Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 1900–1945
Kubismoa eta abangoardia
Surrealismoa eta abstrakzioa
Atalak
Modernotasuna eta tradizioa
- Izenburua:
- Modernotasuna eta tradizioa
- Erakusketa:
- Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 1900–1945
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artea eta zientzia | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Materiala | Paisaia | Espiritualtasuna | Lehen Mundu Gerra | Herri-kultura | Paris | Guillaume Apollinaire
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Kubismoa | Orfismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Brancusi, Constantin | Chagall, Marc | Delaunay, Robert | Delaunay-Terk, Sonia
Lehen Mundu Gerra aurreko eta ondorengo urteetan, artistak Kubismoaren ikusizko lengoaiaz baliatu ziren hainbat helburu lortzeko, hala nola, hainbat estilo uztartzea, abstrakzio hutsa eta zientzia modernoa ikertzea eta garai hartako lanei tradizio herrikoien espiritualitatea ematea. Robert Delaunay 1910eko hamarkadan egin zen ezagun, hiriko bizitza eta Parisko toki ospetsuak irudikatzeagatik, tartean, Eiffel dorrea eta St. Severin katedrala. 1920ko hamarkadan, emazte Sonia Terk Delaunay-rekin batera, guztizko abstrakziotik hurbil zegoen estiloa garatu zuen; izan ere, biak zeuden liluratuta optikaren eta fisikaren eremuetan egindako aurkikuntzekin. Apollinairen ustez, horrelako lanak musikaren antzekoak ziren, errealitate objektibotik bereizi egindakoak baitziren, eta Orfeotik, greziar mitologiako lira jotzailearen izenetik, abiatuta Orfismo hitza sortu eta erabili zuen Delaunayren zeregina deskribatzeko. Lan horren ezaugarri dugu argi, kolore eta irudi hutsen jostaketa Zirkulu formak (1930) mihisean.
Errusian jaiotako artista Marc Chagall Parisa joan zen 1910ean eta bertan laster hasi zen azken estiloak bereganatzen: Delaunayren pinturetan ikusitako espazioaren zatiketa kubista eta errusiar eta judutar folklorearen elementuetan oinarritutako irudi koloretsuak elkartu zituen. Lehen Mundu Gerra ia osorik eman zuen aberrian eta 1923an Parisa itzuli zen eta Biolinista margotu zuen. Chagallen lanetan behin eta berriro agertzen da biolinista: musikaren hezurmamitzea izateaz gain, motibo horrek artistak gaztetan bizitako jai erlijiosoek eta komunitateko ospakizunek pizten zioten nostalgia adierazten zuen.
Areto honetan, halaber, Constantin Brancusi-ren lana dago ikusgai. Brancusi Parisa heldu zen Errumaniatik, jaioterritik, 1904an. XIX. mendeko eskulturak zuen antzerkirako eta narraziorako joerari uko egin zion, eta forma abstraktuak, muturreraino sinpletuak, eta zuraren, metalaren eta beste material batzuen aurkezpen soilak, apaindurarik gabeak, landu zituen. Artelanen iturrien eta esanahiaren inguruko azalpen zehatzak eman ez bazituen ere, obra batzuk, adibidez, Sorgina (1916–24), Errumaniako mitologiarekin eta haren naturaz gaindiko irudiekin lotuta egon litezke.