Edukira zuzenean joan

Martha Jungwirth

hezkuntza-edukia

Édouard Manet oinarri

Izenburua:
Édouard Manet oinarri
Erakusketa:
Martha Jungwirth
Gaiak:
Emakumea artean | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Lan-prozesua | Édouard Manet | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Jungwirth, Martha

Édouard Manet (1832–1883) figura garrantzitsua da arte modernoan baitan, eta inpresionismoaren aitzindaritzat hartzen da, batez ere kolorea baliatzeko zuen modu erradikalagatik eta alla prima margotzeagatik, hau da, bustia bustiaren gainean. Teknika horretan aditua zen Manet, eta pintzelkada adierazkorrak aplikatzen zituen pinturari bere gorputzaren mugimendua gehituz. Pintzel-ukitu horiek, ageri-agerikoak izan arren, teknikoki zehatzak dira. Horrenbestez, bat-bateko keinua dirudiena arreta osoz gauzaturiko prozesu baten emaitza da berez. Gauean, Manetek espatula batekin kentzen zituen egunean zehar ezarritako enpaste lodiak; hala, oinarrizko pintura-geruzara itzultzen zen, eta hurrengo goizean geruza horren gainean hasten zen berriro lanean.

Bitarteko tonuak kenduz eta argi-itzalen arteko kontrastea areagotuz, Manetek argi berezia esleitzen zien bere koadroetako motiboei. Margoari pigmentuak gehitzen zizkion, eta batzuetan pintura-hoditik bertatik zuzenean aplikatzen zuen kolorea. Inpresionistek beren paletatik baztertutako kolorea izan arren, oso maitea zuen beltza, eta zuria, Napoliko horia eta berde jakin batzuk ere erabiltzen zituen, Goyak bezalaxe. Manetek bere azken urteetan egindako natura hiletan kontraste handiko koloreak dira nagusi.

Ikusgai dagoen 2023ko Édouard Manet, Zainzuria saila margotzerako orduan, Martha Jungwirthek jatorrizko margolanean ageri diren hori eta malba koloreetan jarri zuen arreta. Itxura jariakorreko pintzelkadekin, Maneten zainzuri-sorta gogora ekartzea lortzen du, hura eskala monumentalera handituta.