Edukira zuzenean joan

Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak

hezkuntza-edukia

[Zinema, irratia]

XIX. mendearen amaieran agertu ziren mugimendudun aurreneko irudiak Eadweard Muybridge-ren zoopraxiskopioari, Thomas Edison-en kinetoskopioari eta, geroago, Lumière anaien zinematografoari esker. Errealitatearen pertzepzioa aldatu egin zen. Mugimendua atzemateko eta errealitatea irudi zuri-beltzeko planoetan zatikatzeko zuen moduari esker, zinemak mundua ikusteko modu berri bat eskaini zuen. Ideia horietako batzuk pintura kubistetan aurki ditzakegu. Bazenekien Georges Braque eta Pablo Picasso zinemazale handiak izan zirela?

Elektrizitatea izan zen Man Ray-k Elektrizitatea (1931) izeneko fotograbatu sailerako aukeratu zuen gaia. 307. aretoan zeure begiz ikusi ahalko duzu etxetresna elektrikoek nola islatzen zuten etxe giroko modernitatea. Bazenekien ez dela argazki-kamerarik behar fotograma bat egiteko? Zenbait objektu paper fotosentikor gainean jarri eta argi-iturri baten eraginpean ipinitzea nahikoa da irudi negatibo bat sortzeko.

Goethe-ren Koloreen teoria (1810ean argitaratua) eta Michel-Eugène Chevreul-en Koloreen aldibereko kontrastearen legea (1839an argitaratua) lanek eragin handia izan zuten artista-belaunaldi ugaritan. Konturatu zara teoria horiek koloretako biribilen bidez adierazten direla? Sonia eta Robert Delaunay artistek beren obra askotan erabili zituzten zaldiko-maldikoen, norien zein hegazkinetako helizeen efektu birakaria irudikatzeko.

Industria-iraultzaren eta modernitatearen sinbolo den trenbideak izugarri erraztu zituen Frantziako hiribururako joan-etorriak. XX. mendearen hasieran, Parisko kultur giro biziak mundu osoko artistak erakarri zituen, eta trenez, itsasontziz zein, gerora, hegazkinez iristen ziren hirira. Dufyk, ordea, Elektrizitatearen espiritua lanetik kanpo utzi zuen XX. mendeko garraiobide ezagunenetako bat… Zein ote?