Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Aurkezpena

Richard Armstrong

Izenburua:
Aurkezpena
Egilea:
Richard Armstrong
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artea. Merkatua
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Arte Abstraktua | Inpresionismoa | Post-Inpresionismoa
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Picasso, Pablo

Arte modernoaren merkatari gisa Europan eta AEBn ibilbide aparta egin ostean, 1963an Justin K. Thannhauserrek adierazi zuen bere bilduma pribatuko funtsezko lanak Solomon R. Guggenheim Foundation-i legatzeko asmoa zuela; arte historiako mende osoa hartzen zuen pintura-, marrazki- eta eskultura-multzoa zen bilduma hura. Bere dohaintzaren inguruan, modu hunkigarrian esan zuen bere “bizi osoa” zela. Ekintza eskuzabal harekin, aurrerabide artistikoa sustatzeko Thannhauserren jarduera nekaezinak goia jo zuen: hain zuzen ere inpresionistak eta neoinpresionistak bultzatu zituen, baita modernotasunaren hastapenetako garaikideak ere.

Justin Thannhauserren historia pertsonalak bere belaunaldiaren tragedia islatzen du. Bildumagile judutar-alemaniarrak naziek hartutako Europatik ihes egin zuen Bigarren Mundu Gerran, eta New Yorken hartu zuen egoitza 1940ko hamarkadaren hasieran; alabaina, bi semeak galdu zituen. Thannhauser Bilduma sortzeko ekintza Justinek bere familiari egindako omenaldia da: aita Heinrich-i, eta lehen emazte eta bildumagile-kide izan zuen Kätheri egindakoa; era berean, Justinek museoari egindakoa oparia ere bada. Bildumako artelanak 1978an sartu ziren ofizialki Guggenheimen funtsen parte izatera: 1950eko hamarkadan Thannhausertarren adiskide bilakatu zen Thomas M. Messer Zuzendariaren ahalegin eta argitasunari esker lortu zen hori, eta Harry F. Guggenheim, Patronatuko presidentea, eta Peter Lawson-Johnston, babeslea, arduratu ziren hurrengo hamarkadetan dohaintza zaintzeaz. Hilde Thannhauserrek, Justinen bigarren emazte eta alargunak, artelan gehiago legatu zizkion Guggenheimi beranduago, 1984 eta 1991n; hala, gaur egun ezagutzen dugun Thannhauser Bilduma eratu zen.

Thannhauser familiak hainbat aurrendari artistikoren hastapenak babestu zituen, Valisi Kandiski-tik Pablo Picassora, eta, horrenbestez, ezin egokiagoa gertatzen da Thannhausertarren artelanak Solomon R. Guggenheimi batzea, azken horren Sortze Bilduma begitaziodunak eratzen baititu museoaren funts modernoak. Gure erakundea 1937an sortu zenean abstrakzioaren aurrerabidea sustatu bazuen arren, Thannhauser Bildumak material hori osatu, eta museoaren bilduma-historia aberasten du. Halaber, artelanen bitartez, museoak modernotasunaren sorreraraino egin dezake atzera, XIX. mendearen bukaerara, eta orduan nahiz XX. mende hasieran abangoardiako ekoizpena ezaugarritu zuen esperimentazio formal eta teknikoa azalera dezake.

Thannhauser Bildumaren inguruko argitalpen zabal hau Guggenheim erakundeko Thannhauser Bildumako Aholku Batzordea osatu duten komisario eta kontserbatzaileen —gaur egungoak nahiz oihak— konpromisoaren emaitza da. Lena Stringari-ri, Zuzendariondokoa eta Kontserbazioko Burua, eta Tracey Bashkoff-i, Bildumen Zuzendaria eta Arte arduradun seniorra, gorazarre egin beharrean nago, Solomon R. Guggenheim Museum-eko bildumen kudeaketaren gidaritzagatik. Babesleen izenean, aitorpen berezia egin nahi diot Megan Fontanella Arte moderno eta artelanen jatorrien arte arduradunari, gai honetan egindako ahalegin eta ezagutza etengabe eta argigarriengatik. Halaber, eskerrik beroenak eman nahi nizkioke Thannhauser Estate-ko Anna Weiss-Ludwig-i, eman digun kemenagatik. Arnhold Foundation erakundearen babes eskuzabala eskertu nahi dugu, argitalpen hau finantzatzeko ekarpen garrantzitsua egin baitu. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiogu Bank of America Art Conservation Project-i, bildumako artelanen kontserbazioa babesteagatik. Era berean, atsegin handiz berretsi nahi dugu, haren berrogeigarren urteurrenean, Thannhauser Bilduma publikoaren eskuetan jarri zuen espiritu eskuzabal berbera.

Richard Armstrong
Zuzendaria, Solomon R. Guggenheim Museum and Foundation


[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI