Edukira zuzenean joan

Niki de Saint Phalle

hezkuntza-edukia

Gizarte-ekintza: hiesa

Izenburua:
Gizarte-ekintza: hiesa
Erakusketa:
Niki de Saint Phalle
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta gizartea | Artea eta emozioa | Lan intelektuala | Sormena | Sinbologia | HIESa | Sentimenduak | Alaitasuna
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
de Saint Phalle, Niki

Niki de Saint Phalle-k gai sozialak landu zituen lehen artistetako bat izan zen, generoaren, arrazakeriaren, kultur aniztasunaren, bortizkeriaren eta hiesaren ingurukoak, besteak beste.

1980ko hamarkadako proiektuetako batzuek GIB birusaren eta hiesaren ondorioz bazterketa arriskuan zeuden pertsonentzako lagungarriak izan ziren. Askotariko ekimenak garatu zituen Saint Phallek, esaterako, preserbatibo-itxurako kolorez betetako eskultura ikusgarriak egin zituen, bihotzez eta burezurrez beteak edo ispilu zatiekin apaindutakoak. Eskultura horiek, gai korapilatsua eta lazgarria landu arren, aditzera ematen dute Saint Phallerentzat bizitza alaia eta dibertigarria zela.

Horrez gain, artistak AIDS: You Can’t Catch It Holding Hands (Hiesa: ezin duzu harrapatu eskutik helduta joateagatik) liburua idatzi eta irudiztatu zuen; 1987an argitaratu zen, hiesaren prebentzio-kanpainei laguntzeko. Seme Philip-i idatzitako gutun bat da liburuaren hasiera; izan ere, Saint Phallek maiz bidaltzen zizkien eskutitzak lagun eta senideei, eta sinboloz eta marrazkiz betetzen zituen. Liburuan ere agertzen dira artistaren irudimen emankorrak sortutako animalien eta fantasiazko pertsonaien marrazkiak testu laburrekin tartekatuak; mezuok —“badator hiesa” eta “nerabeak, kontuz ibili edariarekin eta drogekin festetan” adibide batzuk dira— bereizgarri zuen letra argiz eta arinaz idatzi zituen. Horrelako idazkera eta irudiak ohiko motibo izan ziren Saint Phalleren obran.

Gune honetan liburu horren ale batzuk daude, kontsultarako.