hezkuntza-edukia
Emakumeen ahotsa
- Izenburua:
- Emakumeen ahotsa
- Erakusketa:
- Hilma af Klint
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta politika | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Feminismoa | Suedia | Giza eskubideak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
ILUNPETIK EREMU PUBLIKORA
XIX. mendearen bigarren erdian, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak protagonismoa hartzen hasi ziren Europan eta AEBn. Emakumeak beren ahotsa entzun zedin borrokatu ziren gizonezkoen babes juridiko berdinaren, lan-baldintza hobeen, hezkuntzarako sarbidearen eta boto-eskubidearen alde. Medium asko emakumeak izateak aukera eman zien beren ahotsa altxatu eta “entzunarazteko”, bidaiak egin eta jende askoren aurrean hitz egiten baitzuten. Haietako batzuek bozgorailu sozial berri hura baliatu zuten ekintzailetza politikoan nabarmentzeko, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduaren ildotik maiz, eta auzi berriak plazara ateratzeko, hala nola abolizionismoa eta haurren eskubideak.
Suedian, emakumeek eta neskek ez zuten hezkuntza berdintasunerako eskubiderik. Suediako Arte Ederren Errege Akademian, esaterako, ez zuten emakumerik onartu 1864 arte, eta, data horretatik aurrera ere, hainbat hamarkadaz ez zituzten emakumeak aintzat hartu: oso uste hedatua zen emakumeek kopiatu besterik ezin zutela egin, ez zutela berritzeko eta sortzeko gaitasunik. 1907an, Stockholmeko abangoardiako lehen taldeetako bat sortu zen —Gazteak (De Unga)—, eta elkartera emakumeak afiliatzeko debekua ezarri zuten esplizituki. 1910ean, Af Klintek bat egin zuen Emakume Artista Suediarren Elkartearekin (FSK), egoera hari aurre egiteko asmoz. Garai hartan, Af Klinten ahizpa zaharrena, Ida, emakumeen sufragioaren aldeko borrokan ari zen, Fredrika Bremer elkartean, baina Suedian 1919 arte ez zitzaien aitortu boto-eskubidea emakumeei.