Edukira zuzenean joan

Serra/Seurat. Marrazkiak

katalogoa

Serra

Lucía Agirre

Izenburua:
Serra
Egilea:
Lucía Agirre
Argitalpena:
Madril / Bilbo: Turner Libros / Museo Guggenheim Bilbao, 2022
Neurriak:
25 x 22 cm.
Orrialdeak:
152
ISBN:
978-84-18895-60-9
Lege gordailua:
M-9121-2022
Erakusketa:
Serra/Seurat. Marrazkiak
Gaiak:
Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Lan-prozesua | Papera | Eskala | Eskulturagintza | Marrazkigintza | AEB | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Seuraten marrazkiak margolari batek inoiz egindako ederrenak zirela esatean, laudorioak laudorio, artistaren izaeraz ari zen, nolabait, Signac; izan ere, hori esanda, haren obraren bazterreko adierazpentzat jotzen zuen marrazkia, lehen mailakotzat hartu ordez. Richard Serra eskultorearen marrazkiak ikusten ditudanean, antzeko zerbait gertatzen zait niri: gure garaiko eskultore handienetako bat izanda ere, Richard eskultore kategorian sailkatzeak Richard Serra artista nola edo hala mugatzea dela sentitzen dut, haren marrazkiak bigarren mailakotzat jotzea dakarrelako hein batean, nahiz eta marrazkiek berebiziko garrantzia izan duten haren ibilbide osoan zehar obra nekaezin, autonomo, adierazgarri eta esanguratsu gisa. Itxura denez, ez gara marrazkiak daukan garrantzi artistikoaz ohartzen: Serrak bere ibilbide artistikoaren hastapenetatik hinki-hankarik gabe onartu zuen hura ulergaitza zaio, nonbait, gehiengo nagusiari. Artista baten marrazki bat eta margolan bat erkatuz gero, margolana garrantzitsuagoa dela pentsatu ohi dugu, artearen merkatuak berak agintzen duen moduan, baina oso litekeena da marrazki horrek artearen historiari egindako ekarpena egile horren ezein margolanek inoiz egin lezakeena baino handiagoa izatea. Badirudi “marrazkilari” hitzak ere kategoria txikiagoa duela “margolari” terminoak baino; Richard Serraren marrazkiak ia margolanak direla ere esan izan dute kritikari batzuek. Richard Serra marrazkiaren maisua da, marrazkilaria hasiera-hasieratik, eta marrazkigintzaren tradizioa hausten eta hari esanahi berriak ematen ondoen jakin duen artistetako bat, Seurat bera bere garaian izan zen bezalaxe.

Hobe da antzinako sailkapenak eta inposatutako parametroak ahaztea. Richard Serra berehala ohartu zen eskultura ez dela soilik zizelkatzeko, modelatzeko edo galdatzeko ekintza bat; aitzitik, eskulturak eraiki egiten du era askotako formen eta materialen bidez, gizakiaren esperientzia espazialean eragiteko xedez eraiki ere. Marrazkigintzan ere, ezarritakotik edo ikasitakotik harago joateko gai izan zen Serra; lengoaia autonomo bihurtu zuen marrazketa —beste helburu batzuetarako bitarteko hutsa izateari uzten zion hizkuntza autonomoa—, eta teknika, formatu eta material berrietara zabaldu zuen. Serraren lehenagoko lan batzuetan, olio-pintura lodiak —blokeak edo barrak baliatuta paper handien gainean zabaldua— horma erraldoiak estaltzen ditu, baita espazioarekiko dugun esperientzia eraldatzen ere. Margo trinko hura arkatz koipetsu edo barra litografiko bihurtzen da orain, Ramble [Ibilbide] “txiki” hauetan aplikatuta. Richard Serraren ohiko lan-eskala kontua hartuta, marrazkiok txiki samarrak dirudite, baina, beste artista batzuen marrazkiekin alderatuta, ezin esan hain txikiak direnik ere. Richard Serraren marrazki guzti-guztiak giza eskalan eginak daude, gure esperientziaren gain eragiteko pentsatuta baitaude beti, eta Ramble Drawings direlakoak ere ez dira salbuespena.

Ramble Drawings izeneko lan horiek Serrak 2015ean hasitako sail baten parte dira. Artistaren marrazkien izenburuak haien sailkapena errazteko modu bat izaten diren arren, kasu honetan Serrak garai berean egindako instalazio batekin daude lotuta, haien artean igarotzeko eta ibiltzeko moduan antolatuta dauden altzairu herdoilkorrezko 24 xaflaz osatutako instalazio batekin, hain zuzen. Niri ezin egokiagoa iruditzen zait izenburua. Izan ere, marrazkiok agerian uzten dituzte bi teknika ezberdin erabiliz, intentsitate ezberdinak aplikatuz eta joan-etorri guztien arrastoak utziz Serrak paperean gaindi egiten dituen joan-etorriak.

Marrazki horiek egiterakoan, materialarekin atsegin hartu zuen Serrak, esaterako aspalditik darabilen eskuz egindako paper japoniarrarekin. Paper horren fabrikazio-prozesua dela-eta, orri bakoitza, hura osatzen duen zuntz bakoitzak hala eraginda, gorabeheratsua da oso, ez bakarrik bere lautasun izurrean, baita ertzetan eta luze-zabaleran ere. Hortaz, Ramble guztiak desberdinak dira, bai Serrak paper-xafla bakoitza jorratzeko izan duen moduagatik, bai orriak eurak ere elkarren desberdinak direlako. Hala, artistak aplikatutako teknikaren aurrean materialak nola erreakzionatu, era batekoa edo bestekoa da emaitza. Paperaren formatuak berak agintzen du obraren horizontaltasuna edo bertikaltasuna: marrazkia horizontalean gehiegi luzatzeko arriskua sumatuz gero, artistak bertikalki kokatzen du, mamia erdigunean mantenduta, gure ikus-eremuaren barruan, alegia.

Serrak neurrizko tamainan egin zituen lan horiek, baina ez zion muzin egin nolabaiteko monumentaltasuna emateari ere. Hala, hamaikana elementuko hiru zerrendatan banatutako lauki- sarean antolatzen ditu beti Ramble txikienetako hogeita hamahiru. Konfigurazio horrekin, artistak marrazki horiek egiteko jarraitu zuen prozesuan zentratzera, marrazkiak elkarrekin alderatzera eta inprimatze bakoitzak paper-xafla paregabe bakoitzean eragindako efektuak aztertzera behartzen du ikuslea, eta artista marrazkiok sortzera eraman zuen bulkada eta prozesua ulertzeko gako batzuk ematen ditu. Roberta Smithek marrazki horiei buruz esan zuen bezala, “Serra jaunak, urte hauen guztien ondoren, prozesuen artista nagusia izaten segitzen du. Sail horrek haren Aditz-zerrenda (1967–68) ospetsua dakargu gogora, zeinak biltzen baitzituen materialak manipulatzeko hainbat modu”1.

Rambles horietan, bi metodo desberdinekin dago aplikatuta arkatz litografikoa: transferentzia bidez eta zuzenean orri gainean markatuta.Lehenengoaren kasuan, presioaren handi-txikiak transferentzia nabarmenagoa edo ahulagoa izatea eragiten du, eta, beraz, obra batzuetan lanbro arina izan daitekeena beste batzuetan orban ilun eta lausoa suertatzen da. Arkatza zuzenean paper gainean aplikatzea, berriz, prozesu desberdina da, eta paperean zabaltzen den material koipetsuaren kantitatea kontrolatzeko aukera emateaz gain, oso bestelako emaitza eskaintzen du. Arkatzaren beltzak eta pastelaren hautsak, beren ñabardura guztiekin, liluragarri bihurtzen dute Ramble bakar bati so egotearen esperientzia. Marrazki horietako askoren aurrean jartzea ere gozamen estetiko soiletik harago doan konparazio-ariketa bat da, ulermenaren beste mekanismo batzuk martxan jartzera behartzen gaituena.

Serraren ustez, marrazkia ekintza beregaina da berez; halaxe azaldu zuen artistak berak 1977an: “Marrazkia funtsezko jarduera baten kontzentrazioa da, eta adierazpenaren sinesgarritasuna norberaren esku geratzen da erabat. Landu dezakedan espaziorik zuzenena eta kontzienteena da. Hasi eta buka ikus dezaket prozesua, eta, batzuetan, baita kontzentrazioa luzaroan mantendu ere. On egiten dit. Nire lanaren iturria zertan den ulertzea ahalbidetzen didan egoera bakanetako bat da”2.

Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL eta Guggenheim Bilbao Museoa

 

Oharrak

1 — Roberta Smith, Richard Serra Scales Down With ‘Ramble Drawings’, The New York Times, Art Review, urriak 15, 2015.

2— Richard Serra, Escritos y entrevistas, 1972–2008, Iruñea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2011, 52. or.