Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Barnealdea eta kanpoaldea
Atalak
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Izenburua:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Bildumagintza | Sorkuntza artistikoa | Tamaina | Grezia | Dimitris Daskalopoulos
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
Bitarte argitsuan ikusgai dauden lanak nazioarteko 31 artistek sortu dituzte eta D. Daskalopoulos Collection-en funtsetakoak dira: bilduma pribatu hori Dimitris Daskalopoulos bildumagile grekoak sortu zuen 1990eko hamarkadaren erdialdera eta egun arte garaikideko munduko bilduma garrantzitsuenetako bat da; etorkizunean Atenasen iraunkorki kokatuko dute egoitza publiko batean. Erakusketa honetan D. Daskalopoulos Collection-en zati bat besterik ez ikusgai jarri den arren, gaur arte inoiz egin den aurkezpen publiko zabalena da. Arreta handia jartzen du tamaina handiko ingurune-instalazioetan, horixe baita bildumaren ezaugarri adierazgarrienetako bat. Erakusketaren oinarri dira 1980ko eta 1990eko hamarkadetako artelan ikonikoak, baina, era berean, gailentzen ari diren talentu gazteagoen lanak ere aurkezten dira. Hala, Bitarte argitsuak azken hamarkadetan arteak jasan duen garapena ikusteko ibilbide bat eskaintzen du.
Erakusketaren tituluak Nikos Kazantzakis (1883–1957) filosofo grekoaren liburu batean du jatorria, haren pentsamoldeak bereziki eragin baitu Daskalopoulosen bildumatze-jarduna. Kazantzakisen arabera, “bitarte argitsu” bat da bizitza eta tarte horretan borroka eta hondamendia nahitaezkoak dira ezer sor eta berri dadin. Ikusgai dauden lan batzuk egungo gizartearen krisiei eta lorpenei aurre egiten diete, nagusi diren kultura identitatearen inguruko narrazioetan sakontzen dute eta gai unibertsalak jorratzen dituzte. Beste batzuk, ordea, norbanakoaren identitateari lotutako alderdi intimoenak aztertzen dituzte, eta ikerketa horretan arreta berezia jartzen dute gorputzaren garapen- eta gainbehera-egoeretan. Osorik hartuta, erakusketa honek gizatasunaren baitan itxaropena eta etsipena elkarrekin direla ikertzen du, eta ikusgai jartzen ditu tentsio dialektiko horrek dakartzan sortze-lanerako aukerak.