Edukira zuzenean joan

Ispilua alderantziz. "La Caixa" Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea

Sarrera

Ispilua alderantziz. ”La Caixa” Fundazioaren eta MACBA bildumen artea

Ispilua alderantziz erakusketako 52 artisten lanak “la Caixa” Fundazioaren eta MACBA museoarenak dira, alegia, Europako arte garaikide bilduma garrantzitsuenetako birenak. Bartzelonan dute egoitza erakundeek, eta lehen aldiz elkarrekin ikusgai jarri dira haien funtsak egoitza horietatik at. 1940ko hamarkadatik egundainoko lanak daude erakusketan, eta nagusi dira pinturak, eskulturak, argazkiak eta bideoak. Gaika antolatu dira sei ataletan: “Dau Al Set eta El Paso”; “Funtzioa eta birsorkuntza argazkigintzan: Landschaft”; “Funtzioa eta birsorkuntza argazkigintzan: nia eta bestea”; “Performancearen mugak”; “Ispilua alderantziz”; eta “Arintasuna, grabitatea eta beste hainbat ezinezko”. 

Gaur egungo artearen bilakaeran eragin handia izan duten artistak, joerak eta mugimenduak aukeratu dira, hala nola, gerraosteko Dau Al Set (1948−54) eta El Paso (1957–60) taldeak eta Vancouverreko eta Düsseldorfeko argazkigintza-eskolak. Bilduma biek sakonean jorratzen dituzten gaiak laburbiltzen dira, esaterako: Informalismoaren hasiera Espainian —Rafael Canogar, Antonio Saura eta Antoni Tàpies artisten lanen bidez— eta egungo argazkigintzan objektibotasuna lantzeko modu anitzak —Andreas Gursky-ren artelanak direla medio, adibidez—. Era berean, honakoen lanak ere ikusgai jarri dira: Gego, Julian Schnabel, Michelangelo Pistoletto, Sigmar Polke eta Martha Rosler, besteak beste. Hartara, bildumak non elkartzen diren eta non aldentzen diren ikertzen da, hots, antzekotasunak eta aldeak, eta agerian jartzen dira Espainiako eta nazioarteko arte-giroen arteko loturak.

Erakusketaren izenburuaren jatorria Michelangelo Pistolettoren Ispiluaren arkitektura (Architettura dello Specchio, 1990) artelanean dago —ikusgai dago—. Ispilua, artea biltzeko prozesuaren metafora da: ispilu batek objektu baten eta haren inguruaren arteko lotura berriak ezar baititzake eta irudi bakar batean askotariko osagaiak elkartu. Hori dela eta, erakusketari lot dakioke, eta aproposa ematen du, Pistolettok haren lan horren sailaren inguruan esandakoa: “Orain artearen argitan dugu ispilua; eta oraintxe ikusten dugu, haren barnean, historia”.