Kandinsky
Eremu kosmikoak: Errusiatik Bauhausera
Amsterdam — Ikuspegia leihotik
Atalak
Mundu ñimiñoak: Paris
- Izenburua:
- Mundu ñimiñoak: Paris
- Erakusketa:
- Kandinsky
- Gaiak:
- Artea eta politika | Artea eta zientzia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Biomorfoa | Kolorea | Materiala | Bauhaus Eskola | Bigarren Mundu Gerra | Nazismoa | Zentsura | Neuilly-sur-Seine | Paris | Hans Arp | Joan Miró
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Degenerate art | Surrealismoa
- Aipatutako artistak:
- Kandinsky, Vasily
Vasily Kandinskyk Neuilly-sur-Seinen eman zituen bere bizitzako azken hamaika urteak, Pariseko periferian. 1933ko abenduan iritsi zen Frantziara Alemania nazitik, irakastoki izan zuen Berlingo Bauhaus itxi zutenean. Han oso aldi oparoa izan zuen Kandinskyk, ezegonkortasun politikoak eta ondoren etorri ziren urritasun-denborak eragindako eragozpenak gorabehera. Artistak materialekin esperimentatu zuen (harea pigmentuekin nahastuz, adibidez), eta forma biomorfikoz eta kromatismo leunago batez definitua geratu zen haren hiztegi formala. Kandinskyk Bauhauseko egonaldian hainbat elementu organiko eta argitalpen zientifiko bildu zituen arren, 1934ra arte ez zuen sartu bere lanean gai horiei lotutako ikonografiarik. Organismo bizien mundu ñimiñoen antzekoak dira garai horretan sortutako konposizio nahasi korapilatsuak, eta surrealismoarekin zuen harremanaren eragina islatzen dute argi eta garbi, Jean Arp-ena eta Joan Mirórena barne, baita egileak zientzia naturaletan zuen interesa ere, bereziki enbriologian, zoologian eta botanikan. Kandinskyk gero eta sarriago erabiltzen zituen tonu pastelak —arrosa, morea, turkesa eta urre-kolorea—; bere jaioterriko Errusiako koloreen oroitzapen-aztarrenak ziren.
Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako agintariek Kandinsky eta beste artista moderno batzuen lanak konfiskatu zituzten, “degeneratutzat” joaz, eta, aldi berean, Sobietar Batasuneko estalinistek museoak itxi eta bere margolanak biltegietan gorde zituzten. 1942tik aurrera, mihiseen eskasia zela-eta, formatu txikiagoko margoak sortu zituen artistak ohol edo paper gainean. Kandinsky 1944an hil zen, 78 urte zituela, ekoizpen zabala utzita.