Edukira zuzenean joan

Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz

katalogoa

Joana Vasconcelos-ekin elkarrizketan

José Luís Peixoto

Izenburua:
Joana Vasconcelos-ekin elkarrizketan
Egilea:
José Luís Peixoto
Argitalpena:
Madril: La Fábrica, 2018
Neurriak:
24,5 x 30 cm.
Orrialdeak:
240
ISBN:
978-84-17048-81-5
Erakusketa:
Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz
Gaiak:
Gizakia | Bizitza | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta kultura | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Artistak | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Kolorea | Materiala | Erlijioa | Espiritualtasuna | Herri-kultura | Introspekzioa | Sentimenduak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Artisautza | Eskultura
Aipatutako artistak:
Vasconcelos, Joana

Oso gauza bitxia da norbaiten eremu pribatuan sartzea. Jendearen bizitzan sartzen zarenean, bizitza horren parte bihurtzen zara. Ez da nahita egiten duzun zerbait, geure buruez bakarrik hitz egin ohi baitugu funtsean. Eta pentsatzen hasten naiz: Zenbat maskara ari ote naiz gainetik kentzen, eta zenbat maskara jarri ote dizkiot nire buruari? Maskara laburpen antzeko bat da niretzat. Bertan ari naiz islatzen nire burua, besteak xurgatzen ari naiz, edo haien bizitzan sartzen ari naiz; hortxe hasten da nire joko kontzeptuala. Ispiluzko maskara bat sortzera noa. Ispiluak ez nau konprometitzen.

Ispiluz egindako maskara erraldoi horretarako moldea izango den egiturari buruz hizketan ari zela ari nintzaion Joanari jarraitzen.

Behin amaitu eta gero, ia bi tona eta erdi pisatuko ditu,

dio Joanak. Galderak egiten nizkion bakoitzean pieza espezifikoei, Walkiriari edo maskarari buruz esaterako, hark nahiago zuen, erantzun baino, pieza haiek erakutsi. Azalpen haien bila, ehunka metro ibili genituen, eskailerak gora eta behera, Tajo ibaiaren ertzean duen tailerrean barrena. Zeharkatu genituen espazio horietako batean, The Velvet Undergounden abestia entzun genuen, I’ll Be Your Mirror, ispiluzko maskarari izena eman diona; piezak modu deigarriago batean lantzen du kontzeptu hori eta, zertxobait egokitua, orainaldian jokatua, erakusketari berari eman dio izena: I’m Your Mirror.

Orain arte ni barnean sartu gabe espresatu izan naiz. Baina halakorik egiten badut, pertsona gisa eta bizi-esperientzia gisa sartzen banaiz barnean, beste irakurketa bat izango du erakusketak. Erakusketa hau, jakina, neure buruaren maskara bat da eta, aldi berean, neure buruaren ispilu bat. Pieza hauek guztiek lotura estua dute nire bizitza pribatuarekin. Zapatek eta sukaldeko tresnek, adibidez, nire amarekin dute lotura, etxean geratu baitzen ahizpa eta biok zaintzeko. Istorio honetan badira sumatzen diren gai pertsonal batzuk. Pieza guztiek dute erreferente pertsonal eta intimo bat, denak dira nire maskarak ikuspegi desberdinetatik begiratuta eta, gainera, neure buruaren ispilu zatitu bat dira. Konturatu naiz era horretan egituratzen direla pertsonak, babesten joaten dira edo babesez inguratzen, ez baitute lortzen euren buruen alderdi jakin batzuei aurre egitea. Bada zerbait babesten ari zaiena. Erakutsi nahi ez dugun geure buruen zati bat ezkutatzen du maskarak. Gainera, konturatu nintzen nire pieza guztiak zirela maskarak, nire obraren bitartez neure buruaren alderdi batzuk exorzizatu ditudala, nire lanaren bitartez nire intimitatea erakusten aritu naizela. Oso intimoa izanik, eta oso benetakoa izanik, komunikatu egiten du. Pertsona orok du alderen bat, nolabait ere, nire oinazearekin edo nire esperientziarekin lotzen dena. Konpondu beharreko nire buruaren alde hori barreiatu egiten da obran zehar. Gauza bitxia da, nirearen oso bestelako esperientziak bizi izan dituzten pertsona batzuen oinazea aditzera ematen dut. Eta pertsona horiek oinaze horri buruz hitz egiten didate. Erakusketa batean, emakume batek, Bihotz Independentea behatu, eta kontatu zidan haren senarra zirujaua zela eta bihotzeko ebakuntza asko egiten zituela. Bat batean, senarrarekin zuen harremanaz hasi zitzaidan hizketan. Nik neuk inoiz ez nuen lan hori bihotzeko zirujau baten ikuspegitik begiratu; emakume hark, ordea, bere esperientzia identifikatu zuen. Ez zitzaidan burutik pasa ere egin bihotzeko transplante baten drama. Nire oinazea bestelakoa zen. Orain, galdera hau egiten diot nire buruari: Zer aritu naiz egiten urte hauetan? Zer izan da nire obra neure burua islatzen duen ispilu bat baino? Ipintzen joan naizen maskaretan laburbiltzen da nire buruaz dudan ikusmoldearen hausnarketa hori.

Orrialde honetan hitz hauek irakurtzen ditudanean, orain, maskara errealitate fisiko bat da dagoeneko, ikusgai dago dagoeneko; baina orduan proiektu bat zen, maketan eta oinplanoan ikusten genuena arkitektoen aretoan.

Beharrezkoa da eskulturak inguratzea, atzematea, ikusten ez den aldea sortzea. Eskultura ulertu ahal izateko, alde ezkutua imajinatu behar dugu. Ikusten ez den, sumatu besterik egiten ez den horrekin egiten du jolas eskulturak. Aurkikuntza garrantzizko alderdi bat da eskulturan.

Hala, erakusketaren maketa bat ere bisitatu genuen. Mahai baten aurrean, jainkoak bezain izugarri handi, existitzen ez zen edo ikusezina zen teilatu batetik aritu ginen begira, eta geure hatzen tamainako bide batetik jarraitu genuen aurrerantz; Joanak mugarritutako bidea zen, erakusketak museoan hartuko duen espazioaren eskalara egindako irudikapen hartan. Ibilbide horren hasieran, objektu horiek iradokitako narratibaren hasieran justu, Valium-ohea eta Aspirina-sofa zeuden aretoan gelditu ginen.

Aspirina-sofa egin izan ez banu, orain egin behar izango nuke. Bizitzaren linealtasuna ez baitut ulertzen eramaten zaituen hari gidari bat balitz bezala; atzera heltzen diezun kontu ugari daude. Nire ustez, denbora eta espazioa ez dira linealak, eta uste sendoa dut horretan. Niretzat, Aspirina-sofa orainaldikoa da, ez ordea lehenaldikoa. Ez dut ikusten nire obra aldien araberako segida antolatu bat balitz bezala. Pieza hura egin nuen testuingurua urrunetik begiratzen badugu, dozena erdi obra besterik ez nituenean, garai hartan garatzen ari nintzen lan-corpusaren parte bat zen Aspirina-sofa, eta piezak zuen indarra multzoari zegoen lotua. Orain, testuinguru desberdin batean, beste zentzu bat du. Ez dago lehenaldiko eta etorkizuneko piezarik, horiek biltzen dituen uneak du garrantzia. Elkarri ematen diote bizitza, elkarrekin sortzen dituzte elkarrizketak. Eta publikoa bera ez da orain dela hogei urteko bera, zeharo desberdina zen testuinguru batean bizi zen publikoa baitzen hura.

Gero, maketa horretan bertan –minierakusketa antzeko bat–, emakumeak, Fatimako ama birjina, edo Burka artelana ikusten ditugu.

Emakumeen salmenta ere gai interesgarria da, munduko bazter guztietan saldu ohi da Fatima. Zenbat Fatima saltzen dira munduan? Burkak kontrako norabidetik doaz: saldua izan nahi ez duen emakumea, ikusia izatea nahi ez duen emakumea, edo bere burua onartu ezin duelako, edo zapiaren atzean ezkutatu beharra duelako indarkeriatik, sexu-abusuetatik, gerratik nahiz bere identitatetik babesteko. Nik esan ohi dudanez, nire buruaren bertsio feminista batean, burka daramaten emakumeak dauden bitartean, emakume guztiok daramagu burka. Horrekin esan nahi dudana zera da: emakumeek euren gorputza eta arima gizonek egiten duten bezala bizi ezin dituzten bitartean, zapalkuntza jasaten duten bitartean, burka baten atzean ezkutuan biziz, ez dira pertsona libreak. Oraindik ere, emakumeek ez dute gizonek bezain beste irabazten, ezin dute jantzi nahi duten bezala, murriztu egiten zaie euren izaera alderdi askotan, eta horrexek behartzen gaitu gai honi buruz hitz egitera.

Maketagatik beharbada, objektu horien sinbolismo erlijiosoagatik beharbada –ama birjina katolikoaren irudia eta burka islamikoa–, gogoratu nintzen Joanari museoaren inguruan galdetzeaz, hura gurtza- leku gisa hartuta. Joanak erantzun zidan:

Elementu totemikoei euren izaera sakratua kendu, hori da egiten dudana. Hau da, nire ustez ez du funtzionatzen izaera sakratua erabat emateak edo erabat kentzeak. Interpretazio erlijioso bat baino, espazio sakratu bat eraikitzen duena non bisitariak azpiratu, suntsitu egiten diren; nire ustez, norbere barruan dago espazio sakratua. Barne-aurkikuntza bat da jainkozkoa, eta bisitaria da jainkotasun horren parte bat, jainkotasun horretan sartzen da. Guggenheim bezalako leku batean, museoaren beraren sakralizazio antzeko bat antzematen da. Interesgarria da prozesu horren parte izatea, baina, bestetik, interesgarria da ere bai berau desegitea. Horixe egiten du nire Walkiriak: aldare nagusia hartzen du, erdigunea, alegia. Nire beste piezak han inguruan daude, katedralaren gangetako batean, esan genezake. Zentzu horretan, nire obrarekin egiten saiatzen naizena hauxe da, zubi bat eraikitzea alderdirik espiritualenaren eta profanoenaren artean. Obratik urruntze bat baino, gizatasun soilera murriztea baino, alde sakratu hori bakoitzak bere kabuz aurkitzea proposatzen dut nik. Obrarekin elkar ekintzan aritzen, obra ukitzen uzten dut, etxeko eremura, pribatutasunera heltzeko; norberaren barnera, alegia. Kultura edozein izanik ere, berdin dio, mundu guztiak egiten ditu gauza berak, kodeak desberdinak izan arren. Kultura guztiek dute alderdi hori.

Jendea josten, kakorratz-lanetan ari den areto izugarri handietatik pasatzean, Joanak dio:

Etxeko giroan eraberritze antzeko bat bizi ohi dugu, galtzerdiak jostean, jertsea adabatzean, gauzak aprobetxatzean, gauzak botatzen ez ditugunean. Arropa birziklatzea portugesok oso barneratuta dugun zerbait da; etxe barruan dagoena errespetatzea da, familiaren historia delako, amonak egindako jertsea, amak oparitutakoa. Etxeko eremua giro babestu bat da, oso arau bereziak dituen leku bat.

Lotura hori erabilitako materialetan bertan ageri da:

Lotura estu bat dago ehunekin. Gure gorputza babesten dute, babestu egiten gaituzte ohean, besarkatu egiten gaituzte, bigarren larruazal antzeko bat dira; ehunetan bada, ordea, alde zeremonial, erlijioso eta magiko bat ere: mantuetan, adibidez.

Joanaren estudiora iritsi gara, bere eremu pribatura, bere objektuekin apaindua. Mahai inguruan eserita, lehendik hasita zuen marrazki handi bati heldu dio berriro; forma abstraktuak ditu, geometrikoak izan litezkeenak, eta kolore biziak. Paper gainean boligrafoak egiten duen hotsa entzuten da hitzen azpitik.

Nire kasuan, bizitza eta obra elementu bakar bat dira, ez naiz biak bereizteko gai. Fase honetan, maskara ugari ari naiz gainetik kentzen. Hogei urtetik gorako ibilbidearen ondoren, dagoeneko hainbeste emozio bizi eta gero, laburpen handi bat da hau bezalako erakusketa bat. Hogei urte pasata, dibortziatzen ari naiz orain, nire bizitza behatu eta pentsatu beharrean nago. Maskara gainetik kentzeak badu zerikusia ere bai eremu pribatuarekin, bizitza hau eta obra hau bideratu ditudan moduarekin. Ondorio batera iritsi nintzen, zera, erakusketak ez zuela zentzurik nire buruari begiratuko ez banio, harreman horretan ezkutatu nuen hori aitortuko ez banu. Eta asko ezkutatu nuen; neure buruarengandik ezkutatu nintzen batez ere. Hori onartzea da maskara gainetik kentzea, jasan nuena jasateko –eta ez nuen zertan jasan– aukeratu nituen maskara horiek asumitzea. Horrexegatik egiten dut ispiluekin obra hau, maskara hau. Opakua balitz, ezkutatzen dena bakarrik irudikatuko luke, baina islatu egiten duenez, eraman egiten zaitu bizitzako fazeta desberdinetan pentsatzera. Garrantzizkoa da islatzea, kanporanzko mugimendu bat baita, ez bakarrik barrurantz. Horixe da artista gisa egiten dudana: kanporantz jaurtitzen ditut gauzak. Bestetik, ordea, maskara asko ipini izan dizkiot nire buruari artista izateko, zentzurik ez zuen harreman bat jasateko, zoriontsu ez nengoenean zoriontsu izateko, lanean jarraitzeko. Momentu bat iristen da eta utzi egin behar diozu maskarari erortzen.

Gonbidapena jaso nuenean Joanarekin elkarrizketa hau izateko, eta onartu egin nuenean, ez nintzen batere seguru sentitu nire buruarekin. Elkarrizketek iradokitzen duten harreman bitxi horretan bat-bateko gertutasun bat dago: elkarrizketatzailea galderak egiten hasten da, etxean prestatu duen edo momentuan bururatzen zaion edozein galdera, eta, modu harrigarri eta nolabait ere ikusgarri batean, galdera guztiei erantzuten die elkarrizketatuak. Zergatik egiten ote du hori? Ezezagun batek ba al du erantzunak eskatzeko eskubiderik? Kasu honetan, nolabait, kontrakoaren itxura egin beharra zegoen. Elkarrizketa bat izango bagenu protokolo hau gabe, soilik lagunartean bezala hitz egingo bagenu, baztertu egingo genuke irakurlea. Bai, zuri buruz ari naiz. Duela urte batzuk Joanari deitu nion eta elkarrizketa bati erantzuteko eskatu nion; elkarrizketa hura nire semeak egin behar zion eskolako lan baterako. Hamar urte zituen orduan semeak, eta gogoan dut serio-serio Joanari galdera tolesgabeak egiten, eta gogoan dut nola erantzuten zion berak. Elkarrizketa hau egitera gonbidatu nindutenean, berehala etorri zitzaidan burura une hura.

Elkarrizketetan, espezialista naiz erantzunik ez ematen. Bost hizkuntza hitz egiten ditut, galdera posible guztiei erantzun diet jadanik, kontzeptualei eta ez hain kontzeptualei, intelektualei eta ez hain intelektualei. Bi hilabetetan, ehun eta hogeita bost elkarrizketa egin nituen Versaillesko erakusketarako. Behin eta berriro egin izan dizkidate elkarrizketak. Zertan ari naiz hemen? Zergatik biluztu behar naiz denen aurrean? Erakusketa bat muntatzea zer den ez dakien norbaiten aurrean? Nekatu egiten naiz nitaz hainbeste hitz egiteaz, infernu hutsa da. Gainera, nire obraren bitartez jadanik ari naiz nitaz hizketan.

Identitatea eta errepresentazioa, I’m your mirror:

Artista ulertzea. Artista ulertzeko beharra dute. Eta horrela iristen gara handikeria horretara; beste maila batera eramaten da artista, eta halako espiritualtasuna ematen zaio, botere bereziak izango balitu bezala jende arruntak interpretatzea lortu ezin duen hori interpretatzeko. Neurri batean baliteke hori egia izatea; artista baten atzean pertsona dago, ordea. Denok barnean dugun gaitasun horrez gain, pertsonak gara baita ere, besteen nahiak, beldurrak, kezkak interpretatzeko rola gure gain hartzen dugunak. Ahots bat izatearen zeregin hori, besteak ordezkatzearena, Ogasuneko langileak ere betetzen du, Errenta aitorpena aztertzen duenean, ni egiteko gai ez naizen gauza, alegia. Hark ikuspegi batetik aditzera ematen du errealitatea, eta nik beste batetik, besterik gabe. Artista ulertzeko borondate horrek haserrearazi egiten nau, zure asmoa ez baita Ogasuneko langilea ulertzea, lasai uzten duzu hura lanean, eta ez diozu elkarrizketarik egingo, jakina.

Adibide bat:

Paleolitikoko tribu batean, gizonek bisonte bat akabatzen dute, haren larruarekin estaltzen dira, jan egiten dute, eta horrela euren oinarrizko premiak bermatzen dituzte: janaria, hotzetik babestea, bizirautea. Baina gero bat aukeratzen dute eta esaten diote: “Zoaz egin duguna margotzera”. Bera hurbiltzen da hormara eta margotzen hasten da. Horrek kulturalki geure buruak irudikatzeko dugun premiarekin du zerikusia. Alderdi hori funtsezkoa da, bereizi egiten gaitu gainerako animalia guztietatik; horrelako zerbait egiten dugun bakarrak gara. Euren tribua irudikatzen duten horiei esker existituko da tribu hori etorkizunean. Tribuko kide bat gehiago gara gu, eta zeregin berezi bat betetzen dugu. Ni ez naiz desberdin sentitzen, baina sumatzen dut halako erantzukizun bat, nire tribuaren alde zeregin hori betetzeko ohorea dudala ikusten dut. Eta tribuari eskertu egiten diot ohore hori. Tribuak konfiantza hori eman izan ez balit, ezin izango nuke irudikatu. Azken batean, zuk ez duzu tribua islatzen, bera islatzen da zure bitartez.

Eta, hala eta guztiz ere:

Nik ez ditut besteak islatzen, nire burua baizik. Eta bestea hor dago arrazoi honengatik: norbaitek behatzen duenean, norbaitek irakurtzen duenean bakarrik existitzen delako obra. Lan hau ez dut gainerakoentzat sortzen; alabaina, besteak existitzen direnean bakarrik irakurtzen naute. Piezak lantzen ditudanean, osotasunean ikusten ditut, momentu zehatz batean. Espazioa sortzen dut publikoak espazio horren pertzepzio bat izan dezan eta, ondoren, obra bere erara uler dezan.

Esan daiteke zure existitzea dela zure obra? Barre-algara egin du Joanak, barregura eragin dio galdera solemne horrek, esaldi arranditsu bat lortzeko, elkarrizketa bat egiteko asmoz egina, eta erantzuten du:

Existitu baino, ni neu naiz nire obra, jarioan.

[Itzulpena: Bitez
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]