Edukira zuzenean joan

Helen Frankentalher: Araurik gabe margotzen

katalogoa

KRONOLOGIA HAUTATUA

1928–45

Helen Frankenthaler 1928ko abenduaren 12an jaio zen; Martha Lowenstein eta New Yorkeko Estatuko Auzitegi Goreneko epaile Alfred Frankenthalerren hiru alabetan gazteena zen. New Yorken bizi izan zen familiarekin, Upper East Siden, eta txikitatik izan zuen museoetarako eta kulturarako sarbidea. 1940ko urtarrilean hil zitzaion aita, berak hamaika urte zituela. 1945ean, Frankenthaler Dalton Schoolen graduatu zen, non pintura ikasi baitzuen Rufino Tamayorekin.

1946–49

Frankenthaler Vermonteko Bennington College ikastegian sartu zen, eta Paul Feeley izan zuen, han, arte plastikoen irakasle. 1948ko udan, Gaby Rodgers antzezle eta lagunarekin batera, bidaia egin zuen Europara, lehen aldiz: Londres, Amsterdam, Brusela, Geneva eta Paris ezagutu zituen ordukoan. 1949. urtearen hasierarako, Frankenthalerrek estudio bat zuen Ekialdeko 21. kaleko 232. zenbakian, Sonya Rudikoff idazlearekin, zeina baitzuen Benningtongo lagun mina. 1949ko uztailean lizentzia eskuratu, eta New Yorkera itzuli zen.

1950

Apartamentu bat hartu zuen Rodgersekin Mendebaldeko 24. Kaleko 470. zenbakian, baina alokatuta zeukan, artean, Ekialdeko 21. kaleko estudioa. 1950eko udaberrian, Clement Greenberg arte-kritikariaren bikotekide egin zen —bost urtez egon ziren elkarrekin—, eta, haren bidez, New Yorkeko Eskolako adin handiagoko beste artista batzuk ezagutu zituen; esate baterako, Elaine eta Willem de Kooning, Lee Krasner, Barnett Newman, Jackson Pollock eta David Smith. Era berean, Frankenthalerrek harremanetan jarri zituen Greenberg eta Feeley, zeinek izan baitzuten kuradoretza-lankidetza luzea Bennington Collegen eta zeinari esker antolatu baitziren Morris Louis, Newman, Kenneth Noland, Pollock eta Smith artisten bakarkako erakusketak, beste batzuenez gainera. Udan, Frankenthalerrek hiru aste igaro zituen Hans Hofmannen margolaritza-eskolan ikasten, Provincetownen, Massachusettsen. Abenduan, Kootz Galleryko Fifteen Unknowns talde-erakusketarako hautatu zuen Adolph Gottliebek. Urte haren amaieran, Pollocken Betty Parsons Galleryko erakusketa bisitatu zuen Frankenthalerrek, eta, aurrerago gogoratu zuenez, harriturik gelditu zen: “Izan zen bat-batean atzerriko herrialde batean lur hartzea bezala: atzerriko herrialde batean, zeinetako hizkuntza ez bainekien, oraindik, hari buruz nahikoa irakurria nintzen arren eta pasio eta interes bizia eragiten zidan arren eta han bizitzeko irrikaz nengoen arren. Herrialde hartan bizi nahi nuen, han bizi behar nuen, eta bertako hizkuntza menderatu”1.

1951

Maiatzean, David Hare margolariak Ekialdeko 10. Kalean zeukan estudioa berralokatu zuen Frakenthalerrek. Hilabete hartan bertan, 9th Street Exhibition of Paintings and Sculpture erakusketan parte hartu zuten hirurogei artista baino gehiagok, tartean zirela Frankenthaler bera (taldeko gazteena), Willem eta Elaine de Kooning, Friedel Dzubas, Hofmann, Franz Kline, Krasner, Robert Motherwell eta Pollock. Smithek Bolton Landingen, New Yorken, zeuzkan etxea eta estudioa bisitatzen hasi zen Frankenthaler, eta lehen eskultura erosi zion: Arrano-zaintzailearen erretratua (Portrait of the Eagle’s Keeper, 1948–49). Azaroan, lehen monografikoa egin zuen Tibor de Nagy Galleryn. Galeria haren bidez, adiskidetasunharremanak hasi zituen zenbait artista eta poetarekin, hala nola Grace Hartigan, Alfred Leslie, Frank O’Hara eta Larry Riversekin. 1951. urtearen amaieran, Frankenthalerrek Pollocken zuri-beltzeko pinturen erakusketa bisitatu zuen Betty Parsons Galleryn. Data berean, The Club elkarteko kide egin zen; Philip Paviak sortu zuen The Club, 1948an, eta abangoardiako artisten topagunea zen.

1952

Urte hasieran, bere jabetzako apartamentu batera aldatu zen Frankenthaler, Mendebaldeko 23. kaleko 465. zenbakira. Udazken hartan bertan, estudioz aldatu zen; Mendebaldeko 23. kaleko 134. zenbakian hartu zuen estudio berria, zeina partekatu baitzuen Dzubasekin. Urrian, Greenbergekin Eskozia Berrira egindako udako bidaietan inspiraturik, Mendiak eta itsasoa (Mountains and Sea, 1952) margotu zuen Frankenthalerrek, teknika berezi bat erabiliz, estudioko zoruan zabaldutako mihise bat pinturaz blaitzean eta orbantzean oinarritua. Azaroan, Bolton Landingera joan ziren Frankenthaler, Greenberg, Krasner eta Pollock, Smith bisitatzera, Bennington Collegera bidean zihoazela, Pollocken lehen atzerabegirakora, Feeleyk eta Greenbergek antolatua.

1953

Urtarrilean, Frankenthalerrek Tibor de Nagy Galleryko bakarkako bigarren erakusketa inauguratu zuen; han aurkeztu zituen Mendiak eta itsasoa, Eszena, biluziarekin (Scene With Nude, 1952) eta beste hamaika obra. 1953ko apirilean, Greenbergek Morris Louis eta Kenneth Noland margolariei erakutsi zien Mendiak eta itsasoa —Washington D.C.n bizi ziren—, eta, harrezkero, blaitzeko eta orbantzeko teknika erabiltzen hasi ziren haiek ere. Uda hartan, Frankenthaler bakarrik ibili zen Espainian eta Frantzia hegoaldean bidaian, eta hainbat museo ezagutu zituen; horien artean, Prado, baita Altamirako haitzulo paleolitikoak ere. Hau idatzi zion Dzubasi: “Prado museoaz aparte, [Altamira] izan da orain arteko onena […]. Gogoan dituzu harea + igeltsua erabiliz egin nituen lehen koadroak? Bada, uste dut horregatik eman zidala hango sabaiak halako arreta. Denak horma-irudi baten modura funtzionatzen duela dirudi, eta hezetasunak —urak + iluntasunak— marrazkiei argi gehigarri bat emango balie bezala da”2.

1954

Louis eta Noland New Yorkera joan zirelarik Greenbergekin elkartzera, orobat egon ziren Frankenthalerrekin, zeinak aldatu berri baitzituen apartamentua eta estudioa West End Avenueren eta 94. Kalearen arteko kantoiko 697. zenbakira, Behe Manhattaneko eszena artistikotik urrunago. Apirilean, ama hil zitzaion. Udan, Frankenthaler eta Greenberg Espainian eta Italian ibili ziren, eta Paris eta Londres bisitatu zituzten. Ia bi hilabete eman zituzten Italian, lagunekin, arteaz gozatuz Erroman, Napolin, Florentzian, Venezian eta Milanen eta muinoz muino autoan bidaiatuz hiri batetik bestera iristeko. Venezian, Peggy Guggenheimekin elkartu ziren, eta XXVII. Bienalean egon ziren, zeinetan parte hartu baitzuen Smithek AEBren ordezkari, beste bi eskultorerekin batera.

1955–56

1955eko udaberrian, eten egin zen Frankenthaler eta Greenbergen arteko harreman sentimentala. Abuztuan, Conrad Marca-Relli margolariak Springsen, Long Islanden, zituen etxea eta estudioa alokatu zituen Frankenthalerrek, eta, margotzen ez ezik, udaldia inguru hartan igarotzen zuten beste artista batzuekin harremanak egiten jardun zuen. Urrian, Carnegie Instituteko urte hartako Pittsburgh International Exhibition of Contemporary Painting erakusketan parte hartu zuen; museoak Fatxada (The Façade, 1954) koadroa erosi zion; lehen aldia zen museo batek haren obra bat erosten zuena. 1956ko apirilean, Museum of Modern Art museoak Troiako ateak (Trojan Gates, 1955) erosi zion (obra bat erosi zion New Yorkeko lehen museoa izan zen). 1956ko udan, Frankenthalerrek Europara bidaiatu zuen, bakarrik: Austria, Frantzia, Alemania eta Herbehereak bisitatu zituen, hango arteaz gozatzeaz gainera. Tarte labur bat egin zuen Frantzia hegoaldean, Krasnerrekin, hura AEBra itzuli baino lehen, elkarrekin zirela jakinarazi baitzioten Pollock auto-istripuz hil zela. Udazkenean, Frankenthaler, Marjorie Iseman ahizpa eta haren familia, bisitan joan zitzaizkion Smithi Bolton Landingera.

1957

Urte hasieran, Frankenthalerrek bakarkako erakusketa egin zuen Tibor de Nagy Gallery aretoan eta, udaberrian, New Yorkeko hiru museotan artista gazteei eskainitako talde-erakusketetan parte hartu zuen: Museum of Modern Art, Jewish Museum eta Whitney Museum of American Art museotakoetan, hain zuzen. Erakusketa haiek ospe handia eman zioten, zabalkunde handiko aldizkarien bidez, hala nola Time eta Liferen bidez. Burt Glinnek argazkia atera zion estudioan margotzen ari zela, baita Smith, O’Hara, Rivers eta Hartiganekin Five Spoten zegoela ere, Esquire aldizkarian argitaratutako “Upper and Lower Bohemia” erreportajerako. Whitney museoak Eremu urdina (Blue Territory, 1955) erakutsi eta erosi zuen. Irailean, Frankenthalerrek koktel bat antolatu zuen Smithen omenez, Museum of Modern Arten hari buruz antolatutako erakusketa ospatzeko. Abenduan, Frankenthaler eta Motherwellek lehen hitzordua izan zuten Leo Castelli Galleryn, non Frankenthaler ari baitzen talde-erakusketa batean parte hartzen.

1958

Urtarrilean, Frankenthalerrek Tibor de Nagy Galleryko azken erakusketa egin zuen. Motherwellen etxera aldatu zen, Ekialdeko 94. kaleko 173. zenbakira. Bikotea apirilaren 6an ezkondu zen. Eztei-opari gisa, urrezko eraztun eskultoriko bat oparitu zion Smithek, okasiorako propio sortua, eta zera idatzi zion gutun batean: “Bi margolari handi, ez zen sekula halakorik gertatu, hobe izango da bietako batek eskulturari heltzea”3. Uda hartan egin zuen bikoteak eztei-bidaia, Espainian eta Frantzian barrena. Donibane Lohizunen, etxe bat alokatu, eta han antolatu zituzten beren pintura-estudioak; handik, Lascaux eta Altamirara bidaiatu zuten. Udazkenean, Frankenthalerrek estudioa alokatu zuen Hirugarren Etorbideko 1682. zenbakian, etxebizitza zuen tokitik etxe-sail batera.

1959

Frankenthaler Andre Emmerich Gallery aretoan erakusketak egiten hasi zen; hantxe jarraitu zuen bere obra erakusten (ia urtero) hurrengo hogeita hamabi urteetan. Beste sortzaile batzuk ere sartu ziren Emmerichen artista-taldean, hala nola Dzubas, Louis eta Noland pintoreak eta Anthony Caro eta Anne Truitt eskultoreak. Frankenthaler eta Motherwellek udako etxe bat alokatu zuten Falmouthen, Massachusettsen. Smith eta Mark Rothko bisitan joan zitzaizkien. HCE Galleryn, handik hurbil, Provincetown hirian, Frankenthaler eta Motherwellek marrazki eta collageen erakusketa bat egin zuten elkarrekin. Carok AEBra bidaia egin zuen, lehen aldiz, eta New Yorken zela, Frankenthaler eta Motherwell ezagutu zituen; bikoteak festa bat antolatu zuen Caroren omenez. Carok festa hartan ezagutu zuen, hain zuzen, Smith, eta, ondoren, hura bisitatzera joan zen Bolton Landingera. Frankenthaler nazioarteko hiru erakusketatarako aukeratu zuten: Kasseleko Documenta II, Alemanian, Hartigan, Motherwell, Rothko, Smith eta abarrekin batera; Sao Pauloko Bienala; eta Parisko Bienalaren lehen edizioa, zeinetan Frankenthalerrek irabazi baitzuen pinturako lehen saria eta parte hartu baitzuen Carok ere.

1960

Frankenthalerrek pinturen lehen atzerabegirakoa egin zuen Jewish Museumen (O’Hara izan zen komisarioa). Uda hasieran, Frankenthaler eta Motherwellek denboraldi bat igaro zuten Provincetownen, Massachusettsen, Cape Cod lurmuturrean; han igaro zituzten 1960ko hamarkadako uda gehienak. (Frankenthalerrek zenbait tailer izan zituen urte haietan Provincetownen, adibidez Days Lumberyard eta Sea Barn, badia ertzeko beren etxea.) Udaren erdialdera, Parisera joan zen bikotea, eta, gero, Alassiora, Italiara, non antolatu baitzituzten beren estudioak zazpi hilabetez alokatuta edukitako etxe batean; txangoa egin zuten, halaber, Frantziako Kosta Urdinera. Hau idatzi zion Frankenthalerrek Hartigani: “Hemen [Alassion], pozik gaude, eta ongi instalatuta; gure estudioak antolatu ditugu eta lanari ekin diogu (ez gutxi kostatuta). Etxe handia dugu, eta lorategi bat, Mediterraneora begira, non jaten baitugu pasta egunero”4.

1961

Frankenthalerrek Hirugarren Etorbidearen eta Ekialdeko 83. kalearen arteko kantoian kokatu zuen bere estudioa, etxetik hurbil. Hartigan eta Riversek akuilatuta, grabatuak egiten hasi zen Tatyana Grosman’s Universal Limited Art Editions (ULAE) estudioarentzat (West Islip, Long Island). Urrian, Frankenthaler eta Motherwellek Europara bidaiatu zuten, Frankenthalerrek bakarkako lehen erakusketa egin baitzuen Parisen, Galerie Lawrencen. Handik Londresera jo zuten, Caro bisitatzera, eta Bryan Robertson ezagutu zuten, Whitechapel Galleryren zuzendaria. Smithek Frankenthaler eta Motherwellekin igaro zituen Gabonak New Yorken.

1962

Martxoan, Frankenthalerrek Italiako bakarkako lehen erakusketa egin zuen Milango Galleria dell’Arieten. Maiatzean, Frankenthalerren hamalau koadrok osatutako atzera begirako erakusketa txiki bat inauguratu zen Bennington Collegen, E. C. Goossen komisarioaren eskutik. Artista pintura akrilikoarekin esperimentatzen hasi zen; 1964rako, akrilikoa besterik ez zuen erabiltzen ia. Irailean, Louis hil zen, Washington D.C.n. Urrian, Frankenthalerrek Truitt ezagutu zuen.

1963

Otsailean, Frankenthaler Truitten bakarkako lehen erakusketara joan zen Andre Emmerich Galleryra; handik gutxira, hainbat hamarkada hartu zituen gutun-truke oparo bat hasi zuten bien artean. Udazkenean, Frankenthaler eta Motherwell Parisera joan ziren, artistak bigarren monografikoa zuela-eta Galerie Lawrencen, eta handik, Venezia, Milan eta Londresera.

1964

Greenbergek komisariatutako Post-Painterly Abstraction talde-erakusketan parte hartu zuen Frankenthalerrek beste 30 artistarekin batera (horien artean Dzubas, Feeley, Alexander Liberman, Louis, Noland, Olitski eta Frank Stella); apirilean egin zen erakusketa, Los Angeles County Museum of Arten, eta Mineapolis eta Torontora eraman zuten handik. Maiatzean, Frankenthaler eta Motherwell Londresera joan ziren, artistak Kasmin Limited galerian zuen erakusketaren inauguraziora. Bidaia hura aprobetxatuz, St. Ives eta Stonehenge bisitatu zituzten; eta Nizara joan ziren hegazkinez, non Libermanek harrera egin baitzien Sainte-Maximeko etxean. Bidaiaren aurretik, hau idatzi zion Frankenthalerrek Rudikoffi: “Azken hilabeteetan, aldaketa izan da nire margolanetan ere […]. Koadro asko sortu ditut tamaina handikoak, forma soil eta kolore bizikoak (pintura plastikoa). Alaiak dira, biziak eta argitsuak, baina, berez, intentsitate handikoak dira, eta, beharbada, ez hain alaiak […]. Batzuk karratuaren eta markoaren ideia horretara itzultzen dira […] Irrikaz nago ildo zeharo berri hori lantzen jarraitzeko. Oraindik ez denez irudi moduko bat besterik, arreta gutxiago jartzen diet soslaiei eta marrazketari, eta gehiago gauza edo kolore bat bestearen alboan ‘jartzeari’”5.

1965

Henry Geldzahler kritikari eta komisarioak elkarrizketa bat egin zion Frankenthalerri (Artforum aldizkariaren 1965eko urriko alean argitaratu zuten). Maiatzean, Frankenthaler, Motherwell eta beste artista batzuek asteburu bat igaro zuten Smithekin Bolton Landingen. Hurrengo asteburuan, Smithen kamioia landako bide batean errepidetik atera, eta zanga batera jausi zen, Nolandek Vermonten zuen etxaldetik hurbil. Albany Medical Center erietxera iristerako hil zen Smith. Hurrengo hilabetean, hau idatzi zion Frankenthalerrek Dore Ashton arte-kritikari eta lagunari: “Gogoan dugu etengabe, eta ohartzen gara zenbat estimatzen genuen harekin hainbeste ideia eta gertaera partekatzea. Oso presente zegoen —gure espazioaren eta denboraren parte handi bat betetzen zuen bere izaera aberats eskuzabalarekin—, gure etxea betetzen zuten haren bizitasunak, pazientziak eta umoreak […]. Alderdi askotan, sekula ez gara oneratuko hura galdu izanaren kolpetik. Izugarri sumatzen dugu haren falta”6. Uda igarotzera Provincetownera itzuli ordez, Frankenthaler eta Motherwell Europara joan ziren, bi asteko oporraldia egitera, Smithen bi alabekin; Paris, Venezia, Grezia eta Londres bisitatu zituzten.

1966

Ekainean, Frankenthaler eta Motherwell Veneziara joan ziren hango XXXIII. Bienalera, zeinetan parte hartu baitzue AEBren pabiloian Frankenthalerrek, Ellsworth Kelly, Roy Lichtenstein eta Jules Olitskirekin batera. Caro, bestalde, Britainia Handiaren pabiloiko bost artista ordezkarietako bat izan zen. Uda hartan bertan, Feeley hil zen, leuzemiaren ondorioz, eta O’Hara, lur orotako ibilgailu batek jota, Fire Islanden (Long Island).

1967–68

Frankenthalerrek sekula sortutako formatu handieneko obra, Gorri gidaria (Guiding Red, 914 × 488 cm), Montrealeko Expo 67 erakusketan erakusgai jarri zen, Estatu Batuen pabiloian. 1967ko udan Provincetownen zen bitartean, Frankenthalerrek estudio bat alokatu zuen basoan, kostaldetik hurbil, hirian aurrez izandako lantokiek baino bakardade handiagoa eskaintzen ziona. Beste bi udaz erabili zuen tailer hura. Motherwellekin Bennington Collegera joan zen, autoz, udako ikastaro bat eman behar baitzuen hark. Han, Nolandekin elkartu ziren. Hurrengo udan, Provincetownen, Barbara Rose arte-kritikari eta historialariak elkarrizketa egin zion Frankenthalerri, Archives of American Art Oral History zentrorako.

1969

Frankenthalerren margolanen atzerabegirako garrantzitsu bat, Goossenek komisariatua, inauguratu zen otsailean Whitney Museum of American Arten. Maiatzean, Londresko Whitechapel Galleryra eraman zuten erakusketa; abuztuan, Hanoverko Orangerie Herrenhausenera; eta, urrian, Berlingo Kongresshallera. Udazkenean, Metropolitan Museum of Arten antolatutako New York Painting and Sculpture: 1940–1970 erakusketarako aukeratu zuten Frankenthaler; Geldzahlerrek komisariatutako erakusketa hartako emakume bakarra zen, eta New Yorkeko beste 42 artistarekin batera erakutsi zuen bere obra, tartean zirela Louis, Motherwell, Newman, Noland, Pollock eta Smith, besteak beste.

1970–71

Urtarrilean, Frankenthaler New Yorkeko estudio berrira aldatu zen, Ekialdeko 83. Kalera; han jardun zuen 1991ra arte. Otsailean, Rothkok bere buruaz beste egin zuen. Maiatzean, artistak hamar egun igaro zituen Marokon, turismoa egiten. 1970eko uztailean, Newman hil zen, bihotzekoak jota. 1971ko uztailean, Frankenthaler eta Motherwell dibortziatu egin ziren, eta Frankenthaler Ekialdeko 94. Kaleko etxean gelditu zen. 1970eko ekainetik 1971ko abuztura, Frankenthalerrek hogei koadrotik gora sortu zituen Andre Emmerich Galleryren bi egoitzetan (Goi eta Behe Manhanttanen) egitekoa zen erakusketa baterako; 1971ko azaroan inauguratu zen erakusketa hura.

1972

Harry N. Abramsek Frankenthalerren lanari buruzko lehen monografia argitaratu zuen, Rosek idatzia. Uztailean, Frankenthalerrek Italian igaro zituen oporrak, Ischian, Rose, Liberman eta haren emazte Tatianarekin; gero, Londresera joan zen, eta altzairuzko hamar eskultura egiten zituen han bi astean, Caroren estudioan. Obra haietako batzuetarako Carok Smithen Bolton Landingeko estudioan zituen materialak erabili zituen. Hau idatzi zuen Frankenthalerrek: “Orobat nahi nuen marraztu eta landu nire eskultura, zeina baitzetorren pinturatik; desberdintasun bakarra zuen ez zegoela ez ertzik ez angelurik, ezta haiekin borrokan aritu beharrik ere, eta bai espazioari eta aireari eta pisuari buruzko ikuspegi berriak […]. Maiz, arazo eta funtzionamendu bera dute pinturak eta eskulturak. Materialak, Charlie [Brice, tailerreko laguntzailea], Tonyren jarrera eta eskuzabaltasuna, oso presente zegoen han hori guztia, eta elkar gidatzen genuen”7.

1973

Apirilean, Frankenthalerrek Erromako 2RC Editrice grabatu-lantegian jardun zuen. Udan, Erromara eta Ischiara itzuli zen. New Yorkeko North Central Bronx Hospital erietxerako azulejuen horma-irudi bat diseinatzeko eta gauzatzeko eskaria jaso zuen (1974ko uztailean ezarri zuten obra). Bere lehen xilografia sortu zuen, Ekialdea eta harago (East and Beyond, 1973), ULAEn.

1974–75

1974ko ekainean, Frantziara eta Suitzara bidaia egin zuen Frankenthalerrek; Suitzan, bakarkako erakusketa bat egin zuen Zuricheko Galerie Andre Emmerich galerian. Udatik gelditzen zen denbora Shippan Pointen igaro zuen, Stamforden (Connecticut), estudio modura atonduta Long Islandeko itsasartearen parean alokatutako etxeko egongela. Frankenthalerrek Truitt gomendatu zuen New Yorkeko Saratoga Springs hirian kokatutako Yaddoko egonaldien programarako. 1975eko apirilean, Gene Barok komisariatutako Helen Frankenthaler: Paintings 1969–1974 erakusketa inauguratu zen Corcoran Gallery of Arten, Washington D.C.n; erakusketa hura Seattlen eta Houstonen ikusgai egon zen, ondoren. Ekainean, Frankenthaler Ischiara itzuli zen oporretan. Udazken amaieran, Syracuse Universityk zeramikagileak izan ez eta buztinezko eskulturak egiten zituzten artistei begira antolatutako programa batean parte hartu zuen; Caro, Dzubas eta Olitskik ere izena eman zuten programa hartan.

1976–77

1976ko neguan, Frankenthalerrek Phoenix (Arizona) bisitatu zuen lehen aldiz. Grabatuak egiten hasi zen Kenneth Tylerrekin, Bedforeko Tyler Graphics Ltd. tailerrean (New York). Harekin lankidetzan jarraitu zuen, harik eta 2001ean tailerrak ateak itxi zituen arte. 1976ko udazkenean, Frankenthaler Washington D.C.ra joan zen Caro eta Nolandekin, Louisen erakusketa bisitatzera. 1977ko udazkenean, Perry Miller Adato zinema-zuzendariak Frankenthaler filmatu zuen, Frankenthaler: Toward a New Climate dokumentalerako; 1978aren hasieran WNETen emititutako Adatoren Originals: Women of Art sailaren parte izan zen dokumental hura. Carori ere egin zioten dokumentalerako elkarrizketa, baina eduki hori ez zen agertu behin betiko bertsioan.

1978–79

AEBko Informazio Agentziak (USIA) antolatutako Helen Frankenthaler: A Selection of Small Scale Paintings 1949–1977 erakusketa inauguratu zen Behe Manhattaneko Andre Emmerich Galleryren egoitzan 1978ko urtarrilean; erakusketa Asian, Australian, Hego Amerikan eta Mexikon ere egon zen ikusgai, gerora. Udazkenean, Frankenthalerrek etxea erosi zuen Shippan Pointen, eta estudioa jarri zuen bertan. Museum of Modern Arteko Marrazkien kontserbatzaile John Elderfieldekin lanean hasi zen bere obrari eskainitako monografia batean.

1980–82

Helen Frankenthaler Prints: 1961–1979 atzera begirako erakusketa, Thomas Krensek komisariatua inauguratu zen 1980ko apirilean, Sterling and Francine Clark Art Instituten (Williamstown, Massachusetts), eta handik ABEko beste hiri batzuetara eraman zuten. 1982ko maiatzean, Carok Londresen zeukan estudioan eskulturak sortzen jardun zuenetik hamar urtera, bi aste igaro zituen Carok Frankenthalerren New Yorkeko estudioan margotzen. Uda hartan, Frankenthaler artista bisitaria izan zen Carok sortutako Triangle Workshop lantegiaren inaugurazioko edizioan (Pine Plains, New York). Azaroan, Frankenthaler eta Carok David Smithi buruzko mintegi batean parte hartu zuten; Smithi buruz National Gallery of Arten egindako atzerabegirakoa zela-eta antolatutako mintegia zen. Erakusketaren komisario E. A. Carmean erakusketaren komisarioak elkarrizketa egin zion Frankenthalerri, Smithen gaineko dokumental baterako.

1983–85

1983ko apirilean, Frankenthalerrek hiru aste igaro zituen Kyoton, Japonian, Tadashi Toda maisu grabatzailearekin xilografia bat egiteko: Cedar Hill (1983), Crown Point Pressek estanpatua. Japonian bisitatzeko tokiei buruz Truittek egindako gomendioei jarraituz, Nara eta Tokio bisitatu zituen. 1984ko urrian, Michael Corderren Number Three balleterako dekoratuak eta jantziak diseinatu zituen; balleta 1985eko martxoan aurkeztu zuen Royal Balletek Londresko Royal Opera Housen. Hilabete lehenago, Frankenthalerren paper gaineko obren atzerabegirako bat inauguratu zen New Yorkeko Guggenheim Museoan, Karen Wilkinek komisariatua: Frankenthaler: Works on Paper 1949–1984. Estatu Batuetako beste hiri batzuetan eta Kanadan ere ikusgai egon zen erakusketa hura.

1986–88

1986ko udan, Frankenthalerrek pinturako eskola magistrala eman zuen Santa Fe Art Instituten (Santa Fe Institute of Fine Arts izenez ezaguna garai hartan). 1987ko maiatzean, bi aste igaro zituen Bartzelonako aldirietan kokatutako La Poligrafa, S.A. tailerrean grabatuak egiten. Han zela, Carori bisita egin zion, zeina une hartan Bartzelonako Taller Trianglen lanean ari baitzen. 1988an, Sarrera (Gateway, 1982an hasia) amaitu zuen, Tyler Graphics Ltd. estudioarekin landutako bionbo-proiektu bat, 3 panelek osatua eta Tallix Foundry lantegian (Beacon, New York) galdatutako brontzezko markoa duena.

1989

Elderfielden Frankenthaler monografia argitaratu zuen Harry N. Abrams argitaletxeak. Ekainean, Helen Frankenthaler: A Paintings Retrospective erakusketa inauguratu zen New Yorkeko Museum of Modern Art museoan. Carmeanek Fort Wortheko Modern Art Museumerako (Texas) sortu zuen erakusketa, berez, eta berrogei koadro biltzen zituen, 1952 eta 1988 bitartean sortuak. Los Angeles County Museum of Art, Detroit Institute of Arts eta, azkenik, Fort Wortheko Modern Art Museumen ere jarri zuten ikusgai.

1990–91

1990eko udan, Frankenthalerrek Triangle Workshopen parte hartu zuen, artista bisitari modura, Carorekin batera, eta Santa Fe Art Institutera itzuli zen gero, pinturari buruzko udako eskola magistral bat eta mintegi bat ematera. 1991ko apirilean, Frankenthalerrek Andre Emmerich Galleryko azken erakusketa egin zuen; hurrengo urtean, Knoedler & Company galerian hasi zen bere lanak erakusten. Uztailean, Motherwell hil zen, Provincetownen. Frankenthaler Santa Fe Art Institutera itzuli zen, hirugarren urtez jarraian, eskolak ematera, eta hau idatzi zion Truitti handik: “Magikoa da hau: iluntze zinematografiko harrigarrietatik, goi-ordokiaren ikuspegietatik eta euri-jasa wagnertarretatik haratago. Zerbait […] disfrutatzen saiatzen ari naiz gehiegi estutu gabe, […], aprobetxatzen erritmoa, inguratzen nauten eta hemen eskura ditudan kadentzia leun paregabeak”8. 1991ren amaieran, New Yorkeko bere estudioa itxi zuen Frankenthalerrek, hogeita bat urteren ondoren. Shippan Pointen kokatu zuen estudio berria, eta hura izan zuen, harrezkero, pintura sortzeko gune nagusia.

1992–93

1992ko uztailean, Frankenthalerrek Stephen DuBrul ezagutu zuen Tony Rosenthal eskultore eta lagunaren bidez. 1992ko abuztuan, Frankenthaler Todi eta Erromara joan zen, eta, Betiereko Hirian zela, Caroren eskulturen erakusketa ikustera joan zen Trajanoren Azokara. 1993ko apirilean Frankenthalerren grabatuen edizioen atzerabegirako bat inauguratu zen National Gallery of Arten (Washington D.C.): Helen Frankenthaler: Prints erakusketa, Ruth Finek komisariatua. Erakusketa Estatu Batuetan barrena eta Japonian ere ikusgai egon zen. Maiatzean, Frankenthaler Londresera joan zen, eta Caro eta haren estudioa bisitatu zituen han.

1994

Maiatzean, Clement Greenberg hil zen, New Yorken. Frankenthalerrek honela erantzun zion Truitten dolumin-gutunari: “Zuk eta biok badakigu bandera pila ari direla hemen haren omenez kulunka. Haren argitasuna, ausardia eta indarra, haren hainbat eta hainbat jarrera bezala, sakon iltzatuta daramatzat nire baitan. Harekin haserretzen nintzelarik ere, izugarri maite nuen. Egia ez da hiltzen”9. Frankenthaler eta DuBrul 1994ko ekainean ezkondu ziren. Artistak paper gaineko formatu handiko margolanak sortu zituen 1994tik 1995aren hasierara. Papera bihurtu zen haren euskarri kutuna, eta alde batera utzi zuen mihisea 2002ra arte.

1995–97

1996an, Harry N. Abrams argitaletxeak Frankenthaler: A Catalogue Raisonné, Prints 1961– 1994 liburua argitaratu zuen, Pegram Harrisonek idatzia eta Suzanne Boorschen hitzaurrea zuena. 1997ko udazkenean, Frankenthaler eta DuBrul Shippan Pointetik Contentment Islandera aldatu ziren (Darien, Connecticut), etxe berritu batera eta handik hurbil eraikitako estudio berri batera.

1998–99

1998ko urtarrilean, After Mountains and Sea: Frankenthaler 1956–1959 erakusketa inauguratu zen New Yorkeko Guggenheim Museumen, Julia Brown komisarioaren eskutik; handik Bilboko Guggenheim Museora eta Berlingo Deutsche Guggenheimera eraman zuten. Frankenthalerrek New Yorkeko eta Bilboko inaugurazioetan parte hartu zuen, eta, jarraian, Veneziara eta Erromara bidaiatu zuen. Urte hartako azaroan, Ekialdeko 94. kaleko etxea utzi, eta Darien (Connecticut) bihurtu zen haren azken egoitza eta estudioa. 1999ko irailean, Frankenthaler: A Selection of Paintings From the Collection of the Artist, 1951–1992 erakusketa inauguratu zen New Yorkeko Purchase Collegem Neuberger Museum of Art museoan; Jack Flam izan zen erakusketa haren komisarioa.

2000–02

Frankenthalerrek elkarrizketa-sorta bati hasi zuen Finerekin liburu baterako, baina azkenean ez zen liburua egin. Frankenthalerri Arteen Nazio Domina eman zioten 2001ean (2002an jaso zuen). 2001eko azaroan, Frankenthaler: The Woodcuts erakusketa, Judith Goldmanek Naples Art Museumerako komisariatua, inauguratu zen Yale University Art Museumen eta Estatu Batuetara eta Japoniara eraman zuten handik. 2002ko udan, ekoizpen artistiko oparoa izan zen Frankenthalerrek, baina, ondoren, asko mugatuta zuten haren sormen-jarduera osasun-arazoek.

2003–10

2003an, Bonnie Clearwaterrek komisariatutako Frankenthaler: Paintings on Paper (1949–2002) erakusketa inauguratu zen Museum of Contemporary Arten (North Miami, Florida); gerora, Edinburgora eraman zuten. Truitt 2004an hil zen. 2006ko azaroan, Frankenthaler: Sculpture inauguratu zen Knoedler & Companyn, egilearen 1972ko eskulturei buruzkoa. 2008ko azaroan, 1957 eta 2002 bitarteko paper gaineko obren eta margolanen erakusketa inauguratu zen Knoedlerren: Frankenthaler at Eighty: Six Decades. Noland 2010ean hil zen.

2011

2011ko abenduaren 27an hil zen Frankenthaler, Darienen, Connecticuten.

 

Kronologia hautatu hau osatzeko, hainbat iturri erabili dira; horien artean, Helen Frankenthaler Foundation Archives, Helen Frankenthalerri buruzko argitalpenetako kronologiak (ikus bibliografia osagarria, 189. or.) eta Anthony Caro, Morris Louis, Robert Motherwell, David Smith eta Anne Truitt artistei buruz honako argitalpen hauetan bildutakoak: Clifford, Tim. “Chronology” in Robert Motherwell: Paintings and Collages: A Catalogue Raisonné, 1941–1991, 1. lib. New Haven: Yale University Press, 2012; Hileman, Kristen. “Selected Chronology” in Anne Truitt: Perception and Rejection. Washington D.C.: Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Smithsonian Institution, 2009; Hopps, Walter. Anne Truitt: Sculpture and Drawings, 1961–1973. Washington D.C.: Corcaran Gallery of Art, 1974; Ng, Tracee. “Chronology” in Lyon, Christopher, arg. David Smith Sculpture: A Catalogue Raisonné, 1932–1965. New Haven: Yale University Press, 2021; Renshaw, Amanda, arg. Caro by Anthony Caro. Londres: Phaidon Press, 2014; Tant, Rachel. “Chronology” in Anthony Caro: 2 de junio–4 septiembre. Valentzia: IVAM, Generalitat Valenciana, [2005]; eta Upright, Diane. “Biographical Outline” in Morris Louis: The Complete Paintings. New York: Harry N. Abrams, Inc., 1985.

 

[Itzulpena: Rosetta testu zerbitzuak]

 

Oharrak
  1. Barbara Rose, Frankenthaler (New York: Harry N. Abrams, 1972), 29.
  2. Helen Frankenthaler, Friedel Dzubasi idatzitako postatxartela, 1953ko abuztuak 9. Helen Frankenthaler papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.
  3. David Smith, Helen Frankenthaler eta Robert Motherwelli idatzitako gutuna, 1958ko maiatzak 22. Helen Frankenthaler papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.
  4. Helen Frankenthaler, Grace Hartigani idaitzako postatxartela, 1960ko uztailak 22. Grace Hartigan Papers, Special Collections Research Center, Syracuse University Libraries.
  5. Helen Frankenthaler, Sonya Rudikoffi idatzitako gutuna, 1964ko apirilak 26. Sonya Rudikoff Papers; Manuscript Division, Department of Special Collections, Princeton University Library.
  6. Helen Frankenthaler, Dore Ashtoni idatzitako gutuna, 1965eko ekainak 13. Dore Ashton papers, ca. 1928–2014.
  7. Helen Frankenthaler, “Making Sculpture”, 1975eko maiatzak 28, Frankenthaler: Sculpture, erak. est. (New York: Knoedler & Company, 2006), 8. or.
  8. Helen Frankenthaler, abuztuaren 1ean Anne Truitti idatzitako gutunaren adenda, 1991ko abuztuak 12, fotokopia. Helen Frankenthaler papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.
  9. Helen Frankenthaler, Anne Truitti idatzitako gutuna, 1994ko maiatzak 25, fotokopia. Helen Frankenthaler papers, Helen Frankenthaler Foundation Archives, New York.