Edukira zuzenean joan

Martha Jungwirth

hezkuntza-edukia

Francisco de Goya oinarri

Izenburua:
Francisco de Goya oinarri
Erakusketa:
Martha Jungwirth
Gaiak:
Emakumea artean | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Espainia | Francisco de Goya
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Jungwirth, Martha

Francisco de Goya (1746–1828) arte modernoaren aitzindarietako bat izan zen, eta bere garaiko Espainako gai sozialak, ekonomikoak eta politikoak jorratzeko zeukan ikuspegi bereziagatik gailendu zen. Pintzelkadan eta kolorearen erabileran egin zituen berrikuntzek aurrerapen nabarmena ekarri zioten arteari, eta areagotu egin zuten margolariaren ospea. Zerusa edo berun-zuria, Napoliko horia, okre-horia, okre iluna, gorri bizia, Veneziako gorria, bermiloia, Siena errea, gorrimina, kobalto-urdina, itzal-lurra, itzal-lur errea eta boli-beltza dira Goyaren lanetan gehien errepikatzen diren koloreetako batzuk. Dena den, paleta soilagoa erabiltzen zuen sarritan, Sorginen hegaldia izeneko lanean, adibidez; koadro hura Margolan beltzak ospetsuen adierazkortasunaren aurrekaria izan zen.

Goyak lepahori- eta azkonar-ilezko pintzelak erabiltzen zituen, baina, mihisea orbantzen hasteko, belaki bat erabili ohi zuen, baita hatzak ere. Enpaste lodiagoko tokietan espatula baliatzen zuen, edo pinturaz betebete egindako pintzel fin bat, xehetasunetan testura naroagoak sortzeko.

Martha Jungwirthek hainbat koadro egin ditu Goyaren lanik ezagunenetan oinarrituta. Esaterako, Sorginen hegaldia (2022) saileko Titulurik gabea lanean sorginen txano puntazorrotzek eta konposizioaren gama kromatikoak maisuaren margolana dakarte gogora. Jungwirthen bertsioan figurak paperezko lau orritan bereizirik daude; kolorea, aldiz, saturatua da —txano berdea, aurpegi arrosakarak—, eta oso modu materikoan emanda dago.