Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

302 aretoa

Info gehiago

Iruzkinak

Sarrera

Ongi etorriak Tximistaz Zauritutako Dorrea.: Ezinezkoa Helburutzat erakusketara. Gure amonek gure buruari garrantzi gehiegi ematen ari ginela uste zutenean zera esaten ohi ziguten “Beti harro eta beti txarto”. Txikitan ikasten ditugun esaera zaharrak bizitza osoan gogoratzen ditugu askotan, eta eragina izaten dute heldutasunean dugun jokamoldean, sasi-egiak izaten direla konturatzen garen arren. Adibidez, kontrakoa ere esan ziezaguketen, horrelako zerbait: “Bustitzeko beldur denak, arrainik atzematen ez”. Izan ere, azken atsotitz hori gure gaztetako handinahia sustatzeko baliagarria izan zitekeen.

Honelako atsotitzek ordainak izaten dituzte hizkuntza eta kultura gehienetan. Giza ahalmenaren funtsa laburbiltzen dute: ausardiaz eta kontuz ibiltzeko beharra, umiltasun eta kemenaren premia. Gizakia bezain antzinakoak diren itxaropenak eta beldurrak ematen dituzte aditzera esaera hauek: kondaira eta mito askotan adierazitako sentimenduak azken batean. Biblian esaterako, Nemrod erregea agertzen zaigu zeruraino iritsiko zen dorre luze bat eraiki nahian. Bere jabetzako lurretan sartzeko saiakera horri erantzuteko, Jainkoak nahastea zabaldu zuen dorrea eraikitzen ari zirenen artean. Hizkuntza berriak sortu zituen elkar ulertzerik izan ez zezaten, eta hala, Babelgo Dorrea nahasmen eta harmonia faltaren sinonimo bihurtu zen. Nemroden ametsa suntsitzearekin batera, gizakion nahieraren eta neurrigabeko goranahiaren zorigaitzeko sinbolo bihurtu zen Babelgo Dorrea.

Tximista Jainkoak bere haserrea adierazteko darabilen tresnatzat hartu izan da aspaldidanik. Zeus jainkoa haserrarazten zutenei, tximistak botatzen omen zizkien hark, eta Kristo hil ondoren, tenploko beloa erditik egin zuen ekaitz bortitza hasi zen. Gaur egun ez dugu espero zigorra hodei artetik etorriko zaigunik, baina nolabaiteko begirunea diegu oraindik naturako indarrei; izan ere, erronka egiten diegunean, arriskutsua izan dakigukeela badakigu.

Erakusketa honen izenak, Tximistaz Zauritutako Dorrea, goranahia eta harropuzkeria ditu oinarritzat: gure muga fisikoak zein adimenekoak gainditzeko borroka, batetik, eta muga horiek aintzakotzat hartzeko zuhurtziarik ez dutenek jasan behar dituzten arriskuak, bestetik. Erakusketa honetako komisarioak, Javier González de Durana-k, Euskal Herriko eta Espainiako sei autore gonbidatu ditu, berariaz erakusketa honetarako egindako lanekin gai honi buruz duten ikuspegia adieraz dezaten. Lan horietako asko museoko espazio jakin batzuetarako diseinatu dira eta desmuntatu egingo dira erakusketa amaitzean. Beste zenbaitzuk beste erakustoki batzuetara eramango dituzte beharbada, baina nekez hartuko dute gure museoan duten forma bera. Betiereko baloreak laudatu eta betiko irauten duten objektuak sortu beharrean, artista hauek helburu errealistagoak izan dituzte lanok sortzean. Beren garaiaz ari dira eta beren garaiko jendeari zuzentzen zaizkio, iraupen laburra duten edota ingurune berri batera egokitu daitezkeen lan hauen bidez. Instalazio-arteak nolabaiteko umiltasuna erakusten du (giza lorpenen mugen gaineko ezagutza eta begirunea), eta horren ondorioz instalazio hauek adierazmolde ezagun bihurtu dira azken urteotan. Izan ere, erakusketa honetako artistek, denak ere hogeita hamar urtekoak edo, ondo ezagutzen baitute lan egiteko modu hori.

Erakusketaren babesleak El Correo Español eta El Diario Vasco dira.

BESTE ATALAK

Sarrera

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

302 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

303 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

304 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

301 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago