Edukira zuzenean joan

Urte eroak, 1920ko hamarkada

katalogoa

1920.ko hamarkadaren kaleidoskopioa

Jakob Tanner

Izenburua:
1920.ko hamarkadaren kaleidoskopioa
Egilea:
Jakob Tanner
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
23 x 19 zm.
Orrialdeak:
100
ISBN:
978-84-95216-92-2
Lege gordailua:
BI-00522-2021
Erakusketa:
Urte eroak, 1920ko hamarkada
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Heriotza | Argazkigintza | Arkitektura | Arte afrikarra | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Altzari-diseinua | Jantzi-diseinua | Gizarte-kronika | Industria | Bizitza | Lehen Mundu Gerra | Faxismoa | Feminismoa | Nazismoa | Dantza | Dantzariak | AEB | Europa | Berlin | Paris | Zurich | Viena | Komikia | Musika | Jazz | Giza harremanak | Psikoanalisia | Luxua | Zientzia | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Art Decó | Dadaismoa | Espresionismoa | Objektibotasun Berria | Surrealismoa

 

1920ko hamarkadaren kaleidoskopioa

Jakob Tanner

 

Garai latz bateko urrezko urteak

“Oldar aztoragarriz barneratzen da harrizko itsaso hau denbora gorrian. Tonu gorabeheratsukoa, kolore elektrikoz asea, harrabotsa bizian, a!, deabruzko bastidore zeiharrak erdi itzalitako ostertz baten aurrean, non balantza egiten duen ilargi urdin hordi batek”.

— Ernst Richter, 1920

Modernitatearen oroitzapen kulturalean, 1920ko hamarkadak garai liluragarri eta aitzindaria ekartzen digu gogora. “Urrezko” urte haiek basatiak, zaratatsuak eta kitzikagarriak izan ziren, ustez behintzat: jazzez eta charlestonez beteak; xanpaina eta kokaina barra-barra izaten zuten festa zoroz beteak; jendez lepo egoten ziren barietate-ikuskizunez beteak; eta auto-lasterketaz, kirol-ekitaldiz, edertasun-lehiaketaz eta publizitatez beteak. Art déco mugimendua, Objektibotasun Berria eta diseinu funtzionala, fantasiazko zinema, literatura esperimentala, antzerki epikoa eta pintura espresionista ere hamarkada horrekin lotzen dira. Orduan azaldu zen jendaurrera “emakume berri” emantzipatua ere, eta publizitateak modernitatearen ikono gisa estilizatu zituen flapper-ak: ile-mozketa nabarmenak zeramatzaten eta zigarroak erretzen zituzten neska gazteak.

Horrela transmititu da, beraz, hogeiko hamarkada, ezaugarri eta klixe horiekin hornituta. Hala ere, ikuspuntu historiko eta sozialetik begiratuta, ezer gutxi egiazta daiteke ustezko gorentasun horretaz. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Alemaniak elikagai-eskasia izugarriari aurre egin behar izan zion, baita beste hamaika arazori ere. Zailtasun ekonomikoak amaigabeak ziren. Hainbat eta hainbat herritarren egunerokotasun tristea gabezia materialek eta langabeziak markatua zegoen. Hori izanik egoera, “urrezko” hamarkada bizitzeko aukera promes hutsa baino ez zen. Askok eta askok, baina, egingarritzat jotzen zuten, sortutako itxaropen berriek eta jendearen gogo-aldartean izandako aldaketa sakonak bultzatuta. 1919tik aurrera hedatzen hasi zen aldarte bizi bezain iheskor hori argi eta garbi islatzen du Schall und Rauch (zarata eta kea) metaforak, eta, izen horixe zuen abangoardiako aldizkarian, Ernst Richter-ek hizkuntza plastikora itzuli zuen “Berlin 1920” izenburupean: “Oldar aztoragarriz barneratzen da harrizko itsaso hau denbora gorrian. Tonu gorabeheratsukoa, kolore elektrikoz asea, harrabotsa bizian, a!, deabruzko bastidore zeiharrak erdi itzalitako ostertz baten aurrean, non balantza egiten duen ilargi urdin hordi batek”1. Hiri handiaren poetika hori, bere irudi bizi eta guzti, esperientzia asaldagarriei lotuta joaten zen. Hogeiko hamarkadaren erdialdean, Zuricheko Kosmos zine-antzokiak hauxe iragartzen zuen, azentu dramatikoz iragarri ere: “Mundua zoratuz doa urterik urte […]. Beraz, inoiz baino zoroago dago… 1926an”2.

1914tik 1918ra bitarteko “Gerra Handiak” ekarri zuen esperientzia aztoragarriaren ondotik, Europako estatuek, kontrola erabat galdurik, onartu zuten XIX. mendeko lorpen aurrerakoiak —Stefan Zweig Europazaleak malenkoniaz gogoratzen zuen “atzoko mundu” hartakoak— ezin geldituzko suntsipen-orgia bihurtu zirela bat-batean; eta hala izan ziren urte luzez. Gerra hartatik masa- gizartearen arazoa sortu zen, eta “masaren” gaia bi modutan tratatu zen aldi berean: gizarte-gertaera gisa eta fenomeno mehatxagarri gisa. 1921eko Massenpsychologie und Ich-Analyse (“Masen psikologia eta niaren analisia”) saiakeran, Sigmund Freud-ek masa-mugimenduen dinamika erabili zuen, neurri batean, transferentziaren mekanismo psikikoak azaltzeko3. Bere Masse und Macht (“Masa eta boterea”) lan arrakastatsuan, Elias Canetti-k 1920ko hamarkadako lehen urteetan jazotako gertaera garrantzitsu batzuk deskribatu zituen, hala nola Alemaniako atzerri ministro Walther Rathenau-ren hilketa (1922) eta hiperinflazioa (1923). 1927ko uztailean Vienan izandako matxinadan —Justizia Jauregiari su emanez amaitu zen—, Canetti bera “masaren parte” bihurtu zen; ondoren, hauxe adierazi zuen: “Hezur-muinetan sentitzen dut, oraindik ere, egun hartako zirrara”4.

Hala ere, etorkizunean jarritako konfiantza berriak sendotu egin zuen masa mugikor eta kartsu hori zuzenbide-estatuaren baitan demokratikoki integratu eta antolatu zitekeelako ustea. Horrez gain, gorputza eta hiri-espazioa ulertzeko modu berriak ezarri ziren. Genero-rolak, lurralde-mugikortasuna eta denborari buruzko ideiak eraldatu egin ziren. Teknologia berriak —hala nola gramofonoa, linotipoa, argazki-kamera, zinema-proiektorea edo irrati-aparatua— iraultza ekarri zuen gizartearen irudikapen estetikoetara. Erreproduzigarritasun teknikoak eragina izan zuen artelanen estatusean eta ospean, eta serieko ekoizpen-prozedurek inoiz baino eskuragarriago jarri zituzten herri-kultura eta kontsumo-ondasunak. “1920ko hamarkada zoro” hartan —horrela ere deitzen zitzaion— bestelakotu egin ziren pertsonen emozio-bizipenak; gerra aurreko urteetan ez bezala, orain urduritasun frenetikoa eta axolagabekeria alaia era berean gertatzen ziren hein handi batean.

Itxaropenez beteriko etorkizun-ametsak ikusteko aukera eskaintzen zuen leiho bat ireki zen, baina ez zen luzaz egon zabalik, eta hogeita hamarreko hamarkadan berriro itxi zen orduko depresio ekonomiko latzaren eta asaldura politiko handien ondorioz. Hurrengo hamarkada hartan, imajinario politikoan gero eta indar handiagoa hartuz joan ziren bai nazio-ahalduntze proiektu oldarkorrek (faxismoak edo nazionalsozialismoak, adibidez) eragindako lilura, bai plangintzaren eta kontrolaren mamuak (Stalinen Sobietar Batasunean bezala). 1918tik Bigarren Mundu Gerrara bitarteko “urte latz”5 horiei erreparatuz gero, ohartuko gara “hogeiko hamarkadak” Weimarko Errepublikaren 14 urteak irudikatzen dituela; hots, “bizitza modernoaren ia posibilitate guztiak berrikusi” zireneko garaia6. Kultur imajinarioan 1924tik 1929ra bitarteko garaia nabarmentzen da batez ere, berpizkunde ikaragarria eman baitzen urte horietan: modernitatearen disonantziak tirrinta zaratatsuz —gaur egun oraindik ikusteko eta entzuteko moduan— durundarazi zituen pizkundea7. Paradoxa bada ere, Europan gerrak suntsitu eta astindu zituen gizarteek nolabaiteko egonkortasuna eta aurreikusteko gaitasuna berreskuratu zuten, lehen aldiz, fase horretan. Urte gutxi horiek 1914tik 1945era bitarteko hiru hamarkada katastrofiko haietako itxaropen-izpia izan ziren, gure egungo gizartearen katramilak oraindik ere argitzen dituen izpia.

Gerraren eragina

1920ko hamarkadan, jendeak gerra- garaiko urteen ikuspegitik begiratzen zion beldur zionari eta desio zuenari (kontuan izan, Ekialdeko Europan, 1922. urtera arte ere luzatu zela gerra)8. 1914ko abuztuan, borrokak gutxi iraungo zuelako esperantza zuten oraindik ere (“over by X-mas”, hau da, Gabonetarako amaituta). Aitzitik, lubaki-gerra luze bat etorri zen ondotik, galera izugarriak ekarri eta gudu-zelaiak ilargi-paisaia fantasmagoriko bihurtu zituena. Gerra-ekintzak mundu osoan zabaldu ziren, eta nazio- ekonomiak kontsumo zibila kanibalizatzen zuten gerra-makina bihurtu ziren.

Gerra-propagandak eta etsaiari buruzko irudiak elkarren kontrako suntsipena eragin zuten: lau urte luzez, 6.000 soldadu baino gehiago hil ziren egunero; ia 10 milioi, guztira. Horri, gainera, biztanleria zibilaren artean izandako heriotzak (beste 10 milioi) eta zaurituak eta mutilatuak (20 milioi) gehitu behar zaizkio.

1918ko azaroaren hasieran, Alemaniar Inperioa eta Austria-Hungariako monarkia erori ziren. Errusian, urte bat lehenago, Urriko Iraultza boltxebikea nagusitu zen, eta Otomandar Inperioa, berriz, azkenetan zegoen.

Kolonialismo inperialista —XIX. mendean ulertzen zen moduan, hau da, Europako potentzia handien berezko pribilegio bezala— krisian sartuta zegoela eztabaidaezina zen jada. Bai Woodrow Wilson AEBko presidenteak, bai Lenin iraultzaile errusiarrak “herrien autodeterminazioa” defendatu zuten; Estatu nazionalen kopurua asko handitu zen; “biztanleria-lekualdatze” handiak gertatu ziren; Europako kontinentearen geografia politikoa atzera bueltarik gabe aldatu zen; gainera, Atlantikoaren bi aldeetan, ugaritu egin ziren atzerritartzearen inguruko beldur nazionalak eta gogortu egin ziren atzerritartasun-legeak.

Versaillesko bake-itunetan itxaropen handiak jarri baziren ere, gerrak bizirik iraun zuen jendearen gogoan. Mendeku-ideiek oihartzun zabala izan zuten. Europako gizarte industrialetan, sozialki eta ekonomikoki erabat txikituta baitzeuden, ugaritu egin ziren grebak, eta ezkerreko mugimenduek klase- borroka bultzatu zuten indar militar burgesen aurka. Iraultzak saihetsezina zirudien, baina, aldi berean, espiritu iraultzaileak boltxebismoarekiko beldurra piztu zuen. 1918ko azaroaren 9an, Weimarko Errepublika sortu zen Alemanian; Alfred Döblin idazleak “argibide-libururik gabeko Errepublika”9 deitu zuen hark antisemitismoaren, demokraziaren aurkako kanpainen, eskuin muturraren kolpe-saiakeren, hilketa politikoen eta kale-indarkeriaren desafio erraldoiari egin behar izan zion aurre. Italian, liskar-egoera konplexu horrek —ezkerraren aurkako beldur-kanpainek barne— Erromarako eta botererako bidea zelaitua zien, 1922rako, Mussoliniren fasci di combattimento edo borroka-taldeei.

Hamarkada zauritu baten faseak eta koiunturak

Gerra amaitu ondorengo lehen urteetan, krisi-giroa nagusitu zen Europa osoan. Geroago, Weimarko Errepublikan, Hitlerrek Munichen egindako kolpearen zapalketak eta 1923ko azaroko hiperinflazioak bigarren faserako inflexio-puntua markatu zuten.

Langabeziak behera egin zuen eta itxaropen-izpi batzuk agertzen hasi ziren. Harreman politikoak baretu egin ziren. 1920ko urtarrilean, Nazioen Elkartea sortu zen, eta, eratu ondoren, kide berriak batu zitzaizkion; horien artean, Alemania, 1926tik aurrera. Urte batzuetan, nazioen arteko tirabirak lasaitzen hasiak zirela eman zuen, eta 1928an, Parisen, Briand-Kellogg ituna sinatu zen. Itun horrek gerra debekatu zuen nazioarteko zuzenbidean, eta gerora Nazio Batuen Erakundearen sorrerak ekarri zuen mundu-ordena berriaren oinarriak ezarri zituen10. Gerra-teknologiaren indar suntsitzailea biztanleria-geruza zabalen bizi-kalitatea hobetzeko ekoizpen-indar gisa baliatu ahal izango zelako itxaropen sendoa zabaldu zen horrela. Normaltasun berriak nazioen ongizatearen alde egiten zuen lan.

Garai hartan, zientzia ere loratzen hasia zen; fisika atomikoan eta kosmografian funtsezkoak diren ezagutzak erdietsi ziren; 1929an, Edwin Hubble-k gorriranzko lerrakuntza aurkitu zuen (horrexegatik darama efektuak haren izena), eta horrek indartu egin zuen galaxiek mugimendu zentrifugoa dutela eta unibertsoa hedatzen ari dela defendatzen duen tesia; horrenbestez, gizakiek onartu behar izan zuten ez zeudela bakarrik Esne Bidean, hau da, beste galaxia askoren arteko batean bizi zirela. Natur zientzia esperimentalekin batera, ingeniaritza aeroespazialaren aitzindariak espazio-nabigazioari buruzko beren ikuspegiak zabaltzen hasi ziren: 1923an, Hermann Oberth-ek Die Rakete zu den Planetenräumen (“Suziriak planeta arteko espaziora bidean”) argitaratu zuen; 1924an, Max Valier-en Der Vorstoss in den Weltraum (“Aurrerapena espazioan”) agertu zen; eta 1926an, Robert Goddard estatubatuarrak erregai likidoko lehen suziria probatu zuen. Talentu-lehiaketa batekoa zirudien agertoki horretatik aldenduz, uhin elektromagnetikoen inguruko ikerketak eta goi-maiztasuneko teknikak garrantzi praktiko handia zutela garbi geratu zen berehala. Denbora gutxian, irratia faktore erabakigarria bihurtu zen iritzi publikoaren eraketan.

Fenomeno biologikoei eta bizitzari buruzko begirada zientifikoa ere aldatu egin zen animalien portaerari buruzko ikerketarekin, biologia teorikoarekin eta populazioen dinamikaren formalizazio matematikoarekin. Beste zenbait bulkada —gizartean eztabaida handiak piztu zituztenak— sexuaren zientziatik etorri ziren —1921ean eta 1929an, nazioarteko konferentzia garrantzitsuak egin ziren sexu-erreformari buruz—, eta baita gorputz askearen kulturatik, psikoanalisitik eta ikuskera filosofikoan oinarritutako antropologiatik ere. Institut für Sozialforschung delakoak —Gizarte-ikerketarako Institutua, 1923an sortua, Frankfurten— iraupen handiko eragina izan zuen, eta hartatik sortu zen gero Frankfurteko Eskola, Karl Marx inspirazio-iturri izan zuen teoria kritikoaren jatorri gisa. Hainbat izan ziren bertan parte hartu zuten intelektualak, hala nola W. Adorno, Max Horkheimer, Erich Fromm, Herbert Marcuse eta Walter Benjamin. Industria-kulturaren berezko ezagutzaren homogeneizazioaren eta indibidualismo ilustratuaren arteko dialektika —funtsezkoa hogeiko hamarkadan— aztertu zuen eskola hark. Hala ere, zientziaren eta artearen loraldi horrek ia ez zituen batere leundu ordurako Europa osora zabalduta zeuden gizarte-arazoak eta tentsio politiko amaigabeak. 1920ko hamarkadako izaera kontraesankorra agerian geratu zen Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan (1929). Han, elkarren ondoan suertatu ziren modernitateko eraikuntza ausartak —esaterako, Weimarko Errepublika ordezkatzeko Mies van der Rohe-k egindako pabiloia— eta tradizio jakin batzuen eszenaratze esplizitua —horren adibide izan zen Bartzelonako Poble Espanyol edo Espainiar Herria delakoa, Espainiako eskualdeak elkartzen zituen esperientzia transmititzeko asmoz eraikia—.

Erakusketak iraun zuen bitartean, “1920ko urrezko hamarkadaren” berpizte- giroa etorkizunarekiko beldur bilakatu zen bat-batean: 1929ko udazkenean, Wall Street-eko burtsaren porrotak ia erabat isilarazi zituen munduko ekonomiaren motorrak; 1931n, mundu osoa astindu zuen krisi ekonomikoan murgildu ziren bai Alemania, bai Europako beste hainbat estatu. 1931ko Hoover Luzamenduak nolabaiteko lasaitzea ekarri zuen, baina Alemaniako Gobernuaren austeritate- politikak areagotu egin zuen krisia: Weimarko Errepublika hilzorian zen.

Barne-gatazkek, ezkerraren zatiketak, Hitlerren Alemaniar Langileen Alderdi Nazionalsozialistaren gorakada azkarrak eta alderdi konstituzionalisten porrotak demokraziaren amaiera zigilatu zuten.

“Venus beltza”, munduko izarra

1920ko hamarkadaren bigarren erdi alai eta bizian, inork ez zuen halako amaiera negargarririk espero. Aitzitik, ikusizko bitarteko berriek eta herri-ospakizunek bizi-sentimendua indartu zuten, iraganeko karga zapaltzaileetatik aske. Orduko beste ezein ikuskarik ez bezala, barietate- ikuskizunek esperientzia zoragarriak —are ere estasizkoak— bizitzeko aukera ematen zuten, eta agertokiak eskaintzen zizkieten Josephine Baker bezalako artista ahaztezinei. Baker —1906an jaioa, AEBko St. Louis hirian, ingurune pobre batean— dantzaria eta abeslaria zen, eta nazioarteko izarra zen hogeiko hamarkadaren erdialderako. “Burlesque” munduko dantzari soila zena jendetzaren idolo bihurtu zen egun batetik bestera, eta, bere Revue nègre lanarekin (pertsona beltzez bakarrik osatutako talde baten lehen dantza-ikuskizuna), Paris konkistatu zuen lehenik eta, ondoren, Berlin. Munichen, Pragan, Vienan eta Budapesten egin zituen agerraldiek hura ikusteko irrikaz zeuden herritarren pilaketak eragin zituen, eta, ondorioz, aldi baterako debekatu egin zuten ikuskizuna. Horrek guztiak, baina, areagotu egin zuen artistaren ospea. 1930ean, bira bat hasi zuen Espainian —Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla eta Granada bisitatu zituen, beste hiri batzuen artean—, eta benetako “Bakermania” piztu zuen. 1928an, Neue Zürcher Zeitung egunkariak honela azaldu zuen artistarekiko mirespena: “Amerikako jazz musikak gorputz-adierazpen egokia aurkitu du berarekin”. Azal beltzeko neska —Alemanian, “txokolatezko Josephine”, “diva arrea” eta “eder iluna” ere esaten zioten— askapen-sinbolo bihurtu zen, “Venus beltzaren” pareko estilo-ikonoa (Charles Baudelaire poetak ere Vénus noire bat balitz bezala gurtzen zuen bere maitalea, Jeanne Duval aktore eta dantzaria)11 .

“Lehen gizakien deiadarra, oihanaren nostalgia, bor-bor diren bulkada ilunen intziriak, hitzik gabeko maita- sun-adierazpenak, gorputzaren jazz-sinfoniak […] noski, baina modu kontrolatu eta kalkulatuan betiere”.

— Tages Anzeiger, 1928

Arthur Rimbaud-ek esana da: “Erabat moderno izan beharra dago” (Denboraldi bat infernuan, 1873), eta Josephine Bakerrek modu sistematikoan praktikatu zuen hori bere bizitzan zehar, baita era masiboan zabaldu ere, eta gizarte osoaren mirespena bereganatu zuen horrela (nahiz eta askok onartu ez). Bere gorpuztasun mundukoiari esker, berdin-berdin liluratu zituen goi-burgesia eta langile-klaseak. Hala, esaten zutenez, entseguetan begira izaten omen zituen Eliseo Zelaietako antzokiko langile guztiak —“hegalen artetik, ateen atzetik, hor dabiltza denak dantzan, hankak mugituz,   sabelean tarrapataka, baita makinistak, suhiltzaileak eta mekanografoak ere. Inurri-inbasioa peronean gora eta behera. Yes, Sir, that’s my body”12—. 1929ko udaberrian, “Miss Bakerrek” aztoratuta utzi zuen Suitzako hiriburua, Berna, herrialde hartan lehenengo agerraldia egin zuenean, soinean banana- gerriko bat eta kolore berdeko luma luze batzuk besterik ez zeramatzala. Kapitol aretoan —960 eserlekuko “barietate-ikuskizunetarako zinema eta antzoki ultramodernoa”— “diplomaziako, industriako eta merkataritzako” handi-mandi guztiak elkartu ziren, baita administrazio federaleko kargu nagusiak ere, eta gogoz txalotu zituzten “ikuskizun hawaiiar” berriak eta Bakerren errepertorioko abestiak. Baina Suitzan mundu guztia ez zen iritzi berekoa izan. Neue Zürcher Zeitung egunkariak nolabaiteko burla-airez jaso zuen katolikoek sentitzen zutena: hots, munduaren gainbehera morala geldiezina zela “ohitura publikoen usteltasunaren” ondorioz, eta Suitza bera “Babiloniaren” patu bera izateko arriskuan zela. Geroago, Baker Zurichen agertu zenean, jende andana bildu zen hura ikustera; hainbestekoa zen jendetza ezen, erreseina baten arabera, “sarrera lortu ezinik gelditu ziren ehunka pertsonei eguerdiko gala” bat eskaini zieten, “moduzko prezio baten truke”. 1928an, egunkariak nabarmen goraipatua zuen “ballet kriollo handia”, “akrobazia eta bitxikeria bikainak” eskaini zituelako, “baita moda eta dantza naturaleko sorkuntza-lan berrienak ere”. Baker “piztia modukoa” zen agian, “baina baita umoretsua ere; instintiboa, baina aldi berean kontzienteki groteskoa”; bere antzezpen nabarmen haiekin zera transmititzen zuen, “lehen gizakien deiadarra, oihanaren nostalgia, bor-bor diren bulkada ilunen intziriak, hitzik gabeko maitasun-adierazpenak, gorputzaren jazz-sinfoniak […] noski, baina modu kontrolatu eta kalkulatuan betiere”13.

Afrika eta ordena kolonialaren krisia

Garai hartan, oso ohikoak ziren gisa horretako deskribapenak. Zibilizazioak eskaini bide duen berniz ahulak jatorrizko “basakeriatik” erdi-babestutako gizateriaren beldurra —beldur atsegingarria, hobeto esanda— izaten dute aztergai ikerketa askok. “1920ko hamarkadako urte basatiek” behin eta berriz jotzen zuten garai hartan oso hedatua zen irudi horretara. Pentsa liteke Josephine Bakerren “performance” sutsuek oihanaren deia sentiarazten zietela ikusleei gorputz barruan durundika. Dantzari birtuosoak ondo zekien nolako eragina zuen desira horien proiekzio gisa; “munduan ondoen ordaindutako artista” zela zioen oharrak (ikuskizuna iragartzeko kartel guztietan agertzen zen) garbi adierazten zuen zein sakon zeuden errotuta hark bere emanaldien bidez asetzen zituen beharrak. Izan ere, bere gorputzean haragitu zuen “grina kolonial” hura, exotikoarekiko lilura eta mendekotasun-nahia batera biltzen zituena14.

“Basati”, “arraro”, “primitibo” zenak bazuen agerpenik Europako pinturan Lehen Mundu Gerra aurretik ere. Espresionismoaren eraginez, 1900. urteaz geroztik Afrika eta Ozeaniako objektuez jabetzeko gogo bizia zabaldu zen bazterretan. Karl Schmidt-Rottluff artistak, esaterako, itsasoz bestaldeko maskaren bilduma egiten zuen (Hanburgoko saltokien bidez eskura zitezkeen).

Mugimendu hori areagotu egin zen gerra-urteetan. Dadaismoa, gerra zentzugabearen aurkako protesta performatibo gisa sortua, Europaz kanpoko praktika kulturalez jabetu zen hasieratik, eta bere performanceetan txertatu zituen gero. 1920ko hamarkadan, irudiak inportatzeko eta giro exotikoak taularatzeko joerak bere horretan jarraitu zuen; Tristan Tzara eta Huelsenbeck nor baino nor aritzen ziren “Umba! Umba!” oihu arkaikoak botaz, eta nork bere gogora asmatutako “erritmo beltz” horiekin “errotik astintzen” saiatu ziren Europako goi-kultura15. Hannah Höch-ek, modu subertsiboan, jatorri afrikarreko piezak txertatu zituen bere fotomuntaietan. John Heartfield-ek, fotomuntaiaren adierazgarririk onenak, Huelsenbecken 1928ko Afrika in Sicht (“Afrika begi-bistan”) bidaia-kronikaren azalak diseinatu zituen. Liburuaren aurreko azalean, ofizial kolonial bat ageri da, kataloxa batekin palmondo batzuen siluetari begira; atzeko azalean, beltz bikote bat dago, europar erara jantzita, estilo kolonialeko fatxada baten aurrean.

Gaur egun, arrazoi osoz kritikatzen da kultura afrikarra tratatzeko modu hura. Nahiz eta dadaistek eta surrealistek —1924an eman zuten ezagutzera beren burua, manifestu baten bidez— berdintasunean oinarritutako kulturen arteko topaketa zuten helburu, ordena inperialistaren botere-egitura asimetriko haiek berak erreproduzitu zituzten beren zeinu bidezko hiztegian eta jabetze- praktiketan. Esan beharra dago, hala ere, 1920ko hamarkadako abangoardia artistikoek berdintasuna aldarrikatu zutela neurri handi batean16. Tristan Tzarak, adibidez, suspertzen ari zen kontinente bat —eta, ondorioz, “etorkizuneko mundua”— ikusten zuen Afrikan. XIX. mendeko ordena kolonial zaharraren krisia agerian utzi zuten nahasmen-uneak behin gainditu ondoren sortu ziren itxaropen horiek. Mundu-mailako interdependentziak areagotu egin ziren, eta eragile afroamerikarrak prest agertu ziren Europa “probintzializatzeko”; haserrea eta arbuioa eragin zituen horrek17. Berriemaileek Josephine Bakerren antzezpenen aurrean sarritan agertu ohi zituzten jarrera kolonialistek erakusten zuten bien bitartean eragina norabidez aldatua zela. 1920ko hamarkadan, deskolonizazioa ulergarria zen.

“Babilonia”, “Sodoma eta Gomorra”: metropoliaren interpretazioak

ARD, Alemaniako telebistaren lehen kate publikoa, Babylon Berlin izeneko hamasei ataleko telesaila ematen hasi zen 2017ko urrian, arrakasta handiz hasi ere, ikusle-kopuruari dagokionez18.

Telesailean, 1920ko urrezko hamarkada hartako Berlinek irudizko Babilonia baten antzera ospatu zuen bere berpiztea: Babilonia hartan, luxua eta pobrezia ohikoak ziren, ospea garesti ordainduta lortzen zen, eta glamourrak lotura zuzena zuen droga-trafikoarekin eta kriminalitatearekin. Horrela sortu zen hiri moderno eta profano handiaren irudia, hiri (gehienbat) bertikal, pilpiragarri eta polarizatu ezin argitsuagoaren irudia. 1954an, hauxe zioen Friedrich Dürrenmatt-ek “fantasiazko Babilonia” horri buruz: “Hiri Handien artean nagusia”, “etxe orratzak eta miseria-auzoak dituen New York moduko bat”19. Metafora horien bidez definitu ziren hogeiko hamarkadan Europan benetan zeresana zuten hiriburuak, hala nola Berlin, Paris, Viena, Budapest, Londres eta abar. Ozeano Atlantikoaz eta Ozeano Bareaz bestaldean ere hortxe zeuden New Orleans (“The Big Easy”), Buenos Aires, Ho Chi Minh eta Shanghai, besteak beste.

Metropoli horiek guztiek patroi komunak zituzten. John Dos Pasos idazlearen Manhattan Transfer eleberriak, 1925. urtean argitaratuak, ikuspegi anitzeko narrazio-teknika erabili zuen AEBko hiri handiko oihana erakusteko eta, gizarte- kontraste latzeko panorama ez ezik, hiriak bere baitan zuen klase-gizartea goitik behera barne hartzen zuen hiri-estetika bat irudikatzeko. Scott Fitzgerald-ek urte hartan bertan argitaratu zuen Gatsby handia eleberriak, berriz, 1920ko hamarkadako urte ero haien erretratu bizia eskaini zigun. 1929an, Alfred Döblin-ek Berlin Alexanderplatz argitaratu zuen: soldatapeko xume batek (Franz Biberkopf) hiri handiko bizitza modernoaren zailtasunen aurrean izandako porrota azaltzen du eleberriak, era guztietako erregistroak (biblikoak, publizitate- alorrekoak, etab.) baliatzen dituen hizkuntza poetiko berri baten bidez. Irudiei adi zegoen abangoardia horrek pianoz lagundutako pelikula mutuetan jarraitu zuen gero lanean, garai hartan ugari zabaltzen ari ziren zinema-aretoetan. Eredua ezarri zuten filmen artean, 1927ko bi daude —Berlin, hiri baten sinfonia (Berlin – Die Sinfonie der Großstadt), Walter Ruttmann-ena; eta Metropolis, Fritz Lang eta Thea von Harbou-rena—, eta 1931ko bat, Hiriko argiak (City Lights), Charlie Chaplin-ena.

1920ko hamarkadan, “Babilonia” bera ideia kontraesankorra zen: batetik, megametropoli tentagarriro erakargarria zen, kolore guztietako distirak zituena eta moralaren zaindariak beldurtzen zituena; bestetik, antzinako esklabo afroamerikarrek irudizko sorterri maitatu batera itzultzeko zeukaten abiapuntua zen. Marcus Garvey-k “Back-to-Africa” mugimendua sortu zuen hogeiko hamarkadan, eta Afrikako kontinentean errege beltz bat koroatuko zutela profetizatu zuen. Une hartako Europa Babilonian ondo pasatzen ari zen bitartean, estatubatuar-jamaikar jatorriko “rastafari” filosofiak Babiloniako gatibualdiaren amaiera aldarrikatzen zuen; ideia horietan oinarrituta eta helburu hori hartuta, Garveyk Black Star Line sortu zuen, afroamerikarrak Afrikara aberriratzeko asmoz jaiotako ontzi-elkartea.

Europako “Babilonietan”, berriz, arazoak beste modu batera planteatzen ziren; han, elkarrekin talka egiten zuten burgesamendu epelak eta esplotazio gehiegizkoak, ongizate erosoak eta pobrezia gordinak, adostasun beharrak eta indarkeriarako prestasunak. Emakumeak seguruago zeuden beren buruaz, eta aurre egiten zioten genero-ordena tradizionalari. Sexu-orientazioak eskema moral errepresibotik askatu ziren, edo horretan saiatu ziren, behintzat. Horrek guztiak tentsio handiak sortu zituen, eta tirabira horien ondorioak pairatzen zituztenei oso nekeza zitzaien haiei aurre egitea. Bertolt Brecht eta Kurt Weill-ek Lau soseko opera (Die Dreigroschenoper, 1928) antzezlaneko “Bizitza atseginaren balada” kantuan esaten zuten bezala, ez ziren “behar bezain azkarrak”, ez “behar bezain txarrak”, ez “behar bezain apalak”, ez eta “behar bezain onak” ere bizitza horretarako. Egiten zutena egiten zutela ere, ez ziren bizi zuten garaiaren mailara iristen. Honela zioen egoera hartara behar bezala egokitzeko orduko errezetak: “Amaitu behingoz handitasunarekin. / Berez konponduko da orduan zoriontasunaren arazoa. / Oparotasunean bizi denarentzat bakarrik da atsegina bizitza!”.

Ongizatearen lur promestu dekadentea zen, beraz, Babilonia. Bekatuaren Babel horrek —Jainkoarengandik urruntzearen alegoria, sinbologia judu- kristauaren arabera— esanahi berria hartu zuen, eta zoriontasunaren promesa bezala birkodetu zen. Komunitatea, naturaltasuna eta benetakotasuna predikatzen zuten ideologiek eragindako asperdurak kontrako erreakzioa sortu zuen, gizarte-urruntzean, distentsio moralean eta désinvolture delakoz bizitzearen artean oinarrituta —primeran azaldu zuen hori Helmut Lethen historialariak, 1994an, Verhaltenslehren der Kälte (“Hotzaren jokabidearen doktrinak”) lanean20—. Horretarako, lehenik eta behin, hotzildu egin beharra zegoen balore goitarrenen aldeko propaganda hotsandikoak mobilizazio nazional sutsura bultzatzen zuen gizarte hura.

 

“Amaitu behingoz handitasunarekin. / Berez konponduko da orduan zoriontasunaren arazoa. / Oparotasunean bizi denarentzat bakarrik da atsegina bizitza!”

Lau soseko opera, 1928

Helmuth Plessner soziologo eta filosofoak 1924an deskribatua zuen jada gizarteak berria zuen agregazio-egoera hotz hori Grenzen der Gemeinschaft. Eine Kritik des sozialen Radikalismus (“Komunitatearen mugak. Kritika gizarte- erradikalismo sozialari”) izeneko testuan. Bertan, pertsonak “ukitu gabe elkarrengana hurbiltzeko eta axolagabekeriaz zauritu gabe elkarrengandik urruntzeko” teknikak ikastea proposatzen zuen. “Hoztasunaren aztura” sustatzen zuen, distantziak errespetatzen zituena, pertsona maskara gisa hauteman zezakeena eta “radarrean” ageri ziren jende ezberdinetara egokitu zitekeena. Plessnerren aburuz, “hoztasunaren gurtza” hura zen, hain zuzen, sakabanaketaren, izatearen arintzearen eta deserrotzearen ondorioz, aukera-eremu berriak irekiko omen zituena, nazioaren baitako eta estatuko konglomeratu sozial trinkoaz haratago21. Jarrera horrek indarra hartu zuen politika- eta gizarte-esparruan, “arloteen auzia” —XIX. mendean ere bazena— politizatu zenean. Gregor Gog-ek “Arloteen ermandadea” sortu zuen, bizimodu ez-sedentario bat ere bazela aldarrikatzeko eta hura aintzakotzat hartua izatea lortzeko. Ironikoki, Gogek 1927tik aurrera argitaratu zuen aldizkariak Der Kunde (Arlotea) zuen izena22. Jarrera horri lotuta zegoen, halaber, generoen arteko harremanen nolabaiteko arinkeria hori, Marlene Dietrich-ek 1929an goraipatu zuena Ich bin von Kopf bis Fuss auf Liebe eingestellt (Maitatzeko egina nago burutik hasi eta oinetaraino) abestiaren doinu itsaskorrarekin.

Gizarte-harreman anizkun horietan, Babilonia kaleidoskopio bat zen, non bizi-proiektu berriak eta autonomia-saiakera berriak agertzen ziren, beren alderdi eta kolore guztiekin. Bazirudien berritasunera arriskatzeak “hibris” delakoa eragiten zuela gizakiengan, eta kapitalismoak anplifikatu eta usteldu egiten zuen hura guztia. Sodoma eta Gomorrako historia biblikoak sozializazio- proiektu gordin horren amaiera zoritxarrekoaz ohartarazteko balio izan zuen, baina baita, aldi berean, 1930ean estreinatu zen Mahagonny hiriaren goraldia eta beheraldia (Aufstieg und Fall der Stadt Mahagonny, Brecht/Weill) operaren gidoi gisa erabiltzeko ere.

“Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du”

Hirurogeiko hamarkadan, hedabideetan aditua zen Marshall McLuhan teorialariak esan zuen “begiaren luzapena” mendebaldar izatearen funtsezko ezaugarrietako bat zela. 1920ko hamarkada proba-fasea izan zen esperimentu bisualentzat, eta esan beharra dago esperimentuok ez zirela filmetara eta zinemara mugatzen, askoz haratago zihoazela. Ikusizkoak garrantzia irabazi zuen Lehen Mundu Gerraren propagandan. Aurreko formulazioekin bat eginez, 1926an, Peter Panter-ek (Kurt Tucholsky-ren ezizena zen hura) kanonikoa bilakatu zen adierazpen bat idatzi zuen Uhu aldizkarian: “irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du”23. Gaur egun, “propagandista orok daki boladako irudi baten eragina antzematen: iragarkietatik hasi eta kartel politikoetaraino, irudiak jo eta astindu egiten du, txistu egiten du, tiro egiten bihotzera, eta, ondo aukeratuta badago, egia berri bat —eta bat bakarra beti— esaten du”; horrela definitzen zuen Tucholskyk ikusizkoaren indar limurtzailea, zeinak hedapen handia izan zuen aldizkari ilustratuen eta kartelen nahiz esku-orrien bidez.

Otto Neurath marxistak herri-pedagogiaren ikuspuntutik defendatu zuen, grinaz egin ere, irudiaren nagusitasun hori. Vienako Gizarte eta Ekonomia Museoko zuzendari izan zen, besteak beste, Neurath; 1924an inauguratua, Museoak hizkuntza bisualaren bidez azaltzen zituen harreman ekonomikoak. “Hitzek zatitu egiten dute; irudiek, batu” lelopean, “Estatistika bisualaren vienar metodoa” edo ISOTYPE delakoa —International System of Typographic Picture Education— garatzen hasi zen 1926an, eta zeregin horretan lagun izan zituen Gerd Arntz grafista eta Marie Reidemeister museo-pedagogoa (1941etik aurrera Neurathen emaztea izango zena)24. 1920ko hamarkadaren amaieran, bestalde, komikiek beste bultzada bat jaso zuten. 1928an, Steamboat Willie (“Willie eta baporea”) New Yorkeko zinemetara iritsi zen, eta filmak behin betiko bultzaldia eman zion giza itxurako Micky Mouse saguaren ibilbideari. 1929an, Tintinen abenturak eta Tarzan ere agertu ziren, komiki eran.

 

“Gaur egun propagandista orok daki boladako irudi baten eragina antzematen: iragarkietatik hasi eta kartel politikoetaraino, irudiak jo eta astindu egiten du, txistu egiten du, tiro egiten bihotzera, eta, ondo aukeratuta badago, egia berri bat —eta bat bakarra beti— esaten du”.

— Kurt Tucholsky, 1926

 

AEBk funtsezko eginkizuna bete zuen iraultza bisual horretan, eta horrek zerikusi handia izan zuen herrialdearen nagusitasun ekonomiko eta kulturalarekin. Lehen Mundu Gerrarekin, AEB erabateko superpotentzia izatera iritsi zen: munduko hartzekodun nagusia bihurtu zen, eta haren industria-produktibitateak ez zuen parekorik, ezta bertako bizi-maila erakargarriak ere. Lehen Mundu Gerra irabazi zuen nazio nagusia zenez, hainbat galdera eragin zituen Europan: “Zergatik atera dira garaile estatubatuarrak? Zenbateraino dira besteok baino gehiago? […] Zer ikas dezakegu guk haiengandik, gaitasun eta arrakasta handiagoa izateko?”25. Galdera horiexek egin zituen Fritz Giese psikoteknia eta psikologia sakoneko adituak 1925ean, Munichen argitaratu zuen lan batean: Girlkultur (“Nesken kultura”). Giesek “amerikar bizimoduaren” eta amerikar ekoizpen-sistemaren arteko elkarreragina aztertu zuen batez ere. Girlkultur azterlanean leku nabarmena hartzen zuten Tag & Kick erako dantza-taldeek, hala nola Hofmann Girls, Ziegfeld Girls eta, batez ere, Tiller Girls izenekoek: beren zehaztasun handiko dantza sinkronizatuarekin, dantzariok liluratuta uzten zituzten ikusleak. Josephine Baker bezalako bakarkako izarren kontrako eredua zirela esan daiteke. Tiller Girls ospetsuak talde ingeles bat ziren berez, XX. mendearen hasieran jada bide arrakastatsua egiten hasiak zirenak. Dena dela, metodoari dagokionez, AEBko ereduetan oinarritzen ziren, eta New Yorken zuten beren prestakuntza-zentroa. Gieseren arabera, taldeak estatubatuarren nagusitasuna irudikatzen zuen modu sistematikoan. “Pentsamolde amerikarraren emaitza” gisa, “teknika errazen bidez dantzarako trebatu eta gaitutako gorputzak dira, makina zinetikoak”. Haren hitzetan, “AEBn […] kolektiboa denak berehala aurkitzen du babesa hango ekonomia-molde berezietan, eta molde horiek guztiak garaiko aurrerapen teknikoetan oinarrituta daude. Makinaren garaipena giza kolektibitatearen kontua da funtsean”26.

1927an, Das Ornament der Masse (“Masaren apaingarria”) saiakeran, Siegfried Kracauer-ek “frogapen matematikoen antzera mugitzen diren gazteen konplexuak” aztertu zituen27. Giesek bezala, Kracauerrek ere “bizitza organikoko korronte baten” paradigma gisa interpretatu zituen dantza-irudikapen horiek: jende asko norabide berean, modu linealean ibiltzen, errepikapenen eta errotazioen araberako erritmoan kulunkatzen, eta masa-ekoizpeneko sistemen eta taylorismoaren eta fordismoaren muntaketa-kateen logika berari jarraituz mugitzen. Sigfried Giedion-ek bere erreferentziazko Die Herrschaft der Mechanisierung (“Mekanizazioa da nagusi”) obran azaldu zuen bezala, ekoizpen- sistemok ezagunak ziren jada XIX. mendean; harakintzan, inon baino lehen28.

Taylorismoa eta fordismoa (Frederik W. Taylor eta Henry Ford-engatik izendatuak, hurrenez hurren) ziren 1920ko hamarkadan Atlantikoaren beste aldean efizientziaren alde garatutako zoramena adierazten zuten funtsezko terminoak. Arrazionalizazioa, berriz, produkzio-indar industrialak ez ezik sukaldea eta etxeko lana ere errendimendu-maila berrietara katapultatzea agintzen zuen hitz magikoa zen. Garaiko ikerketetan, grina ia ebanjelizatzailez zabaldu zen “erlijio industrial” berria aipatzen zen. Hala, herrialde askok AEBrako bidaiak antolatu zituzten —Lur Agindurako erromesaldiak balira bezala—, gai ekonomikoei buruzko ikerketak egiteko29.

Amerikartze anbibalentea

Ozeano Atlantikoan zeharreko kultura-transferentzia hori ez zen, inola ere, aldebakarrekoa. Europa aurretik zihoan aire-trafikoan eta bidaia aeronautikoen kulturan. 1920ko hamarkada luxuzko globo gidatuen loratze-garaia izan zen. 1928an hegaldatu zen lehen aldiz LZ 127 Graf Zeppelin aireontzia, mota horretako ontzirik arrakastatsuena; urtebete beranduago, lurrari bira eman zion lehen (eta azken) aldiz. 1930ean, linea transatlantiko bat sortu zuten, baina 1937rako, LZ 129 Hindenburg ontziaren hondamendia gertatu zenerako, gainbeheran zen jada. Zientzian ere Europako ikertzaileek eta “mundu zaharreko” hiriburuek (Parisek, batez ere) ezartzen zuten eredua. Hiriok, gainera, aspalditik ziren arte-adierazpen berrien laborategi. Zineman, Europako ekoizpenak, bereziki Alemaniakoak, izan ziren aintzatespena lortu zuten lehenak. Fritz Lang zuzendariaren lanek —Bihotzak borrokan (Kämpfende Herzen, 1921), Mabuse doktorea (Dr. Mabuse der Spieler, 1922), Metropolis (1927), Espioiak (Spione, 1928), Emakumea Ilargian (Frau im Mond, 1929), baita haren lehen film soinudunak berak ere, M (1931)— eskola sortu zuten estetikari dagokionez, baina arrakasta komertzial txikia izan zuten. Hala ere, truke-harremanen pertzepzioak asimetrikoa izaten jarraitu zuen. 1920ko hamarkadaren aura guztiz “amerikarra” zen. Hein handi batean, mundu guztia zetorren bat Giesek adierazitakoarekin; hots, AEBko nagusitasuna erabatekoa zelako ustearekin. Ñabardura kritiko batzuk gorabehera, iritzi zabaldua zen Europak asko ikas zezakeela “ozeanoz bestaldetik”. Ingeniaritza amerikarraren nagusitasun erabatekoak bazituen beste bi ordezkari ere: automobila, mugikortasun modernoaren gailurra zena, eta hirietako etxe orratzak, zerurantz altxatzen ziren zuhaitzen itxurako zibilizazio kapitalistaren irudikapena. Are indartsuagoa zen, ordea, Osaba Samek ezarritako kultura- hegemoniaren “botere bigun” horren aurrean aukerarik ez zegoelako ustea, batez ere kontsumo-kulturaren eta entretenimendu-industriaren esparruan. 1920ko hamarkadaren amaieran, Hollywood zinemaren munduko hiriburu bihurtu zen, eta sentsazio handien sortzaile zen mundu osoan. Zurichen, ozeanoz bestaldeko eragin hori burgesia ilustratuarengana iritsi zen bereziki; horrela, Hottingen-eko irakurketa-zirkuluak AEBri eskainitako bi dantzaldi handi antolatu zituen. 1921ekoak “Amerikarako bidaia” izan zuen leloa —garai hartan bertara joaten ziren ikerketa-espedizioei erreferentzia eginez—, eta dekoratuekin eta mozorroekin imitatu zituzten “dolarraren urruneko herrialdearen” aurrerapenak; 1929ko Golden Mayfairball dantzaldiak, aldiz, “Hollywood” izan zuen ardatz30.

AEBri buruzko irudia ez zen unibokoa; aitzitik, erakarmena eta arbuioa eragiten zituen aldi berean31. Europan oso modu kritikoan ikusten zuten AEBn drogak debekatuz abian jarri zuten esperimentu sozial erraldoia. Lehen Mundu Gerra baino lehen, AEBko “ekintzaile moralak” opioaren eta kokainaren alkaloideen aurkako nazioarteko borrokaren buru jarri ziren, eta estupefaziente horien kontrako debekua Versaillesko Itunean bertan geratu zen jasota. Debeku horri 1919an edari alkoholdunak eguneroko bizitzatik kentzeko onartutako legea gehitu behar zaio, zeinak beste hainbat ondorio eragin zituen. Herrialde osoa “lehortzeko” ahalegin horretan, AEB handi eta indartsu egin zuen espiritu produktibo hura kalterako suertatu zen. Hala ere, horrexek bihurtu zuen interesgarri kontua. Hedatuz zihoan azpimundu ustelak hogeiko hamarkada basatiaren iruditik banandu ezineko dekoratu bat taxutu zuen: alkohol-trafikoa eta destilategi klandestinoak, speakeasy izenez ezagutzen ziren legez kanpoko taberna-zuloak, hiltzaile-taldeak, babes truke eginiko estortsioak, polizia kontrolatzeko eroskeria, zori-jokoak, prostituzioa, mafiaren sindikatuak… Eta Al Capone, gangsterren buruzagi arketipikoa. “Chicago-Outfits” gaizkile-taldearen buru zela, “etsai publiko nagusia” izatera eraman zuten bere bortizkeriak eta eskrupulu gabeziak, harik eta, 1931n, zerga iruzurra egiteagatik epaitu eta espetxeratu zuten arte32.

Horra, beraz, AEB, imitatu beharreko eredu gisa, paradigma gisa, zirrara eragiten zuten gaien hornitzaile gisa: 1920ko hamarkadan, hori guztia “amerikanizazio” eta “amerikanismo” kontzeptu anbibalenteen azpian ezkutatua geratu zen. Bistakoa zen, 1900. urte inguruan iragarri zuten   bezala, XX. mendea “mende amerikarra” izango zela. Mary Nolan AEBko kulturaren historialariak Visions of Modernity. American Business and the Modernization of Germany (“Modernotasunaren ikuspegiak. AEBko negozioak eta Alemaniaren modernizazioa”) liburuan adierazi zuenez, garai hartan, efizientziaren gurtzak ez zuen berekin ekarri —ez AEBn, eta are gutxiago Europan— industria- ekoizpena eta etxeko lana goitik behera —kudeaketa zientifiko eta enpresarial baten ildotik— berrantolatzeko ekimenik. Arrazionalizazioak, lehenik eta behin, erretorika hutsa izaten jarraitu zuen. Hala ere, “hizkera nabarrak” aukera ematen zuen gizarte industrial kapitalistan oraindik konpondu gabeko arazo estrukturalak kontzeptu berrietara ekartzeko, eta, hala, arazook modu esperantzagarrian birformulatu ahal izateko33. 1920ko hamarkadako “amerikanizazioak” berritasunaren bilaketa sustatzen zuen berotze-ariketa mental bat balitz bezala funtzionatu zuen.

Estatu Batuak – Sobietar Batasuna: periferien gorakada

1920tik aurrerako urteetan Europaren eta Amerikaren arteko hartu-emanak nabarmenak eta munta handikoak izan ziren arren, hamarkadan zehar gertatutakoa ezin da alde biko harreman horretara soilik murriztu. Ordurako garbiago sumatzen hasia zen zein izango zen gerora —Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Gerra Hotzean— mundua egituratuko zuen konstelazioa: akulturazio prozesu baten ondotik Europako kulturaren funtsezko ezaugarriak bereganatu zituzten potentzia berri batzuek aurrea hartu zioten Mundu Zaharrari. Potentzia periferikoek, Errusiak eta AEBk alegia, gainditu egin zuten Europa, eta azken hori jakitun zen boterearekiko zuen mendekotasun politikoaz34. Europa blokeen arteko norgehiagoka hark zatituta eta “altzairuzko oihalak” bereizita geratu baino askoz lehenago, AEB eta 1922an sortutako Sobietar Batasuna maila ezberdinetan eragin nabarmena izaten hasiak ziren, mendebaldean lehena eta ekialdean bigarrena.

Errusiako Urriko Iraultzak eta Sobietar Batasunak izan zuten inpaktua ez zen, inolaz ere, alderdi komunistako kideetara mugatu. 1918tik aurrera, haien garaikide batzuek arretaz begiratzen zieten beste toki batzuetan gertatzen ari ziren hartu-eman estetikoei, hala nola Alemaniako espresionismoaren eta Bauhaus eskolaren, Italiako futurismoaren, Frantziako surrealismoaren eta Errusiako abangoardiaren artean gertatzen ari zirenei, batzuen eta besteen orientazio politikoak edozein zirela ere35. Proletkult erakundearen propaganda —gizaki berri bat sortzea amets zuena, alajaina—mundu osoan zabaldu ziren estilo-elementu futuristez eta konstruktibistez baliatu zen. Hala, 1921ean, Proletkult errusiarraren sail bat sortu zuten Turinen, Antonio Gramsci-ren eskutik. Alderantziz ere, Paris eta New York bezalako hiriak aurrerabidearen izar finkoak izan ziren kultur-arloko sobietar iraultzaileentzat ere. Vladimir Maiakovski-ren Moye otkrytiye Ameriki (“Amerikaren aurkikuntza”) liburuan —idazleak 1925ean Mexikora eta AEBko ekialdeko kostaldera egindako bidaiaren kronika—, adibidez, elkarrekin nahasten dira klase kapitalistako etsaiaren kontrako kritika gogorra, batetik, eta New York megalopoliko teknikotasun bikainarekiko miresmena, bestetik36.

Egia esan, sobietarren komunismoaren eta amerikarren kapitalismoaren arteko antagonismoa gorabehera —AEBn red scare37 edo “gorriekiko” neurriz kanpoko beldur gisa azaleratu zen kontrakotasun hura 1920ko hamarkadan—, kontzeptu- eta teknologia-elkartruke bizi-bizia egon zen bien artean. Leninek asmatua da formula hau: “sobietar boterea gehi herrialde osoaren elektrifikazioa, horra zer den komunismoa”; Taylorrek eta Fordek nork bere ikuspegitik eman zituzten industrializazio-prozesua azkartzeko ideia gidariak. Thomas Hughes teknikaren historialariak hainbat aditu, ingeniari eta system builder estatubatuarren presentzia dokumentatu du hogeiko hamarkadako Sobietar Batasunean, eta Bosturteko Planaren administrazioaren sorreran Taylorren harrerak sekulako eragina izan zuela nabarmentzen du. Stalinen hitz hauek aipatzen ditu hori azaltzeko: “Errusiaren ekimen iraultzailearen eta amerikar efizientziaren arteko konbinazioan datza leninismoaren funtsa”38.

1920ko hamarkadaren amaieran bukatu zen lankidetza hori, eta handik aurrera gutxietsia eta ahaztua izan zuten bi aldeek. Sobietar Batasunaren bilakaera —gero eta urrunago bere jatorrizko ideal humanistetatik—, eta Alemaniarena —hogeita hamarreko lehen urteetatik diktaduraren bidea hartuta—, beren gizarte-sistema desberdinak eta beren oinarri ideologikoak gorabehera, bat etorri ziren liberalismoaren kontrako jarrera sutsua hartzean. Horrela, Stalinek eta Hitlerrek, norbanakoaren askatasuna bermatzen zuen zuzenbide-estatua erabat suntsitzeaz gain, are larriagoa den zerbait ere egin zuten: masa-gizartea demokratikoki integratzeko eta modernitatearen anbibalentziei aurre egiten ikasteko gauza izan zitekeelako ustea birrindu zuten. Diktadura biek azkena eman zioten bai diskurtso politiko publikoari, bai jarduera artistiko askeari: 1932an, Sobietar Batasunak Errealismo Sozialista delakoa abiarazi zuen; bost urte geroago, “arte degeneratua” deiturikoaren lehen difamazio-erakusketa egin zen Alemaniako estatu nazionalsozialistan. 1920ko hamarkadako artistek praktikatu zuten guztia teoria hutsaren urkamendira bidalia izan zen. Bi erregimenek, proletariotzaren edo herriaren borondatetik eratorritako botere politikoa baliatuz, legitimatu egin zuten bakoitzari zegokion klase- edo arraza-etsaiaren aurkako indarkeria fisikoa, etsaitasun hori kasuan-kasuan modu parazientifikoan zehaztu ondoren. Eta beste herrialde batzuetan ere, arbuio politiko eta ekonomikoek hogeiko hamarkadako helburuen eta haietan inplikatutako eragileen porrota ekarri zuten.

Schall und Rauch, zarata eta kea

Hori guztia ez zegoen aldez aurretik erabakita. Egia da egiturazko arazo ekonomikoek, eskuin muturraren eta nazionalismo kontserbadoreen demokraziarekiko etsaitasunak, kale-indarkeriak, segurtasun-indarren kontrako istiluek eta bai antisemitismo, bai arrazismo oldarkorrak —Alemanian ez ezik beste leku batzuetan ere egon bazegoenak— gogortasun handia erakutsi zutela Lehen Mundu Gerraz geroztik, baina ez zen egon oinarrizko eskubideak, zuzenbide-estatua, erakunde demokratikoak, pluralismo publikoa eta sormen artistikoa —hots, adierazpideen eta erlazio- moduen heterogeneotasun eferbeszentea— hasiera-hasieratik hondamendira kondenatu zituen determinismo historikorik. “Gerra Handia” deritzonaren ondorengo garaia gerrarteko aldi bihurtu izana gertaera-kateamendu katastrofiko baten ondorioa da; horietako batzuk txertatuta zeuden jada 1920ko hamarkadan; erabakigarrienak 1933tik aurrera gehitu ziren.

Horrenbestez, azalpen-maila abstraktu batera iristen gara, non eztabaidagai jartzen baita prozesu historikoek duten kontingentziaren eta jarraitutasunaren arteko erlazioa. XX. mendearen amaieran, historia-zientzian bazen joera bat zera defendatzen zuena, gertakarietan oinarritutako historia zatikatuan zentratu beharrean, bilakaera ekonomiko eta sozial aldakorrak kontuan hartuz eta epe luzeko ikuspegi zabalaz jokatzea zela historia ezagutzeko biderik egokiena. Fernand Braudel historialariaren arabera, gertakarietan “leherketa” bat baino ez zen ikusten, gauzak argitzeko balio mugatua zuen “berritasun zaratatsu bat”. Horrenbestez, “garaikideen kontzientzia” lainotzen zuen “ke engainagarritik haratago” begiratzeko aholkatzen zuen berak39.

Hori dena oso garrantzitsua izan arren, ez da historiaren izaera faktikoa ezabatzeko gauza. 1920ko hamarkada ezin da ulertu arreta gizarte-bilakaeraren egitura-baldintzetan bakarrik jarrita, hau da, hamarkada horretako kultura-izaera espezifikoa kontuan hartu gabe. Objektibotasun Berriaren kodeekin batera, izaera hori “zarata eta kea” zen funtsean, Schall und Rauch, alegia. Horrela zuen izena hasieran aipatu dugun aldizkari berlindarrak, baita Max Reinhardt- ek 1919an Berlinen bertan sortutako kabaret literario berriak ere. Kabaret hori eszena intelektual eta artistikoaren topaleku izan zen aurrerago Café Grössenwahn delakoak ordezkatu zuen arte40. Gizarte-historiaren azterlanetan deskribatzen diren beste gauza askorekin batera, susperraldi indartsu bat eta gainbehera nabarmen bat gertatu ziren “1920ko hamarkadako urte eroetan”. Ikusteko eta entzuteko jakin- mina piztu zuen horrek, eta zirrara eta sentsazio berriz osatutako kaleidoskopioa jarri zuen martxan. Babylon Berlin telesailean, Swetlana Sorokina abeslari androginoak (Severija Janušauskaitė aktoreak antzeztua) era atseginean islatu zuen urte asaldatu haietako giroa —modernitatearen indar sakonek tenkatua— Zu Asche, Zu Staub (Errautsetara, hautsera) abestiarekin. Urrezko hamarkada horretaz iritsi zaigun irudia bere gainazal distiratsuaren magiara errenditua azaldu izan zaigu orain arte, baina egia da hamarkada zaila ere izan zela, sakon-sakon zauritua.

[Itzultzailea: Rosetta Itzulpen-Zerbitzuak]

 

Oharrak:
  1. Schall und Rauch, 1. urtea, 2. zk., 1920ko urria, 3. or. [itzuli]
  2. Heinrich Baumgartner, “Jazz” in den zwanziger Jahren in Zürich. Zur Entstehung und Verwendung einer populärkulturellen Bezeichnung, Zurich, 1989 (Neujahrsblatt der Allgemeinen Musikgesellschaft Zürich 173), 10. or. (iragarkia). 1926 urtearen inguruan, ikus Hans Ulrich Gumbrecht, 1926. Ein Jahr am Rand der Zeit, Frankfurt, 2001. [itzuli]
  3. Sigmund Freud, Massenpsychologie und Ich-Analyse. Die Zukunft einer Illusion, Frankfurt, 1984 (1. argit.: 1921). [itzuli]
  4. Elias Canetti, Masse und Macht, Frankfurt, 1981 (1. argit.: 1960); aipua: id., Die Fackel im Ohr. Lebensgeschichte 19211931, Munich, 1993, 231. or. [itzuli]
  5. Philipp Blom, Die zerrissenen Jahre: 1918–1938, Munich, 2014. [itzuli]
  6. Detlev Peukert, Die Weimarer Republik: Krisenjahre der klassischen Moderne, Frankfurt, 1987, 266. or. [itzuli]
  7. Ikuspegi orokorra izateko, ikus Adam J. Tooze, The deluge. The Great War and the remaking of global order 1916–1931, Londres, 2014; Werner Faulstich, Die Kultur der Zwanziger Jahre, Paderborn, 2008; Rainer Metzger, Berlin – Die Zwanziger-jahre – Kunst und Kultur 1918–1933, irudi-hautaketa: Christian Brandstätter, Munich, 2006; Ruedi Brassel-Moser, Dissonanzen der Moderne. Aspekte der Entwicklung der politischen Kulturen in der Schweiz der 1920er Jahre, Zurich, 1994. Artikulu honek ez du ikerketaren ikuspegi orokorrik eskaintzen. Oharrak laburrak dira. [itzuli]
  8. Michael Geyer, Helmut Lethen eta Lutz Musner, Zeitalter der Gewalt. Zur Geopolitik und Psychopolitik des Ersten Weltkrieges, Frankfurt/New York, 2015. [itzuli]
  9. Alfred Döblin, «Der Deutsche Maskenball von Linke Poot. Wissen und Verändern», hemen: id., Aufsätze zur Literatur. Ausgewählte Werke in Einzelbänden, Olten eta Friburgo, 1972, 94–105. or., hemen: 100. or. [itzuli]
  10. Oona A. Hathaway, Scott J. Shapiro, The Internationalists, New York, 2017. [itzuli]
  11. Anne Anlin Cheng, Second Skin: Josephine Baker & the Modern Surface, Oxford, 2010; Peggy Caravantes, The many faces of Josephine Baker: dancer, singer, activist, spy, Chicago, 2015; Mae Henderson eta Charlene B. Register, The Josephine Baker critical reader: selected writings on the entertainer and activist, Jefferson, Ipar Carolina, 2017. [itzuli]
  12. Neue Zürcher Zeitung, otsailak 5, 1928, 211. zk., 8. or. [itzuli]
  13. Atal honetako gainerako aipu guztiak: Neue Zürcher Zeitung, apirilak 2, maiatzak 2, maiatzak 3, 1929; Tagesanzeiger, martxoak 22/24, 1928. Ikus Baumgartner, 1989 (id. 2. oharra), 32. or. Lehen super-izar afroamerikarra bihurtuta, Josephine Bakerrek AEBko herritartasunari uko egin zion diskriminazio arrazistagatik, eta Frantziara joan zen bizitzera. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, ohore militar gorenak lortu zituen bertan, Erresistentziaren alde hartutako konpromisoagatik. [itzuli]
  14. Robert J. C. Young, Colonial desire: hybridity in theory, culture and race, Londres, 1995. [itzuli]
  15. Elza Adamowicz, Dada bodies: between battlefield and fairground, Manchester, 2019; Annabelle H. Melzer, Dada and surrealist performance, 1994. [itzuli]
  16. Dada Afrika: Dialog mit dem Fremden, erak. kat., Museum Rietberg / Berlinische Galerie, Ralf Burmeister et al. (ed.), Zurich, 2016; Jan Gerstner, “Die absolute Negerei”, hemen: id., Kolonial-diskurse und Rassismus in der Avantgarde, Marburgo, 2007. [itzuli]
  17. Postulatu horren inguruan, ikus Dipesh Chakrabarty, “Europa provinzialisieren. Postkolonialität und die Kritik der Geschichte”, hemen: Sebastian Conrad, Shalini Fanderia (ed.), Jenseits des Eurozentrismus. Postkoloniale Perspektiven in den Geschichts- und Kulturwissenschaften, Frankfurt, 2002, 84–313. or. [itzuli]
  18. Hasiera batean, Babylon Berlin telesaila bi denboralditarako zegoen aurreikusita. Hirugarren denboraldia, 12 atalez osatua, 2020ko urtarrilaren 24an hasi zen. [itzuli]
  19. Friedrich Dürrenmatt, “Theaterprobleme” (1954), hemen: id., Gesammelte Werke, 7. liburukia, Zurich, 1996, 28–69. or., hemen: 43. or. [itzuli]
  20. Helmut Lethen, Verhaltenslehren der Kälte. Lebensversuche zwischen den Kriegen, Frankfurt, 1994. [itzuli]
  21. Helmuth Plessner, Grenzen der Gemeinschaft: eine Kritik des sozialen Radikalismus, Bonn, 1924. [itzuli]
  22. 1931n, Der Vagabund izena jarri zioten aldizkariari. Ikus Walter Fähnders, Henning Zimpel, Die Epoche der Vagabunden. Texte und Bilder 19001945, Essen, 2009. [itzuli]
  23. https://www.textlog.de/tucholsky-bild-sagt-worte.html [azken bisita: 2019/11/11]. [itzuli]
  24. Atal honen eta hurrengoen inguruan: Jakob Tanner, “Kurven und andere Evidenzen: zur Visualisierung der unsichtbaren Hand des Marktes”, hemen: Helmut Lethen et al. (ed.), Auf die Wirklichkeit zeigen. Zum Problem der Evidenz in den Kulturwissenschaften, Frankfurt, 2015, 373–93. or. [itzuli]
  25. Fritz Giese, Girlkultur. Vergleiche zwischen amerikanischem und europäischem Rhythmus und Lebensgefühl, Munich, 1925, 13. or. [itzuli]
  26. Giese 1925 (id. 25. oharra), 83. or. [itzuli]
  27.  Siegfried Kracauer, Das Ornament der Masse, hemen: id., Schriften, 5.2 liburukia (1927–31 bitarteko entseguak), Frankfurt, 990, 57–67. or., hemen: 57. or. [itzuli]
  28.  Sigfried Giedion, Die Herrschaft der Mechanisierung. Ein Beitrag zur anonymen Geschichte, Stanislaus von Moos-en epilogoarekin, Frankfurt, 1982. [itzuli]
  29.  Anson Rabinbach, The Human Motor. Energy, Fatigue, and the Origin of Modernity, Berkeley/Los Angeles, 1992. [itzuli]
  30.  Baumgartner, 1989 (id. 2. oharra), 15. or. [itzuli]
  31.  Angelika Linke, Jakob Tanner (ed.), Attraktion und Abwehr. Die Amerikanisierung der Alltagskultur in Europa, Kolonia/Weimar, 2006. [itzuli]
  32. Thomas Welskopp, Amerikas grosse Ernüchterung. Eine Kulturgeschichte der Prohibition, Zurich, 2010. [itzuli]
  33. Mary Nolan, Visions of Modernity. American Business and the Modernization of Germany, New York/Oxford, 1994. [itzuli]
  34. Fernand Braudel (ed.), Europa: Bausteine seiner Geschichte, Frankfurt, 1989. [itzuli]
  35. Truke-prozesu honetan paradigmatikoa izan zen Basileako arkitekto eta hirigile Hannes Meyer (1889–1954), Neues Bauen taldearen ordezkari garrantzitsua. 1927an, irakasle izendatu zuten Dessauko Bauhaus eskolan (1925–26an eraiki zuten egoitza hura), eta 1928tik aurrera bertako zuzendaria izan zen, 1930ean nazionalsozialisten presioaren ondorioz kaleratu zuten arte. Sobietar Batasunera joan zen orduan, goi-mailako ikasketetako irakasle gisa. Lehen Mundu Gerraren ostean, arkitektura-proiektu aitzindariak egin zituen etxebizitza-kooperatiba sozialdemokratentzat, baina irekita zegoen komunismo sobietarraren kultura proletariora ere. 1936an, estalinisten “garbiketek” mehatxatuta, Suitzara itzuli zen. Ikus, besteak beste, Bauhaus-Archiv (ed.), Hannes Meyer. Architekt Urbanist Lehrer 1889–1954, Berlin, 1989. [itzuli]
  36. Vladimir Majakovskij, Meine Entdeckung Amerikas, Berlin, 1948. [itzuli]
  37. Robert K. Murray, Red scare: a study in national hysteria, 19191920, Minneapolis, 1955. [itzuli]
  38. Thomas P. Hughes, American Genesis. A History of the American Genius for Invention, New York, 1989. [itzuli]
  39. Fernand Braudel, “Geschichte und Sozialwissenschaften. Die longue durée”, hemen: Claudia Honegger (ed.), Schrift und Materie der Geschichte. Vorschläge zur systematischen Aneignung historischer Prozesse, Frankfurt, 1977, 47–85. or., hemen: 51. or. [itzuli]
  40. Lehen “Schall und Rauch” kabareta ere Max Reinhardtek sortu zuen, 1901ean; 1902tik aurrera, “Kleine Bühne” izena hartu zuen. Izena Goetheren Fausto lanetik dator. Hogeiko hamarkadaren inguruan, ikus Peter Jelavich, “Satiriker in der Sackgasse. Das Berliner Kabarett der Weimarer Ära”, hemen: Wissenschaftskolleg Berlin, Jahrbuch 1984/85, 71–84. or. [itzuli]