Edukira zuzenean joan

Barbara Kruger: Another day. Another night

katalogoa

ARKITEKTURA BITARTEKO, ARTEA MEZU

Natalia Grabowska

Izenburua:
ARKITEKTURA BITARTEKO, ARTEA MEZU
Egilea:
Natalia Grabowska
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
ISBN:
978-84-10024-82-3
Lege gordailua:
M-12625-2025
Erakusketa:
Barbara Kruger: Another day. Another night
Gaiak:
Emakumea artean | Arkitektura | Espazio publikoa | Artea eta espazioa | Artea eta teknologia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Sinbologia | Eskala | Bizitza | Komunikabideak | Publizitatea | AEB
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Kruger, Barbara

Arteaz kontzientzia hartu baino askoz ere lehenago maitemindu nintzen ni arkitekturaz. Agian hortxe egon delako beti, presente betidanik, mundua hautemateko eta bizitzeko daukadan modua goitik behera zeharkatzen. Hiru dira arkitekturari diodan maitasunaren erantzuleak, denak ere hein berekoak: batetik, liluramendu hutsa; bestetik, oroimen asoziatiboak; eta, azkenik, arkitektura gizartearen —haren egituren, historiaren, helburuen eta ideien— adierazle erabakigarria dela ulertu izana. Gogoan dut itzuri egin nahi izaten niola, poza sentitzen nuela arkitektura esperimentatzean eta lehendik existitzen ziren egiturak nola aldatu imajinatzean. Aitortu behar dut itxuraz elkarrekin zerikusirik ez duten faktoreek arkitekturaren pertzepzioari eragiteko ahalmena dutela; soinuek, koloreek, usainek eta bestelako elementuek eraldatu egin dezakete espazioaz jabetzeko eta hura bizitzeko dugun modua. Memorian txertatua dudan oroitzapenetako bat nerabezarokoa da, Varsovian (Polonian) bizi nintzenekoa. Ia egunero hartzen nuen autobusa etxetik institutura joateko: hogei minutuko paseoa Vistula ibaiaren ondotik, Alde Zaharrera heldu aurretxotan bukatzen zena. Eskolara iristeko, beste hamar bat minutu egin behar izaten nituen oinez, maldan behera, galtzada-harrizko kalean barrena. Bidean, Chopin Estatu Musika Eskolatik igarotzen nintzen. Udako hilabete beroetan zabalik izaten zituen leiho guztiak, eta instrumentu-soinuak zerizkiola egoten zen eraikina, nork zer jotzen zuen ikusten utzi gabe. Neguko egun hotzetan, berriz, leihoak itxita egon arren, kanporaino iristea lortzen zuten jo eta jo ari ziren musikarien doinuek; apalxeago entzuten ziren, bai, baina magia-izpirik galdu gabe. Eraikina zen instrumentuak jotzen zituena, halaxe ematen zuen behintzat, eta eragile estatikoa izatetik dinamikoa izatera eraldatzen zuen horrek; hunkitzeko eta hunkitua izateko gauza bihurtzen zuen. Hormak notaz gainezka zeuden, eta eraikina bizirik zegoela ematen zuen. Gogoan dut, hotza latza zenean ere, une batez gelditu egiten nintzela eta ingurua hautematen geratzen nintzela bestelako egoera emozional batean: hantxe izaten nintzen, gogoetak bor-bor eta buru bete galdera une batez.

Urteetan zehar, Barbara Krugerrek zera aitortu izan du behin baino gehiagotan: “Arkitektura da nire lehen amodioa: ideiak espazioan kokatzea besterik ez dut egiten nik”1. Aspalditik omen datorkio ingurune eraikiekiko lilura, umetan eraikinak marrazten eta urbanizazioak antolatzen zituen garaitik, hain zuzen. Bai gaztetan aldizkarietarako diseinatzaile editorial gisa aritzen zenean, bai gerora artista gisa jardunda ere, Krugerrek espazio fisikoetan antolatu izan ditu irudiak, hitzak eta soinuak, elementu horiek guztiak lehendik existitzen ziren egitura eta objektuetan txertatuz. Azken finean, arkitektura eta inguru materiala bihurtu ditu bere bitarteko nagusi.

Krugerrek arkitekturari dion maitasunak mundua eta geure existentzia bera ulertzeko modua zalantzan jartzen duen lan-multzo bati eman dio bide. Kultura-erakundeetan eta espazio publikoetan aritu da bere ibilbidean zehar, toki horietako egiturak eta sistemak bere lanekin inbadituz eta blai eginez. Krugerrek mihise bihurtzen ditu hormak, zoruak, sabaiak, eskailerak, fatxadak eta eguneroko objektuak. Horien bidez, agerian jartzen du nola dauden koreografiatuta gure bizitzak, eta azaleratu egiten du kritikatzen ditugun arauekiko dugun konplizitatea. Museoaren arkitektura elementu kontzeptual bihurtzen da Krugerrentzat. Hormak ez dira obrentzako euskarri hutsak; aitzitik, artelanekiko ezartzen dugun hartu-emana finkatzen dute. Artistak arretaz aukeratzen du nora zuzentzen den gure begirada, gure gorputzak non eta nola mugitzen diren. Museoaren esparru fisikoa mediotzat hartuta, gizarteek eta balio-sistemek oinarri oinarrian dituzten azpiegiturak jorratzen ditu Krugerrek. Kontraste handiko kolore ausartak eta esaldi labur bezain, zuzenak ingurune eraikien eskalarekin konbinatzen ditu ikusleak bere lanean murgilarazteko, bai fisikoki bai psikologikoki. Elementu arkitektonikoak estaliz, bilduz eta proiekzio-euskarritzat erabiliz, ingurune murgiltzaileak sortzen ditu. Ingurune iradokitzaileak izaten dira, ikusleak erakarri, goitik behera inguratu eta, azkenik, beren usteen aurrez aurre jarrarazten dituztenak. Arkitektoek espazioak diseinatzen dituzte, baina artistak eraldatu egiten ditu, xede batekin eraldatu ere: gizarteei, politikei eta botere-egiturei eusten dieten oinarri ideologikoak agerian uztea.

Arkitekturak eta arteak harreman luzea dute. Eraikin erlijiosoak dira elkarlan horren adibiderik argienak. Baina Errenazimentuko katedraletan freskoak margotzen zituzten arkitektoek eta artistek, edo meskiten barnealdeak zehaztasun osoz tankeratutako mosaikoz janzten zituztenek, beren lana fedearen zerbitzura jartzea zuten xede, eta Krugerrek, berriz, irauli egin du tradizio hori: abailgarritzat darabil handitasuna, bilgarritzat itxiturak eta zedarritzat ingurunea. Aurkitutako irudiak, bideoak eta esaldiak erabiltzen dituen modu bertsuan jorratzen du Krugerrek arkitektura ere. Jaramonik egiten ez diegun eta nahita baztertzen edo gutxiesten ditugun eguneroko irudiak eta hizkera erabiltzen du arazoak eta buruhausteak azpimarratzeko. Antzera lantzen ditu espazioak ere: maiz oharkabean igarotzen zaizkigun arkitekturako elementu komunak hartu eta bai ala bai ikusteko moduko forma bihurtzen ditu. Eskalak eta hizkuntzak bat egiten dute Krugerrek bizi dituen espazioetan, eta haren adierazpide artistiko bihurtzen dira. Artistak bere lanekin sabai altuak, zutabe luzeak eta zoru zabalak estaltzen dituenean, obrak ez zaizkigu besterik gabe mintzo: beren burua aldarrikatzen dute, indarrez aldarrikatu ere. Buru egiten digute alde guztietatik, sortu dugun munduaz hausnartzera behartzen gaituzte. Inoiz jakintzat jo izan dugun guztia —gure bizitzak akuilatzen, mantentzen eta baldintzatzen dituen balio sistema, sinesmen eta mekanismo oro— auzitan jartzea lortzen du Krugerrek arkitekturarekiko lankidetza estuaren bidez. Bisitarien begirada artearen aurkezpen tradizional, erritmiko eta horizontaletik birbideratuz, Krugerrek testuinguru berri bat txertatzen du espazioan, eta espazioarekiko bizi dugun esperientzia eraldatzen du. Esaldi ezagunekin, umorearekin eta kolore deigarriekin seduzitzen gaituelarik, espazioarekiko intimitatea garatzea ahalbidetzen duten giroak sortzen ditu, zertarako eta gure jokabideen muinari buruzko gogoeta maiz gogor eta deserosoei aurre eginarazteko.

Izan ere, espazioak Krugerrentzat eragile aktiboak dira, performatiboak; gauza dira gure existentziaren konplexutasunak, eragozpenak eta kontraesanak agerrarazteko, baita eratzen eta bizitzen ditugun inguruneak hobeto ulertzen laguntzeko ere. Elementu arkitektonikoak erabiltzen ditu ustekabeko talkak sortzeko, eta mezu zuzenak txertatzen ditu eskala handiko espazioetan; badirudi azken horiek, beren eskala medio, nolabaiteko boterea dutela gure gain. Publizitatearen lengoaia eta estetika erabiltzen dituen bezalaxe, Krugerrek arkitektura ere baliatzen du botereak, generoak, klaseak eta kapitalak atzean dituzten mekanismo konplexuak agerian (ikusgai) jartzeko. Gisa horretara, artelanaren eta ikuslearen arteko espazioa desegin egiten da: artistak, ikusleak eta inguruneak talka egiten dute elkarrekin, eta testuinguruaren eta esanahiaren sortzaile bihurtzen dira. Masa-komunikaziorako baliabideak bere eginez eta mezu zuzenak erabiliz, eragile bakoitzaren bakartasuna apurtzen du Krugerrek, eta denak bat bilakatzen ditu.

Artistak aspaldi txertatu zituen soinua eta mugimendudun irudiak bere lanean, eta azken aldian egin dituen soinudun obrek bitarteko berri bat eskaintzen dute arkitekturarekin loturak ezartzeko eta ikusleekin konektatzeko. Krugerrek berak Rogue Audio edo “soinu-pieza bihurriak” deitzen dituenak artistaren lan bisual askoren antzera eraikitzen dira formari dagokionez. Aurkitutako audio-pasarteak hautatu, begiztan lotu eta muntatu ondoren, erakustaretoetan eta museoetako bestelako guneetan jartzen dira entzungai, han-hemenka. Artistak bere collageetarako erabiltzen duen sans serif letratipoak bezalaxe —adierazpen ausart eta zuzenak distrakziorik gabe helarazteko diseinatua—, Krugerren audio-lanek tankera bereko eguneroko hizkera zuzena baliatzen dute. Agur-mezu, emozio eta sentimendu adierazpen laburrek zuzenean hitz egiten digute. Mota horretako obren ekipamendua ezkutatuta egoten da, eta, beraz, badirudi eraikinetik bertatik datorrela agur- edo maitasun-hitz horietako bakoitza. Londresko Serpentine Galleries erakundearen erakustaretoetako batean, gelak berak “I love you” (“maite zaitut”) aitortzen zien sartuirtenean zebiltzan bisitariei; beste areto batek, berriz, “take care of yourself” (“zaindu zaitez”) aholkatzen zien bertaratuei ahots gozoz. ARoS Aarhus Kunstmuseumeko igogailuan nintzela, ezezagun baten eta bion arteko isiltasun traketsa eten zuen emakume baten bat-bateko ahotsak, zera esanez: “Your call has been forwarded…” (“zure deia desbideratu egin da…”).

Audio-lan horiei esker, Krugerrek bestelako hartu-emana sor dezake obraren, ikusleen eta arkitekturaren artean. Begientzat ikusezinak izaki, ez dute artistaren eskala handiko obren ikuskari bera eskaintzen, baina, aldiz, museoaren eta bisitarien artean lotura intimoa eratzeko aukera ematen dute. Krugerren lanetako batzuek guk geuk sortzen eta hautematen ditugun egitura eta aurreiritzi desorekatu eta berdintasunik gabeen inguruko egia gogorrak uzten dituzte agerian; soinu-piezek, ordea, leuntasun-, harridura-, eta umore-uneak eskaintzen dituzte. Maitasunezko hitzekin eta eguneroko bizitzan entzuten ditugun agur-mezu edo esaldiekin seduzitzen gaitu museoak, eta kontraste handiko letraz idatzitako testu gogaikarri baten aurrean jartzen ez bagaituzte ere, Rogue Audio lanek badute halako zelata-kutsu bat. Erabat inguratuta gauzkaten lan bisualekin hartu-emana eraikitzen ari garela, bat-batean ahots bat agertzen zaigu auskalo nondik, gure arreta bereganatu nahian. Beste lan guztiak bezala, nolako lekua, halako moduan instalatzen ditu Krugerrek pieza horiek: kontuan hartzen du gune bakoitza nola erabiltzen den eta ikusleek zer-nolako interakzioa duten haiekin, eta ezustean harrapatzen gaituzten uneak sortzen ditu horrela. Lanek zuzeneko erantzunik onartzen ez badute ere —entzungor egitea ez bada—, hausnarketarako gonbita luzatzen dute: barne- zein kanpo-elkarrizketa sustatzen dute, izan maitekorra, kritikoa zein anbiguoa. Ikusleen esperientzia leunki oztopatuz, une batez gelditzera bultzatzen gaituzte, eraiki dugun komunikazio- eta interakzio-kultura birplanteatzera.

[Itzulpena: Rosetta testu zerbitzuak]

Oharrak

  1. Arkitekturari dion maitasunaz hitz egin izan du Krugerrek bere erakusketekin eta beste proiektu batzuekin lotutako solasaldi eta grabazioetan. Ikus “Part of the Discourse: Barbara Kruger”, Art21 (2018), https://art21. org/watch/ extended-play/ barbara-krugerpart- of-the-discourse- short/ [kontsulta eguna: apirilak 4, 2025]; eta “Barbara Kruger: In Conversation with Iwona Blazwick, from Modern Art Oxford”, this is tomorrow (2014), https://www. youtube.com/ watch?v=pO_ 4frg7efQ [kontsulta eguna: apirilak 4, 2025].