Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroix-etik Beckmann-era
Klasizismotik Erromantizismora
Artista-koloniak eta -taldeak: Worpswede eta Die Brücke. Espresionismoa eta Surrealismoa
Atalak
Inpresionismoa eta Pont-Avengo eskola
- Izenburua:
- Inpresionismoa eta Pont-Avengo eskola
- Erakusketa:
- Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroix-etik Beckmann-era
- Gaiak:
- Arte orientala | Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Paisaia | Hiri-eszenak | Landa-eszenak | Pont-Avengo eskola | Kunsthalle Bremen | Alemania | Frantzia | Pont-Aven | Paul Gauguin | Emil Waldmann | Gustav Pauli
- Mugimendu artistikoak:
- Inpresionismoa
- Teknikak:
- Kloisonismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Bernard, Émile | Cézanne, Paul | Corinth, Lovis | Degas, Edgar | Denis, Maurice | Liebermann, Max | Monet, Claude | Renoir, Pierre-Auguste | Rodin, Auguste | Slevogt, Max | van Gogh, Vincent
Arte modernoaren historia inpresionismoaren eta haren jarraitzaileen ikuspegi erradikalarekin erabat lotua dago. Inpresionistek kolore puruak eta formaren disoluzioa erabiliz irudikatu zituzten hiri modernoaren esperientzia bizia eta landa-paisaia idilikoa aisialdirako leku gisa izateko grina. Pintura frantsesaren eta alemanaren arteko elkarrizketarekin jarraitzeko, aurrez aurre jartzen dira zenbait artista frantses garrantzitsuren lanak (besteak beste, Paul Cézanne, Edgar Degas, Eva Gonzalès, Claude Monet, Pierre-Auguste Renoir eta Auguste Rodin) eta inpresionismo alemanaren ordezkarienak (esaterako, Lovis Corinth, Max Liebermann eta Max Slevogt). Atal honek agerian uzten du XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran gero eta truke handiagoa zegoela egile alemanen eta frantsesen artean.
Erakusketako pieza garrantzitsuenetako bat Vincent van Gogh-en 1889ko Mitxoleta-soroa obra da. Azken horrek agerian jartzen du zeinen garrantzitsua den Kunsthalle Bremenen bilduma, eta Pauli-ren erosketa-politikaren eta hark egindako arte modernoaren defentsa aitzindariaren lekuko da. Van Goghen pintura hori erostean, kritikari eta artista alemanak zatituta geratu ziren. Batzuen ustez, Alemanian abangoardia frantsesa goraipatzea nortasun artistiko nazionalari eraso egitea zen. Besteen iritziz, nazioaren kontua bigarren mailakoa zen, mugak gainditzen zituen artea interesatzen baitzitzaien benetan. Polemika gorabehera, 1918an, Pauliren ondorengoak, Emil Waldmann-ek, Cézanneren 1898ko Herria zuhaitzen artean (Marines) koadroa erosi zuen.
1886an, Paul Gauguin-ek eta Émile Bernard-ek elkar ezagutu zuten Pont-Aven portu-herri txikian, Bretainiako kostaldean, eta, harreman hartatik, Pont-Avengo eskola sortu zen. 1890an, zera adierazi zuen Maurice Denis-ek: “Gogoratu koadroak, gudurako zaldi bat, emakume biluzi bat edo anekdota bat izan aurretik, funtsean gainazal lau bat direla, nolabaiteko ordenan jarritako kolorez estaliak”; hala, XX. mendean arte abstraktua sortuko zela iragarri zuen. Arte japoniarraren estetika erreferentzia gisa hartuta, artista horiek argi eta garbi mugatutako eta elkarri lotutako eremu lau gisa ikusten zituzten koadroak. Frantzian, kloisonismo deitu zitzaion korronte horri.