Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

Eskulturen artean ibiltzen. Richard Serra, 2005-05-20

Info gehiago

Iruzkinak

Filosofia. Richard Serra, 2005‑05‑20

Izenburua:
Filosofia. Richard Serra, 2005‑05‑20
Erakusketa:
Richard Serra: Denboraren materia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Denbora | Forma | Materiala | Perspektiba | Psikologia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Lan honen izenburua Denboraren materia da; izan ere, denbora izan zen lan eremu osoa bateratzeko ekarpen nagusia, eta denboraren arabera esperimenta daitezke iraupenari lotzen zaizkion hainbat maila. Ez da denbora erreala, hots, ez da erlojuak markatzen duena. Uste dut arteak egin ditzakeen gauzetako bat esperimentatzen duzun lanaren denbora aldatzea dela.

Orain aipatzen ari naizena ez da 1960. edo 1970. urteen ingururaino modernismoa izan dena. Hor, normalean, denbora objektuetan adierazten da. Cézanne margolariak egindako lan bati behatuz gero, gaia mahai gaineko sagarrak dira; edo denbora margolaneko paisaian dago, edo denbora edukian dago. Denbora, edo narratiboa edo kronologikoa da. Nire piezen oinarria gaiak dira, baina gaia ez dira sagarrak eta laranjak, baizik eta zu zeu zara, hau da, piezen artetik zabiltzan hori, espazioan ibiltzean piezak horiek esperimentatzen dituzularik zeure denbora pribatuarekiko erlazioan, zeure denbora pertsonalarekiko erlazioan, zeure gorputz erritmoarekiko eta mugimenduarekiko erlazioan. Ondorioz, Denboraren materia izena jarri diot, geruzatan banatutako denborazkotasuna lantzeko.

Gutxi gorabehera berrogei urte daramat altzairua erabiltzen. Uste dut materiala hautatzea beti dela afera pertsonala eta pribatua, eta materiak duen potentzialari buruzko jakintza zehatzetik datorrela. Hala ere, uste dut materiak forma inposatzen diola formari. Kontzeptuen aldetik, batek esan dezake: «eskultura bat egingo dut, eta ez dut zehaztuko zer materialetakoa izan behar duen». Baina kasu horretan, norberak ez dio arreta jartzen lanaren edukiarekin duen erantzukizunari, materiak beti inposatzen diolako bere forma formari. Bururatzen bazaizu objektu edo eskultura bat, oinez alde batetik bestera zeharkatzen duzuna, altzairuz egina dela, horrek badu erlazio bat zure gorputzarekin. Zurezkoa dela pentsatzen baduzu, bestelako erlazioa izango duzu; beirazkoa dela pentsatuz gero, bestelakoa; plastikozkoa dela pentsatuz gero, bestelakoa.

Horrela, gai naiz hainbat tona altzairu hartu eta bizkor‑bizkor higiarazteko. Hartara, mugimenduarekin duzun erlazioarekin badu harremana ea nola esperimentatzen duzun haren grabitazio karga, haren gainazalarekin erlazioan, zure mugitzeko moduari lotuta. Nolabait, Louis Khan‑era itzultzea da, honako hau esan zuen hartara: «adreiluari galdetzen diot zer izan beharko lukeen». Hortik asko galdu da gaur egungo arkitekturan eta eskulturan; izan ere, atzera‑buelta gertatu da, itzulera egon da objekturantz eta lehentasunetarako nolabaiteko paketatzerantz, alde batera utzita norberaren gorputza atari zabalarekiko erlazioan ulertzea.

Denboraren materia lanaren ikuspegia ez da bat etorriko eta aldatu egingo da. Batzuk lanari alderdikeriaz eta aurreiritziz hurbilduko zaizkio, guztiok jokatzen baitugu horrela batzuetan; eta, beste batzuk, ulertzeko irekita hurbilduko dira. Ez dago zertan eskulturari buruz ezer jakin, lan hau esperimentatzeko. Lan honekin esperimentatzen dena, eta ez dezala esoterikoegia eman, norbera da; hau da, norbera esperimentatzen da instalazio guztian ibiltzen den bitartean lana esperimentatzen duela.

Hortaz, esperientzia askotarikoa, anitza eta irekia da, eta edonork har dezake parte, osorik zein zati batean, edo itzul daiteke. Uste dut instalazioa osorik bisitatzeko ordubetetik gora behar dela, eta uste dut jendea nahierara etorri eta joango dela; kafetegira joango dira, noraezean pieza baten barrena ibiliko dira… baina ez dago hierarkiarik bisitarako, ez dago esperimentatzeko era arauturik, norberaren baitan dago bisita nola egin.

Uste dut azkenaldiko arkitektura gaizki ulertu dela, eta ustezko arkitektoek eskultura eraikitzen ari direla diote. Horri buruz pentsatzen jarriz gero, Gehry-ren eraikin honen arkitekturari oso ona deritzot. Uste dut oso era egokian dagoela tokian jarrita. Uste dut oso zirkulazio ona duela, baina arkitektura beti da denbora narratiboa. Eraikinean sartzen zara, gelan zehar ibiltzen zara, eskailerak igotzen dituzu, igogailuan sartzen zara, komunera zoaz… arkitekturaren programa narrazioak badu beti berezko narrazio bat. Eta denbora kronologikoa ere bada arkitekturan.

Badugu beste desberdintasun handi bat. Eraikin batek gainazal lerromakurra baldin badu kanpotik, azpian altzairuzko egitura lerrozuzena dago, gainazal horri eusteko. Horrela, kanpoko planoak makurrak izatea, hala nola Bilboko eraikin honetan, apaingarria da. Hau da, gainazala erabiltzen da agertokia taxutzeko, baina horrek ez du harremanik eraikineko eskoramenduaren egiturazko printzipio tektonikoekin. Batere eskulturarik izango bada, lan bati eskultura deitu behar badiogu, orduan, badirudi hemeretzigarren mendean egiten ziren bezalakoa izango dela; hots, armazoi bat egin, eta zerbaitekin bildu. Hala egin zen Askatasunaren Estatua, hori zen eskultura eraikitzeko hemeretzigarren mendeko nozioa.

Aitzitik, nire piezak zoruan sustraituta daude; ez dira eraikitzen egitura barruan dutela, piezen forma baita piezen egitura. Egitura orekaren erlazioa da, eta hori da eskulturaren izaeraren eta arkitekturaren izaeraren arteko eskulturazko aldea.

 

BESTE ATALAK

Eskulturen artean ibiltzen. Richard Serra, 2005-05-20

Richard Serra: Denboraren materia, Iruzkina, 2019

Info gehiago

Filosofia. Richard Serra, 2005‑05‑20

Richard Serra: Denboraren materia, Iruzkina, 2019

Info gehiago