Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

hezkuntza-edukia

Iraganarekin topaketa orainaren bitartez

Didaktika ikusgai dauden erakusketak osatzeko testuingurua eta jarduerak eskaintzen dituen ekimena da. Espazio didaktiko hau Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua erakusketarako diseinatu da, eta gaur egungo ikuspuntutik aztertzen ditu XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako errealitate sozial, politiko eta ekonomikoaren hainbat alderdi, gaurkotasun handia baitute oraindik ere. Didaktika guneak, halaber, irakurketa gune bat ere hartzen du; bertan kontsulta dezakezu erakusketaren katalogoa.

Erretratua eta selfiea

Historikoki, artista bati erretratu bat egiteko agintzea, hura marraztua, pintatua edo zizelkatua izan, klaserik boteretsuenen esku egon da. Alabaina, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, genero artistiko horrek eraldaketa itzela jasan zuen: artistek egunerokotasunean ipini zuten arreta, eta haien ingurukoak ziren modeloak irudikatzen hasi ziren: hala nola, familiakoak edo lagunak. Adibidez, Paul Cézanne-n Madame Cézanne (ca. 1885–87) lana artista frantsesak bere emazte eta musa Hortense Fiquet-i egindako erretratu ugarietako bat da. Gaur egun, 100 urtetik gora igaro diren honetan, etengabe jarduten gara beste pertsonentzako edo geuretzako posatzen. 1826 aldera asmatu zen argazkigintza, eta kamaradun lehen telefono mugikorra 2000. urtean merkaturatu zen. Gailu horien nahiz tablet edo antzekoen bitartez, aski modu erosoan atera diezazkiokegu argazkiak geure buruari. Batzuek norbere adierazpenaren gaur-gaurko ikono gisa definitzen dute selfiea; beste batzuek, artean, gero eta azalekoagoa, indibidualistagoa eta egozentrikoagoa den gizarte baten islatzat dute. Zein da zure iritzia?

Edertasun-ereduen garapena

Edertasun kanonak aldatzen joan dira historian zehar, kultura eta belaunaldi desberdinen gustu eta aukeren arabera. Antzinako arte greziarrak, esaterako, “ideal”tzat zituzten proportzio zehatzeko giza gorputzaren arketipoa sustatzen zuen. Édouard Manet-en Ispiluaren aurrean (1876) artelak, ispiluan bere buruari beha dagoen emakume baten intimitatea agertzeaz gain, Europan XIX. mende bukaeran gailentzen zen emakumearen edertasun-eredua irudikatzen du: besteak beste, azal zuriak eta gerri finak ezaugarritzen zuten; azken hori kortseen bidez lortzen zen. XIX. mendearen amaiera aldaketa- eta modernitaterako trantsizio-aldia izan zen Parisen. Garaiko modarekin engaiatzeaz gain, espazio pribatua irudikatzera ausartu ziren artisten artean zegoen Manet. Haren modeloa erdi biluzik egoteak, azala agerian, irauli egin zuen biluzi klasikoa. Edertasunaren zer nozio dago XXI. mendean emakume eta gizonentzat? Nork finkatzen ditu irizpide horiek?

Orientazio sexuala eta genero identitatea

XIX. mendean, errepresio sexualak eta moraltasun bikoitzak hartzen zuten bizitza publikoa: kafe eta gau-klubak ziren salbuespena, esaterako, Pablo Picassok 1900ean irudikatutako Le Moulin de la Galette; halako tokietan, promiskuitatea eta sexu bereko bikotekideekin esperimentatzea ez zen gaitzesten. Dantzatoki ezagunak eta haren glamour trauskilak erakarri egiten zituen abangoardiako artistak, eta Picasso gazteak jende-andanaren energia atzitu zuen haren gau-eszenan. Gaur egun, askok sustatzen dute sexu-aniztasuna, eta LGTBI+ mugimenduak pertsona homosexual, bisexual, transgenero eta intersexualen eskubideak bultzatzen ditu. Ba al dakizu munduko zein hiritan ospatzen den Harrotasun Eguna?

Emakumea: muse izatetik sortzaile izatera

Renoirren Emakumea perikitoarekin (1871) artelaneko figurak XIX. mende bukaerako emakumezkotasun burgesaren eredua irudikatzen du: hala ere, emakume hori urrezko kaiola metaforiko batean itxita senti liteke, bere esku finetan hartzen duen perikitoarenaren antzeko batean. Garai hartako emakume frantziarrei zegozkien etxeko ardurak, hein handiago edo txikiagoan, eta ez zuten eskubide politiko, ekonomiko edo sozialik ia. Ikusizko artean, musatzat jotzen ziren orokorrean (Renoirren lanean, kasu), eta irakurle eta ikusle gisa sailkatzen ziren; alabaina, egon baziren emakumeak, Mary Cassat, Eva Gonzalès eta Berthe Morisot adibidez, XIX. mendean artista gisa ezagunak izateko lanean jardun zirenak, eta inpresionismo frantsesarekin lotzen direnak. Gaur egun, emakume artisten sustapena handiagotzen ari da kultur instituzioetan, bai eta emakumeon eskubideen defentsa zabala ere, gizartearen arlo guztietan. Genero berdintasunerantz aurrerapausoak emanagatik, ordea, generoko soldata-arrakala eta kristalezko sabaia oraindik ere existitzen dira XXI. mendean, eta horren ondorioz, emakumeei zail suertatzen zaie lan-merkatuan gora heltzea. Zer oztopo gainditu behar dira oraindik genero-berdintasuna eskuratzeko?

Aisia eta errelitate birtuala

Henri Rousseau-ren Futbolariak (1908) margolana egiteko, Henri Rousseau-k Frantzia eta Ingalaterraren arteko nazioarteko lehen futbol partida izan zuen ispirazio iturri ziur asko; “Le Crunch” izenez ezaguna da partida hori, eta 1906an jokatu zen lehen aldiz Parisen. Besteekin jokoen bitartez harremanetan egoteko dugun modua asko aldatu da azken mendean. Taldeko aisia izatetik, kasu honetan Rousseauren obran kanpoan dagoen toki publiko batean irudikatua, etxeko aisialdi indibidualistara igaro gara XXI. mendean. Azken urteetan izugarri zabaldu dira joko digitalak: punta-puntako teknologiak plataforma digitalik ezagunenak bilakatu ditu, belaunaldi gazteenentzako bereziki. Are gehiago, errealitate birtualaren garapenak “arte birtuala” deritzonaren baitan sortu diren sorkuntza eta adierazpide artistikorako forma berriei bide egin die: artistek errealitate areagotua, 3D edo 360º bideoak baliatzen dituzte, eta artelanez unean-unean eta doan goza daiteke munduko edozein tokitatik, plataforma digitalen bitartez; baina horrez gain, errealitate birtualak interakzio sozial mota berri bat ekarri du: harreman birtualak. Zer neurritan uste duzu sustatzen dutela teknologiek interakzio soziala? Uste duzu hori galarazten dutela?

 Hiri-zabalkuntzaren gorakada

XIX. mendean, landa utzi eta hirietako industrietan lan bila joandako langileen exodoak erabat aldatu zuen Europako hirien egoera. Aristokrazia eta burgesia etxe sendoetan bizi zen, ongi argiztatutako kale zabaletan, hondakin sistemarekin; bitartean, langileak pilatuta bizi ziren, egoera osasungaitzetan, hiri-plangintzaren printzipiorik gabe eraikitako kale estuen sareetan. Place Vintimille obrak, Édouard Vuillard-ek 1909–10ean margotu zuenak, garai hartako auzo burges paristar ohiko bat irudikatzen du. Hiriak berrikuntza, aurrerabide, aldaketa eta kulturen arteko elkarbizitzaren gune ziren eta dira oraindik ere, baita kaos, eldarnio eta aglomerazioaren guneak ere. Azken hamarkadetan, gainera, Mexiko Hiria, Delhi, Shanghai, Tokio eta Jakarta bezalako megalopoliak garatu dira, 20 edo 30 milioitik gora biztanlerekin. XX. mendearen amaieran, munduko biztanleriaren %45 hirietan bizi zen, eta Nazio Batuen arabera, ehuneko hori %70 arte handituko da 2050. urterako. Zer inpaktu du ingurunean hedakuntza horrek? Nola eragiten dio gure eguneroko bizitzari?