Edukira zuzenean joan

Forma eta figurazioa. Blake-Purnell bildumako maisu-lanak

katalogoa

Oroipen pertsonala: bildumako jatorri espainolak

Melvin Blake

Duela berrogeita bi urte, arte-bilduma bat egiteko aparteko gozamenak noraino eramango gintuen jakin gabe, Frank Purnell zenak eta biok bidaia harrigarri bati ekin genion. Eta bidaia hark artearen historia azaletik mirestetik sakonetik baloratu eta ulertzera eraman gintuen.

Bilduma osatzean, “horri aurre egiteko gai izango al naiz?” edo “nahi izanez gero, aukerarik izango al dut?” bezalako faktore garrantzitsuek baldintzatu zituzten gure erabakiak, baina norbere gustua, irizpideak eta interesak, abagunea eta gure arteko adiskidetasunak bildumagintzaren zeregin honi zirrara gehitu zioten.

New Yorkeko galeriak bisitatzen hasi ginenetik, pintura figuratiboa eta irudikatzailea izan ziren gure interesgune nagusia. 1961eko apirilean, bildumaren ibilbidea betiko markatu zuen zerbait gertatu zen. New Yorkeko Staempfli Gallery-an Antonio López García-ren erakusketa bat zegoen. Txundituta geratu ginen Tomelloson jaioa zen eta Madrilen lan egiten zuen 29 urteko artista espainol haren zur polikromatuko pintura eta eskulturen aurrean. Ezustean harrapatu gintuen. Ordutik, etorkizunean bildumari gehitutako edozein lanek López Garcíaren horiekin “elkarbizitzeko” gai izan behar zuen. Eta, hala, Paul Delvaux, René Magritte eta Domenico Gnoli bezalako pintore surrealista-metafisikoen duintasun idilikoak eskakizun hori betetzen zuela antzeman genuen.

López Garcíaren lehenengo erakusketa haren ondoren, Madrilera joaten hasi ginen maiz, Errealismo Magiko gisa definitu izan duten pintura espainolaren eskola aztertzeko asmotan. Pintura-eskola horrek eguneroko bizitzako ohiko irudiak objektu misteriotsu eta magiko bihurtzen ditu. Eta, izan ere, artista horiek benetako errealistak eta aztiak direla esan beharra dago.

Staempfli galeriako erakusketa Madrilgo galeria baten lankidetzarekin egin zen, bertako jabea Juana Mordó emakume paregabea izanik. Bera gure gidari, profeta eta musa bihurtu zen Villanueva kaleko galeriako sotoan errenkadan gordeta zeuden pinturak erakusten zizkigun heinean. Nire ustez, denborak igaro ahala Espainiako arte garaikidearen historian mito bat dela erakutsi digu. Mito edo alegia izan, Juanari esker artista hauek ezagutzeko aukera izan genuen: Amalia Avia, Francisco Farreras, Julio López Hernández, Carmen Laffón, Lucio Muñoz, Matías Quetglas eta Daniel Quintero.

1966an, Frankek eta biok harreman estuak izan genituen New Yorkeko Marlborough galeriako Pierre Levai-rekin. Hari esker, Larry Rivers ospetsuaren lanak ezagutzeko parada izan genuen, eta gerora, Fernando Botero artista hispanoa, bai eta Vincent Desiderio eszena historikoen pintore amerikarra ere.

1969tik aurrera, Madrilera joaten ginen bakoitzean ohitura bihurtu zen Egam galeriara bisita bat egitea, eta Enrique Gómez Acebo-rekin tarte bat egotea. Haren eskutik, gure ikuspegia zabaldu egin zen beste artista batzuen lanak topatu genituenean, esaterako Isabel Quintanilla eta Guillermo Lledó-renak. Eta esan beharra dago Enriqueren presentzia oraindik ere sentitu egiten dela bildumaren historian.

1969ko urte hartan bertan, Claudio Bravo ere ezagutu genuen, urte hauetan guztietan zehar nire lagunik onena, alegia. Txilen jaioa izan arren, eragin handia jaso du Espainiako kulturatik bai eta XVII. mendeko maisu espainolengandik ere, bereziki Velázquez-engandik eta Zurbarán-engandik. Eta oraindik ere tradizio espainolaren barruan pintatzen jarraitzen du. Floridan, Miami Beach-eko Bass Museum-ean duela gutxi antolatutako eta Sam Trower komisari izandako Claudio Bravo, Package Paintings erakusketarako idatzi nuen “Bravo, Bravo” saiakuntzan nioen bezala, “Bravoren koadroetako bat ikusi nuen lehendabiziko aldian, txundituta utzi ninduten ezkutuko sekretuak gordetzen zituzten pakete misteriotsu haiek, natura hiletako irudi kementsuek, bere begiaren eta eskuaren erabateko segurtasunak, irudietan hain nabarmenki adierazten den hori, bai eta ‘perfekzioan neurriz gainekoa’ den bere irudi klasikoen aparteko eskuairea ere”.

Gainera, Vandrés galeriako zuzendaria izan zen Fernando Vijande zenaren lana goraipatu nahi dut. Bertan, Bravoren Infantae koadro iskanbilatsua erakusgai izan zen, artista espainol berrien eskolarik aurreratuenaren ikur izatera iritsi zena.

Lagun horiek guztiek bildumaren ehuna ehotu dute. Horiei esker, erakusketa honetako artista guztiak ezagutzeko aparteko aukera izan dut, 1970ean 37 urte zituela hil zen Domenico Gnoli eta Balthus bakartia izan ezik. Eta lagun horiek elkarlanean aritu dira hain pizgarria den odisea hau hezurmamitzen. Talentua duen hainbeste jende ezagutzeak nire bizitza benetan biziagoa izatea eragin du, eta, beraz, omenaldi bat eskaini nahi diet guztiei, objektu dotore eta ederrekin egunero bizitzea sekulako aurkikuntza baita, eta haiei zor diet horrek eragiten duen zirrararen atsegina.

Harro sentitzen naiz artista horien bizitzan sartzera gonbidatua izanagatik. Horren ondorioz, Espainiako kulturari buruz eta artearen munduan izan duen eraginari buruz nituen ezagutzak zabaldu ditudala kontuan izanik.

Urteak igaro ahala, hemen aurkeztutako pintura asko mundu guztiko museoetan egon dira erakusgai, Brusela, Caracas, Cleveland, Dallas, Düsseldorf, Londres, Miami Beach, Paris, Pittsburgh, Rotterdam, Txileko Santiago, Tokio, Venezia, New York eta Madril bezalako hirietan.

Baina Guggenheim Bilbao Museoan, arkitekturaren altxor horretan bilduma erakusteko eta jendeari ezagutzera emateko aukera izatea, benetan, pribilejio handia da niretzat.

Eskerrak eman nahi dizkiet Thomas Krens, Solomon R. Guggenheim Foundation-eko Zuzendariari, bai eta Lisa Dennison, Solomon R. Guggenheim Museum-eko Zuzendariorde eta Bildumako Arduradunari ere, lan hauek hain areto berezietan erakustea ahalbidetzeagatik.

Espazio harrigarri horiek Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia den Juan Ignacio Vidartek eskaini zidan bisita pribatu batean ezagutzeko aukera izan nuen, lehengo urteko abuztuan, Museoaren inaugurazioaren aurretik hain zuzen ere. Berari ere eskerrak eman nahi dizkiot bilduma hau Espainian erakusgai izatea ahalbidetu duelako, bildumagile gisa izan dugun jardunean asko erakutsi digun herria baita inspirazio-iturri nagusietako bat izateaz gain.

New Yorkeko Unibertsitatean Arte Ederretako irakasle eta zuzendaria den Edward J. Sullivan dk. ere eskertu nahi dut, erakusketa honen antolamenduan eskaini digun ikuspegi argitzaileagatik eta profesionaltasunagatik, bai eta bere saiakuntza hezigarriagatik ere. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiet Madrilgo Complutense Unibertsitateko Arte Garaikideko irakasle eta El País egunkariko kritiko den Francisco Calvo Serraller irakasleari, eta Princetoneko Unibertsitateko Arte eta Arkeologiaren saileko irakasle emeritua den Sam Hunter jaunari, katalogoan agertzen diren aditu horien saiakuntzak ekarpen erudituak eta argitzaileak izan direlako.

Era berean, nire esker onik zintzoena erakutsi nahi diot J. Fiona Ragheb, Solomon R. Guggenheim Museumeko Ardura Arloko Laguntzaileari, erakusketa honen antolamenduan ulermen eta arreta handiz lan egin duelako; eta, azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet New Yorkeko nahiz Bilboko Guggenheim Museoetako langileei, bildumagile gisa nire bizitzan aparteko abagunea den hau hain ardura handiz errealitate bihurtzeko egin duten lanagatik.

[Itzultzailea: Bitez
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]