Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

Filosofia. Richard Serra, 2005‑05‑20

Info gehiago

Iruzkinak

Eskulturen artean ibiltzen. Richard Serra, 2005-05-20

Izenburua:
Eskulturen artean ibiltzen. Richard Serra, 2005-05-20
Erakusketa:
Richard Serra: Denboraren materia
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Denbora | Espazioa | Forma | Materiala | Perspektiba | Psikologia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Hasteko, uste dut komeni dela ikusleari esatea ez dagoela norberak nondik ibili behar duen adierazten duen hierarkiarik. Dena den, hasieran bertan hiru lan handi daudenez, norberak erabaki behar du horietako zeinetatik joko duen.

Eskultura txikienera jo dezakezu, hau da, ezkerretara dagoen elipse bihurritu bakunera. Agian, lan hori da erakusketa osoaren gakoa. Elipse bihurritua zer den ulertzeko honako hau irudikatu behar duzu: obalo bat lurrean, eta beste obalo bat airean, berdina baina alderantziz jarria, eta hori guztia bi hazbeteko altzairu xafla lodi batek inguratzen du. Eskultura horretara sartzen bazara, hura zuregana edo zure buruaren gainetik makur daiteke, edo zuregandik bost oin urrundu hainbat lekutan. Beraz, ez dago goranzko lerro bertikalik, eta piezaren erdigunean zabiltzanean, pieza bi norabideetako baterantz makurtzen da beti: zuregana makurtzen da, edo zuregandik urruntzen da. Elipse bihurrituaren berezitasuna da, goialdean erradiorekiko erlazioa ez dela aldatzen.

Esate baterako, loreontzi baten goialdea zabaldu egiten da, eta lanpara baten pantaila, aldiz, estutu. Aipatu horiek kono formako ebakidura dute. Esan nahi dudana da, pieza horiek konoz edo kono zatiz eginda daudenez, haien erradioa aldatu egiten dela, gorantz zein beherantz joan ahala. Kontua da eskultura honetan erradioa ez dela aldatzen. Hori huskeria baino ez dela pentsatuko dute askok. Baina, hain zuzen ere, erradioa aldatzen ez delako eta altzairua okertzen ez delako eskultura zuregana hurbil edo zuregandik urrun daiteke. Kontzeptuzko gertaera da. Agian, pertsona batzuk harritu egingo dira, forma hori ez baita orain arte ez naturan ez eta arkitekturan ere ikusi.

Erroman, Borromini arkitektoaren San Karlos eliza ikusi nuen, eta kupula behar bezala interpretatu ez nuenez, elipsea bihurri nezakeela pentsatu nuen. Lehenengo pieza hau, zuregana makurtzen eta zuregandik urruntzen dena, beste pieza bat ulertzeko gakoa da, espiral handiaren eskuineko aldean dagoen pieza, hain zuzen. Beharbada, pieza horretara aurretik sartu zara. Han elipse bakun bat dago, beste elipse handi eta bakun baten barruan. Hau da, barrukoa kanpokoan txertatuta dago. Elipseak bi ardatz ditu, luzea bata eta laburra bestea. Biribilak, berriz, erdigunearekiko erradio bera du beti. Ardatz luzea eta ardatz laburra dituenez, elipse txikiena handienaren barruan jira daiteke. Hala, bada, elipse handitik txikira pasatzeko ibili behar dituzun pasabideak irekitzen edo ixten dira, eta zuregana hurbildu edota zuregandik urrundu egiten dira.

Beraz, lehenengo elipse bihurrituak sortu ditu lanaren aukerak, bai modu paraleloan okertzeko, zuregana makurtzeko edo zuregandik urruntzeko, bai goiko aldean irekitzeko edo ixteko, nahiz eskuineko aldean modu paraleloan okertzeko. Pieza horretatik ateratzean, suge handi bat dago. Suge hori 1999az geroztik dago han. Haren lehenengo erdiaren tamaina dela medio, pieza hori modu proportzionalean dago loturik gelari eta beste piezei. .

Orain lan guztiek multzo koherentea osatzen dute, eta hizkuntza koherentea darabilte. Sugea‑n barrena ibiliz, kono formako egitura batez osatua dagoela ikusiko duzu. Hori da lehen aipatu dudana. Sugea hasierako forma da. Orduz geroztik pieza horiek garatu egin dira, eta elipse bihurrituak ekarri dituzte, eta ondoren, espiralak. Egon zaren pieza bikoitza horretan pentsatuz gero, sartzean eskuinetara dagoen piezan, hain zuzen ere, errazagoa da irudikatzea nola heldu naizen espirala sortzera. Barruan txertatua dagoen forma biribila hartu, eta kanpoko formarekin lotuz sortzen da espirala. Kontua da espiralak ez duela erdigunerik. Beraz, nolabait esatearren, bukaerara heltzen zarenean, oso nahasita sentitzen zara, igaro duzun pasabidearen desoreka dela medio.

Sugea‑ren beste aldean, aretoak behera egiten duen zatian, hau da, aretoaren atzeko erdian, beste espiral bat dago. Haren izena Jo ezkerretara da. Hurbil zaitez lan horretara. Sartzen zarenean, pieza noranzko batera okertzen da. Eman dezagun 6etan sartzen zarela, pieza guztiz okertzen da eskuinaldera, 12ak jo arte. Atzera itzultzen bazara, norabide berean okertzen jarraitzen du. Baina orain kontrako noranzkoan ibiltzen ari zarenez, zuregandik urruntzen ari da, lehen zuregana hurbiltzen zen lekuan. Espiral honek, oso soila eta abstraktua izaki, gehien nahasten gaituena da, eremu osoaren pertzepzioa aldatzeari dagokionez. Gainera, lehenengo espiralean ez bezalako zerbait gertatzen da espiral honetan. Pieza zabaldu egiten da, eta azkenean erdiko hutsarte handira heltzen zara. Gune horren ardatz luzeenak 40 oin ditu. Gertatzen dena da goiko ertzak 60 ‑ 80 oin bitarteko sabaia zatia mugatzen duela. Zati hori aretoaren aurreko erdiari dagokio. Horrela, arkitektura bere esparrura itzul dadin lortzen da.

Beste espazio batean egon arren, atzera begiratzean Gehry-ren eraikineko teilatuaren xehetasunak, hots, euskarriak, habeak eta arkuak ikusten dituzu. Horrela, arkitektura eta haren sintaxia zure pertzepzioarekin harremanetan jartzen dira. Zuetako batzuei honako hau gertatuko zaizue pieza honetan: ateratzen zaretenean, kontrako noranzkoan egon beharko zenuketela usteko duzue, eta, horren ondorioz, zalantza sortuko zaizue iparra eta hegoa non dauden hautemateko. Hori ez zait niri bakarrik gertatu, pieza honetan egon den ia jende guztiaren esperientzia izan da.

Hurrengo lana hirugarren espirala da. Beste biekin alderatuta, espiral horrek beste modu batean egiten du gora. Estuagoa eta bertikalagoa da, irekitzen eta ixten da. Era berean, ezkerretara eta eskuinetara okertzen da haren barruan ibiltzen zarenean. Haren tempoa aldatu egiten da, azkarrago edo mantsoago zabiltzalako irudipena izango duzu, han nabigatzea aurreko bi espiraletan baino korapilatsuagoa delako. Pieza honen muinera heltzen zarenean, askoz bertikalagoa dela nabarituko duzu. Pisua aldatu egin da, beheko pisutasuna pisutasun falta bihurtzen da goiko aldean. Pieza honen muinera sartzea, beraz, lehenengo pieza bakun horretara sartzea bezalakoa da. Piezaren tonek pisurik ez dutela ematen du.

Hori esanda, orain erakusketako azken bi piezetan sartuko gara. Toruz eta esferez osatutako piezak dira. Funtsean, toru formak kanpo oskol bat du, erroskila bat gogora ekarrita, esferikoa dena, eta erroskilaren barruko forma, toruaren forma, alegia, zure hatzeko eraztuna bezalakoa da. Hau da, alderantzizko norabidea du: noranzko batean, goitik behera kurbatzen da; baina, beste noranzkoan, luzeran kurbatzen da. Hatzeko eraztuna gogoan izanda, toruaren barrualdea, beraz, esfera baten desberdina da, esfera norabide bakarrean baino ez baita kurbatzen. Nik lau toru eta lau esfera hartu ditut, eta lerroka eta bata bestearen ondoan jarri ditut. Horrela, hainbat konbinazio eratu ditut, haietan zehar ibiltzeko modukoak. Jarri baino ez ditut egin, eta, hortaz, bi esferaren artean ibil zaitezke, edo bi toruren artean, edo zuregana makurtzen den toru baten eta zuregandik urrunduz makurtzen den esfera baten artean, edo alderantziz... Konbinazio asko dagoenez, bidezidor ugaritan zehar ibil daiteke, bidezidorrak bakarrak dira, eta pasabideak trinkotu, estutu edo luzatu egiten dira.

Gero erakusketako azken piezara iristen zara. Piezaren izena Alderantzizko puntu itsua da. Lehen aipatu ditudan toru eta esferei dagokienez, interesgarriena da erradio berbera dutela; horren ondorioz, bukaeran haiekin bat egin dezakezu. Antolamendu honekin, beraz, museoko bukaera‑bukaeran, sabaia oso apala den eta horma mehea piezaren gainetik barrurantz flotatzen den lekuan, esparru batean sartuko zara, eta bi esferaren artean ibiliko zara. Bidezidorraren seiren bat egin duzunean, zuzenean joango zara itxuraz altzairuzko beste pieza baten horma soila dagoen alderantz. Hori gero, torua da. Bazabiltza bi toruren artean, eta eremua alderantzikatu egiten da, eta bazabiltza bi esferaren artean, eta gero bi toruren artean, eta gero bi esferaren artean. Lehen etapa egin duzunerako, noranzko batean hirurogei oin inguru ibili zara.

Bigarren etapa egiten duzunean, ia‑ia aurkako noranzkoan zabiltza: pieza hau ez da zirkulua, oso oboide estua baizik. Aurkako noranzkoan zabiltzanean, berrogeita hamar oin inguru egingo dituzu, eta abar.

Bidezidorretik zabiltzala, hortaz, itxuraz uzkurtzen den horma soil baterantz joango zara hainbat tokitan, eta zu zatozen punturantz, hain zuzen, uzkurtzen da. Hori gertatzen den bakoitzean, apur bat sentitzen duzu espazioaren trinkotzea, non zuk ez duzun norabidea ezagutzen, gehiegi luzatu dela, eta, beharbada, ez dagoela irteerarik. Eta, orduan, oso esparru estu, altu eta itxira iristen zara; toruz eta esferez osatuta dago, eta piezaren erdigunea da.

Pieza guztien artean, beharbada honek du lotura gehien psikologiarekin. Bukaeran jarrita dago, nire ustez, behin pieza hau ibili eta gero ulertuko duzulako eremu osoak, garatzen den bitartean, hizkuntzarekin duen harremana. Eta berdin dio nola iritsi zaren piezara: lehenetik, bigarrenetik nahiz hirugarrenetik hasita; edo lehenetik laugarrenera zuzenean joanda; edo batetik bestera ibili ondoren, lehendabizi azken piezan suertatuta.

Instalazio honekin lortu nahi nuen gauzetako bat ageri‑agerian dago: hizkuntza koherente horri baturik eutsi nahi nion. Formen hizkuntza da, eta hamabi bat urtez lan egin dut haren gainean. Laurogeiko hamarkadaren bukaeran eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, aurrerapauso handia gertatu zitzaidan lehen elipse bihurritua eraikitzeko. Lehena egiteko, hiru urte behar izan genituen; izan ere, ez genuen aurkitu programa informatikoa ulertzeko gai zen fabrikatzailerik. Baina lehen elipse bihurrituaren emaitzak lorturik, seriea luzatu egin da, eta, orain, Bilboko jendearen engaiamenduari esker, bakarrik neure buruan irudika nezakeen instalazio mota egin ahal izan dut, eta hainbat lan batera aurkeztu ahal izan dut, multzo koherente batean, hizkuntza batean. Espazio osoaz esan daitekeen gauzetako bat da, batetik, senti dezakezula, pieza batzuetan sartuz gero, oso pribatua, oso psikologikoa eta oso pertsonala dela; eta gero, espazio zabalera atera ondoren, senti dezakezula askoz publikoagoa, jendartekoagoa dela.

Hala, bada, instalazioak, ziur aski, bi maila ditu komunikazioari dagokionez: norberarena eta jendartekoa. Badu jende asko hara‑hona dabilen espazio bat, eta badu beste espazio bat oso pribatua eta barrukoa dena, eta norbera hara sar daiteke. Espero dut instalazio osoaren bai espazio pribatuak bai eta espazio publikoak ere bat egin dezaten, eta jendeak jendea jendartean ikus dezan. Halaber, espero dut jendeak lan honekin izango duen harremana ez izatea bereziki eskulturaren estetikari dagokion harreman hutsa, baizik eta biltzeko lekutzat har dezan. Lanak pentsamendurako katalizatzailearena egiten badu, eta jendearen ideiak aldatzeko edo pentsamendu berriak sorrarazteko balio badu, horrek emango didan poza eskulturaren aukera baten balio estetikoaz ohartzera mugatutako harremanak ematen didan berbera izango da.

BESTE ATALAK

Eskulturen artean ibiltzen. Richard Serra, 2005-05-20

Richard Serra: Denboraren materia, Iruzkina, 2019

Info gehiago

Filosofia. Richard Serra, 2005‑05‑20

Richard Serra: Denboraren materia, Iruzkina, 2019

Info gehiago