Edukira zuzenean joan

Henri Rousseau

Henri Rousseau [II]

Info gehiago

Atalak

Henri Rousseau [I]

Henri Rousseau-ren (1844–1910) artea ohiko mugetatik aldendu zen eta lurralde berri batean sartu. Lanbidez mugazaina izana, Rousseau aisialdian hasi zen margotzen eta ez zuen arte-ikasketa ofizialik burutu. Urte batzuk igaro ziren bere artea, denbora luzez naiftzat hartu zena, Parisko arte-aretoetan ontzat eman zuten arte. Guillaume Apollinaire poeta eta Pablo Picasso, Fernand Léger, Robert Delaunay eta Vasily Kandisky moduko artistak izan ziren lehenak Rousseauren ezohiko gaitasuna eta garrantzia aintzat hartzen.

Rousseauren heriotzaren mendeurrenean, omenaldi honek era laburrean azaltzen du Rousseauk nola moldatu zituen hirietako eta naturako elementuak bere ikusmoldean. Erakusketa honetarako aukeratutako artelanek aditzera ematen dute artistaren lan egiteko era: osagai bakunak, hau da, hostoak, zuhaitzak, irudiak edo konposizio-egiturak, kopiatzen zituen sortzen zuen margo bakoitzean. Rousseau-k margotzeko espazioa definitu zuen elementuak atzealdetik lehenengo planora antolatuz eta metodo horri kubistek jarraitu zioten geroago. Pilaketan oinarritzen den antolaera horrek margotutako collage baten antza du eta margotzeko planoaren autonomia, gerora modernotasunaren ezaugarri, aurreratu zuen.

Rousseauren teknikak artista eta lagun gazteak liluratu zituen, bereziki Picasso eta Léger, bere lanak miretsi eta bildu zituztenak.

Rousseauk ikuspegi irudimentsua erabili zuen bere pinturetan. Errealitatea hautemateko eta jasotzeko ikusten zuena behatzen, imitatzen eta eraldatzen zuen. Hala, artista modernoei erakutsi zien ezezaguna elementu ezagunak baliatuz irudikatzen. Rousseauk ondorengo artisten belaunaldian, batez ere Max Ernst eta René Magritte surrealistengan, eragina izan zuen logika berri bat eta sortzeko baliabide berriak ezarri zituen.

Bisitariek Rousseauren ezohiko erretratuak ezagutuko dituzte, baita Frantziako hirien eta paisaien pintura poetikoak ere; horietan argi azaltzen da egunerokotasunetik misteriozkotasunera eman zuen pausoa. Erakusketaren amaieran oihanen pintura ezagunen aukeraketa dago. Artista oihan batean inoiz izan ez bazen ere, baso birjinak eta bertako bizilagunak irudikatu zituen, irudimen handia eta kolore ugari erabiliz. Rousseauren konposizio fantastikoak, eta sarritan ametsetakoak, arte modernoaren sorreran izan zen fantasiaren berraurkikuntzaren lekuko dira. Arrakasta handia izan zuen artea beste munduetara ireki zuenean; horrek eragin handia izan zuen kubistengan eta surrealistengan eta, egun, artezaleak liluratzen ditu.

BESTE ATALAK

Henri Rousseau [I]

Henri Rousseau, Atala, 2010

Info gehiago

Henri Rousseau [II]

Henri Rousseau, Atala, 2010

Info gehiago

Henri Rousseau [III]

Henri Rousseau, Atala, 2010

Info gehiago