katalogoa
ZIRKULUAREN BARRUAN: GUTUN-TRUKEAREN PASARTEAK
- Izenburua:
- ZIRKULUAREN BARRUAN: GUTUN-TRUKEAREN PASARTEAK
- Argitalpena:
- Italia: 2025
- Neurriak:
- 24 x 29 cm
- Orrialdeak:
- 226
- ISBN:
- 978-84-128721-0-1
- Lege gordailua:
- BI 263-2025
- Erakusketa:
- Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lankidetza artistikoa | AEB | New York | Europa | Londres | Italia | Eskutitzak | Anne Truitt | Anthony Caro | David Smith | Robert Motherwell | Giza harremanak
- Aipatutako artistak:
- Frankenthaler, Helen
ikasle izandako garaian han topatu zuen giro literarioak eta MKR’s Art Outlook aldizkarian egindako praktikek idazle-sena ernarazi zioten. Pinturarako bidea hartu zuen azkenean, patuaren gorabeherek bultzatuta, baina, berriemaile ona izaki, pintzela bezain aberatsa izan zuen idazluma. Berrogeita hamar urtean zehar hiru eskultorerekin —David Smith, Anne Truitt eta Anthony Caro— izandako gutun-truke oparoak ezin hobeki aditzera ematen du nola garatu ziren haren adiskidetasun-harreman artistiko batzuk hitzaren bidez.
Frankenthalerrek oso goiz sentitu zuen eskulturarako erakarpena; tridimendionaltasunak interes bizia sortu zion, eta bere lehen obra eskultorikoak sortu zituen 1972an, Carok Londresen zeukan estudioan egindako bi asteko egonaldian. Clement Greenberg kritikariaren eskutik ezagutu eskultoreen hirukote hura, David Smith aurreran, zeinaren objektu moztu, soldatu eta, batzuetan, margotuak ikusi baitzituen New Yorkeko galerietan eta estatuaren iparraldean, Adirondack mendietan (Bolton Landing), Smithen etxearen eta estudioaren inguruko zelaietan. Brearen tankerako espiritu bat topatu zuen Smithengan, eta lagun minak egin ziren biak, Frankenthaler Robert Motherwell margolariarekin ezkondu ondoren. Hain zuzen, Smithek adoretu zuen arriskuak har zitzan, etengabe berrikus zitzan sorkuntza artistikoaren arauak. Haren heriotza goiztiarra izugarrizko galera izan zen eta nabarmen eragin zion haren zirkulu osoari, bereziki eskultoreei, ongi ulertzen baitzuten Smithen irudimen malgua. Hemen inprimatutako pasarteek ardatz bat izatekotan, Smith litzateke ardatz hori; eta, hain zuzen ere, harekiko gutun-trukearekin hasten da atal hau, non gogoratua baita modu hunkigarrian, behin eta berriz.
Hiru artisten artean trukatu zituzten gutun eta postal asko eskuz idatziak dira; batzuk, mekanografiatuak. Smithenek (oro har, Terminal Iron Works lantegiaren idazpurua zuten paperetan eskuz idatziak) eskulturan egin zituen aurrerapenen berri ematen dute, baita haren bizitza pertsonaleko garrantzi handiko xehetasunen berri ere. Eta gauza bera esan liteke Truitt eta Caroren gutunei buruz. Oro har, akats ortografikoak zuzentzearen aldeko hautua egin dut. Hala ere, Smithen prosa zuzenak bere horretan gordetzen ditu haren berezitasun estilistikoak: haren transkripzioen formatuari dagokionez, aintzat hartu da Michael Brensonek berriki artistari buruz idatzitako biografiarena eta Susan J. Cookek argitaratutako Smithen idatzi, hitzaldi eta elkarrizketen bildumarena. Ezabatutako pasarteak —esaldi edo paragrafo osoak— etenpuntuen bidez adierazi dira.
Douglas Dreishpoon
HELEN FRANKENTHALER — DAVID SMITH
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Hôtel du Quai Voltaire, Paris
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York 1956ko abuztua [erdialdea/amaiera]
Helen maitea:
... Badakizu Jackson [Pollock] hil zela. Lee [Krasner] Parisen zen. Bill de K [de Kooning] [Herman] Cherryri bisita egitera joana zen Martha’s Vineyard uhartera, eta hegazkina hartuta joan ziren biak hiletara. Entzun dudanez, goitik beherako beila irlandarra egin zioten ondoren, Joyceren Finneganena baino hobea. Ez dut uste hartan parte hartzeko gai nintzatekenik. Apur bat gustu txarrekoa da: hartu ahal izango nukeen zerbait lagunekin baina, arrazoiren bat dela medio, izurra izurtzea iruditzen zait haren akolito guztiekin festa bat egitea. Nire ustez, Jack maizegi ibiltzen zen autosuntsiketaren hegian: ez dakit benetan zer arazo zituen. Nik nahiago nuen edana ez zegoenean: isila zen, eta gogoetatsua.
...Clem [Clement Greenberg] nire lanari buruzko artikulu bat idazten ari da Art in America urtekarirako: aldizkari kaskarra da, baina eskulturari buruzko edizioa izango da, [ James Johnson] Sweeney, [Andrew] Richie eta abarrek idatzia. Eskultura pintatuaren ordez, pintatutako eskulturaren nire kontzeptua sakontzen dihardut: aldea dago, kontzeptualki…
…Maitasunez,
David S
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York
1957ko apirilak 8
Helen maitea:
Esateko irrikaz nengoen zein ongi gelditu zen zure obra Whitney Museumen [Young America 1957: Thirty American Painters and Sculptors Under Thirty-Five, 1957ko otsailaren 27tik apirilaren 14ra]. Besteen oso gainetik. Kontzeptu argi bat duzu eta ausardia galanta, artearen ohiko koipekeriari amore ez emateko…
…Agur,
David S…
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Provincetown, Massachusetts
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York
1957ko uztailak 27
Helen maitea:
... Agurtu Hans [Hofmann] nire partes… Arte Ederretako erakusketarako azken brontzea amaitzen ari naiz gaur gauean (larunbata). Larunbatetan amaitu ohi ditut nire lanak, maiz: horrela dira kontuak…
Gure maitasun guztiaz,
David
[P. D.] … bizitzaren gauzarik onena dira neska osasuntsu eta ongi elikatuak, gauez, etxean, isiltasun erabatekoan, WQXR irratiko sinfonia bat izan ezik —tailerra jasota—, izena eta data azidotan grabatzen azken obra amaituan, obra berri bat zoruan, eta amaitutako obrez inguraturik; batzuetan, kontzientziak eta ordenak ekartzen didate plazerik handiena. Ulertzen didazu.
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: David Smith, [Bolton Landing, New York?]
1957ko urriak 6
Helen maitea:
… Esan nahi nizun, Helen, ez nuela ia hitz egin, baina adierazi nahi dizut, nire eskerrik beroenak emateaz gainera, zein garrantzitsua izan zen zure festa niretzat1. Eta eskertu, halaber, gaualdia eta lagunak ditudan pertsona horien guztien adeitasuna... Atsekabetuta nago zenbait gauzarengatik. Baina orain ez, laguna baita pertsona hura zeinarekin ez baita beharrezkoa…
Ez dizut idatzi...krisi pertsonal bat dela medio. Hori da dagoena, eta zein bere aldetik ikusi behar izango gaituzu [ Jean Freas eta Smith]. Bakardadea datorkit, baina hor dauzkat nire bi alabak…
Arazoak izaten ari naiz eskulturarekin ere. Orain lantzen ari naizena benetako zentzugabekeria iruditzen zait dagoen puntuan. Baina, itzuli naizenetik, eskulturen moduko lau pintura edo horrelako zerbait egin ditut: 50 cm inguru zabalak eta 2 m inguru altuak.
… Behin eta berriz ikusten ditut alaben pinturak. Une honetan zerbaitek benetan eragiten badit, haiek dira. Zer-nolako lasaitasuna. Zein ekintza bitxia, ezustekoa, inkontzientea, oharkabekoa. Ezaxola, inori ezer zor ez diotela. Eta zein sentimendu aratza eta emozio pertsonala.
Nire maitasun guztia bidaltzen dizut, zoragarri margotu dezazula,
David S
Hartzailea: David Smith
Igorlea: Helen Frankenthaler eta Robert Motherwell, Alassio, Italia
1960ko abuztuak 15
David maitea:
… Asteak behar izan ditugu behingoz nolabait antolatzeko eta lan-ordutegi bat finkatzeko; une honetan, hauxe da, gutxi gorabehera: jaiki eta hamarretarako gosalduta gaudela, nor bere estudioan bazkalordura arte, ordu bata aldera arte; gero, edo pintura gehiago edo hondartzara edo idatzi, irakurri, txoroarena egin, enkarguak hirian, etab. Bizimodu zirraragarriki aspergarria daramagu, badakizu zer esan nahi dudan: hau da, gustukoa dugu eta sinplea da, gorabeheratsua ere maiz, baina emankorra, eta primeran pasatzen dugu elkarrekin.
… Aurreko astean lehen txangoa egin genuen: Nizan izan ginen, burdin beltzezko barandak dituzten 1890eko hotel zuri erraldoi eta dotore horietako batean, oso dibertigarria, eta “denetik egin genuen”… lepo jan (bi kilo eta erdi hartu nituen) eta Niza eta Cannes arteko herri interesgarri guztiak bisitatu. Ni egina nintzen bidaia hori duela sei urte, baina, Bobekin, dena lehenengoz ikustea bezala izan zen, begi eta arima berritu batez…
… Poztu gara zure gutunak jaso izanaz eta sentitzen dugu halako istilu judizialekin ibiltzea: erruki zaitugu. Kontatzen duzunez, zoragarri egon behar dute Didak eta Beccak [Candida eta Rebecca, Smithen alabak], egiten ari zareten horixe da orainaren eta etorkizunaren alde egin dezakezuen onena. Pozten naiz lana hain bide onetik doakizula jakiteaz. Europan eskultura ikusten dudanean eta eskulturari buruz zerbait entzuten edo esaten dudanean, betiko ondorio berera iristen naiz behin eta berriz: David Smith. Eta kito…
Ongi segi, gozatu. Maitasunez, Helen…
Hartzailea: David Smith, Bolton Landing, New York
Igorlea: Helen Frankenthaler, Provincetown, Massachusetts
1961eko uztailak 29
David maitea:
Unetxo batez despistatu, eta akabo eguna: denbora ez zaigu inoiz pasatu hemen egin ditugun azken bi hilabete hauetan bezain bizkor, ez batari ez besteari… Hitzordu bat bera ere ez dugu izan minutu batzuk lehenago zehaztua, eta, telefonorik gabe, oinarri-oinarrizkora murrizten da bizitza, zeina baita ezinezkoa New Yorken...Atzo, larunbata, lehen bisita egin nuen erdialdeko kale komertzialetara: beatnikak, eskaleak, turistak. Ez ginen izan inongo taberna edo gau-klubetan, baina zinemara joan ginen… Alokatu genuen mandio-estudioa aparta da. Nire ordutegian etenak izan dira, eta ongi doala uste dut, baina Bob egunero joaten da hara, eta irudi du itzultzen dela pozarren eta adoretsu...Nik momentu zailak izan ditut; umeen kontuekin, nire buruarekin, denborarekin, desirarekin, munstro eta gatazka horiekin guztiekin borrokan ibili naiz, baina uste dut gauzak benetan konpontzen doazela pixkanaka…
… Berez, ez dago BERRIKUNTZA handirik ohiko kontuei dagokienez. Esan didate Franz eta Betsy [Kline] ez direla etorriko, Betsy ez dago ongi, eta Franzek etxe berria erosi du 13. Kalean, eta konponketetan dabil. Rothkotarrak ekainean etorri ziren, eta alde egin zuten, gero, baina berriro etorriko dira, eta ostatu bat hartuko dute, alokatuta daukatelako hemengo etxea. Janistarrek [Sidney eta Harriet] egun batzuk igaro zituzten hemen, baita goossentarrek ere [Gene eta Jean]. Arte-merkatari, kritikari, jazzaren jarraitzaile eta diletanteen joan-etorri iraunkor samarra dago hemen, baina ez dugu harremanik ia inorekin…
Jarraitu ongi, lan asko egin, eta idatz iezaguzu.
Maitasunez
Bob,
Maitasunez
Helen.
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: David Smith, Genoa, Italia
1962ko ekainak 16
Helen maitea:
Zu aukeratu zaitut [Beatrice] Monti [della Corte] eta [Romeo] Toninelliren berri emateko: Espoletoko jaialdiaren ondorengo erakusketan parte hartzeko
zirika ari zaizkit.
… Nire zortzi langileek aingeruen bi medailoi (urrezkoak) oparitu dizkidate, Rebecca eta Candida izenak grabatuta dituztela atzealdean...Izugarri hunkitzen naute horrelako kontuek. Oso harreman estua egin dugu berehala; gaur, goizeko seietatik arratsaldeko seietara jardun dugu guztiok. Astean zazpi egunez egon dira nirekin. Ongi moldatzen gara: nire falta sumatuko diotela diote; gauza bera esan diet neuk ere. Konfiantzazko sentimendu aske eta egiati hori Estatu Batuetako fabrikakoaren oso bestelakoa da2.
… Guztiontzako maitasunez,
David…
Hartzailea: David Smith
Igorlea: Helen Frankenthaler, Provincetown, Massachusetts
1962ko uztailak 29
David maitea:
Biok genuen zuri idazteko asmoa, baina uztaila desagertu bezala egin da...
... Uda “karratua” izan da, zinez, eta “aspergarria”, oro har, baina izugarri gustatu zait...
Irudipena daukat ez naizela ongi enteratu Italiarako zure bidaiaz, arrasto on samarra eman bazidaten ere zure postalek, gutunak eta itzuli zinenean telefonoz izan genuen elkarrizketak: aste biziak izan ziren. Zure obraren argazkiak ikusteko eta gehiago jakiteko irrikaz nago...
Atzo kontatu zidaten Morrisen berri izugarria [Louis, birikako minbizia diagnostikatu berri diote]. Pentsatuta daukat bihar edo hari idaztea, baina hain gaitzituta nago gertatu zaionarekin, ezen kostatu egin baitzait. Jakin dudanez, izugarri ausart eta itxaropentsu dago. Jarri al da Ken [Noland] harremanetan harekin edo Marcellarekin [Brenner, Morris Louisen emaztea]? Hainbeste denbora da berekin ez nagoela, are zailagoa gertatzen zait gertatu zaion hau gertatu zaiola sinestea, berari...
Maitasunez,
Helen.
Hartzailea: David Smith, Bolton Landing, New York
Igorlea: Helen Frankenthaler, Provincetown, Massachusetts
1962ko irailak 193
David maitea:
... Askotan gogoratzen gara zutaz, eta pozten gara egun haiek hemen igaro izanaz. Izugarri ukitu ninduen Morrisen heriotzak: ezin nuen onartu, denok espero genuen arren. Egundoko ondoeza sortu zidan haren galerak. Saiatu nintzen harremanetan jartzen zurekin + Kenekin telefonoz gau hartan, baina ez nuen lortu; gero jakin nuen, Andreren bidez [Emmerich], Ken Wash[ington]era joana zela. Asko sentitu nuen zurekin hitz egin ezin izana...
Maitasunez, Helen
Hartzailea: David Smith
Igorlea: Helen Frankenthaler, Provincetown, New York
1963ko abuztuak 9
David maitea:
... [Z]enbat eta gehiago zahartu, orduan eta ezintasun handiagoa dut [koadro batzuk “egiteko”]...Gero eta denbora gehiago behar dut eskumuturra, garuna eta espiritua elkarri lotzeko eta, gero, guztia batera askatzeko, ulertzen didazu. Nire burua behartu beharra daukat poza edo askatasuna ekarriko dizkidan errutinari heltzera (itxuraz, gauerditik goizeko zortziak arte lo egitea, gero ordu batak arte lan egiteko). Horretara itzultzeko, paisaia eta itsas ikuspegi mordoa egiten jardun dut, nire plazer zahar eta ohikoetako bat. Sor eta lor gelditzen naiz leihotik ikusiz ditxosozko itsasaldiak, nola aldatzen diren arrokak formaz eta kolorez, eta izugarri gustukoa dut hortxe eseri eta mihise batean adieraztea orduz ordu. Gero, inprimaziorik gabeko kotoizko olanazko biribilki erraldoiei begiratzen diet. Izugarria da (baina bikaina)...
Maitasunez, Helen.
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York
1963ko urriak 4
Bob eta Helen maiteak:
... Oraintxe, ostegun batean, eguerdiko ordu batak eta erdietan, hormigoi-makina iritsi zain nago, eskultura batzuetarako 30 idulki berri bota ditzan. Laster beteta izango ditut zelaiak [Smithek Bolton Landingen zituen etxearen eta estudioaren inguruak]. Jarraitzen dut obra berriekin, materialak eskatzen, bi laguntzaileri lana ematen eta obra handiagoetarako asmoekin...
... Pixka bat txukuntzen ari naiz Benningtongo apartamentua. Aurrekontu xumea edukita nola antolatu eta ekipo berriak nola erosi erakusten ari natzaie. Hogeita hemeretzi soldagailu berri izango dira munduan. Soldatzaile bat kontratatu dut, astean 2 gauez eskolak eman ditzan...
... Ez dut harreman handirik artearen munduarekin, aldizkari eta egunkariak irakurtzen ditudan arren. Aspalditik nabil horrela, eta zer moduz ote doakizuen galdetzen diot nire buruari. Zoragarria irudi lezake, bakartia ere baden arren: irakurtzeko eta pixka bat gehiago pentsatzeko astia...
Maitasunez,
David–
Hartzailea: Helen Frankenthaler
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York
1964ko martxoak 9
Bob + Helen maiteak:
Pare bat egun eman ditut gaixo. Gaur, martxoak 9, 58 urte betetzen ditut, lantegira jaitsi naiz... Asteazkenean Benningtonera joan behar dut. Tony Carok hanka hautsi du eski-pista batean. Hari esku bat botatzen saiatuko naiz...
... Hiru Cubi herdoilgaitz amaitzear nago, egitura desberdinekoak. Horiek muntatzeko idulkien zain.
Maite zaituztet, bidaiari beltzarandu horiek,
David
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Sainte-Maxime, Frantzia
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York
1964ko maiatzak 30
Helen + Bob maiteak:
... Wagon III obrarekin nabil: laster behar luke amaituta. Aurreko astelehenean [New Yorkera] alde egin aurretik, hemen aritu ziren hondeamakinak: bi mandio eraitsi zituzten, eta biltegi modura erabiltzeko suaren kontrako estudio bat eraikiko dut, oraintxe diseinatzen eta planifikatzen ari naizena. Hurrengo beharko dudana zimenduak zulatzeko langileak izango da.
... Ehun mihisetik gora ditut Lebronen —irudien marrazki esmaltatuak—, modeloak erabiliz landuak. [Zeramikazko] platerak margotzen eta marrazten hasi naiz, baita irudien zirriborroak egiten ere, oraingoz 40 bat dauzest.
... Asko sumatzen dut zuen bien falta,
Maitasunez, David–
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Provincetown, Massachusetts
Igorlea: David Smith, Bolton Landing, New York
1964ko abuztuak 3
Helen eta motherwelldar maiteak:
... Etorri berriak dira neskak parekoen seme-alabekin, Beatle [sic] taldearen disko berria jartzera... Lan pixka bat daukat hemen lantegian (fakturak, gutunak, etab.). Nekatuta nago, eta laster oheratuko naiz, baina ia amaituta dauzkadan 3 piezak ongi daude...beste bat daukat bidean: atal astunekiko herdoilezko egiturak.
Azkenaldian, formak ibili ditut gogoan, forma beltzak baino ez, erditik kanporanzkoak: itzulera bat, orain lau urte egin nituen batzuetan baino heldutasun apur bat gehiagoz, baina, tira, beti eduki dut silueta hori guztiaren atzean.
Denentzat, maitasunez,
Izan dezazuela lan on eta emankorra 2ek,
David
[Itzulpena: Rosetta testu zerbitzuak]
Oharrak
Besterik adierazi ezean, Smithek Frankenthalerri idatzitako gutunen pasarteak Helen Frankenthaler Papers bildumaren eskaintza dira (Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York), eta Frankenthalerrek Smithi idatzitakoenak, David Smith Archive bildumaren eskaintza (The Estate of David Smith, New York).
- Museum of Modern Arten 1956ko irailaren 10etik urriaren 20ra egin zen David Smith erakusketa zela-eta koktel bat antolatu zuen Frankenthalerrek (West End Avenueko apartamentuan, seguru asko).
- Smithek oso lan emankorra egin zuen hilabetez Voltrin, Genovatik hamasei bat kilometro mendebaldera, fabrika abandonatu bateko egiturak egiten; ikus Michael Brenson, David Smith: The Art and Life of a Transformational Sculptor. Farrar, Straus and Giroux, New York, 2022, 563–79. or.
- Postala. Eskaintza: Helen Frankenthaler Papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.
HELEN FRANKENTHALER — ANNE TRUITT
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Tokio
1964ko irailak 2
Helen maitea:
Tira, badira sei hilabete etorri ginela, eta maiz izan dut zuri idazteko gogoa, une desegokietan beti, ordea, inprimazioaren laugarren eskua ematen ari naizela edo bainuontzian, adibidez...
Lanaren arazoak oso konplexuak dira. Ez dago artistek lan egiteko duten moduari buruzko kontzeptu orokor bat, eta, hortaz, pintura eta abar lortzeko, jardun behar izan dut bulldozer baten adinako erabakimenaz, manera onen mozorropean, hala behar zenean, ahal bezainbeste egokiturik japoniar estiloari... Hemen ongi lan egin beharko nuke. Jendeak “eraginak” aipatzen ditu, maiz, baina, niri dagokidanez, nire lanak bere bideari irmo jarraitzen diola dirudi, niretzat berria den era batean baina testuinguru erabat propio baten barruan beti...
Zure koadroa [May Scene, 1961] egongelan zintzilikatuta daukagu, eta plazer izugarria da... Etsigarria izan zen Kenek [Noland] Bienaleko saria lortu ez izana. Uste dut uler dezakedala, [Robert] Rauschenberg izanik hain liluragarria, askoz ere soilagoa, alderdi guztietatik, eta Pop Artearen irudia zeharo limurtzailea, nik gustukoa ez dudan arren...
... Maitasunez,
Anne
Hartzailea: Anne Truitt, Tokio
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1964ko abenduak 27
Anne maitea:
Urtaroak neurtzen dihardut, Japoniako zigilu berreskuratuak zenbatzen: zure gutunetakoak, postaletakoak, katalogoetakoak...
... Hiru erakusketa harrigarri besterik ez dira egin —[Morris] Louisena, Nolandena, [David] Smithena— eta bada zerbait!...
... Daviden erakusketa... Marlboroughen izan zen, eta hamarkada osoan New Yorken ikusi ditudan erakusketa guztietan onenetakoa izan zen (oharkabean igaro zitzaidan hango dekorazio ezin itsusiagoa ere: Zig eta Cubi haiek guztiek gaina hartzen zioten hango zabarkeria guztiari eta argiztapenari). Etortzen zarenean, ikusi behar duzu hor zehar barreiatuta dagoen haren obren bilduma. Davidek jenioaren ezaugarri bitxi hori du, sinplifikatzeko gaitasuna, baina esanahia sakrifikatu edo murriztu gabe: hortxe daude nabardura, boterea, magia, eskala monumentalean. Irudipena daukat gero eta obra gehiago ikusten ditudala “itxura soilekoak”, zeinetan ez baitira erabiltzen alfabetoko letra bakar batzuk baizik, eta ez abezedario osoa, eta oso mugatua iruditzen zait eta ez denborak aurrera egin ahala hazten doan ideia, formula-eredu moduko bat, tarterik uzten ez duena zabarkeriarako edo anbiguotasunerako... Esan, noiz zatoz New Yorkera? Zenbat denborarako?...
Utzi behar zaitut: gogoan zaitut, onena opa dizut, beti bezala, segi ongi, maitasunez, Helen.
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Tokio
1965eko urtarrilak 15
Helen maitea:
... Otsailaren 3an iritsiko naiz etxera...Bada ni ere etxera itzultzeko garaia, premia dut. Bere gantzetik elikatu den eta ganorazko otordu baten beharra duen norbait bezala sentitzen naiz. Hala nola lagunak ikusi, eta Daviden eskulturaren moduko gauzak. Guzti ados nago “itxura soileko” obren kontu horrekin, kale itsu erabatekoa da. Davidena burutik kendu ezinik nabil. Goi Errenazimentuko artista baten modura ikusten dut, Michelangeloren modura, bat aipatzearren, zeinaren obrak egiten baitu gure garaia errealagoa edo...
... Maitasunez,
Anne
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Tokio
1965eko maiatzak 25
Helen eta Bob [Motherwell] maiteak:
Egunkarian irakurri berri dut David hil zela igandean, eta zuetaz gogoratu naiz, imajinatzen dut zein triste egongo zareten.
Lake George afaltzen ari ginela David eta Kenekin eta Larry Rubin eta haren emaztearekin [Elisabeth de St. Phalle], Larry telefonotik itzuli zen esanez Morrisi ebakuntza egin ziotela, birikako minbizia zela-eta. Hauxe izan zen Daviden lehen erreakzioa: “Tira. Makina bat gauza on egin ditu”. Daviden beraren epitafioa ere izan zitekeen, baina Morrisena baino eskala are handiagoan eta garrantzizkoagoan, nire ustez. Haren heriotzak jota utzi gaitu guztiak. Nire David maitea. Gogoan dut haren itxura, gorpuzkera, bibotea eta usain sarkorra, eta eskuzabaltasun amaigabea, garrantzizko gauzetan. Gogoan dut nola behin hitz egin nion nire lana eta nire bizimodu arruntaren alderdi guztiak uztartzeko nituen arazoez, eta hau erantzun zidan, hain ohikoa zuen zentzu komun zorrotz harekin: “Tira, laztana, bizitza sekretu bat beharko duzula uste dut”. Arrotz gertatuko zait jakitea ez dagoela hor, Bolton Landingen lanean eta bizitzen, irmo eta erostezin.
... Biei nire maitasun guztia eta doluminak bidaltzeko bakarrik idazten dizuet.
Anne
Hartzailea: Anne Truitt, Tokio
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1965eko ekainak 12
Anne maitea:
Eskertzen dizut Davidenagatik idatzi izana. Gogoan oso bizirik iltzatuta ditugu oroitzapenak (zureak barne), eta halako mina dugu, non ezin baitugu ia sinetsi ere egin joana dela. Egunean zenbait aldiz, gutako batek uste ohi du ikusiko dugula atetik sartzen eta etxeaz “jabetzen”, bere urrats handiez, samurtasunaz, umoreaz eta eskuzabaltasunaz. Lehen aldiz ari gara benetan jasaten absentziaren sentsazioa elkarrekin, urte hauetan zehar lotura sendoa sortu baitugu gure lagun minenarekin. Malkoez eta filosofia suharraz gainera, haserrea ere badut, eta nire parte batek inoiz ez du onartuko itzulezintasun hori. Jende mordoa dago itxuraz bizirik egonik bizirik hila dirudiena. David askoz ere hilago dago, hain zuzen ere, zeukan bizitasunagatik.
... Maitasunez,
Helen.
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1970eko irailak 19
Helen maitea:
... Sumatzen dut nire pisua euste-puntuaz beste aldera, urteetan zeharreko bultzada sendo, iraunkor eta suharraz haratago...Argi daukat benetan eskatutako guztia ekarri didala bizitzak. Orain, osatzen saiatuko naiz: alabak, lana eta datorrena. Honek guztiak itxura aratza, ordenatua eta segurua badu, hitzez adierazten ari naizelako soilik da. Haizeak marruka jarraitzen du etenik gabe...21 urteko ezkon-bizitzaren ostean Jamesengandik [Truitt] banantzea prozesu jarraitu bat da: askoz ere errazagoa, orain, ikuspegi psikologikotik, nahiz eta izugarrizko nahasmena den alderdi juridikoari dagokionez. Lanaren, tokiaren eta diruaren kanpo-arazoak izugarrizko oinazea dira, izugarri arindua, aurten, Guggenheimi esker [beka], salbatu baitit bizitza, hitzez hitz. Lehen baino arinago nekatzen zara? Ni bai. Esango nuke gantz gutxiago dagoela, nolabait, erasoak jasateko. Neskak entzuten ditut nahas-mahasean. Amaitu da nire bakealdia. Barkatuko dizkidazu burutapen hauek... Maitasunez, eta dena ongi aterako zaizun itxaropenez, Anne
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Saratoga Springs, New York
1974ko abuztuak 13
Helen maitea:
... Yaddo nire bizitza aldatu duen tokia da. Lehenik eta behin, sendatuta nago orain, are indartsu ere. Nire senera itzuli nau ohiko errutinak —isiltasuna egun osoan (zoriona), ordu lasaiak estudioan, otordu zoragarriak eta konpainia interesgarria—. 75 gauza baino gehiago egin ditut, mihise eta eskultura txikiak eta paper gaineko obrak, baita aspalditik egin nahian nenbilen idatzi batzuk ere. Sekula lehenago bizi gabea nintzen artisten komunitate batean, eta lagunartekotasunaren erabateko agerkundea gertatzen ari zait...
Benningtonera autoz joan, eta Kenekin igaro nuen eguna; benetan adeitsu agertu zen. Bizar zuriak ezin hobeto ematen dio!...
... Maitasun handiz, zaindu; eta ea ahal bezain laster elkar ikusten dugun.
Anne
Hartzailea: Anne Truitt
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1979ko urriak 3
Anne maitea:
... Nire gorputzaren mugak —hau da, neke fisiko izugarria—, batetik, eta iraganeko esperientziak, bestetik, askoz ere hobeto dakit zer ez dudan egin behar, eta ez naiz sentitzen “gaizki” edo zerbait huts egiten ariko banintz bezala. Eta seguru nagoenean, ez dut nire ingurura begiratzen hain isil-gordeka. Agian! Hain dirudi zentzuzkoa!...
... A bientot, maitasunez, Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1980ko urtarrilak 1
Helen maitea:
... Ados nago, “adin ertainekoa” esapide izugarria da. Eta ez da zehazki “ertaina”, gainera, ez? Hiru laurden, gehiago. Zalantzarik gabe, baditu abantailak. Nik ere ez dut “nire ingurura begiratzen hain isil-gordeka” nire indarren mugan nagoenean: sentsazio izugarria zen, ustez izan behar nuen bezain indartsua ez nintzelako halako erruduntasun lauso bat. Deserosoa. Ohartu naiz badaukadala “ez” esatea istant bateko gogoeta egite hutsaz. Zoragarria da, eta nahasgarria, ohartzea nire bihotzak beti bezain suhar diharduela taupaka. Ona da hori guztia, nik uste, eta betirako hala izatea espero dut. Baina lagundu nahi nuke suhartasuna erresistentzia sendoagoaz...Sinpleki, ezin dut ohi nuen bezala fidatu nire buruaz. Ez estudioan, handik kanpo baizik...
...eta maiz gogoratzen naiz zutaz, lagunkidetasunezko eta txerazko sentimendu batez.
Anne
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Stamford, Connecticut
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1981eko urriak 26
Helen maitea:
... Gustukoa duzu bakarrik bizitzea? Nik bai. Inguratzen nauten espazioa eta lasaitasuna, eta erabateko independentzia. Batzuetan, irreala iruditzen zait, James edo “senar bat” baleude bezala bazterren batean, hurbileko tokiren batean, nire parte batek uste izango balu bezala pentsaezina dela hain bakarrik egotea. Baina, denbora gehienean, askea eta independentea izateaz benetan eskertuta nago...
Nik ere “uko egin diot” bizitza sozialari. Agian, urte gehiegiz. Berez, benetan nahi dudan jendearekin besterik ez naiz egoten, luzaroan borrokatu behar izan bainaiz horretarako ere denbora edukitzeko. Orain, aukera dut irekitzeko eta, zentzu askotan, hori eginez neu sentitzeko...
“Bat-bateko umorea”, diozu. Nik ere nabaritu dut! Harrigarria da inork ez aipatzea adinaren ezaugarrietako bat dela. Maiz, haurren gogo beraz barre egiten dut. Eta nabaritzen dut nire aurpegia saretzen ari den arren portzelanazko plater pitzatu baten antzera sei-hamar bat urte nitueneko itxura bera daukadala, zortzi urte nituenekoa agian. Nahiko karratua, sinplea eta zurbila...
...Maitasunez,
Anne
Hartzailea: Anne Truitt, Washington D.C.
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1990eko maiatzak 291
Anne maitea:
Egun grisa hemen, arrastaka bezala nabil, eta zeru grisa hezur-muinetaraino sartuta... Kontuak horrela, eguraldiari buruzko nire aitzakia merkea gorabehera (atzo egun zoragarria egin zuen), oso etsita nago Panorama orokorrarekin, Artearen Munduarekin, New Yorkeko Unibertsoarekin, NEAren negozioekin, Errusian, Alemanian, Frantzian, Harlemen zabaltzen ari den antisemitismozko olde berriarekin, eliteko aristokrazia suntsitzeko saiakerarekin, merkatua oro har suntsitzekoarekin...Horrez gainera, sorgorgarria iruditzen zait ia: artea sortzen saiatzea, buru-belarri, eta begiak estaltzea, uharte mortu batean bakartzea... Aldaketa-fase iragankor batean murgilduta sentitzen naiz, baina ez daukat behar adinako perspektibarik jakiteko erreala den edo ez. Iruditzen zait nire adinari buruzko erreakzio berantiar bat izaten dudala hamarkada bakoitzean. 42 urte nituen 40 urte izateaz harrituta gelditu nintzenean! Gero, urtebete edo bi behar izan nituen (handik hamar urtera) konturatzeko, alajainkoa, 50etik gora ditudala! Eta, orain, bat-batean, sentitu dut zaplaztekoa eta gelditu naiz paralizatuta, 61 urterekin. Badira gauza pare bat zerikusia dutenak osasunarekin nahiz maitasunarekin —ez larriak— eta gogoeta eginarazten didatenak. Saiatuko gara horri guztiari, edo parte bati, heltzen hurrengoan elkartzen garenean.
Bitartean, nire maitasun osoa eta mirespena.
Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1990eko azaroak 28
Helen maitea:
Konfiantza sakona dugu elkarrekiko, ez? Artistak garelako, beharbada...biak, baliteke nolabaiteko zerikusia izatea zaurgarritasunarekin. Beti iruditu izan zait zuk “gordetzen” duzula zurea (gaztelu bateko dorrean edo) eta nik nirea: baliabide bat...Duela bi aste, halabeharrez enteratu nintzen, beti esan izan baitidate bizi osorakoa zela, unibertsitatean dudan plaza 70 urte betetzen ditudan egunean amaitzen dela, martxoan...Behin galdetu zenidan zer egingo nukeen eskolak ematetik libratuko banindute. Fantasiari bide eman nion zuri idatzitako gutun batean, eta gozatu nuen. Baina, fantasia horren azpian, askoz ere sakonagoko geruza bat dago: nire barne-begiaz ureen joanean “ikusten” aritu naizen eskulturak...badakizu, toki hori non baitirudi obra existitzen zela existitu aurretik ere: hazten doazen eskulturak...Partenongo zutabeak bezalakoak... Beti uste izan dut egunen batean aukera izango nuela jartzeko nire arreta osoa obra horiei eta haiek gauzatzeko. Horrexek ematen dit min gehien. Beranduegi hasi nintzen lanean prestazio asko pilatu ahal izateko, eta bizitzeko gelditzen zaidana gelditzen zaidala, inondik ere ez dut izango obra horietarako funtsik...
... Nire maitasun guztia bidaltzen dizut,
Anne
Hartzailea: Anne Truitt, Washington D.C.
Igorlea: Helen Frankenthaler, Stamford, Connecticut
1991ko otsailak 172
Anne maitea:
“Axolagabe” hitza ez da egokia; gehiago esango nuke nagoela nagi, lotsatuta eta, batez ere, damututa, (bereziki), zure azken gutunaren eta zure albiste ilun guztien ondoren zuri erantzuten hainbeste berandutu izanagatik. Era horretako gutunak hartzen ditut laguntza eske partikula gisa, zeinari hartzaileak baitu —elkarrekiko dugun adiskidetasun eta enpatiazko sentimenduagatik eta historiagatik— gutxi-asko berehala erantzuteko “betebeharra”.
Zoritxarrez, huts egin zuen elkartasunezko edo/eta adore emateko nire senak, bai bainituen nik ere estutasunak. Grrrr. Hortaz, has gaitezen berriro! Jakingo bazenu zenbat aldiz eduki dudan zure gutuna eskuetan, erantzun zain, eta gogoratu naizen zutaz, aspertuko zinateke... Hona hemen nire estudio berri zoragarrian barrenako ibilaldia (ez uste kontuan ez ditudanik lorpenak edo zeharkako bedeinkazioak!)...Jakina, traumatikoa da dena martxan jartzea, fisikoki eta estetikoki, eta plangintza zorrotza eskatzen du, ilusio handia ez ezik. Badakit, halaber, nire baitan, zahartzearekin “martxa aldatzeko” unea iristen dela, zalantzarik gabe, eta kontsiderazio berriei tartea uztekoa...
... Uste dut zu eta biok beranduegi “esnatu” ohi garela, maiz, zuk “ameskeria” deitu zenuen horretatik. Bat-batean, beste zerbait datorkigu gainera. Baliteke hori izatea partekatzen ditugun eta jarraitutasun batean elkartu gaituzten gauza ugarietako bat. Ideia gozo bat.
... Musu asko, Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Stamford, Connecticut
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1991ko otsailak 26
Helen maitea:
... Ongi baino hobeto ezagutzen dut zure “grrr” sentsazio hori: blokeoa. Zorigaiztoko fisikoaren menderaezintasuna da...Bitxia da bizitzak nola garamatzan, ezta? Beharrezkoa da plangintza, baina, azkenean, dena kokatzen da bere tokian, sarrailaren zilindroak bezala, harik eta, sinpleki, hor zegoela ez genekien ate bat irekitzen den arte. Atzera begiratuta, mugimendu bakoitzak dirudi ezinbestekoa eta teleologikoa. Zuk diozun moduan, jarraitutasun bat, eta atsegina. Horixe dut gustukoena.
... Eta maitasuna, jakina.
Anne
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1991ko uztailak 27
Helen maitea:
Williamsburgen izan nuen Boben heriotzaren berri, hara joana bainintzen Maryri [Truitten alaba] laguntzera alabaz erditzean. Jakina, lehenengo burura etorri zitzaidana galera izan zen —malkoz bete zitzaizkidan begiak—, eta Bob bera, zoriontsu, lanean, sukaldean, bere modu zoragarri eta ozen hartan hizketan. Hura ezagutu nuen garaian, zeharka bazen ere; biak ezkonduta zinetenean. Bigarrena burura etorri zitzaidana zu izan zinen, noski. Ezer ez da amaitzen, biek ongi dakigunez, gure kalterako (eta jakintzarako ere). Hain dira sakonak gure sentimenduen sustraiak...Beti pentsatzen dut igebelarretan: igeri daude ur-azalean, baina elikatzen dira lurretik, oso-oso sakonetik, ernatzen diren bizi-ildoen bidez. Haren heriotzarekin dirudi amaitzen dela aro bat; bizi izan zen bitartean izan balitz bezala duela berrogeita hamar urteko gure estatubatuar xalotasunaren eta gaur egungo artearen kakofonia kaotikoaren arteko amildegiaren gaineko zubia. Hain artista gutxi gelditzen dira humanoa den hori beren obran modu koherentean adierazten ahalegintzen direnak, adimenarentzat eta bihotzarentzat irisgarri egiten dutenak. Guregatik jotzen dute haren heriotzako kanpaiek benetan. Eta zuregatik, hain modu hunkigarri eta sakonki pertsonalean. Helen laztana, nire maitasun guztia eta desiorik onenak,
Anne
Hartzailea: Anne Truitt, Washington D.C.
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York eta Santa Fe, Mexiko Berria
1991ko abuztuak 1 eta 123
Anne maitea:
Zure gutuna izan da jaso ditudan artetik ederrenetakoa eta sakonenetakoa. Bai, une zaila eta barnerakoia izan da niretzat, eta harrituta nago toki guztietatik jaso dudan laguntza eta enpatia izugarriarekin. Egoerari buruzko zure sentimenduak —zureak eta nireak— hain daude malkoz, une hunkigarriz, amorruz, bizi-filosofiaz blaituta: a zer bidaia egiten duguna! Dena amaitzen da. Ezer ez da amaitzen...Igebelarren zure metafora zinez da egokia.
Asko maite zaitut eta zutaz gogoratzen naiz. Jabetzen naiz zenbat (gure barne- eta kanpo-paisaien desberdintasun fisikoak eta sinbolikoak gorabehera), zenbat “behar” dugun beti elkar eta laguntzen diogun elkarri.
... Maitasunez, Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anne Truitt, Washington D.C.
1994ko maiatzak 16
Helen maitea:
Jakina, berehala gogoratu nintzen zutaz Clem [Clement Greenberg] hil zenean eta Espainian zinela jakin nuenean. Zure falta sumatu genuen hiletako “festan”...Tristea da berriro apartamentu horretan pentsatzea, Clem bertan ez dela. Berekin eraman zituen hainbat lagunen bizitzako parte garrantzitsu eta oso zehatzak. Ahal duzunean hitz egingo dugu.
Maitasunez, lagun laztana,
Anne
Hartzailea: Anne Truitt, Washington D.C.
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1994ko maiatzak 254
Anne maitea:
Itzuli berriak gara [Frankenthaler eta Stephen DuBrul] Espainian barrena hiru asteko eztei-aurreko bidaia egitetik; Espainiako aurpegian barrenako bidaldi distiratsua izan da, alderdi askotatik: argazkiak, pertsonak, paisaiak eta, batez ere, gu biak. Itzultzean, posta-pila itzela topatu dut, eta horrexegatik ari natzaizu ohar hau idazten, Clemen heriotzagatiko nostalgia eta enpatia adieraziz igorritako hitzen esker onez. Sentitzen dut haren apartamentuko hileta-bilkura huts egin izana. Maiz, era horretako erritualek ematen dute amaiera beharrezko bat, parentesi batean bezala. Zuk eta biok badakigu bandera pila ari direla hemen haren omenez kulunka. Haren argitasuna, ausardia eta indarra, haren hainbat eta hainbat jarrera bezala, sakon iltzatuta daramatzat nire baitan. Harekin haserretzen nintzelarik ere, izugarri maite nuen. Egia ez da hiltzen.
... Nire maitasun guztiaz, [Helen]
[Itzulpena: Rosetta testu zerbitzuak]
Oharrak
Besterik adierazi ezean, Truittek Frankenthalerri idatzitako gutunen pasarteak Helen Frankenthaler Papers bildumaren eskaintza dira (Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York), eta Frankenthalerrek Truitti idatzitakoenak, Anne Truitt Papers bildumaren eskaintza (Special Collections Department, Bryn Mawr College Library).
- Gutun fotokopiatua. Eskaintza: Helen Frankenthaler Papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.
- Ibid.
- Ibid.
- Ibid.
HELEN FRANKENTHALER — ANTHONY CARO
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1969ko apirilak 14
Helen maitea:
Eskerrik asko zure oharragatik, azalean zure koadroa [Swan Lake I, 1961] dakarren Artforumen edizio berriaren egun berean iritsi zen1. Ez dakizu zein pozgarria zaigun Sheila [Girling] eta bioi koadro hori edukitzea. Maisulan erabatekoa da!
Irrikaz gaude zu eta Bob [Motherwell] ikusteko; datorren hilean New Yorkera joateko asmoa dugu, zure inaugurazioarekin batera ez egokitzea espero dut. Une honetan, buru-belarri nabil lanean, eskultura berriak sortzen, baina gutxi dauzkat amaituta: Swan Lakerekin dena ongi irtetea opa dizut.
Nire desiorik onenak,
Tony
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1969ko urriak 31
Tony maitea:
Eskerrik asko, Benningtongo zure gutunagatik, dagoeneko ari da bere lana egiten. Asko eskertzen dizut nire laguntza-eskeari hain bizkor erantzun izana.
... Gure arteko betiko gai zaharrari buruz, eskultura-pintura trukeaz: ba al dago aukerarik (hitz egin genuen moduan) nire Swan Lake obraren garaitsuko zure eskulturaren bat eskura dezadan? Edo zer iradokitzen duzu?...
... Maitasunez, zuretzat eta Sheilarentzat, eta eskumuinak bientzat, Boben partez
Helen
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1972ko apirilak 27
Tony maitea:
Eskerrik asko zure ohar atseginagatik. Azken esaldia zen onena. Zer diozu elkarrekin eskulturak sortzeko asmo horri buruz?!!!!!!!!!!
...Bientzako maitasunez,
Helen
ez dakizu zer gogo dudan dena ongi atera dadin.
Hartzailea: Helen Frankenthaler
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1977ko urtarrilak 3
Helen maitea:
... Rebeccak deitu zuen, David Smithen alabak, eta estudiora etorri ziren Candida [Smithen alaba] eta biak bazkaltzera. Oso neska sinpatikoak dira eta plazera izan zen haiek ezagutzea, bereziki David gogorarazi zidatelako, modu nolabait urrunean bada ere. Maiz gogoratzen dut ereduzko eskultore gisa, eta ereduzko gizaki gisa ere bai...
Apirilean ikusiko dugu elkar, han izango naiz ordurako...
Maitasunez,
Tony
Hartzailea: Anthony Caro, Londres
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1977ko urriak 3
Tony maitea:
Iritsi da unea (nirea/zurea/gurea): zergatik ez dugu data bat finkatzen nire estudiora margotzera etortzeko? Proposatu eguna, eta dena antolatuko dugu.
Maitasunez,
Helen
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1981eko otsailak 3
Tony maitea:
... Buru-belarri murgilduta nabil zenbait proiektutan. Haietako bat, John Elderfield prestatzen ari den liburua2: zeregin kolosala, akigarria eta zirraragarria, aldi berean. Pertsona aparta da John, adimen, umore eta nortasun zoragarrikoa. Goitik beherako gizona. Bagoaz aurrera, epeak betez pixkanaka eta koloretako irudiak aukeratuz (zaude, zure luxuzko liburu ilustraturako. Ouy). Etxez aldatzea pentsatzen ari naiz: etxea eta estudioa batera jartzea beste tokiren batean, gaur egun bizi naizen tokitik ez urrun, auzo berean. Nolabait esateko, orain, Connecticuteko landetxearekin, gehiegi da 3 leku kudeatu behar izatea (osasunaren eta lanaren bidean oztopo diren jabetzez gabetu nahi dut!).
... Eta maitasunez, beti, bientzat,
Helen.
Hartzailea: Anthony Caro, Londres
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1982ko apirilak 6
Tony maitea:
Ez dakit zertan gelditu zen gure “maiatzeko hitzordua”. Oraindik nire estudiora lanera etortzeko asmotan zabiltza? Maiatzerako planen artean bidaia labur bat dut Houstonera maiatzaren 1ean, besteak beste; maiatzaren 4rako itzuliko naiz New Yorkera. Eta honoris causa doktore izendatuko naute...maiatzaren 22ko asteburuan.
... Zatoz!
Maitasun handiz,
Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1982ko apirilak 14
Helen maitea:
Hunkituta eta pozik nago zure gutuna jaso izanarekin. Zaude ziur joango naizela: zuk eskuz idatzitako “zatoz” horrek aditzera ematen dit serio ari zarela. Urduri nago pintura eta mihisea direla-eta, eta orientazioa beharko dut, baina hitza ematen dizut ez dizudala denbora eta espazio asko lapurtuko; jar nazazu, beraz, traba egingo ez dizudan txoko batean. Eskuzabala zara, eta ausarta: mila esker, hasi aurretik! Datak: has ninteke maiatzaren 17an, maiatzak 30 ingurura arte? Badakit Brandeisko zure doktoregoa [honoris causa] tartean izango dela, baina gustura joango nintzateke zuri animoak eta babes morala ematera.
... Maitasun handiz, nire partez eta Sheilaren partez...
Beti bezala,
Tony
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1982ko ekainak 26
Helen maitea:
Atzo, festa batean, norbaiti azaltzen aritu nion zein zoragarria izan zaren zure estudioan niri tarte bat eginez eta ni ongi baino hobeto tratatuz. Inoiz esan al dizut zenbat eskertzen dizudan hitzez hitz? Badakit esan izan dudala zein ongi pasatu dudan eta zein dibertigarria izan den han lan egitea eta pintatzen saiatzea, baina zure eskuzabaltasunak, laguntzak eta presentziak esperientzia ahaztezina bihurtu dute niretzat, benetan.
Hemen dituzu Brandeisko egun euritsuko argazki batzuk. Une batez, zure falta sumatu nuen Carl Belzen sorbaldaren atzean!...Aldiz, polita da gure bi buruen argazkia: honen bikia gordeko dut. Gogorarazten dit...garai zoriontsu bat.
Maitasunez, beti bezala,
Tony
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, Stamford, Connecticut, eta Washington D.C.
1982ko urriak 20 eta azaroak 5
Tony maitea:
Eskerrik asko Caroren liburu berri ederrarengatik3. Hemen daukat [Stamforden], hemen igaro baitut hilabetearen parte handiena, udazkenaz eta landako bizitzaz gozatzen itsasertzean. Arrazoiren bat dela medio, aurten ez nuen nire burua New Yorkera hain goiz joateko gai ikusten; gero eta gehiago gozatzen dut toki honetan, eta gogaikarria iruditzen zait hiria.
... Az. 5. National Gallery: Smith mintegia. Tony maitea: Hemen jarraituko dut! Eskerrak Jainkoari hemen zauden. Jota nago areto honetan, zeina baitago pontifikatu besterik egiten ez duten artearen historialari gatzgabe eta kritikari txepelez betea, oro har. Hitzik gabe nago, lit. [literalki], ez bada zuzenean deprimituta. Davidek gauza guztietarako zeukan gose eta jakin-min zoragarriaz ari direnean: gose hura haren bakardadea bezain aseezina zen. Eta lan egin beharra zeukan. Hemen ere proiektatzen dute aurrez asko pentsatzen zuelako txorakeria hori: ideiei tira besterik ez zien egiten. Eta gidari hartu zuen orobat eskultura, garatzen zen heinean bere parean + bere ametsetan. Ez zen oinarriei edo buruei buruzko plan bat, baizik figurazio jakin bat, behar zuena oinarri jakin hori hantxe, une hartan, testuinguru batean. Ezingo dute sekula edertasunaren gertaera kudeatu. Jainko maitea! Zenbateraino itsutzen dien handitasunak gogamena...
Edonola ere, urriaren 20ko gutuna aurrez aurre amaituko dut...Minutu bat altxatzen bazara, irten gaitezen orain, oihuka hasi aurretik, eta har dezagun kafe bat...
Maitasunez, Helen.
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
1983ko urtarrilak 15
Tony eta Sheila bihotzekoak:
... Cort Productionsek Davidi buruz egindako filmaren aurrerapen bat ikusi dut: Clem [Greenberg], Ken [Noland], Bob M. eta neure pasarteak. Denak zirudien hain benetakoa eta bizia. Hitz egiten dugu zeinek bere erara eta izendatzaile komun argi batek lotuta: David. Oso hunkigarria, ona: ezer berririk ez, baina “ohegaineko” garbi eta fresko bat bezalakoa izan da.
Gure “arte abstraktuak” duela zenbait hamarkadatako —berrogeiko eta berrogeita hamarreko— zorioneko klandestinitatera itzulia dirudi...Aski da museo batean barrena ibiltzea, jakiteko azkenean dena bere tokian kokatzen dela, eta horrela sentitu naiz lehen egunetik: egin zure lana, jarraitu...
... Nire maitasun guztiaz,
Helen
Hartzailea: Anthony Caro, Londres
Igorlea: Helen Frankenthaler, Kyoto, Japonia
1983ko apirilak 20
Sheila eta Tony bihotzekoak:
Gogoeta asko eskultura “basati” edo/eta “kontenplaziozkoari” buruz, eta irudien eta formen errepikapenaren ideiari buruz (sentitzen dut prest nagoela berriro eskulturari heltzeko). Tira, erabateko arrakasta izan da bidaia, baina lana, xilografia bat egitea, oso zaila da egoera honetan. Gaur, lehen aldiz, baliteke oraindik etorkizun den emaitza baten gaineko argi pixka bat ikustea agian...
Maitasun asko, eta jarraitu ongi! Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1986ko abenduak 26
Helen maitea:
... Pozten naiz David Smithen txartela gustatu izana. Berriro joan nintzen erakusketara Gabon bezperetan, David Sylvesterrekin. Galeria itxita zegoen, eta parada izan genuen obrei lasaitasunez behatzeko: pieza zoragarriak, nahiz eta ez den Smithi buruz antola zitekeen erakusketarik onena, haren obra osoa aukeran edukita. Edonola ere, zoragarria, eta hemen, behintzat, eskertzen da. Publiko ugari, artista gazteak eta ikasleak gehienbat; egunean 1.000 inguru, asteburuetan. 20 urte behar izan dira (eta, akaso, [Henry] Mooreren heriotza) hemen ikus genezan behar bezala...
... Adeitasunez,
Tony
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anthony Caro, Tarudant, Maroko
1988ko azaroak 20
... Astebeteko oporraldiaren behar bizia sentituta, Marokora hegazkina hartu, eta igerilekuaren aldameneko etzaulki batean ari natzaizu hau idazten...
... Gure buruari galdetzen diogu nola ote doakizun bizimodua; guri dagokigunez, gutxi aldatu dira gauzak. Biak, zu eta biok, hain gabiltza gure artearekin eta karrerarekin lanpetuta...Baina gero eta tentatuago nago egin nahi ez dudan hori alde batera uzteko. Sinestezina da nola hitz egiten edo idazten den beti azken urteetan Picassori buruz Jacquelinek (munstroak!) lagunengandik urrundu izan balu bezala. Hitz egiten eta idazten duten horiek haren “lagunak” dira, jakina, eta harengana iritsi ezinik ibili ziren! Izan ere, Picassok denbora behar zuen bere artearentzat eta bere buruarentzat, eta isiltasun apur bat ere bai. Gure heziketak eta nortasunak, ordea, gure kontra dihardu, eta eskultoreak arkitektoak bezalakoak dira apur bat, obra handiei dagokienez, mezenasak eta horrelakoak behar dituzte... Azkenean, hara eta hona balantzaka ibili, eta gure bizitzak nahiko ongi antolatzen dira...
... Helen maitea, besarkada bat bion partez.
Beti zurea, adeitasunez,
Tony
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Stamford, Connecticut
Igorlea: Anthony Caro, Saint John, Antigua
1992ko urtarrilak 2
Helen maitea:
... Antiguatik idazten dizut gutun hau, badia perfektu batean bakartutako turismo gune batean, zeinetan igarotzen ari baikara 4 edo 5 egun, Londresera itzuli aurretik...
Udazken nahasi samarra izan da; izan ere, lan handiko urtea izan da niretzat. Gainditu dut duela urte eta erdiko nire gaixotasuna, eta ohitu naiz botiketara. Indartsu sentitzen naiz, garai zaharretan bezainbeste ia; baina zaindu egiten naiz eta atseden gehiago hartzen dut, ariketa fisikoa egiten dut, eta neurriz jaten, zuhurtziaz...badakizkizu jende aspergarriak bere gaixotasunei buruz kontatzen dituen gauzak! Baina, aurten, estudioa fabrika bihurtu zen aldi batez, langile eta guzti, 17, eskultore eta soldatzaile gazte, urritik urtarrilera bitarteko erakusketarako egin nuen Tateko Oktogono Zentralerako dorrean lanean. Arkitekto baten modura sentitu nintzen, urrun eta han egon gabe baina saltsaren erdian, nolabait...
... Beti bihotzez,
Tony
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, Stamford, Connecticut
1992ko martxoak 3
Tony maitea:
Hanka gora jasota eta bendatuta nagoelarik, aukera daukat pixka bat lasaitzeko eta idazteko (zoritxarrez, orkatilako zaintiratu bat daukat, baina ari naiz sendatzen).
Nondik hasi? Zenbat aldaketa eta zenbat jarraitutasun gure bizitzetan! Baina gure bizitzako une honetan —mendebaldeko munduko berrogeita hamarreko hamarkada ezagututa—, zailtasunak dakartza hutsaltasunaren inpaktuak, ez? Eta hainbeste gauza baztertzen dira! Gauza bat da konpromisoa eta aurrerabidearekiko egokitzapena, eta, bestea, balio eta ohituren oinarrizko sistema baten aldaketa eta sakrifizioa. Gainera, logikoa denez, adinaren poderioz lehen baino bakartiagoak gara artistak, baina gaur egun zaila da elkarrizketa esanguratsurik izatea adinkideekin (adiskidetasunari nahiz estetikari dagokienez), eta ez dago ia elkarrizketarik hurrengo belaunaldiarekin, erronka dakarkizunik ez, behintzat! Beharbada, horregatik daukat “oin” bat irakaskuntzan, tarteka, eta ematen dut urtean behin edo bitan hitzaldi bat publiko on baten aurrean, nire obra erakutsiz. Eta fama, dirua, boterea kudeatzea?! Utikan! Energia ongi baliatu beharra dauest. Bola handi-handi bihurtu, malabarrak egiteko. Jainkoari eskerrak, umoreak eta ironiak babestu egiten gaituzte ahulduko gintuzkeen nostalgia gehiegizko batez (eta mantentzen gaituzte “gazte”!).
... Maitasun handiz.
Adorea, indarra, “ez galdu fedea!”, esan ohi den bezala (zaindu beharra dago “dibertsioa” ere, edozein moldetan, ezta?). “Gu guztiongatik!”
Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, New York
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1992ko abenduak 3
Helen maitea:
Oso pozik egongo gara laukotea osatzeaz. Entzun nuen bazenuela “jaun zoragarri bat”, eta irrikaz nago hura ezagutzeko [Stephen DuBrul]. 20:00etan elkartuko gara 15ean, Four Seasons jatetxean.
... Maitasunez,
Musu asko, Tony eta Sheila
Hartzailea: Anthony Caro, Londres
Igorlea: Helen Frankenthaler, Darien, Connecticut
1998ko azaroak 23
Tony maitea:
Azkenean, duela egun batzuk joan gara [Frankenthaler eta DuBrul] 94. Kaletik, eta, New Yorken gaudenean, Carlyle Hotelean hartzen dugu ostatu: 212–744–1600...
... Maitasunez!
Helen
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Darien, Connecticut
Igorlea: Anthony Caro, Londres
1998ko azaroak 24
Helen maitea:
Mila esker albistea emateko idatzi izanagatik. Zirraratu egiten naiz etxez aldatzeak zer dakarren pentsatze hutsaz, zuk 54. [sic] Kalean adina denbora baitaramagu ia Frognalen. Gogoan dut zein afari zoragarria eman zenuten Bobek eta biek 1959an, New York lehenengoz bistatu nuenean.
... Maitasunez, bion partez,
Tony
Hartzailea: Anthony Caro
Igorlea: Helen Frankenthaler, New York
2000ko ekainak 184
Tony maitea:
... Eskerrak, bihotzez, London Sunday Observe aldizkariko zure elkarrizketa eskuzabalagatik5. Zoragarria. “Prentsan atera berritan” ikusi nuen. Zure hitzak oso hunkigarriak izan ziren, seguru nago badakizula zein garrantzizkoak diren niretzat. Esango nuke adinean aurrera egin ahala orduan gehiago estimatzen dugula adiskidetasunaren iraunkortasuna, oraina nostalgiarekin partekatzeko dohain zorionekoa...
... Irakaskuntzara itzuli nahi nuke pixka bat. Maiz, hor kanpoan nagusi den giro arraro —eta ez bereziki atsegingarri— horrek eragozten dit azkenaldian, a ze aldea beste garai batzuekin, zeinetan eztabaida egin, arriskuak hartu eta, hala ere, hiztegi estetiko beraren izendatzaile komuna senti baikenezakeen. Hiztegi hori hain gertatzen zait arrotza gaur egun... Oraingo obra ospetsu askok ez dute kalitaterik, ez dute eragiten harrimenik ere: okerreko asalduramota bat da, boterearekin, politikarekin, diruarekin, modarekin, gizarte-bizitzarekin nahastua. Eta batek bere buruari galdetzen dio: ez ote da beti horrela izan? Ez hainbesteraino.
... Bientzako maitasunez. Musu asko,
Helen...
Hartzailea: Helen Frankenthaler, Darien, Connecticut
Igorlea: Anthony Caro, Saint George, Granada
2003ko urtarrilak 26
Helen maitea:
... 1981az geroztik hartutako oharrak ordenatzen ahalegintzen aritu naiz, eta une egokia dirudi horretarako. Seguru nago zuk ere gauza bera egingo zenuela noizean behin. Etorri ahala idazten joan naiz pentsamenduak, sentimenduak, ideiak eta erreakzioak, eta Tate Publications argitaletxeak koaderno txiki bat argitaratu nahi du nire erakusketa egiten denean. Kontua da, une honetan, oharrek eta gogoetek ez dutela loturarik eta, are gehiago, desfasatuta daudela iruditzen zait: dagoeneko desagertuak diren haize-erroten kontra oldartzen dira, maiz. Clemek beti adierazi ohi zuen zein galkorrak (edo iragankorrak?) diren epe laburreko gure kezkak baina epe luzerako direla benetako gauzak... ...Zenbat aldatu diren gauzak Clem hil zenetik. Bakar-bakarrik sortu zuen zentzuzko uharte bat bere inguruko artean: isolatu gintuen esparru komertzialetik eta lorpen errazetatik, zeinak, harrezkero, bihurtu baitira jaun eta jabe. Seguru asko, beti hor egongo ziren, baina Clemek, eta geuk, kalitateari jarritako arretak ezkutatu egin zituzten denbora batez...
...Maitasunez, bien partez. Musu asko,
Tony
[Itzulpena: Rosetta testu zerbitzuak]
Oharrak
Besterik adierazi ezean, Carok Frankenthalerri idatzitako gutunen pasarteak Helen Frankenthaler Papers bildumaren eskaintza dira (Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York), eta Frankenthalerrek Carori idatzitakoenak, The Anthony Caro Centreren eskaintza (Londres).
- Beltxargen aintzira I (Swan Lake I, 1961) koadroa Swan Lake #2 bezala ageri da Artforum 7 aldizkariaren 8. zenbakian (1969ko apirila).
- John Elderfield. Frankenthaler. Harry N. Abrams, New York, 1989.
- Diane Waldman. Anthony Caro. Abbeville Press, New York, 1982.
- Gutun fotokopiatua. Eskaintza: Helen Frankenthaler Papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.
- Anthony Caro, “True Colors”, Hilly Jamesek egindako elkarrizketa, The Observer, 2000ko ekainak