Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

Sarrera

Info gehiago

303 aretoa

Info gehiago

Iruzkinak

302 aretoa

Babelgo Dorrearen irudi gogoangarriena (espiral baten forma duen egitura gisa behintzat) Pieter Brueghel Zaharrak 1563an margotutako Babelgo Dorrea izan zen. Hala ere, orduz gero mito gisa zuen esanahiaren funtsa handiena galduz joan da dorrearen ideia. Etxe-orratzak izugarri ugaritu dira planeta osoan zehar, eta Jainkoak ez ditu New Yorkeko World Trade Center-eko dorre bikiak eraitsi, eta ez du Hong Kong-eko Shangai Bankuko egoitza ere suntsitu. Etxe-orratz hauek eta gure hirietan altxatzen diren beste askok gure katedralak txikiak iruditzea eragiten dute, eta hala, garai batean zoramen eta harropuzkeria sinbolo izan zena, munduko arrakastaren ikur bilakatu da.

Hala ere, espiralaren irudiak eragin handia du oraindik gaur egungo irudimenean. Hain da horrela areto honetan bi espiral gailentzen direla. Horietako bat Zulo bat sabaian izenburua duena da, Javier Pérez artista bilbotarrak egina. Artistak kristalezko espiral bat sortu du. Espiral honetako 21 mailek gorantz bideratzen dute gure begirada, sabaian barrena, sabai horretako argizuloraino, Babelgo dorrea zerurantz luzatzen zen modu berean. Argia antzinatetik jakituriaren sinboloa izan da: egitura magiko hau argirantz altxatzen da eta beherantz bideratzen du argitasuna bere gainazal gardenetan zehar. Baldintza fisikoei uko eginez, ideia huts bihurtzeko borrokan ari da, instalazio hau gure gorputzaren errealitatetik haraindi joan, eta jakituria izpirituala edo adimenekoa lortzeko nahiaren irudikapena baita azken batean.

Bigarren espirala aretoaren kontrako aldean kokatzen da. Leopoldo Ferrán eta Agustina Otero artista-bikoteak sortutako Oso urruti al zoaz? izeneko lana da. Egurrezko arrapala sendoak izatasun lurtarra du, eta bere pisuak eta dentsitateak gorputzarekin lotzen dute argiro izpirituarekin baino gehiago: oinen mugimenduarekin lotzen dute, beraz, gogoaren mugimenduarekin baino. Hala eta guztiz ere, espiralak ez du aingura sendorik lurrean. Nylonezko soketatik zintzilik dago, eta bere pisua zementuzko bola astun batzuen bidez orekatzen da. Zerurantz hazteko gure nahiaren sinboloa baino, jainkoak gure mundura jaitsi eta gurekin bat egiteko gonbitea dirudi arrapala honek.

Areto honetan aurkituko duzun beste lanetako bat Mana izenburua du eta Gabriel Díaz-ek egin du. Artista honen lanetan lebitazioa gauzagarria dela frogatzeko erabaki sendoa sumatzen da. Arroka bat ikus dezakegu metakrilatozko oin batzuetan bermatuta, oin horiek arroka eusteko hauskorregiak diruditela. Dena dela, alabastrozkoa da arroka (harri arina eta biguna beraz) eta Díazek hustu egin du arroka horren muina, pisua areago arintzeko. Lan honen izenburuak, Mana, harrigarriagoa bihurtzen du trikimailua. Izan ere, arroka jan daitekeen zerbait dela esan nahi baitu, basamortuan elikagairik gabe zeudela, Jainkoak israeldarrei igorri zien janaria alegia.

Eskultura anbiguoa da: fedearen indarraren ospakizuna izan liteke, edota ikusten dutena sinesberek bakarrik sinesten dutela dioskun oharpen ironikoa, bestela. Hala ere, argi dago Gabriel Díazek berak Nire etxe gainean erori zen meteoritoa izeneko bideoan erakusten duen beste arroka hori lurrerantz abiatzen dela. Hurreratu lan horretara eta begiratu arretaz. Ikuskizun honi bizitasun handia ematen diona, benetako gertakaria dela konturatzea dugu; alegia, agerikoa da ez dagoela inolako trikimailu ezkuturik. Filmaketa oso arriskutsua izan zen; hegazkin batetik arroka bat bota eta aldi berean jausgailuan jauzi egin zuten kameralariek grabatu baitzuten arrokaren erorialdia. Mana izeneko aurreko eskulturak eta bideoak elkar osatzen dute; bakoitzak ezohikotasun handiagoa ematen dio besteari, batak errealitatea grabatzen badu, besteak gezurrezko lekukotza eman behar du.

Javier Pérez-en 60 eskailera-maila (Perpetuum mobile) izeneko instalazioa ikusiko dugu ondoren. Bertan artistak umore askoz beltzagoa darabil. Bideo batean gizon bat ikus dezakegu biluzik horma batean gora doala. Goraino igotzen den bakoitzean, beste maila batera iristen da, eta igo beharreko beste horma bat agertzen zaio. Igoera honek Sisifo-ren eginahalak dakarzkigu gogora, Grezia zaharreko mitoaren arabera, mendiska baten gailurrerantz arroka bat herrestan eramatera kondenatua izan baitzen betiko. Gailurrera iristen zen bakoitzean, harria askatu eta mendi-hegalean behera amiltzen zen; eta ondorioz ez zuen inoiz lortzen bere egitekoa burutzea.

Ondoko horman, 60 mailako eskailera zirkular baten maketa ikus dezakegu hormari itsatsita. Bideoan eskaileran gora ikusten duguna maila berri batera iristen den bakoitzean, eskailera-maila bat birarazten da maketan. Mugimendu honek, argi-foku baten bidez nabarmentzen dena, eskaileraren itzal handitua sortzen du horman. Bere kaiolako gurpila birarazten duen jerbo batek, arima atsekabetu honek bere eginahal amaigabean lortzen dituen emaitza antzu eta etsigarri berberak lortzen ditu.

Artistaren kristalezko espiralak itxaropen-eredu bat eskaintzen zigun, eta instalazio honek, berriz, gizakion asmoak ezinbestean porrot egingo dutela iradokitzen digu: gure asmoak handiagoak baitira beti gure ahalmenak baino. Hala eta guztiz ere, gure asmoak lortu ezinekoak izanik ere, gizateriak aurrerapenik egingo badu, eutsi egin beharko dio aurrerabidearen aldeko borrokari.

Bilatu aretoan Leopoldo Ferránek eta Agustina Oterok egindako Titulurik gabea lana. Bitartean gogorarazi nahi dizut Sisiforen mitoak handinahiaren arriskuez ohartarazten gaituen bezala, Adam-i eta Eva-ri buruzko istorio biblikoak jakinminaren arriskuak aurkezten dizkigula. Erich Fromm filosofoak dioskunez, agindutakoari muzin egitean Evak pertsonak eta animaliak desberdintzen dituen kontzientzia sortu zuen. (Sagarrari kosk egiteak biluzik zeudela konturarazi zituen Eva eta Adam). Gertakari hau eta aginpideari aurre egitea, jakintza-egarria sortzen duten ezaugarriak dira Frommen iritziz.

Eva agindutakoari muzin egitera bultzatu zuen sugea bikoiztasun maltzurraren sinboloa bihurtu da; hala ere, aldiro-aldiro azalberritzen dela eta, eraberritzearen sinbolo ere bihurtu du. Ferránen eta Oteroren lan honetan sugea narrasean doa horman gora arrautza zuri handi baterantz, eraso egiteko itxuraz. Irudi honen esanahia anbiguoa da, baina argi ulertzen da jakituriak inozentzia suntsitzen badu ere, araztasuna egoera antzua dela. Ezagutza (sexuala zein nolanahikoa) beharrezkoa da bai ugalketarako bai aurrerabidea lortzeko.

BESTE ATALAK

Sarrera

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

302 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

303 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

304 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago

301 aretoa

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat, Iruzkina, 2000

Info gehiago