presentzia har dezan utzita, eszenaren gainerakoan ia argirik proiektatzen ez den arren.

Georges Seuraten marrazketak oso eboluzio azkarra izan zuen haren heldutasun-etapan. Hori ematen digute aditzera, behintzat, gaur egun oraindik ere hunkigarri zaigun modernotasun inpresionista erakusten duten garai hartako zuri-beltzeko paisaiek, hala nola Bideko horma (Basoa) [Le Mur du chemin (La Forêt), ca. 1883] edo Uretan islatutako zuhaitz-enborrak (Stéphane Mallarméri omenaldia) [Troncs d’arbres se refétant dans l’eau (Hommage à Stéphane Mallarmé)], 1883–84) obrek, bai eta gau argitsu batean —horra artistak Ibiltokia (Promenoir, ca. 1882) lanean trebetasunez gauzatu zuen oximoron bat— etzanda, eserita edo bide batetik paseatzen ageri diren irudiek ere. Seurat marrazkiaren maisua izan zen, eta paperean esperimentatzen eta lanean jarraitu zuen bizi izan zen artean. Hori garbi geratu zen haren pinturan, eta argi ikus daiteke erakusketa honetako zenbait obratan ere, esaterako bi hauetan: Udako igandea Grande Jatte uhartean’ lanerako estudioa: gona baten xehetasuna (Étude pour ‘Un dimanche d’été sur l’île de la Grande Jatte’: détail de jupe, 1884–85) eta Ilunabarra, Gravelines (Un soir, Gravelines, 1890). Seuratek azkar zirriborratu zuen paisaia hori, baina argi-ilunak sortzeko eta paperaren azalera osoa betetzeko aukera galdu gabe. Bela zuria (La voile blanche, 1890) marrazkiko eszena ederrarekin amaituko dugu ibilbide hau —Seuratek marraztea beste xederik gabe egin zuen azken marrazkietako bat, non argia indarrez darion bela zuri bati, ikuslearen arreta erakartzen duen haize-oihal txiki bati, artistak paperaren azalera osoa baliatuta sortu zuen xehetasunez jositako konposizio batean—, eta geure egingo ditugu Paul Signac maisuak 1899an artearen teoriari buruzko D’Eugène Delacroix au néo-impressionnisme liburuan idatzita utzi zituen hitzak: horiexek direla “margolari batek inoiz egin dituen marrazkirik ederrenak”.

Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL eta Guggenheim Bilbao Museoa

 

Oharrak

  1. Hemen aipatua: Kynaston McShine, “A Conversation about Work with Richard Serra”, McShine eta Lyne Cooke, Richard Serra: Sculpture: Forty Years, erak. kat., New York, The Museum of Modern Art, 2007, 18. or.