Edukira zuzenean joan

Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz

katalogoa

Ur azpian

Petra Joos

Izenburua:
Ur azpian
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Madril: La Fábrica, 2018
Neurriak:
24,5 x 30 cm.
Orrialdeak:
240
ISBN:
978-84-17048-81-5
Erakusketa:
Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz
Gaiak:
Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Herri-kultura
Aipatutako artistak:
Vasconcelos, Joana

Nolabait esateko, modu probisional batean jaioak gara; geroago, gutxika goaz gugan osatzen gure sorlekua, beranduago jaioko dena, eta gero eta modu erabatekoago batean.
                                                                                        RAINER MARIA RILKE Lettres milanaises (Milaneko eskutitzak)

Zergatik erromantizismoa? Milaka urtetan Gizadiak ereindako irrikak hiru ideiatan laburbil daitezke: lurraldea, maitasuna eta paradisua. Bizi-balio edo -printzipio horiek, gaur egun, ukatu, goretsi, distortsionatu eta eraldatu egiten ditu gizarte globalizatuak, eta gutxi batzuek bakarrik bereganatu, interpretatu eta jabetzen dira haietaz, modu berrietan.

Joana Vasconcelos-ek zeharo pertsonala den argi baten pean aditzera ematen digu bere garaiko espiritua, historiaren urratsak jarraitzeari utzi gabe. Bere ikuspegia berritzailea da gaur egun, konbentzionalismoei jarraitzetik urrun, bere barne ezkutukoenean ernaldu eta bizitzan zehar egiten duen bidaiatik sortua baita.

‘Lurraldea’, ‘lurra’, ‘lursail’: linguistikoki, kontzeptu horiek estu-estu lotuak daude, baina dituzten esanahiek multzo anizkuna osatzen dute, itxura ugariak hartzen dituena. Hala, agertoki zehatz bakoitzaren barruraino sartu eta geografia batean aurkitzen du bere adierazpide artistikoa, zeina espiritualki garatu, intuizioaren bitartez atzitu eta emozioak moldatzen duen. Norbere lurraldea ezagutzeko, ez da norabide bakarreko kaleetan barrena bidaiatu beharrik, azken helmugara garaia baino lehen heltzeko; horretarako, noraezean ibili eta nomadak bezala aurrera egin behar da. Aurrerantz mugitzen da artista eta atzera egiten du ondoren, markatutako bideetan zehar aurrera egiteko. Dena den, bide horiek guztiek toki berera eramaten gaituzte –hau da, ni-aren lurraldera– eta, aldi berean, denboraren joanean sortzen den unibertsaltasuna sumatzea ahalbidetzen dute. Dimitri T. Analis poeta greziarrak zioen bezala: “Askatasuna da bidaiatzeko irrikaren oinarria; denbora ez dago gure atzean, ez eta gure aurrean ere, gure barnean baizik”.

Ikuspegi historiko batetik, lurraldearen kontzeptuak Neolitora egiten du atzera, gizakiak sedentario egin zireneko eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aurreneko moduak garatu zireneko unera. Erakusketa honen helburua ez da gertaera historikoak dokumentatzea, mundu klasikoak, Mediterraneo osoan zehar, izendatzaile komun batera murriztu zituen erlazio anitzak erakustea baizik: irudi unibertsal eta bakar baten pertsonifikazio forma-aniztun bat, Dea Mater, alegia.

Irudi hori ez da bakarrik jainkosa bat edo ama bat, gauzen sorburuaren bilaketa sinbolizatzen baitu, existentziari buruzko zalantzen eta “elkarrizketa sakratu” baten bilaketa. Unibertsaltasunetik, erritualetik eratorritako jakituria sorrarazten du; ezagutza horren jatorrian dago, halaber, nolabait ere jabetzea gure etxetik egotzi izan gaituztela eta berriz ere milaka urteko (edo denborarik gabeko) egitura baten barnean atzitu gaituztela.

Jaikitzea da erromantizismoa, baina adimenak aurrerapauso handiak ematen dituen espazio batean betiere.

Joana Vasconcelosek bere lurraldean bertan marrazten du, zeharo nabarmena den askatasunarekin, bizitze soiletik, eta sortze-prozesu bakoitzean berriro ere arakatzen den leku batean egotetik sortzen den askatasunarekin. Hala, espazio horretan sortutako lurraldeak berriz ere prozesatzen dira, bere morfologia aldarazi egiten da elkarrekiko kontaktuaren bitartez, eta bere koloreek ugaritasun berriak eta anitzak erakusten dituzte. Eta, hala eta guztiz ere, antzemangarriak izaten jarraitzen dute. Artistak bere baitan sorrarazitakoa eta piztutakoa sorrarazi eta pizten du gainerakoengan: ozeanoa bezain sakona den errealitate bat, non landare soil batek paisaiaren egiturak bezain besteko balioa duen. Eta bere obrari lorategi bat gehituta lortzen du hori, zeinaren bizitasunak ezin izango baituen erreproduzitu inolako imitaziorik edo kopiarik.

[Itzulpena: Bitez
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]