Edukira zuzenean joan

Gego. Infinitua neurtzen

katalogoa

Gego. Infinitua neurtzen

Geaninne Gutiérrez-Guimarães eta Luis Pérez-Oramas

Izenburua:
Gego. Infinitua neurtzen
Egilea:
Geaninne Gutiérrez-Guimarães eta Luis Pérez-Oramas
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
21,5 x 26,5 cm
Orrialdeak:
231
ISBN:
978-84-95216-97-7
Lege gordailua:
BI 1109-2023
Erakusketa:
Gego. Infinitua neurtzen
Gaiak:
Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Lerroa | Nazismoa | AEB | Alemania | Venezuela | Artistak | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Abstrakzio Geometrikoa
Aipatutako artistak:
Gego,

1979an, Alfredo Silva Estrada poeta venezuelarrak poema bat idatzi zuen Gegoren (Gertrud Goldschmidt; Hanburgo, 1912–Caracas, 1994) omenez, “Variaciones sobre reticuláreas” (Erretikulareen gaineko aldaerak) izenekoa. Erretikularea (Reticulárea) obra jendaurrean aurkeztu zenetik hamar urtera argitaratu zen poema hori. Artista germaniar-venezuelarrak 1969 eta 1982 urteen artean burdin hariz eta beste material batzuez egindako ingurune-obra da Erretikularea, tamaina handikoa eta hainbat bertsiotan egina. Gegok egiturarekin, espazioarekin, argiarekin, itzalarekin, lerroarekin eta erretikularekin egindako esperimentazioari buruzkoa da poema. Metafora baten bitartez, Erretikularea obraren forma librearen ideia ekartzen du gogora Silva Estradak, haren “areak askatzen” eta “eskuaren askatasuna behar den neurrian”1. Hain zuzen, motibo errepikakorra da neurria, poetak gogora ekartzen duena infinitua atzematen saiatzean.

“eta irekiak irekia hartzen du baitan

espirituak espiritua arnasten du

amaigabetasun inguratzailea soka neurtuen artean

bi infinitu aurrez aurre

soka bakoitzaren neurrian”2

Hala ere, infinitua neurtzeko ekintza hori, azken batean, paradoxa besterik ez da, espazio eta denbora mugagabeak neurtezinak baitira berez. Silva Estradak elementu finitu eta mugatu gisa interpretatzen du espazio infinitua oximoron poetiko baten bidez: Gegoren Erretikularea (Reticulárea) “soka bakoitzaren neurrian” bildua dago, edo inguru horrekin guztiarekin bat etorriz, “arinki lehertu egiten da barneratzean / sarearen neurrigabekerian”3. Horregatik, infinitua artistaren artelanaren beraren bidez neurtzeko saiakera sinbolikoa gorpuzten du “Variaciones sobre reticuláreas” (Erretikulareen gaineko aldaerak) poemak.

Gego bere Erretikularea obrarekin iritsi zen artearen nazioarteko eszenara. Lan hori Museo de Bellas Artes de Caracas museoan erakutsi zen lehen aldiz 1969an, eta urte hartan bertan New Yorkeko Center for Inter-American Relations (gaur egun Americas Society) zentroan aurkeztu zen. Hirurogeiko hamarkadan Latinoamerikako hainbat artistak —hala nola Lygia Clark, Carlos Cruz-Diez, Hélio Oiticica, Mira Schendel eta Jesús Rafael Soto— sortutako beste egitura “zeharkagarri” batzuen pareko estatusa du ingurune- instalazio horrek.Izan ere, Gegok arkitekto eta ingeniari ikasketak egin zituen Technische Hochschule Stuttgart unibertsitatean (gaur egun Stuttgarteko Unibertsitatea), 1939an Venezuelara emigratu aurretik, Alemania nazitik ihesi. Caracasera iritsi zenean, hango hizkuntza eta kultura ezagutzen ez zituen arren, arkitekto independente gisa lan egin ahal izan zuen hainbat hirigintza-estudiotan, zuen germaniar prestakuntzari esker. 1950eko hamarkadaren hasiera arte ez zen erabat murgildu arte-sorkuntzan.

Bere herrialde berrian praktika plastikoa garatzen hasi zenean, Venezuelako 1950eko hamarkadako abstrakzio geometrikoaren eta 1960ko hamarkadako zinetismoaren oinarriak bereganatu zituen Gegok. Azken mugimendu horrek nazionalizatu egin zituen nazioarteko arte zinetikoaren funtsezko kontzeptuak Venezuela industrializatzen eta modernizatzen ari zen momentuan. Garai hartako hainbat artista venezuelar, hala nola Cruz-Diez, Alejandro Otero eta Soto, Parisera joan ziren eta berrogeiko hamarkadaren erdialdean edo amaieran itzuli ziren abstrakzio geometrikoaren ideia berrituarekin, eta horren printzipioak haien lanean erabili zituzten. Gego, berriz, Europako hezkuntzarekin iritsi zen Caracasera eta ibilbide artistiko guztiz pertsonala egin zuen. Edozein kategorizaziori aurre eginez, artistak muturrera eraman zituen espazioari buruzko gaiak, egitura- sistemen inguruko ikerketa sakonen bidez. 1950eko hamarkadatik aurrera sortu zuen eskultura-lana oso bestelakoa da bere kidekoenarekin alderatzen badugu.

 

Hala ere, Gegok ez zuen arreta iraunkorrik izan nazioarte mailan 1994an hil zen arte. Hil osteko hainbat atzera begirako erakusketa eskaini zizkioten. 2000. urtean, hain zuzen ere, Museo de Bellas Artes de Caracas museoak erakusketa ibiltaria antolatu zuen, eta 2002. urtean Houstongo Museum of Fine Arts, Mexikoko Museo de Arte Contemporáneo de Monterrey (MARCO) eta Mexiko Hiriko Museo Rufino Tamayo museoetara eraman zuten. Europan egin zen hil osteko lehen erakusketa, aldiz, Portoko Museu de Arte Contemporánea de Serralvesen izan zen 2006an, eta Museu d’Art Contemporani de Barcelonara eraman zuten gero. Berriki, azken hamarkadan, Gegoren obrei eskainitako hainbat erakusketa monografiko egin dira Alemanian, bere jaioterrian, hala nola Hamburger Kunsthalle museoan, Hanburgon, 2013an. Ondoren, Kunstmuseum Stuttgart eta Henry Moore Institute (Leeds) erakundeetan ikusi ahal izan zen haren lana, bai eta Kunstmuseum Stuttgarten ere 2022an. Artistak Europan duen nazioarteko oihartzuna indartzeko nahian aurkezten da Gego. Infinitua neurtzen erakusketa, Bilbon artista horri eskainitako lehen erakustaldia. Haren ibilbidearen lau hamarkada biltzen ditu —1953 eta 1991 artean—, eta eskulturak, marrazkiak, grabatuak, ehunak eta artista- liburuak biltzen ditu. Gegoren ekoizpen konplexu eta polifazetikoaren hainbat alderdi erlazionatzen ditu katalogo honek, zeina, hainbat saiakeraren eta kronologia baten bidez, egileari eta bere lanari buruzko erreferente nabarmen bihurtzen baita.

Berrogeiko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerran zehar eta ondoren, Venezuelak erabateko aldaketak izan zituen arlo ekonomikoan, politikoan eta sozialean. 1939an jada munduko petrolio esportatzaile nagusietako bat zen, eta hirugarren ekoizle nagusia. Petrolioaren industriaren goraldiari eta Estatu Batuetatik etorritako laguntza ekonomikoari esker, gerraren ondoren bere modernizazio-prozesua finantzatu ahal izan zuen Venezuelak. Era berean, garai horretan, Venezuelako arte modernoak norabide-aldaketa nabarmenak izan zituen abstrakziorantz, Carlos Cruz-Diez, Otero eta Soto abangoardian zirela. 1948an, arte ez-objektiboari buruzko lehen erakusketa egin zen Caracaseko Taller Libre de Arte (Arte Tailer Librea) delakoan, Lidy Prati, Alfredo Hlito eta Juan Melé artista argentinarren eta beste autore batzuen lanekin, artera abstrakzioa eta geometria iritsi zirela iragarriz. Tailerrak garrantzi handia izan zuen Caracasen abstrakzioa agertzean. Gegok ez bazuen parte hartu ere Tailerreko erakusketetan, hiriburuko hainbat arkitektura- eta hirigintza estudiotan lan egin zuen petrolioaren industriak finantzatutako modernitate nazionalaren erdian, Hanburgon jasotako arkitekturako eta ingeniaritzako prestakuntzaz baliatuta.

1948ko urte hartan, herrialdeak jasan zuen estatu-kolpe militarraren ondorioz, hamarkada batez luzatu zen diktadura ezarri zen. Aktibismo politikoa, unibertsitateak eta prentsa debekatu, itxi edo erreprimitu egin ziren Marcos Pérez Jiménezen lehendakaritzapean (1952–58), eta haren aurkari politikoak basakeriaz tratatu zituzten sarritan. Hala ere, erregimenak anbizio handiko azpiegitura askoren eraikuntza jarri zuen abian, hala nola errepideak, zubiak, eraikin ofizialak eta bizitegi-gune handiak, eta horrek azkar suspertu zuen herrialdeko ekonomia. Proiektu garrantzitsuenen artean Venezuelako Unibertsitate Zentrala zegoen, Caracasen. 1944an eman zuten proiektua abiarazteko agindua, baina diktadura garaian proiektuak bultzada eta babesa izan zituen. Carlos Raúl Villanueva arkitekto modernoak gidatu zuen alderdi arkitektonikoaren plangintza, eta hainbat artista gonbidatu zituen “arteen sintesia” deitu zion esperimentu berri hartan parte hartzera. Villanuevaren proiektuan parte hartu zuten Venezuelako sortzaileen artean zeuden Mateo Manaure, Pascual Navarro, Otero, Soto, Víctor Valera eta Oswaldo Vigas, eta haien lana Jean Arp, Alexander Calder, Fernand Léger eta Victor Vasarely autoreen lanekin batera erakutsi zen, besteak beste, nazioartean elkarrizketak bultzatzeko asmoz. Sormenezko ekintza erradikal hori, paradoxikoki, Venezuela berriaren ikur bihurtu zen gobernu bortitz eta autoritario baten pean.

Venezuelan abstrakzio geometrikoa agertu izanak —formaren, lerroaren eta kolorearen garbitasuna eta eskema geometrikoen bidezko antolamendua ezaugarri dituen nazioarteko mugimendua— berrikuntza handiko aldia ekarri zuen arteetan berrogeita hamarreko hamarkadan. Testuinguru horretan hasi zuen Gegok bizitza berria Venezuelan. 1953an, Gerd Leufert bikotekidearekin batera, hiriburua utzi eta kostaldeko Tarmas herrian finkatu zen, non Gego bere ibilbide artistikoan buru-belarri murgildu zen eta arkitekto-lana alde batera utzi zuen. Denbora horretan, figurazioan eta paisaia naturalean eta arkitektonikoan oinarritutako motibo tradizionalak sortu zituen hainbat baliabide eta teknika erabiliz, hala nola akuarela, monotipia eta xilografia. Abstrakzio geometrikoaren lengoaia barneratu ahala, forma ez-figuratiboetara jo zuen artistak, eta, 1950eko hamarkadaren amaieran, lerro paraleloen espazio- eta egitura-aukerei buruz egindako azterketak zituzten oinarri bere marrazkiek, grabatuek eta eskulturek.

Hamarkada horretan parte hartu zuen taldeko lehen erakusketen artean daude Venezuelako Artearen Urteko XV. Erakustazoka Ofizialean egindakoa, Museo de Bellas Artes de Caracasen egina (1954), eta Municheko Galerie Wolfgang Gurlitt-en egindakoa (1954). Bere bakarkako lehen erakusketa, berriz, Cruz del Sur liburu-dendan inauguratu zen, Caracasen, 1958an.

1959an, nazioarteko estilo horren eragina murriztu ahala, hura praktikatu zuten artista askoren interesak beste gai batzuetara aldatu ziren, eta hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan beste mugimendu batzuetara hurbildu ziren batzuk, esaterako, neoplastizismora, informalismora edo arte zinetikora. Gego bera mugimenduaren eta bibrazioaren efektu optikoekin esperimentatzen hasi zen. Argiaren, mugimenduaren eta espazioaren inguruan egindako miaketen sintesia egin zuen bere lanean, Venezuelako arte zinetikoan nagusi ziren elementuak guztiak ere. Demokrazia herrialdera itzultzearekin batera gertatu ziren estilo horren lehen uneak, Romulo Betancourt presidente zela (1959–64). Gutxi gorabehera garai hartan hasi zen Gego irakaskuntzan, eta horrek eragin garrantzitsua izan zuen bere ibilbide polifazetikoan. Arte ederrak irakatsi zituen 1958 eta 1977 bitartean Caracaseko hiru erakunde ospetsutan: Escuela de Artes Plásticas Cristóbal Rojas (1958–59), Venezuelako Unibertsitate Zentraleko Arkitektura eta Hirigintza Fakultatea (1958–67) eta Instituto de Diseño Fundación Neumann—INCE (1964–77).

1961ean, Museo de Bellas Artes de Caracasek bakarkako lehen erakusketa eskaini zion Gegori. Artista maizago joaten hasi zen Estatu Batuetara, eta, hirurogeiko hamarkadaren hasieran, arte kontzeptualarekin, minimalismoarekin, Op artearekin eta Pop artearekin jarri zen harremanetan. New Yorkera egindako bisitetako batean, Alfred H. Barr, semea, ezagutu zuen, garai hartan Museum of Modern Art (MoMA) museoko zuzendaria zena. Gegoren lana erosi eta taldeko hainbat erakusketatan sartu zuen lehen erakunde estatubatuarretako bat izan zen MoMA. Horien artean, aipatzekoa da The Responsive Eye (1965) erakusketan izan zuen parte hartzea, MoMAko erakustaldi ikonikoa, Op arteari eskainia. Josef Albers, Max Bill, Cruz-Diez, Ellsworth Kelly, Julio Le Parc, Bridget Riley, Soto eta Vasarely autoreen lanak aurkeztu ziren, besteak beste. David Herbert eta Betty Parsons arte-erosleak ere ezagutu zituen Gegok, eta New Yorken zituzten galerietan erakustera gonbidatu zuten 1971n.

Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, nabarmen aldatu ziren Gegok hainbat bitartekotan egindako esperimentuak, batez ere paperean egindako lana. Los Angeleseko Tamarind Lithography Workshop tailerrak bi aldiz gonbidatu zuen egonaldiak egitera 1963an eta 1966an, eta grabatuen, marrazkien eta artista-liburuen corpus sendoa izan zen egonaldi haien emaitza. Katalogo honetan dagoen gai horren inguruko nire saiakera Gegok grabatuaren arloan egindako lanari buruzko ikerketa sakonaren emaitza da, Tamarind tailerrean sortu zuen ekoizpena aztergai hartuta. Bertan, teknika eta material berriak aurkitu zituen, eta alor horretan aitzindari izan zen Venezuelan. Era berean, grabatuaren teknikan egindako ikerketak eta diseinu grafikoarekiko interesa elkartzen dituzte bere artista-liburuek. 1958an El Farol kultur aldizkariaren azala diseinatu zuen, eta 1961ean Alfredo Chaconen Saloma izeneko poema-liburua ilustratu zuen bere marrazkiekin. Gainera, bere Lo nunca proyectado (Inoiz proiektatu ez dena, 1964) grabatu-liburuak, Alfredo Silva Estradaren poemekin, diseinuaren, hizkuntzaren eta liburugintzaren arteko harremana sendotu egin zuen bere obran.

1969an, hamarkada berri bat hasteko zorian, Gegok bere marrazkietan trantsizio kritikoa egin zuen erretikula tipologia jakin baterantz, eta haren printzipioak bere eskultura-lanari aplikatu zizkion gero, Erretikularea monumentala barne. “Erretikula” eta “area” terminoak elkartu zituen izenburuan sareen gunea izendatzeko. Ingurune hori sare malgua da, forma triangeluarrez eta karratuz osatua, hainbat tamainakoak, altzairu herdoilgaitzezko hariz eginak. Sabaitik eta hormetatik horizontalki edo bertikalki esekita dagoenez, instalazioa modu adierazkorrean gauzatu daiteke, espazioan elkartzen diren lerroen bidez egitura bikaina eratuz. Publikoari gonbit egiten zaio erretikulak mia ditzan.

Egiturek xurgatu egiten dute behatzailearen irudia eta eraldatu egiten dute errealitateaz eta inguruko espazioaz dugun pertzepzioa. Gegok bere Erretikularea lanaren bertsio ugari sortu zituen 1969 eta 1982 bitartean, bakoitza berak eskuz zehatz-mehatz osatua kokaleku bakoitzerako. Bitxia bada ere, 1969an Museo de Bellas Artes de Caracas eta Center for Inter-American Relations zentroan egin zituen lehen bi iterazioek oihal zuri bat zuten zintzilik hondoko paretetan, egitura espaziala biltzen zuena, espazio infinituaren ideia indartzeko. Luis Pérez-Oramasen saiakeran, argitalpen honetan, Erretikularea obraren irakurketa poetikoa eskaintzen du autoreak; arrastoen eta itzalen sistema batekin lotzen du, lekuaren nozioan sustraitua, eta Venezuelako eszena modernoko beste artista batzuekin ere uztartzen du.

Erretikularea funtsezko aurrerapena izan zen Gegoren ekoizpenean, baina, era berean, hainbat tipologiatako obren beste corpus batzuk sortzera eraman zuen hark, hala nola ondorengo hiru dimentsioko sailak, elkarri lotutako forma geometriko sinplez osatuak haiek ere, karratuan edo triangeluan oinarrituak, nola diren Turrustak (Chorros, 1970–74), Erretikularea karratuak (Reticuláreas cuadradas, ca. 1971–77), Zutabeak (Columnas, 1971), Zutabeak (Erretikularea karratuak) [Columnas (Reticuláreas cuadradas, 1972)], Enborrak (Troncos, 1974–81), Esferak (Esferas, 1976–77), Paperik gabeko marrazkiak (Dibujos sin papel, ca. 1976–88), Zomorrotxoak (Bichitos, 1987–89) eta Zomorroak (Bichos, ca. 1987–91). Sail horietako gehienak argitalpen honetan ilustratua daude, eta ibilbide bisuala eskaintzen dute artistaren lanaren garapen formaletan barrena.

Turrustak saila Betty Parsons galerian erakutsi zen lehen aldiz, New Yorken, 1971n egindako bakarkako erakusketa batean. Eskultura esekiak dira, elkarren artean lotura duten aluminiozko hagaxka finez eginak. Zoruraino isurtzen dira eta metal jariakorreko ur-jauzi irregularren efektua sortzen dute, espazioa goitik behera modelatuz. Erretikularea karratuak izenekoak, aldiz, Gegoren beste erakusketa batean aurkeztu zituzten 1971n Caracaseko Conkright galerian. Metalezko sareak dira, elkarren artean lotuak dauden forma karratuetan oinarrituak, eta metalezko sare gisa zintzilikatuta daude espazioan. Bestalde, Zutabeak ere eskultura eseki handiak dira, Erretikularea karratuak obren erretikula estratifikatuen sare mota modulatu berdinez osatutak. Gero, Gegok Erretikularea karratuak direlakoen kontzeptua Zutabeak lanekin konbinatu zuen bere Zutabeak (Erretikularea karratuak) sortzeko, sare tolesgarriak eratzeko eta interkonektibitate-sistemak agerian jartzeko. Loturen nozio hori are argiago geratzen da Enborrak sailean. Burdin hariz eta beste elementu batzuez osatutako egitura bertikal zilindrikoak dira, matrize poligonal batetik sortzen dira eta erdiko espazio bat eratzen dute. Enborrek zuhaitzen enborren zutabe-forma antzeratzen dute; izan ere, Gegok fenomeno naturaletara jotzen zuen bere lanen izenburuetan, forma eta funtzioa lotzeko modu gisa. Altzairuzko konposizio horiek elkarri lotutako sistema triangeluarretan oinarritzen dira: elkarri lotutako metalez egindako sare moduko bat, forma irekiei bide ematen diena. Triangelu-moduluen konexioetan eta posizioetan dagoen jarraitasun ezak ere gardentasun-efektu etereoa sortzen du, Esferak direlakoetan ere ikus daitekeen bezala. Eskultura esekiak dira, modularrak eta esferikoak, eta sareen antzeko eraikuntza metalikoen geometria hartzen dute.

Paperik gabeko marrazkiak saila Gegoren sail luzeenetako bat (1977 eta 1988 artean landu zuen), inflexio-puntu erabakigarria izan zen haren bilakaera artistikoan. Burdin hariz eta metalezko pieza txikiz egindako eskulturak dira. Batzuetan hormatik zintzilik daude zuzenean, gainazal bertikalean marraztu balira bezala; bestetan, berriz, hormatik pixka bat aldenduta zintzilikatzen dira, eta obraren beraren parte bihurtzen da haien itzala, beste marrazki bat balitz bezala. Marrazki horiek Gegoren corpus konplexuenen artean daude ikuspegi kontzeptualetik begiratuta, eskulturaren autonomiari desafio egiten baitiote hormaren mende jarriz, marrazkiaren bi dimentsioko ezaugarriak hiru dimentsioko formari egotziz. Gegok Museo de Arte Contemporáneo de Caracasen (MAC) egindako atzera begirako lehen erakusketa handian aurkeztu zituen obra horiek 1977an. Hamarkada horretan parte hartu zuen erakusketen artean daude, besteak beste, Lausanako Tapizgintzaren Nazioarteko Bienala (1975), Erromako Galleria Marconi VI (1977) eta Madrilgo Centro Cultural de la Villa (1977).

1980an, artistaren izena zuen espazio iraunkorrean —Gego Aretoa— jarri zen Erretikularea obra, Caracaseko Galería de Arte Nacionalen, eta bertan ikusi ahal izan zen 1994ra arte. 1982an, artista Frankfurtera joan zen Alte Oper eraikinean egindako erakusketa batean parte hartzeko. Bertan, Alte Oper erretikularea (Reticulárea Alte Oper) obra instalatu zuen Liszt aretoan; erakusketa itxi ondoren galdu egin zen obraren bertsio hura. Hori izan zen Gegok Erretikularea obraren iterazio baten instalazioa pertsonalki manipulatu eta gainbegiratu zuen azken aldia, 1994an hil baino lehen.

Laurogeiko hamarkadaren amaieran egin zituen Gegok bere azken bi eskultura-sailak: Zomorrotxoak eta Zomorroak. Oro har, egituraren erabateko kolapsoa adierazten dute bere lanaren bilakaeraren barruan. Forma finkotik askatuta, hainbat forma eta testura zituzten konfigurazio organikoak sortu zituen Gegok. Berriro ere obrak paperean egiten hasi zen, bere adinak eta osasun eskasak metalak eta gainerako material zurrunak manipulatzea eragozten zioten heinean. Ehundurak (Tejeduras, 1988–91) izenekoa da bere azken saila. Bi dimentsioko lan txikiak dira paperezko zerrenda gurutzatuez eginak. Zerendak bere lanen inpresioetatik, aldizkarien orrietatik eta liburuxka komertzialetatik ateratakoak ziren. Bere bizitzako azken bi urteetan, Gegok taldeko hainbat erakusketatan parte hartu zuen Europan, hala nola Sevillako Plaza de Armas zentroan (1992), Koloniako Museum Ludwig museoan (1993) eta Madrilgo Casa de América erakundean (1993).

1994an artista hil ondoren, Gego Fundazioa sortu zuen haren familiak, Tomás Gunz eta Barbara Gunz Gegoren seme-alabak buru zirela, eta amaren obra zaintzea, ikertzea eta babestea da haren lehentasuna. Erakusketa hau prestatzeko, Guggenheim Bilbao Museoa lankidetza estuan aritu da Gego Fundazioarekin, proiektuan sakonki inplikatu baita, eta bere bildumak eta artxiboak eskuratzeko aukera guztiak eman dizkigu, hainbat urteko ikerketa artistiko zorrotzari lagunduz. Artistaren ondarea, ezagutza eta tradizioa zabaldu nahian, Gego. Infinitua neurtzen erakusketak Gegoren praktika artistiko balioaniztuna aurkezten du bere zabaltasun osoan, eta lagundu egiten du XX. mendearen bigarren erdialdeko arte modernoaren testuinguruan bere lana ulertzen eta balioesten.

[Itzultzailea: Bakun eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

Oharrak

 

Alfredo Silva Estrada, Variaciones sobre reticuláreas:  en  Homenaje a Gego. Museo de Arte Contemporáneo de Caracas, Caracas, 1979:

  1. “áreas liberándose” eta “libertad de la mano en su simple medida”, I. atala, ahapaldia
  2. “y lo abierto que rodea lo abierto / el espíritu respirándose espíritu / infinitud envolvente entre las cuerdas mesuradas // dos infinitos frente a frente / en la mesura de cada cuerda”, I. atala, 3–4 ahapaldiak (jatorrizkoan letra etzanean);
  3. “en la mesura de cada cuerda” eta “levemente estallando al adentrarse / en la desmesura de la red”, I. atala, 3, 5 ahapaldiak.