Edukira zuzenean joan

Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak

hezkuntza-edukia

Morandi-ren Autorretratua (Autoritratto, 1917–19). Giotto di Bondone-ri eta Nicolas Poussin-i begira

Izenburua:
Morandi-ren Autorretratua (Autoritratto, 1917–19). Giotto di Bondone-ri eta Nicolas Poussin-i begira
Erakusketa:
Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
Gaiak:
Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Giotto di Bondone | Nicolas Poussin
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Morandi, Giorgio

Bere karreraren hastapenetan, autorretratu gutxi batzuk egin zituen Morandi-k. 1917–19ko Autorretratua da ezagunena, arte-historiako aro desberdinetako erretratugintzarekiko artistak zuen zirrara agerian uzten dutena.

Irudi honetan, Morandik hiru-laurdeneko profilean irudikatu zuen bere burua, aurpegia apur bat biratua eta sorbaldak maila berean. Baliteke formatu hau Giotto di Bondone-ren (Vespignano, ca. 1266–67/76–Florentzia, 1337) lanean ikusi izana, adibidez; izan ere, XX. mendeko margolari italiarrek biziki miresten zuten Giotto. Hemen erreproduzitua ageri den Giottoren Doneztebe pintura Horne Museoan ikusi zuen Morandik agian, Florentziara egindako bisitaldiren batean. Halaber, Morandiren hazpegietan barrenako argi-ilunen jolasak beste iturri bat iradokitzen du: Nicolas Poussin (Les Andelys, 1594–Erroma, 1665) eta bere 1650eko Autorretratua. Morandik ez zuen sekula Poussin hura bertatik bertara ikusi, baina Alinari anaien (Fratelli Alinari) Florentziako argazki-laborategian aurkitu zuen zuri-beltzezko argazki batean izan zuen argi-itzal aldakor horien berri.